Metafisikaren Historia: Erdi Arotik Aro Garaikidera
Erdi Aroko Metafisika
Erdi Aroan kristautasunaren eragina nabaria zen. Erlijioak aztergai eta auzi berriak ekarri zizkion metafisikari. Zalantzan jartzen ez zuten bakarra Jainkoaren existentzia zen. Jainkoari buruzko galderek garrantzia hartu zuten, hala nola, fedearen eta arrazoiaren arteko loturak.
Agustin Hiponakoa eta Platonismoa
V. mendean, Agustin Hiponakoa Platonen filosofia kristautasunarekin batera uztatzen saiatu zen. Orduan, Agustinen pentsamendua bilakatu zen garai hartako interpretazio filosofikorik garrantzitsuena. Honen ustez, bi mundu zeuden:
- Jainkoaren mundua: Ideala eta akatsik gabea, zoriontasunez betea, zeina hil ondoren soilik ezagutu ahalko litzatekeen.
- Mundu materiala: Gure mundu materiala. Mundu honetan ezingo dira Jainkoarekin loturiko ideiak ulertu, ez zentzumenekin, ezta arrazoiaren bitartez ere.
Tomas Akinokoa eta Eskolastika
XIII. mendean, Aristotelesen pentsamenduak eta kristau dogmak oinarritzat harturik, Tomas Akinokoak sintesi filosofiko guztiz berri bat garatu zuen. Filosofia honek eragin izugarria izan zuen eta, azkenean, Eliza Katolikoaren doktrina ofiziala bilakatu zen. Honen ustez, Agustinek bezala, bi mundu zeuden: Jainkoarena eta gizakion mundu materiala. Hala ere, honen ustez, Jainkoarekin loturiko hainbat egia ulertu zitezkeen arrazoia erabiliz gero.
Metafisika Aro Modernoan
Aro Modernoan berriro ekin zioten errealitateari buruzko galderak eta zalantzak planteatzera, hala nola, munduaren existentzia edo materiaren eta pentsamenduaren arteko desberdintasuna.
Filosofo modernoek interes handiko galderak egin zituzten eta gai desberdinak jorratu zituzten: kausalitatea, askatasuna, denbora eta espazioa. Gai hauen inguruan hausnartu zuten. Garai honetan hasi zen benetako metafisika. Immanuel Kantek adierazi zuen auzi metafisiko guztiak gizakion adimenaz baliaturik ezagut dezakegunaz gaindi daudela. Hala ere, badago joera saihestezin bat gizakiengan galdera mota horiek egitera bultzatzen gaituena.
Aro Garaikidea eta Metafisikaren Krisia
Zientzia eta teknikaren garapenak metafisikaren krisia piztu zuen aro garaikidean. Bazirudien zientzia gai izango zela auzi askori erantzun zorrotzak emateko. Izan ere, garapen zientifiko-teknikoen aurrean, filosofoek betiko auzietan murgildurik jarraitzen zuten. Hala ere, metafisikari garrantzitsuenak garai honetan bizi izan ziren (Heidegger, Sartre, Ortega y Gasset...).