Mendizabalen Desamortizazioa: Testuaren Analisia eta Testuingurua
KOKAPENA: Mendizabalen Desamortizazio Dekretua
Testu juridikoa da, eduki aldetik politikoa eta ekonomikoa. Lehen mailako iturria da, garaikoa eta historikoa. Egilea Mendizabal da. Hartzailea kolektiboa da, Espainiako herritarrei eta Maria Kristinari zuzendua.
Garaia Maria Kristinaren erregeordetza da (XIX. mendea), Espainian estatu liberala eraikitzen ari zirenekoa, Lehen Karlistadaren testuinguruan.
ANALISIA: Helburuak eta Justifikazioa
Testu honen helburua desamortizazioa justifikatzea da. Justifikatzeko ematen dituen argudio nagusiak honako hauek dira:
- Zor publikoa murriztea.
- Esku hileko ondasunekin amaitzea (Elizaren jabetzak merkatutik kanpo daudenak merkatuan saldu ahal izatea).
- Ekonomia garatzea eta nazioaren aberastasuna handitzea.
- Jabe partikularren kopurua handitzea.
TESTUINGURUA: Liberalismoa eta Jabetza Pribatua
Isabel II.aren erregealdiaren hasieran, moderatuek eta progresistek agintea txandakatu zuten. Progresistek ekonomia garatzeko neurri sakonenak hartu zituzten, horien artean desamortizazioak.
Erregimen liberala ezin da ulertu jabetza pribatuaren kontzepturik gabe. Jabetza pribatua sakratua eta bortxaezina zen. Horretarako, nobleziaren lurrekiko lotura feudala kendu eta Elizaren zein udalen ondasunak desamortizatu ziren.
Desamortizazio Prozesuaren Garrantzia
Desamortizazioa, gobernu liberalek egindako neurririk garrantzitsuenetakoa izan zen, lehenengo Elizako ondasunena eta gero herriena. Prozesu horren bidez, Antzinako Erregimenak merkatu asketik kanpo utzitako ondasunak erosi eta saltzeko atera ziren, jabe partikularren kopurua handiagotzeko helburuarekin.
Desamortizazioek lehenengo ordena erlijiosoak ezabatu zituzten. Estatuak ondasun horiek konfiskatu eta nazio ondasun bihurtzen zituen.
Desamortizazio Nagusiak
Desamortizazioa, neurri liberal-progresista zela jo arren, XIX. mendean hasi zen aplikatzen. Salmenta prozesu hori ez zen jarraitua izan, hainbat desamortizazioren emaitza baizik:
- Godoyrena
- Cadizko Gortearena
- Hirururteko Liberalekoa
- Mendizabalen Desamortizazioa (1836)
- Pascual Madozena (1855)
Azken biak nabarmendu behar dira, eta batez ere Mendizabalena. Mendizabalen desamortizazioak helburu zehatzak zituen: Karlistada irabaztea eta mailegu berriak eskatu ahal izatea.
Madozen Legea eta Ondorioak
1855ean, Desamortizazio Orokorraren Legea atera zen (Madoz). Jabetza kolektiboko ondasun guztiak salgai jarri ziren: aurreko etapan saldu ez ziren Elizako jabetzak eta herrietakoak. Lortutako dirua trenbide sarea hedatzeko erabili zen.
Desamortizazio prozesuak ez zituen lurrak banatu; nobleek zein burgesek erosi zituzten. Hala ere, nekazaritza produktuaren bolumen orokorra handiagotzen lagundu zuen.