Literatura Klasikoa: Antzerkia, Olerki Epikoak eta Lirika Erroman

Latina9,88 KB

Antzerkia Erroman

Sarrera: Antzinaroan, Ertuarian eta Erroman bertan antzerkiaren hastapenak izan baziren ere, benetako antzerkia ez zen garatuko eragina jaso arte. Grezian, ospakizun erlijiosoetan antzerki txapelketak izaten ziren, idazle bakoitzak hiru tragedia eta komedia bat aurkeztu behar zituela. Tragediagile garrantzitsuenak Eskilo, Sofokles eta Euripides ditugu, K.a. VI-V. mendeetakoak, eta komediagileen artean, Aristofanes, K.a. VI-IV. mende tartekoa, eta geroxeago, Menardo, K.a. IV-III. mende tartekoa, komedia berriaren ordezkaria. Erroman, hasiera-hasieratik aurkituko dugu antzerkia. L. Andronikok, Erromako lehen idazleak, K.a. III. mendean, graziar antzezlan anitzen itzulpenak egin zituen lehen aldiz, antzerkiaren garapenerako oinarriak paratuz. Erromatar berezko genero literarioa komedia izan zen.

Generoak eta Ezaugarriak

  • Tragedia: Greziatik hartuta, hango gaiak, pertsonaiak, janzkera eta ezaugarri anitz mantendu zituen. Pertsonaiak nobleak izaten dira, eta akzioa Troian edo Atenasen suertatzen da. Gaiak kontzientzia arazoak izaten dira, jainkoen agindu edo borondatearen kontrako ekintzak, anaien arteko borrokak, hilketak, etab. Baina laster ohiturak, pertsonaiak eta gaiak islatu nahi zituzten idazleak izan ziren, eta fabula praetexta sortu zuten.
  • Komedia: Hau ere Greziatik hartuta, baina komediaren gaiak ez ziren gai klasikoak, hurbilagoak baizik. Eguneroko gauzak azaltzen ziren, momentuko egoera politiko eta sozialaren zehaztasunak zituztenak. Pertsonaia arruntak ziren: soldadu harroputza, zuhurra, gazte maitemindua, esklabua, etxekoandrea, neska finak, emagalduak... Esklabuak lotsagabeak dira, baina fidelak; besteetan, mutil bat neskame batekin maitemindu egiten da, baina, azkenean, neska familia onekoa dela deskubritzen da. Horrela bada, Greziako komedia moldatzerakoan, fabula palliata sortu zen. Menandro hartu zuten eredu, eta arrakastatsua izan zen Erroman. Hala ere, Erromako toga zerabilen komedia azaldu zen, fabula togata, baina ez zen anitz landu.

Komediaren Ezaugarriak

  • Bertsotan dago idatzia, eta abesten ziren ataletarako musika zegoen.
  • Pertsonaiak: (goian daude jarrita).
  • Janzkera: pallium, sandaliak, ileorde zuriak zaharrentzat, beltzak gazteentzat eta gorriak esklabuentzat.
  • Akzioa: Ezjakiteak edo esklabu edo beste pertsonaia batek sortutako nahasketak akzioa aurreratzen dute; amodiozko istorioak ezin falta, guraso eta seme-alaben arteko harremanak, engainuak...
  • Idazkera: Hizkera kolokiala azaltzen da, herrikoia, arrunta ez bada ere.
  • Bukaeran beti irakaspena dago, moraleja, komediaren helburua aholkatzen da.
Idazle Nagusiak
  • Tragedia: L. Androniko (K.a. III. mendea), Nevio (K.a. III. mendea) fabula praetextaren sortzailea, Enio (K.a. III-II. mendeak), Pakuvio (K.a. II. mendea), Akzio (K.a. II. mendea) eta Seneka (K.o. I. mendea).
  • Komedia: Nevio, Enio, Plauto (K.a. II. mendea) Aulularia, Miles Gloriosus eta Amphitruo, Terentzio (K.a. II. mendea) Hecyra, Adelphi eta Eunuchus, Estazio (K.a. II. mendea).

Plauto

Gutxi dakigu bere bizitzaz. K.a. 250. urte inguruan sortu zen Umbrian. Gazte zelarik, Erromara joan eta antzerkian hasi zen, baina dirua zela eta, okin lanean aritu zen. Palliata baino ez zuen landu, ez zuen tragediarik idatzi. Plautoren komedietan garrantzitsuena ez da akzioa bera, baizik eta akzioak sortzen dituen egoera komikoak. Era berean, ez du pertsonaien izaeran sakontzen; pertsonaia osoak, beraien pertsonalitatea baino tipoak lantzen ditu, aldez aurretik komedian existitzen zirenak: esklabu argia, zikoitza, gazte maitemindua... Baina Plautoren meritua pertsonaia hauen ezaugarri komikoak azken muturreraino eraman izana da. Bere pertsonaia anitzek izen parlantea dute: Pirgopolinizes, soldadu harroputza, dorre anitzen konkistatzailea da, edo Artotrogo, ogi-jalea. Plautoren meritu handiena hizkuntzaren erabilera da; bizia, komikoa, aberatsa da. Eguneroko hizkuntzaren hainbat ezaugarri eta esamolde islatzen ditu. Herriarengandik hurbil dagoen hizkera, baina, aldi berean, landua.

Olerki Epikoak

Sarrera: Herri baten historia edo egite ospetsuak kontatzen ditu olerki epikoak. Herri guztietan egon da herri hori goratzeko asmoz. Heroi bat da protagonista.

Erroma

Erromak Greziari zor dio olerki epikoaren sorrera. K.a. III. mendean hasten da literatur genero hau. Garai horretan hasi ziren greziar esklabuak heltzen. Gehienetan, maisu greziarrak eraman zituzten nobleen etxeetara.

Poetarik Garrantzitsuenak

  • Livio Androniko: K.a. III. mendeko greziar esklabua izan zen lehendabiziko poeta epikoa. Liviotar familiarengana eraman zuten, eta han hasi zen irakasten eta idazten. Odisearen itzulpena egin zuen. Jatorriz, Odisea hexametro neurrian idatzita zegoen; erromatarrek ezagutzen ez zutenez, saturnio neurrira moldatu zuten.
  • Nevio: K.a. III. mendean, saturnio neurrian idatzi zuen Bellum Poenicum olerkia. Lehen Gerra Punikoa kontatu zuen. Herri xume bat baino ez zen Erromak garai horretako lehen mailako potentzia zen Kartagoren kontra borrokatu eta irabazi baitzuen. Horregatik, gertaera horiek kondaira bihurtu ziren.
  • Enio: K.a. III. mendean, Annales idatzi zuen. Bertan, grekeraz, hexametroa lehen aldiz erabili zuen. Gaia Erromako historia osoa da.

Virgilio

K.a. 70 - K.o. 19. urteetan bizi izan zen. Augustoren babespean egonda, hark sortutako talde literarioan murgildu zen, eta enperadorearen omenez idatzi garrantzitsuena egin zuen: Eneida. Horrez gain, bi olerki idatzi zituen: Bukolikoak, artzain olerkia, bertan artzainen sentimendu eta nahiak azaltzen dira giro bukoliko eta idealizatuan, eta Georgikak, olerki didaktikoa, nekazaritzaren mundua islatzen duena idealismo berdinaz.

Eneida

Virgiliok bizitza osoa eman zuen Eneida idazten, eta bukatu gabe hil zen. Enperadorea gorestea zuen helburu, Augustoren enkargua zen. Jainkoen erabaki honek jatorri ohoretsuan oinarritu behar zuen, ez baitzen zilegi gizon arrunta hautatua izatea. Horrela bada, enperadorearen familia eta kondairazko pertsonaia nabari bat elkargatu behar zituen Virgiliok, honengandik etorraraziz. Eneas hartu zuen mitologiatik, erromatar leinuaren arbaso omen zena. Troiar hau, Troiako gerra bukatu ondoren, handik ihesi, Mediterraneotik zehar ibili zen orakulu baten aurresanei jarraituz. Orakuluaren esanetan, Eneas lurralde batera ailegatuko zen, eta bertan leinu handi baten aitzindari izango zen. Eneasen semea zen Juloren izenetik omen zetorkien Augustoren familiakoei Julius abizena.

Gaia eta Egitura

Goian aipatutakoa olerkiaren funtsa bada, poemaren haria Eneasen abenturak eta gudak ditugu. Bi ataletan zati daitezke olerkia osatzen duten 12 liburuak: alde batetik, Eneas Troiatik irten denetik Italiara etorri arte (1-6 liburuak), eta bestetik, Italiara etorri eta bertan ezartzeko ondoko herrien kontra egindako borrokak. Protagonista Eneas da, goraipatua, gerra gizona, adoretsua, jainkoek aukeratua, bere betebeharra burutu arte etsiko ez duena, baina, aldi berean, sentikorra, lagun onena eta errukiorra. Patua da Eneasen bizitza eta ekintza guztiak bideratzen dituena. Eredu nagusiak Homeroren Iliada eta Odisea dira; horietatik hartu zituen gaiak, estiloa eta bertso neurria. Idazkera ereduei jarraituz, hexametroa darabil, estilo sinplea, garbia, hiztegi aukeratua.

Virgilioren Ondorengoak

Honen pareko poeta epiko onik ez dugu aurkituko Erroman. Hala ere, Lukano, Farsalia olerkiaren sortzailea, topatuko dugu. Gero, Valerio Flako, Silius Italicus eta Zezilio Estazio egongo dira.

Ovidio

K.o. I. mendean bizi izan arren, ez zen Mezenasen inguruan ibili, ez baitzuen onartzen enperadoregoa, errepublikaren aldekoa izan zelako. Augustok erbesteratu egin zuen, Ars Amandi liburu lotsagabea idatzi zuelako. Amores, Heroides, Ars Amandi, Metamorphoses, Fasti eta Tristia idatzi zituen. Ars Amandi liburuan, amodioa lortzeko azpijoko eta formulez mintzatzen zaigu. Ez da erraza Ovidioren Metamorfosiak lana literatur genero zehatz batean kokatzea. 15 liburuk osatzen dute, eta 250 pasartetan, istorioak kontatzen dira. Hexametrotan dago idatzita. Eragin handikoa izan da obra hau mendebaldeko kultura eta literaturan: mitologiaren testu liburutzat har daiteke. Beste lan bat Fastiak dugu. Bertan, erromatar egutegiaren besta nagusiak azaldu zituen. Bukatu gabe utzi zuen, Augustok erbesteratu zuelako. 6 liburu ditugu, egutegiko 6 hilabeteen egunak azaltzen dizkigutenak.

Olerki Lirikoa eta Elegia

Sarrera: Sorrera Grezian kokatu behar da. Bai sorreran baita bertso neurrian ere desberdinak ziren: olerki lirikoari lira tresnaz laguntzen zioten, poetaren sentimenduak azaltzen ziren, eta neurri eta bertso bereziak erabiltzen ziren. Elegiak, ordea, bertso mota bakarra erabiltzen zuen, distiko elegiakoa. Hasieran, hildakoen kantuak ziren, baina gero, bertso neurri hori aprobetxatuz, amodiozko istorioak kantatu ziren.

Olerki Lirikoa Erroman

K.a. II. mendera arte ez da agertuko olerki lirikoa Erroman. K.a. I. mendean, indar handia hartu zuen genero honek, eta neoteroi izeneko poeta taldea sortu zen. Haien artean, Katulo nabarmendu zen denen gainetik. Gaiak adiskidetasuna, amodioa, poza, tristura, satira, etab. ziren. Katulok, Lesbia ezinezko maitaleari abestu zion, batik bat. K.a. I. mendean, neoteroi taldekoen jarraitzailea zen Horazio poeta dugu. Erromako olerkari liriko garrantzitsuena da; odak, epodoak eta satirak idatzi zituen. Epikureoa zenez, aura mediocritas, hau da, arruntasuna, defendatzen zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML