Lipidoak: Energia, Babesa eta Saponifikazio Prozesua
Lipidoak funtsezko molekulak dira izaki bizidunetan, hainbat funtzio garrantzitsu betetzen baitituzte. Horien artean, energia gordetzea, energia-erreserba nagusia izatea, isolatzea eta babestea dira, besteak beste.
Energia Erreserba eta Babeserako Lipidoak
Eginkizun horiek betetzen dituzten lipido nagusiak azilglizeridoak eta zeridoak dira.
Azilglizeridoak edo Azilglizerolak
Azilglizerolak, edo gantzak, gantz-azidoz eta glizerinaz osatutako esterrak dira. Gantz-azidoen molekulak (bat, bi edo hiru) glizerinaren alkohol-talde batekin, bi edo hirurekin esterifikatzean eratzen dira.
Esterifikatzen diren gantz-azidoen kopuruaren arabera, hiru multzo bereizten dira:
- Monoazilglizeridoak
- Diazilglizeridoak
- Triazilglizeridoak
Azken horiek ugarienak dira eta gantz neutro ere esaten zaie, apolarrak eta, beraz, uretan disolbaezinak baitira.
Gantzak giro-tenperaturan honelakoak izan daitezke:
- Likidoak: Olio esaten zaie eta molekulan gantz-azido asegabeak dituzte. Batez ere, zenbait landareren fruituetan eta hazietan aurkitzen dira.
- Solidoak: Sebo eta bilgor esaten zaie eta molekulan gantz-azido aseak dituzte. Ugariak dira animalietan.
Gantzen Funtzioak
- Energia-erreserba funtzioa: Gantzak eta gantz-azidoak erregai gisa erabiltzen dituzte zelula gehienek, oxidatuz energia lortzeko. Haien energia-balioa 9 kcal/g-koa da, eta gluzidoena eta proteinena, ostera, 4 kcal/g-koa.
Animaliek energiaren zati handiena gantz moduan metatzen dute; izan ere, gluzidoak eta protidoak baino energetikoagoak direnez, masa gutxiago behar da energia kantitate bera gordetzeko. Hau da, pisu-gehikuntza txikiena behar duen energia-metaketa da, eta horri esker animaliak errazago mugitzen dira. Landareek, mugitzen ez direnez, energia lipidoen bidez biltzen dute. Animalietan lipidoak gantz-ehuneko gantz-zeluletan gordetzen dira; landareetan, berriz, fruitu eta hazietako zelulen bakuoloetan.
- Berotik isolatzea eta babes mekanikoa ematea: Klima hotzetan bizi diren zenbait animalia homeotermoek gantz-geruza bat dute azalaren azpian, hotzetik isolatzeko eta babes mekanikoa emateko.
Triazilglizeridoen Saponifikazioa
Triazilglizeridoek edo triazilglizerolek bi eratako hidrolisiak jasaten dituzte:
Entzima Hidrolisia
Digestio-urinetan dauden entzima batzuek katalizatzen dute. Entzimek triazilglizerolaren ester-loturak hausten dituzte, eta hiru gantz-azido eta glizerina-molekula bat lortzen dira. Erreakzio hori animalien digestio-hodian gertatzen da eta elikaduraren bidez irentsitako gantzak digeritzeko balio du.
Hidrolisi Kimikoa edo Saponifikazioa
Triazilglizerola base batekin tratatzen da. Erreakzioan, ester-loturak hausten dira eta sodio eta potasio gatzetako hiru molekula askatzen dira gantz-azidoetatik, eta glizerina-molekula bat askatzen da.