Lehen Gerra Karlista (1833-1839): Gatazka eta Ondorioak
Lehen Gerra Karlista (1833-1839)
Fernando VII.a hil ondoren, bere alaba Isabel erregina bihurtu zen (Berrespen Pragmatikoa indarrean zegoelarik1). Adin txikikoa izanda, bere ama Maria Kristina erregeorde bihurtu zen (1833-1840). Horren aurrean, Fernando VII.aren anaia zen Karlos Maria Isidro eta haren jarraitzaileak kontra agertu eta armetan altxatu ziren, Lehen Karlistaldiari hasiera emanez (1833-1839).
Gerraren Jatorria eta Aldeak
Alde batetik, liberalak, Fernando VII.aren alaba Isabel II.aren alde; eta bestetik, karlistak, Fernando VII.aren anaia Karlos Maria Isidroren alde. Espainian, absolutistek antzinako erregimena defendatzen zuten eta karlisten inguruan bildu ziren. Eliza katolikoari lehengo pribilegioak eman nahi zizkioten eta Foruen alde egin zutenez, herri xehearen babesa izan zuten. Liberalak, ordea, Frantziako Iraultzaren ideien aldekoak ziren eta elizaren boterea murriztu nahi zuten. Burgesia liberalen inguruan bildu ziren.
Gatazkaren Garapena Euskal Herrian
Lehen matxinada Talavera de la Reinan piztu zen, eta gatazka berehala zabaldu zen Hego Euskal Herrian. Donostia eta Iruñea militarren esku zeuden, beraz, gobernuko isabeldarren menpe. Bilbo eta Gasteiz, ordea, liberal gutxi batzuen esku zeuden, eta karlistek berehala menperatu zituzten. Hortaz, Gasteizen egin zen Don Karlosen aldeko lehen altxamendua: urriaren 3an, korrejidorea eta Uhagon diputatua atxilotu zituztenean. Ondoren, Urduña eta Balmaseda altxatu ziren, eta liberalek Portugaletera ihes egin behar izan zuten.
Nafarroako Urantzian izan zen lehendabiziko bataila. Liberalek, urriaren 6an, karlisten Santos Ladron Zegama buruzagia eta beste hogeita hamar soldadu atxilotu zituzten. Nafarroan ez zuen karlisten altxamenduak arrakastarik izan, Espoz Mina erregeorde baitzen eta karlisten kontra egin baitzuen. Hurrengo altxamendua Araban izan zen. Gipuzkoak karlisten alde egin zuen bitartean, Donostia liberalen gune zen. Nafarroako erregeordeak gerra-egoera deklaratu zuen erresuman, eta urriaren 10ean Santos Ladron fusilatzeko agindua eman zuen. Eraso eta Iturralde buruzagi karlista berriak altxamendua bultzatzen saiatu ziren, eta indarra hartzen hasi ziren.
Gizarte eta Ideologia Gatazka
Don Karlos Espainiara iritsi eta administrazioa berrantolatzen hasi zen. Karlisten eta liberalen aldeko bandoak oso nabarmenak izan ziren Euskal Herrian: liberalen aldekoak hiritarrak ziren eta karlisten aldekoak nekazariak, batez ere. Jarrera horien azpian gizarte desberdinen isla zegoen: tradizioaren aldekoak eta aurrerapenaren aldekoak, alegia.
Fernando VII.aren laugarren emaztearen aldeko kristinatarrek, haren eta Isabel II.a infantaren inguruan, alderdi moderatu bat sortzeko beharra ikusi zuten. Liberalak 1823az geroztik politikatik kanpo zeuden, eta horien laguntza lortzeaz gain, kontserbadoreak, moderatuak eta progresistak ere bildu zituzten. Talde heterogeneoa zen. Nazioarteko laguntza ere izan zuten:
- Aliantza Laukoitza (1834): Frantzia, Ingalaterra, Espainia eta Portugal.
Karlisten taldea, ordea, homogeneoagoa zen: erregetiarrez eta nekazariez osatuta zegoen, batik bat, eta Austriaren, Prusiaren, Errusiaren eta Napoliren laguntza morala zuen. Hego Euskal Herria karlismoaren gune garrantzitsua izan zen. Karlistadek ondorengotza-eskubideak argitzeaz gain, arazo ideologikoak azaleratu zituzten. Karlistak foruen, tradizioaren eta erlijioaren babesle ziren, liberalak estatu-zentralismoaren eta aurrerapenaren alde zeuden bitartean. Karlismoak ez zituen inoiz hiri handiak konkistatu, setiatu bazituen ere. Anjel Sagaseta sindikoa Valentziara erbesteratu zuten (1834).