Kontzertu Ekonomikoa eta Gerra Zibila Euskal Herrian

Historia6 KB

Kontzertu Ekonomikoaren jatorria eta bilakaera

Foruen ezabapena eta lehen kontzertua

Aurrean dugun testua ulertzeko, kontzertu ekonomikoen sorrera azaldu behar dugu. Horretarako, Hirugarren Gerra Karlista aipatu beharra dago. Alfontso XII.aren garaipenaren eta karlisten porrotaren ostean, lehenengo eta behin, Antonio Cánovas del Castillok (Espainiako gobernuaren presidentea) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foruak ezabatu zituen, 1876ko uztailaren 21eko Legearen bitartez; baina, hala ere, nolabaiteko autonomia fiskala mantendu zuen.

Behin foruak indargabetu ondoren, protestak izan ziren Euskal Herrian, hartutako neurriak gehiegizkoak zirelakoan. Gobernuak egoera berriro planteatu behar izan zuen eta Cánovasek Euskal Herriko agintariekin negoziatu ondoren, euskal probintziek lehenengo kontzertu ekonomikoa lortu zuten 1878an, Errege Dekretuaren bidez. Lege honek batasun konstituzionala gorde zuen, baina Euskal Aldundien tradiziozko autonomia fiskala onartu zuen.

Kontzertuaren funtzionamendua eta kupoa

Kontzertu ekonomikoari esker, euskal Diputazioek edo Aldundiek zergak biltzeko ahalmena zuten eta, gero, Espainiako Estatuari kupo bat ordaindu behar zioten. Beste era batera esanda, euskal Diputazioek urtero Espainiako Estatuari aurrez zehaztutako eta hitzartutako kupoa ordaintzeko konpromisoa hartzen zuten; ordainean, Diputazioek autonomia fiskal eta administratibo handia zuten zergak kobratzeko eta lurraldeko jardueretan inbertitzeko:

  • Hezkuntzan
  • Errepideetan
  • Trenbideetan
  • Eta abarretan

Horrez gain, euskal burgesia industrialak Aldundiak kontrolatzea eta beraien interesen aldeko politika fiskala ezartzea lortu zuen.

1936ko Gerra Zibila Euskal Herrian

Gerraren hasiera eta lurraldeen zatiketa

Testuaren garai historikoari dagokionez, Gerra Zibila estatu-kolpe moduan hasi zen Melillan, 1936ko uztailaren 17an, eta 18tik aurrera Penintsulara hedatu zen. Hala eta guztiz ere, altxamenduak Espainiako lurralde batzuetan soilik izan zuen arrakasta. Uztailaren 17tik 20rako tartean egiaztatu ahal izan zen estatu-kolpearen porrota. Estatu-kolpeak arrakastarik izan ez zuenez, altxamendua gerra zibil luze eta odoltsu bilakatu zen, Espainia bi zatitan banatu zelarik: matxinatuak (nazionalak) alde batetik eta errepublikazaleak bestetik.

Euskaldunak, espainiar guztiak bezala, hasiera-hasieratik aurkitu ziren zatiturik Errepublikaren aldekoen eta estatu-kolpearen aldekoen artean. Altxamenduaren lehen uneetan, Araban eta Nafarroan matxinadak arrakasta izan zuen. Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, Errepublikari fidel mantendu ziren.

Errepresioa eta Iparraldeko kanpaina

Araban eta Nafarroan ez zen gerra-ekintzarik izan, neurri handi batean mugimendu karlistek masiboki altxamendu militarrarekin bat egin zutelako. Baina horrek ez du esan nahi probintzia hauetako altxamenduarekiko erreakzioa aho batekoa izan zenik, ezta errepresiorik egon ez zenik ere. Horren froga da Nafarroan 3.000 pertsona inguru eta Araban 600 inguru fusilatu izana altxamenduaren lehen egunetan.

Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, erresistentzia handiagoa izan zen. Nazionalen hasierako helburua Madril hartzea zen, baina ezin izan zuten. Fronteak Madrilen inguruan egonkortu zirenean, nazionalek Iparraldeko kanpainari ekin zioten, beren indar guztiak bideratuz; Gipuzkoa eta Bizkaiko erresistentzia gainditzen ahalegindu ziren. Kanpaina Gipuzkoan hasi zen, eta probintzia osoa hilabete gutxitan hartu zuten. EAJk ez zuen ia esku hartu Gipuzkoako borrokaldian. Hala ere, Gipuzkoan gerra bukaturik zegoenean, EAJk Fronte Popularrarekin aliantza negoziatu zuen, autonomia-estatutua indarrean jartzearen truke.

Estatutua eta Bilboren erorketa

Bizkaiari dagokionez, Fronte Popularrak eta EAJk hitzarmena sinatu eta, beraz, Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten 1936ko urriaren 7an. Hori dela eta, Bizkaian EAJren parte-hartzea handiagoa izan zen Gipuzkoan baino. Estatutuaren ondorioz, lehenengo Eusko Jaurlaritza osatu zen eta defentsa antolatzen saiatu zen, Euskal Armada eratuz. Burdinezko Hesia ere bazegoen Bilbo eta bere industria-ingurua babesteko eta erresistentzia sendotzeko.

Mola jeneralak 40.000 soldadu inguru izan zituen Bizkaia konkistatzeko. Gainera, kanpaina hori aurrera eramateko, matxinatuek nazioarteko laguntza izan zuten: Hitlerrek bidalitako Kondor Legioko abiazioa eta Italiako brigadak. Hauen estrategiaren adibide esanguratsuenak Durangoko eta Gernikako bonbardaketa famatuak izan ziren. Matxinatuei aurre egin zien azken lekua, Bilbo, ekainaren 19an erori zen.

Santoñako hitzarmena eta gerraren amaiera

Bilbo galdu zutenean, euskal gudarosteek eta milaka eta milaka euskaldunek Santander aldera jo zuten, eta Santoñan kokatu ziren han jarraitzeko asmoz. Baina euskal nazionalistek, euskal lurraldea galdu ostean, porrot eginda zeuden eta Santoñako hitzarmena deitu zitzaiona negoziatu zuten Italiako buruzagiekin; hitzarmen horren arabera, gudari batailoiak errenditu egingo ziren erbestera joaten uzteko baimenaren truke. Dena den, italiarrek ez zuten hitzarmena errespetatu. Euskal Herrian gerra amaitutzat eman zen orduan, eta baita Eusko Jaurlaritzaren historiako lehen esperientzia ere.

Diktadura eta Kontzertuaren berreskurapena

Hori dela eta, Francok zigor berezia ezarri zien Errepublika eta Autonomia Estatutuaren alde egin zuten euskal probintziei, Gipuzkoari eta Bizkaiari, "probintzia traidoretzat" hartuz eta kontzertu ekonomikoa kenduz; ez, ordea, Arabari eta Nafarroari.

Bukatzeko, Francoren diktadura amaitzean eta Trantsizio garaian, lehengo egoera berreskuratu zuten Lurralde Historikoen Legeen bidez. Gaur egun, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak kupoa negoziatzen dute Estatuarekin. Nafarroak gauza bera egiten du, baina bere kabuz (Hitzarmen Ekonomikoa).

Deskargatu

PDF Word HTML