Komunikazioaren eta Adierazpen Askatasunaren Historia Modernoa
1. Gaia: Zibilizazio Modernoko Testuak
Sarrera
XVIII. eta XIX. mendeetan, herrialde ezberdinetan, sistema liberalak sistema absolutistei gailentzen joan zitzaizkien, eta sistema berriari zegozkion ideiek indarra hartu zuten, besteak beste, adierazpen askatasunak. Ideia ilustratu hauek hedatzen eta gailentzen ziren neurrian hasi ziren Antzinako Erregimeneko eredua bidegabe bezala ikusten.
Prozesu hau erakusteko, garai hartan herrialde ezberdinetan idatzitako testu ezberdinak erabiliko ditut, herritarren eskubide eta betebeharren zehaztapenak biltzen dituztenak, adierazpen askatasunaren inguruko eskubideak tarteko, tokian toki. Nabarmentzekoak dira hauetan aipatzen diren komunikazioaren inguruko eskubideak, aurrerago zehaztuko den moduan: prentsa askatasuna eta pentsamenduen eta iritzien komunikazio askea, kasu.
Testu nagusiak
- 1776ko Virginiako Eskubideen Adierazpena: 1776ko ekainaren 12an idatzi zen Virginian, Independentzia Gerra hasi baino hiru aste lehenago. Virginia AEBko hego-ekialdeko lurralde bat zen, garai hartan Britainia Handiaren kolonia zena eta Independentzia Gerran gobernu honen aurka altxatu zena. Virginiako jende onen ordezkariek idatzi zuten, nahiz eta hauen buru Thomas Jefferson AEBko presidente errepublikarra izan. Testuak hasieran izaera politikoa bazuen ere, izaera juridikoa izaten amaitu zuen. Giza eskubideen lehen aitortza biltzen duen adierazpena da, eta, besteak beste, komunikazioaren inguruan 12. artikuluan dio prentsa askatasuna askatasunerako beharrezkoa dela eta hau murriztea gobernu despotikoen ezaugarri dela.
- 1787ko Amerikako Estatu Batuen Konstituzioa: 1787an idatzi zen eta hortik lau urtera, 1791. urtean, zuzenketak egin zizkioten. Esan daiteke egile kolektiboa duela, baina AEBko elite politikoek idatzi zuten eta garaiko presidentearen, George Washingtonen, sinadurapean egin zen publiko. Konstituzio honek adierazpen askatasunean aurrerapenak egitea ahalbidetu zuen; 1791n zuzendutako Konstituzioko lehenengo artikuluan aipatzen da: “Kongresuak ez du inolako legerik egingo […] hitz edo inprenta askatasuna debekatzeko”.
-
1789ko Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena (Frantzia): Konstituzio honen lehen onarpenetik bi urtera, 1789. urtean, onartu zen Frantzian, Frantziako Iraultza gertatu eta denbora gutxira. Frantziako Biltzar Nazionalak sinatu zuen eta bertako biztanleria guztiari dago zuzenduta. 1791n argitaratutako Konstituzioaren aurrekari izan zen. Adierazpen honetan gizonaren eta herritarren eskubideak zehazten dira 17 artikuluren bueltan. Hauen bidez, ordura arte Erregeak herritarren gainean izandako inposaketa alde batera utzi eta pertsonaren figura beste modu batera ikusi nahi zen. Nabarmentzekoak dira 10. eta 11. artikuluak:
- 10. artikulua: Inor ez da xaxatu behar bere iritziengatik, iritzi hauek ordena publikoari kalterik egiten ez dioten bitartean.
- 11. artikulua: Herritar guztiek dute libre hitz egin, idatzi eta argitaratzeko eskubidea, betiere esandakoen ardura legala norberaren gain harturik.
- 1812ko Cadizko Konstituzioa: Azkenik, handik urte batzuetara argitaratu zen Cadizko Konstituzioa ere garrantzitsua izan zen. 1812ko martxoaren 19an idatzi zen Cadizen. Egilea kolektiboa da, Cadizko Gorteetako diputatuak baitira; hartzailea, berriz, herria da. 371. artikuluan erreferentzia egiten zaio gaur egungo adierazpen askatasun gisa ezagutzen dugunari: espainiar guztiek dute beren ideia politikoak libre idatzi, inprimatu eta argitaratzeko eskubidea, baita argitalpenaren aurreko lizentzia ere inoren berrikuspenik izan behar gabe, legearen mugen barnean den heinean.
Analisi orokorra
Testu hauek iraultza liberalen eta adierazpen askatasunaren garaikoak dira. Absolutismoaren aurkako mugimendua indarrean zegoen eta liberalismoak absolutismoa garaitu zuen munduko hainbat herrialdetan. Honen adibide dira: Iraultza Loriatsua (Ingalaterra, 1689), Hamairu Kolonien Independentzia (AEB, 1787), Frantziako Iraultza (Frantzia, 1789) eta urte batzuk geroago La Pepa konstituzioaren agerpena (Espainia, 1812). Mugimendu liberalek sortutako konstituzio eta adierazpenek errege subiranoaren aro baten apurketa ekarri zuten eta herritarren askatasun, eskubide eta betebeharrak inposatu.
Eredu berri hau hiritar libre eta askeen arteko kontratu batean oinarriturik zegoen. Konstituzioa nazio barruko hiritar aske eta berdinen arteko harremanak arautzeko bide gisa ikusten zen. Prozesu iraultzaile guztiek gizarte antolakuntza berri bat inauguratu zuten. Kontraktualismoaren ideiak zioenez, herri garatuek (basatiengandik ezberdinduz) hiritar aske eta berdinen arteko eskubide eta betebeharrak jasotzen dituzte.
Berpizkunde kultural eta zientifikoa
Garai honetan berpizkunde kultural eta zientifikoa ere gertatu zen. Honekin batera, korronte berriak agertu ziren: antropozentrismoa, arrazionalismoa eta heliozentrismoa, besteak beste. Antropozentrismoan munduaren erdigunean arrazoitzeko gaitasuna duen gizona jartzen da, eta jainkoa alde batera utzi. Arrazionalismoak berrikuntzari bidea emango dio eta indibidualtasunaren kontzeptua sortzen lagunduko du. Gizon arrazionala izango da iraultza liberalen protagonista. Heliozentrismoak zioenez, azkenik, ondorioztatu zen gu garela eguzkiaren inguruan mugitzen garenak, eta ez alderantziz.
Ilustrazioaren ideia garrantzitsuetako bat adierazpen askatasunaren kontzeptua izan zen, eta honetan garrantzia handia izan zuen John Miltonen pentsaerak, zeinaren doktrina, besteak beste, AEBetako konstituzioa sortzerako garaian oinarrietako bat izan zen. Doktrina honek iritziak modu askean sortzeko eta esateko garrantzia azpimarratzen du, horretarako ezagutzaren garapena beharrezko izanik. Honekin batera denboraren kontzepzio berria ere garatu zen, gizartea etorkizunari begira jarri zen aurrera egiteko ideiarekin.
Ideia hauek gizatalde zabalen artean zentzuzko bezala agertuz joan ziren neurrian hasi zen ikusten Antzinako Erregimeneko eredua bidegabe bezala. Honek ekarri zuen koiuntura jakin batek sua piztea eta iraultzaileak altxatzea eredu berri bat (liberala, ilustratua) ezartzeko.
Komunikazio eskubideen garapena
Adierazpen askatasunaren lehen aipu idatziak Giza Eskubideen lehen dokumentuetan etorri ziren. Ingalaterrako 1689ko Eskubideen Legeak Parlamentuko adierazpen askatasuna ezarri zuen. Beranduago, Frantziako Iraultzak ahalbidetu zuen Gizonaren eta Herritarren Eskubideen Adierazpenak enfasi berezia egiten du adierazpen askatasunean.
Virginiako Eskubideen Adierazpena idatzi zen garaian, 1787-1791ko Konstituzioa onartu aurretik eta Independentzia Gerra garaian, AEBn bi motatako egunkariak zeuden: lealistak (The Boston Letter) eta independentistak (The Boston Gazette eta Common Sense).
Virginiako Eskubideen Adierazpenetik abiatuta, AEBetako hamahiru lurraldek euren Konstituzio propioa sortu zuten, handik urte batzuetara guztien artean aipaturiko AEBetako Konstituzioa sortuz. Hau mugarri izan zen garaiko liberalismo politikoaren oinarriak finkatzeko.
Britainia Handian prentsak indar handia zuen garai honetan. Oro har bertako eliteek erabiltzen zuten tresna bazen ere (esaterako, The Observer eta Times egunkariek arrakasta handia izan zuten), baziren egunkari eta aldizkari herrikoiagoak ere. Komunikazio aske baterako bidean, nazioko hiritar guztien adierazpen askatasun eskubidea (ez arbitrarioa) hedatzen joan zen, baina kontrol mota berriak agertu ziren. Esate baterako, Britainia Handian prentsaren gaineko zergak nabarmen garestitu ziren eta besteak beste honen aurka egiten zuen mugimendu bat ere sortu zen.
Espainian liberalismoaren garaia beranduago iritsi bazen ere, garrantzia handia izan zuen. 1812ko Konstituzioari esker inprenta askatasuna ezarri zen, zentsura desagertu eta horrek bide eman zion prentsa politikoaren hasierari. Garai honetan prentsa ere liberalen eta absolutisten artean banatzen zen: liberalen artean El Semanario Patriótico, El Zurriago eta La Abeja Española; absolutisten artean Censor General.
Ondorioa
Zibilizazio Modernoko testu hauek aldaketarako mugarri izan ziren. Gizartea etorkizun berri batean sinesten hasi zen, eta honek kulturaren, artearen eta zientziaren garapena eta Konstituzioen agerpenak ekarri zituen. Iraultza liberal hauek boterea eskuz aldatzea ekarri zuten, baina lurralde hauetako burgesiaren esku geratu ziren lehenago erregearenak ziren eskumenak. Iraultza liberalekin askatasuna, berdintasuna eta jabegoa aldarrikatu ziren, honekin gizon ez-jabe eta emakume guztiak zibilizaziotik at geratu zirelarik. Beraz, hedabideak ere eliteen menpe zeuden. Klase buruzagiaren aurkako mugimendu berriak hasi ziren XIX. mendeko lehen erdialdean, adierazpen askatasunaren aldekoak.
3. Gaia: Prentsaren Urrezko Aroa eta Sentsazionalismoaren Hazkundea
Sarrera
1870. eta 1945. urteen artean masen aroa eta Prentsaren Urrezko Aroa deitzen zaion garaia izan zen, gizartearengan iritzi publiko bat sortu eta bideratu zuena. Garai honek aurretik zetorren garaiarekin haustura bat erakutsi zuen. Iruzkin honetan Prentsaren Urrezko Aroaren inguruko analisi bat egingo dut, Kubako Independentzia Gerrako gertakariak adibide gisa hartuz, mundu mailako testuinguruaren ispilu izan baitziren.
Analisi hori egiteko AEBetako prentsa ezberdinetan argitaratutako azalak erabiliko ditut iturri gisa; hortaz, iruzkina bertako prentsaren ikuspuntutik zentratuko dut bereziki, nahiz eta munduko beste leku batzuetan izandako eragina ere aztertuko dudan, Espainian, batez ere.
Azalpena: Masen Garaia
Masen garaia Europako eta Mendebaldeko etapa historiko bat da, batez ere bi gertakarik baldintzatua: alde batetik, biztanleriaren hazkunde masiboak; bestetik, gizartearen baitako zatiketa sozial, politiko eta ekonomikoak. Garai honetan kokatu behar dugu masa hedabideen sorrera, 1870 eta 1914 artean, iritzi publiko bat sortu eta garatzeko aukera eman zuena. Izan ere, prentsak zabaltzen zuen diskurtsoa masengan hedatzen zen eta, hortaz, gizartearen jarrerak baldintzatzeko gaitasuna zuen. Garai honetan izan zen lehen aldiz prentsa gizarte mugimenduen sustatzaile, esaterako. Gainera, kontuan hartu behar da testuinguru hartan ez zegoela prentsari konpetentzia egiten zion bestelako euskarririk, eta horrek presentzia publikoa handia izatea ekarri zuela. Faktore hauengatik deitzen zaio garai honi Prentsaren Urrezko Aroa.
AEBetako garapena
Estatu Batuetan Prentsaren Urrezko Aroaren garapena oso argi ikusi zen, izan ere, masa zabalen hazkundea ikaragarria izan zen; industrializazio prozesu sakona izan zen, AEBetako hiri handietara migrazio olatu handiak iritsi ziren eta hiri hauek hazkunde bizia jasan zuten. Masek prentsa erosteko ahalmena eta premiazkotasuna zuten. Gainera, komunikabideak asko garatu ziren, trena batez ere, eta horrek prentsa tiraden banaketa masiboa nabarmen erraztu zuen. Honek guztiak masei zuzendutako prentsa azkar eta modu masiboan garatzea ahalbidetu zuen hasierako urteetatik.
Hala, Estatu Batuak kazetaritzako erreferente bihurtu ziren nazioartean, eta bertako prentsak eragina izan zuen, esaterako, Espainiaren identitatearen inguruko ikuspuntu jakin bat sortzen eta zabaltzen. Kubako Independentzia Gerraren garaian, AEBko prentsak paper erabakiorra jokatu zuen bertako zein nazioarteko biztanleek gerra horren inguruko iritzi publiko jakin bat garatzeko; AEBetan, bertako iritzi publikoa gerraren interbentzioaren alde jartzea lortu zuen. Nazioartean, Espainiako biztanleriaren inguruko irudi bat sortu edo esajeratu zuten, eta horrek espainiarrengan nazio identitate krisi sakon bat sortu zuen. Irudi honen arabera, espainiarrak alferrak, irrazionalak, basatiak, genitalek gidatuta jarduten zutenak eta emakumeekiko errespeturik gabeak ziren.
Propaganda eta irudiak
Pentsaera hau zabaltzeko ezinbestekoa izan zen prentsaren lana, iritzi publikoan irudi hau txertatzea lortu baitzuen. Esate baterako, Judge aldizkarian argitaratutako “The Spanish Brute” azalean 98ko Espainiaren pertsonifikazioa ageri da tximino basati baten itxuran, inguruan Estatu Batuetako soldaduak hilda daudela. Honen atzean garaiko iruditeria darwinista dago, Zibilizazio Modernoak basatien eta ez-basatien arteko muga banatzen duelako pentsaera.
Puck aldizkariaren orrialdeetan agertu zen “Waiting for the Verdict” irudian, aldiz, Espainia ageri da, hilda, garaitua izan ondoren. Aurrean historia dauka, “Espainia zerk hil duen” galderari erantzungo dion epaiaren zain. Espainiaren inguruan europar potentziak daude: Alemania, Italia, Austria, Errusia, Frantzia eta Britainia Handia, galderari erantzuna bilatu nahian. Albo batean Osaba Sam dago, erantzuna badakiena, hots, Espainia hil duena suizidioa izan dela. Gorpuaren alboan ergelkeria irudikatzen duen labana bat dago, Espainiarena dena, ezpataren eta erriflearen ondoan hutsaren hurrengoa dena.
Espainiaren inguruko irudi hau ez zen kanpotik jasotako eraso bat soilik izan, bertako biztanleek ere beren buruaren irudi bera baitzuten eta maiz espainiar intelektual askok ere krisian sakontzeko bidea ireki baitzuten. Esate baterako, Costa, Unamuno eta Maeztuk ere beren idazkietan nagi eta geldotasun hau espainiar arrazaren ezaugarri bezala kalifikatu zituzten.
Gainera, garai hartan alferkeria naturaz emakumearen ezaugarri gisa ikusten zen, eta Espainiako identitatearen aurka egindako prentsaren bonbardaketa honek espainiar maskulinitatean ere eragin handia izan zuen. Gizon espainiarra zibilizatu eta modernoaren kontrakotzat jo zen, eta, beraz, garai hartan AEBetan eta herrialde anglosaxoietan errespetagarri zen maskulinitatearen aurkakotzat ere bai. Momentu batean, historikoki gizonari esleitu zitzaizkion ezaugarriak emakumeen ezaugarri gisa ikusi ziren; hots, gizon espainiarrak basati eta arduragabe zirela pentsatzen zenean, emakume espainiarrak beren burua kontrolatzen zutenak ziren.
Espainiaren eta oro har herrialde latinoen inguruko ideia hau arrazoitzerako bidean, zientziaren argumentuaz baliatu zen AEB. Neodarwinismoa oinarri hartuz, herrialde ezberdinen garapena azaldu zuten, herrialde latinoen gainbehera gertatu zen bitartean herrialde anglosaxoi eta germanikoek aurrera egin zutela argudiatuz. Gainera, zientziaren esparrua oro har azken herrialde hauei lotuta ageri zen, eta Espainia atzerakoiaren ideia zabaltzeko honek zuen arrazoitze eta zientziaren falta erakusten zuten.
Hau garbi ikus daiteke Puck aldizkarian argitaratu zen “A change of doctors the only thing that will save her” azalean, zeinetan Espainiak ordura arte izan zuen zientziaren falta erakutsi nahi zuen, eta horrek eraman zuela galbidera. Izenburuak dioen bezala, zientziak eta ilustrazioak salbatuko zuten Espainia, eta horrela igaroko zen basati izatetik zibilizatu izatera.
Kazetaritza Horia (Amarillismoa)
Garai honekin zuzenki lotuta dago amarillismoaren edo kazetaritza horiaren fenomenoa, masa popularren sorrerarekin batera nabarmen hazi zena. Honetan garrantzia izan zuen William R. Hearst enpresaburuak eta bere zuzendari zen The New York Journal egunkariak. Bertan informazio eta formatu deigarriak erabiltzen ziren maiz guztiz egia ez ziren informazio batzuk zabaltzeko, sentsazionalismoa bilatuz guztiaren gainetik. Sekulako salmentak izaten zituen egunkari honek, eta kazetaritza negozio on bihurtu zen.
Prentsa mota honen hainbat adibidek sona handia izan zuten nazioartean:
- Evangelina Cisneros: Independentziaren alde borrokatu zuen Kubako matxino bat izan zen, eta Kubako espainiar espetxe batean sartu zuten 1896. urtean. Hearst-ek gutun eta eskaera kanpaina bat eraman zuen aurrera espetxeratuaren askapena lortzeko, eta 1897an bere egunkariko, The NY Journal-eko, kazetari baten laguntzarekin espetxetik ihes egin eta AEBetara eramatea lortu zuten.
- USS Maine itsasontziaren hondoratzea: 1898an argitaratutako albisteak. Hearst-en egunkarian manipulatutako albisteek, zeinetan itsasontzi honen inguruko leherketa argitaratu zuten, AEBen gerra deklarazioa ekarri zuten. Prentsan tropa espainolen eraso baten berri eman zen, eta, Kuban zeuden hainbat prentsa korrespontsalek hau gezurtatu bazuten ere, gerra hasteko aitzakia izan zen. Gertaera hauekin erakutsi zen prentsak gertaerak kontatzeko ez ezik, sortzeko ere balio zuela.
Ondorioa
98ko krisiaren testuinguruan sortutako makinaria propagandistikoak ondorengo urteetan ere iraun zuen; esate baterako, Hearst-ek sortutako kazetaritza mota baliatu zen I. Mundu Gerrako propaganda burutzeko. AEBetako prentsa horiak masa popularren iritzia baldintzatzeko zuen gaitasuna nabarmentzekoa da; adibidez, aztertu dugun bezala, Espainiako gizartearen identitate krisi sakona sortzeko eta mundu osoan irudi jakin bat zabaltzeko gaitasuna izan zuen, neurri batean gaur egun arte iraun duena. Izan ere, 98ko krisiak kolpe psikologiko handia sortu zuen Espainian, estatuen indarra inperioaren handitasunarekin lotzen baitzen eta Espainia gainerako inperioen ondoan txiki geratzen ari baitzen. Gainera, zientziaren argumentuaz baliatu ziren estatuen indarra modu objektibo batean aztertzeko.
4. Gaia: Lehen Mundu Gerrako Komunikazioa
Sarrera
Lehen Mundu Gerran komunikazioak aldaketa nabarmena izan zuen. Testuinguruari egokitutako propaganda indartsu bat sortu zen, bai euskarriak eta bai mezuak aldatu zituena. Euskarriei dagokienez, nabarmentzekoa da kartelek hartu zuten indarra. Mezuei dagokienez, mezu emozionalak eta zuzenak erabili ziren, helburu ezberdinak lortzeko. Hau guztia hainbat azterketa psikologikotatik ateratako ondorioek ekarri zuten.
Ariketa honetan Lehen Mundu Gerran komunikazioak izan zuen papera eta ezaugarriak aztertuko ditut. Horretarako, garaiko hainbat kartelen analisia egingo dut, gehienak Britainia Handikoak eta bat Estatu Batuetakoa.
Garapena: Gerra eta Nazionalismoa
Lehen Mundu Gerra 1914ko uztailean hasi eta 1918an amaitu zen. Lehen gerra globala izan zen, baita masen lehenbiziko gerra ere. Europako potentziak bi koaliziotan zeuden banatuta:
- Entente Hirukoitza: Frantziak, Errusiak eta Britainia Handiak osatuta.
- Aliantza Hirukoitza: Austria-Hungariak, Alemaniak eta Italiak osatuta.
Lehen Mundu Gerrak eztanda egin zuenean panorama politiko eta sozialean aldaketak izan ziren, nazionalismoari indarra emanez. Izan ere, estatuek lortu zuten identitate nazionala beste edozein identitate interesen gainetik kokatzea eta nazioaren alde borroka egiteko lehentasuna gailentzea. Estatu indartsuen nazionalismo hau kontserbadorea eta erasokorra zen.
Gerra hasterako orduan egunkariek paper garrantzitsua jokatu zuten. Presentzia publiko handia zuten, eta hori baliatuz jarrera kontserbadore eta erasokorrak hauspotu zituzten, baita lasterketa inperialistaren aldeko jarrerak babestu ere.
Propaganda zientifikoa eta psikologikoa
Lehen Mundu Gerra garaian komunikazioak garapen esanguratsua izan zuen. AEBetan eta Britainia Handian zukua atera zioten honi, Alemaniak aprobetxatzen jakin ez zuen bitartean. Lehen bi herrialdeetan herritarrek gerran beraiek nahi zuten papera jokatzea lortu zuten komunikazioaren bidez; Alemaniak, aldiz, tresna honi garrantzia kendu zion masen jarrera obedientea ziurtzat joz, horretarako komunikazioaren beharrik izan gabe.
Hamarkada batzuk lehenago, XIX. mendearen bukaeran, prentsa sentsazionalista nabarmen hazi zen, eta komunikazio mota honek iritzi publikoan eragin handia izan zuen. Ondoren, 1914tik aurrera, limurtze eta propaganda teknikak asko aurreratu ziren.
Propaganda hau burutzerako garaian gizakien psikologian oinarritu ziren. Gerra psikologikoari garrantzia eman zitzaion, hau da, gatazka armen bidez ebatzi ordez tresna psikologikoekin aurkaria garaitzeko apustua egin zen, batez ere Britainia Handian. Propaganda helburu nazionalen gaineko emozio jakinak eragiteko helburuarekin egiten zen, bideratuta zegoen jendearen arabera emozio batzuk edo besteak sortzeko (etsaiei etsipena, neutralei posizionatzeko beharra, jada inplikatuta zeudenei motibazioa…).
Honekin lotuta, mezuen eta masen jokabideen konexioak aztertzen zituzten ikerketa akademiko eta zientifikoek ere gora egin zuten. Propaganda “zientifikoa” sortu zen komunikazio estrategia jakinak aurrera eramateko. Horretarako makineria administratibo handia jarri zen martxan, kolektibitateen inguruko ikerketa akademiko sistematikoetan oinarritutako planifikazioei jarraituz. Ikerketa soziologiko, psikologiko eta komunikazioaren ingurukoak burutuz informazioa modu masibo eta sistematiko batean erabili zen.
Propaganda instituzionalizatua
Propaganda instituzionalizatu egin zen, nahiz eta ekimen pribatuak ere agertu ziren. AEBetan, masak gerraren interbentzioaren alde lerratzea lortu zen. Hau lortzeko Creel Batzordea sortu zen. Britainia Handian ere propagandaren inguruko erabilera esanguratsua izan zen, eragin handia izan baitzuen masen jokabideetan eragiterako garaian, hauen emozioez baliatuz. Propagandarako erabiltzen zituzten mezuetan ez zuten gezurrik esaten, kontraesanak saihesten zituzten eta gertakariei ematen zieten lehentasuna ideien aurretik. Hau guztia helburu batekin burutu zuten: Alemaniarren basakeria azpimarratzeko eta Kaiserra (Alemaniako enperadorea) munstro gisa irudikatzeko.
Etsaia irrazional gisa irudikatu zen, norbere burua arrazional gisa definitu ondoren. Irrazionaltasuna basakeriarekin lotu zen, eta arrazionaltasuna zibilizazioarekin. Zibilizazio Modernoaren gaineko erabateko ziurtasuna zegoen, baita bere mundua antolatzeko moduarena ere, hots, genero, klase eta naziotan banatutako modua.
Kartelen analisia
Hainbat euskarri ezberdinen artean, errekrutatze kartelak erabili zituzten britainiarrek. Hauek abertzaletasun adoretsuari egiten zioten erreferentzia, eta aberria gainerako identitate guztien gainetik jartzen zuten, honek guztiak lotzen zituelako diskurtsoa zabalduz. Horretarako mezu emozionalez baliatu ziren, gizonezkoak beren maskulinitatea erakutsi zezaten, beren aberria, familia eta etxea –oro har, zibilizazioa– defendatuz. Horrez gain, etsaia animalia gisa irudikatu zuten.
Garai honetan kartelek indar handia hartu zuten, mezu zuzenak eta zehatzak era masibo eta merkean zabaltzeko. Hizkuntza bisual eta artistikoa garatu egin ziren, mezu eta irudi hunkigarriak erabiliz. Masen irrazionaltasunaz baliatu ziren; jendartea hausnarketara bideratu baino, hauen emozioetan eragin eta bihozkadekin beren jarreretan eragitea nahi zuten.
Honen oinarrian lumpenarekiko ikuspegi liberala eta endekapenaren teoria zeuden. Ikuspegi horien arabera, lumpenak (kontrolik gabeko masak, langileak) ez du arrazoitzen, bere barne instintuei jarraituz jokatzen du. Hauek eboluzio perfektuaren bidea aldatu dezakete eta mundua hankaz gora jarri.
Psikoanalisiaren eragina
Jendartean eragiteko bide hauek aukeratzea hainbat azterketak emandako emaitzen ondorioz erabaki zen. Lehen Mundu Gerra lehertu baino urte gutxi batzuk lehenago sortu zuen Sigmund Freud mediku neurologoak psikoanalisiaren diziplina. Bertan, ondorioztatu zen masak talde homogeneoak direla eta ez dutela borondate autonomorik; hortaz, arrazoiei jarraituz baino pultsu irrazionalei jarraituz mugitzen direla. Pultsu irrazional hauek ordena soziala mantentzeko baliatu ziren, hedabide masiboen bidez helarazten ziren mezuekin.
Hainbat azterketa psikologikok ondorioztatu zuten shock eta krisi egoeratan komunikazio mota honek, emozionalak, arrakasta izaten duela. Honek hartzen zituen dimentsioak ikusirik, gobernu eta politikari ezberdinek masa hedabideen gaineko kontrola izateko interesa erakutsi zuten.
Kartel adibideak
- “Merezi al du zure etxeagatik borroka egitea?”: Bertan ikusten da bi soldadu alemaniar familia britainiar babesgabe baten etxera sartzen direla. Honekin armadan sartu gabe zeuden gizonezko britainiarrak interpelatuta sentitzea lortu nahi zen, armadan izena eman zezaten, beren familien defentsan. Izan ere, familia eta aberria babestea gauza bera zirela saldu zen. Posterraren konposizioak ere lortzen zuen eragina izan zezan. “Zu”, karteleko etxeko gizona, iluntasunean dago, protagonistaren ikara irudikatzeko. Beste guztiak, “ahulak”, argitan daude, ahultasuna irudikatzeko.
- “Londresko emakume gazteei”: Kartela emakume gazteei zuzenduta dago, baina gizonezkoez hitz egiten du, gizonezkoei eragiteko asmoarekin. Adierazten du emakume hauen mutil-lagunek edo senarrek armadan egon beharko luketela, eta hala izan ezean, hau da, Erregea eta Herriarekiko betebeharrari uko egiten bazioten, agian beren bikotekideei ere uko egin ziezaioketela. Gizonak emakumea eta bere aberria babestu behar dituen diskurtsoa darabil.
- “Gizon britainiarrak! Hau onartuko duzue?”: 1914ko abenduan argitaratu zen, alemaniarrek Britainia Handiko Scarbotough hiria bonbardatu ondoren. Kartelaren helburua bonbardaketak Britainia Handian eragindako sarraskia salatzea eta britainiar gizonezkoak armadan izena emateko konbentzitzea ziren. Langileei zuzenduta zegoen, izan ere, garai horretan langile mugimenduak zalantzan jarri zuen nazionalismoaren ideiak langileriaren alde edo burgesiaren interesen alde egiten zuen. Horregatik, kartel honekin diskurtso hori desaktibatu nahi zen, esanez etsaiarentzat ez zegoela alderik britainiar burgesaren edo langilearen artean. Gertakaria benetakoa izanik, interpelazio-gaitasun handia ematen zion diskurtsoari.
- “Do it now!”: Kartela oso zuzena da. Modu zuzenean esaten du armadako zerrendan izena emateko eta ez itxaroteko denbora gehiago. Hala egiten ez duen gizona barregarri uzten du, bere maskulinitatea zalantzan jarriz eta beldurti gisa irudikatuz.
- “Destroy this mad brute, enlist”: AEBetan argitaratu zen 1917an, Creel Batzordeak sortu zuen, masen artean “Europako Gerraren” aldeko iritzia sortzeko helburuarekin. Horretarako amerikarrak armadan sartzera konbentzitu nahi izan zituen. Kartelean Alemania tximino zoro baten itxuran ageri da, animalizatuta, eta adierazi nahi da tximino hori hil egin behar dela, hau da, Alemania. Zibilizatuen eta basatien arteko banaketa egin zuen (AEB zibilizatua, Alemania basatia). Figura basati honi doilorkeria eta odol-egarria esleitzen zaizkio, doilorkeria hau ahulenen kontra erabiltzen duelarik.
Funtsean, kartel guztiek herrialde horietako herritarrak armadan sartzea lortu nahi zuten, horretarako beren emozio eta inpultsuetan eragiten saiatuz. Hau lortzeko gizon zibilizatu maskulinoaren gaineko diskurtso komun eta zehatz bat erabili zuten guztiek. Basati gisa erretratatutakoek ahulenei (emakumeak, haurrak) eraso egiten zieten bitartean, gizon abertzale zibilizatuak etxea eta familia zaindu behar zituen eta ausarta izan behar zuen diskurtsoa erabili zen.
Gerra luzatu zen neurrian komunikazio masiboa geroz eta beharrezkoagoa izan zen Estatuen interesentzako. Alde batetik, nazioarteko langileriak gerraren kontrako aldarrikapenak egin zituen, eta estatuek hau neutralizatu behar zuten. Bestetik, gerraren luzapenak ekar zitzakeen ondorioei aurre egiteko ere behar zuten komunikazioa, besteak beste desertzioak ekiditeko.
Ondorioa
Propaganda tresna erabakigarria izan zen Lehen Mundu Gerraren amaiera erabakitzerakoan. Britainia Handian kartelek eta propagandak jende masa handiak mugitzeko gaitasuna izan zuten, errekrutamendu kartelen bidez hainbat herritarrek eman zuten izena armadan. Horrez gain, gerra irabazteko arrazoietako bat izan ziren. Izan ere, hasiera batean gerra denbora motzerako kontua izango zela sinestarazi bazen ere, ez zen hala izan, eta horrek gizartearengan neke handia sortu zuen. Egoera honetan, hasierako nazionalismo euforikoek indarra galdu zuten, eta norberaren herriaren handitasuna defendatzea baino garrantzia handiagoa hartu zuen etsaia birrintzeak. AEBetan ere Creelen tekniken bidez masak “Europako Gerraren” alde lerratzea lortu zen.
5. Gaia: Gerra Hotza eta Komunikazioa
Sarrera
1945. urtetik 1989. urtera, Gerra Hotzaren garaian, Kapitalismoaren Urrezko Aroa izan zen. Klase ertaina zabaldu egin zen eta honekin batera ideia demokratikoak zabaldu ziren Mendebaldean: Ongizate Estatua, prentsaren ardura soziala… Mundu ordena bipolar honetan AEBek komunismoaren aurka egin zuten, honekin lotura izan zezakeen oro zigortuz. Testuinguru honetan, gizarte eredua ere aldatu egin zen. Hiritik eta kaletik aldendu eta etxekotze prozesu bat eman zen, familia eredu konkretu bat sortuz eta genero eredu zehatzak ezarriz gizonei eta emakumeei.
Ariketa honetan gertakari hauek eta honetan komunikazioak izandako papera aztertuko ditut. Komunismoaren aurkako jazarpena azaltzeko garaiko panfleto bat eta hainbat adierazpen erabiliko ditut iturri gisa. Familia ereduaren analisia egiteko, aldiz, “Telebista eta Feminitatearen mistika” izeneko liburuaren atal bat aztertuko dut.
Analisia: Makartismoa eta Komunismoaren Aurkako Jazarpena
Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, 1945ean, Gerra Hotza hasi zen (zenbait historialarik diote lehenago ere hasia zela). Munduan ordena bipolarra ezarri zen, AEBen eta Sobietar Batasunaren artean –edo, nahi bada, kapitalismoaren eta komunismoaren artean. Garai honetan AEBetan komunismoaren kontrako gerra errotu zen, eta sistema honen arriskuaren aurrean etengabeko alerta diskurtso bat zabaldu zen. Diskurtso honek barne politika kontserbadoreak martxan jartzea ahalbidetu zuen, komunismoaren mehatxuari aurre egiteko babes bakar gisa ikusten zirelako.
AEBetako herritarrei mehatxu komunista benetako eta gertuko sentiarazteko beharra sentitu zuten gizarte-eredu kapitalista arriskuan ikusten zutenek. Hala, komunismoarekin lotura izan zezakeen ororen aurka egin zuten AEBetan bertan, “disidente subertsibo” hauek jazartzeko Estatuko erakundeak sortuz.
HUAC eta Makartismoa
Erakunde esanguratsuena Ekintza Anti-Estatubatuarren Batzordea (HUAC) izan zen, zeinak herriaren kontra zebiltzan sektoreak ezabatzeko erakunde gisa izendatzen zuen bere burua, nahiz eta berez komunisten kontra joateko erakunde bat zen. HUAC-en garai gordinena 1947. eta 1956. urteen artean izan zen, Joseph R. McCarthy senatari errepublikarraren garaian; garai hau Makartismo gisa izendatzen da. Oinarri gabeko salaketetatik abiatuta, arrisku komunistaren aurrean bestelako subertsioak ere jazartzea zilegi bihurtu zen estatubatuarren artean. Hala, hainbat estatuko administrazioko langileen kontrako jazarpena burutu zen, baita komunikazioaren sektoreko langileen, eta, batez ere, entretenimenduzkoen kontra.
Diskurtso antikomunistaren arabera, komunismoaren mehatxua AEBetan bertan zegoen eta telebistaren bidez zabal zitekeen. Aztergai dugun panfletoan ikus daitekeen bezala, propaganda komunista telebistan, irratian eta Hollywood-en zegoen eta “gorriek” egindako produktuak kontsumitzea komunismoa laguntzeko bidea zen. Nabarmentzekoa da panfletoak telebistari ematen dion garrantzia, garai hartan zuen indarra irudikatzeko. Telebistaren bidez “American Way of Life” diskurtsoa zabaldu zen, komunismoaren kontrakotzat zeukatena. Sektore honen barruan egindako jazarpenak bereziki jo zuen Hollywood-eko industriaren aurka.
Hollywoodeko Hamarrak
Honen adibide da Hollywoodeko Hamarren kasua. 1947. urtean zinema munduko hamar profesional PCUSA-ko kide izatea leporatuta epaitegietara deitu zituzten. Hauek, Konstituzioaren kontrakoak ziren Batzordearen galderei erantzuteari uko egin zioten, eta kartzela zigorrak jaso zituzten justiziaren bidea oztopatzea eta Kongresuari men ez egitea leporatuta. Ondorioz, zinema industriak sortu zuen lehenengo zerrenda beltzean sartu zituzten. Hortik aurrera, ekoiztetxe handiek konpromisoa hartu zuten aurrerantzean komunista zen inor ez kontratatzeko.
“Waldorf-eko Adierazpena”-k, Zinema Ekoizleen Elkarteko presidenteak sinatuta, zioen Hollywood-eko 10 gizonen jokaera deitoratzen zutela, langileak kaleratuko zituztela, ez zutela komunistarik kontratatuko, ezta Estatu Batuetako gobernuaren aurka egiten zuen talde edo alderdietako kiderik ere. Izan ere, komunismoa anti-patriotiko bezala ulertzen zen. Horrez gain, onartzen zuten komunisten kontrako politika honek errugabeak zigor zitzakeela eta zentsura hauspotu zezakeela.
Makartismoaren kontra, Lehen Zuzenketaren Batzordea izeneko elkartasun mugimendua sortu zen. Batzorde honek Hollywoodeko Hamarren kontrako epaiketak salatu zituen besteak beste, komunikazioaren munduko jende ezagunaren parte-hartzearekin. Mugimendu honetan parte hartu zutenen kontrako susmoak ere piztu ziren, komunistak zirelakoan. Horien artean Humphrey Bogart aktorea zegoen, eta “I’m not communist” izeneko adierazpena egin zuen publiko. Bertan, adierazi zuen ez zela komunista eta ez zituela Hollywoodeko hamarrak babesten, baizik eta pelikulen zentsura salatu nahi zuela. Amerikako Demokraziaren defentsa egin zuen, hau komunismoaren aurkakotzat joz. Auzitan jarri nahi izan zuen zinemaren industriaren gain baino ez zegoela arreta jarrita, gainerako industrietan ere arrisku komunista egon zitekeen bitartean (langile mugimendu handia zegoen industrietan).
Makartismoaren gainbehera eta hedabideen ardura
1950eko hamarkadaren bukaeratik aurrera jazarpen antikomunista leundu egin zen makartismoa zilegitasuna galtzen joan zen heinean. HUAC mantendu egin zen baina errepresioa gutxitu. Esaterako, Edward R. Murrow kazetariak See It Now telebista saioan Makartiren kontrako adierazpenak egin zituen, azpimarratuz salaketa bat ez dela froga bat eta senataria paranoiko gisa salduz. Makartismoaren abertzaletasun eta askatasun ideiei aurre egin zien. Adierazpen hauek luzera eragina izan zuten makartismoak zilegitasuna galtzean. Hala, McCarthy-k senatari kargua galdu zuen 1957. urtean.
Garai honetan hedabideen eta informazioaren inguruko diskurtso berriak sortu ziren, besteak beste, informazio eskubidea bermatzea zeregin gisa ulertu zen. Adierazpen askatasunetik haratago, hedabideen gizarte arduraren teoria sortu zen. Honen arabera, hedabideei ardura sozialarekiko konpromisoa exijitu behar zitzaien, hiritarrek informazioa jasotzeko zuten aukera prentsaren bidezkoa zen heinean. Horrez gain, gizarte moderno batean egonkortasuna eta garapena bermatu zitezen prentsak oinarrizko funtzioa betetzen zuela zioen.
Telebista eta Etxekotze Prozesua
Garai honetan telebista informazioa jasotzeko euskarri berri bihurtu zen, eta etxe askotara sartu. Denbora gutxian euskarri hedatuena eta erabiliena bihurtu zen, eta 1960ko hamarkadatik klase ertainarentzako erreferentziazko hedabide. Hau Kapitalismoaren Urrezko Aroaren hedapenarekin eta klase ertainaren orokortzearekin lotuta zegoen. Izan ere, garai honetan klase ertaina zabaldu egin zen eta jende honen etxeetara sartu zen telebista modu masiboan.
Telebistak “masen etxekotze” prozesuan lagundu egin zuen. Masak eremu publikotik espazio pribatura igaro ziren, familiak erdigunean jarriz, eta telebistari esker kontsumismoa egunerokotasunaren eremu intimoetara sartu zen. Familia nuklear suburbiarra eta kontsumitzailearen eredua ziurtasunarekin lotu zen, eta familia eredu hau naturalizatu egin zen bertatik ateratzen zen oro susmagarri bihurtuz (homosexualak, esaterako).
Feminitatearen Mistika eta Playboy
Betty Friedan idazle feministak 1964an argitaratutako “Television and the Feminine Mystique” liburuan feminitatearen mistika emakumetasuna ulertzeko forma jakin gisa definitzen zuen, emakumeen garapena mugatu, beren identitatea lapurtu eta gizarteko eremu baztertuetan kokatzen zuela azalduz. Feminitatearen mistikaren naturalizazioan hedabideek izan zuten kolaborazioa salatu zuen, esanez hauek (eta batez ere telebistak) emakumeak bizitza huts batera bideratzen zituztela hutsaltasun hori erromantizatuz. Izan ere, feminitatearen mistikaren izenean klase ertaineko emakumeek beren nortasunari eta bizitza proiektu propio bat izateari uko egin zioten, ezkontzan, ugalketan eta besteen zaintzan oinarritutako eredua jarraituz, horrek zoriona ekarriko ziela ustez. Ez zen hala izan, ordea, eta garai hartako hainbat emakumek ezinegon ulergaitza sufritzen zuten, zientziak eta medikuek ezinegon hori depresio gisa diagnostikatu zutelarik. Arazo hau norbanako bakoitzari lotu zitzaion, pertsona bakoitzaren kontua balitz bezala, eta ez gizarte osoarena.
Telebistaz gain, garai honetan magazinen sektoreak ere Urrezko Aroa bizi izan zuen, bereziki Estatu Batuetan. Hainbat magazinek mundu mailako tirada lortu zuten, horien artean Playboy-ek. Playboy 1953. urtean sortu zen eta gaurdaino iraun duen gizonei zuzendutako hilabetekaria da. Kalitatezko edukien eta gizon heterosexualen desirei dei egiten zieten argazkien konbinaketa biltzen zuen. “Gentleman” gizon zibilizatuaren eredutik aldendu, eta gizon basatiaren ezaugarri batzuk indartu zituen. Horrela, familia eredu tradizionalarekin apurtu zuen, familia eta ezkontza gizonen kartzela eta emakumeen erreinu tokia zirelako diskurtsoa erabiliz. Gizon gazte, hiritar, ezkongabe eta etxekoiaren eredua indartu zuen, eta hauentzat anaitasun eremu pribatu eta seguru bat ireki zuen “askatasunaren” plazerez disfrutatzen jarraitzeko. Horretarako, espazio publikoko ohiturak eremu pribatura ekartzen lagundu zuen.
Ondorioak
Komunisten aurkako jazarpena leundu egin bazen ere eta Makartismoak zilegitasuna galdu bazuen ere, AEBetako kultura politikoaren baitan anti-komunismo sakona mantendu da, gaurdaino iraun duena, nahiz eta Gerra Hotza amaitu eta Sobietar Batasuna desegin zen. Horrez gain, Gerra Hotzaren garaian hedabide ezberdinek (bereziki telebistak) hartu zuten indarra urte luzeetan mantendu da, baita honen bidez gizarteari helarazitako diskurtsoak ere, genero rolei dagokienez.
6. Gaia: Trantsizio Garaiko Komunikazioa
Kontsentsuaren kulturaren genero irakurketa bat
Irakasgaiaren azkeneko ariketan aztergai dugun iturria Interviú aldizkariaren 1976. urteko irailaren lehen zenbakiko azala eta barruko foto-erreportaia da. Zenbaki hori berehala agortu zen garaiko kioskoetan eta sekulako oihartzuna izan zuen, memoria kolektiboan demokraziaren sinbolo kulturaletako bat bezala ere geratu delarik. Adierazitako azalaren analisiarekin batera bere inpaktu kulturalaren inguruko hausnarketa egingo dut. Horretarako, ezinbestean, bere garaiarekin lotu behar dut, Espainiako Trantsizio garaiko hasierako urte edo hilabeteekin alegia.
Testuinguru politikoa
Ikuspuntu politiko klasiko batetik gerturatuta, 1975. urteko azaroaren 20a, Franko diktadorea hil zen eguna, sinbolikoki bada ere, garai baten bukaera eta berri baten hasiera markatu zuen Espainiako historian. Orduan jendeak eta, bereziki, etorkizunarekiko proiektu politiko/sozial ezberdinek espazio publikoa hartu zuten. Aspaldiko partez, etorkizuna jendeak idatzi zezakeelaren ideia gailendu zen. Etorkizuna erabat irekia irudikaturik agertu zitzaion populazioaren gehiengoari eta neurri batean horrek laguntzen digu ulertzen garai hain gatazkatsu eta politikoki aktibo hura: kultura politiko ezberdinak etorkizunera begira beren munduaren ikuskera gailendu zedin mobilizatu ziren etorkizuna erabaki zezakeelako kontzientzia sakona zuen jendarte baten testuinguruan. Bide batez, eta iritzi publikoaren garrantziaren loraldi garai honetan, prentsa idatziak protagonismo erraldoia, seguruenik erabakiorra, izan zuen garai honetan. Sistema parlamentarioa eraikitzeko zegoen garai hartan, prentsak “el parlamento de papel” goitizena hartu zuen oraindik telebistak 80 eta 90eko hamarkadetan izango zuen protagonismo erabatekoa ez zenean.
Honela, prentsa idatzia garaiko borroka politikoaren berri izateko iturri paregabea da. Sektore honek hazkunde eta batez ere pluraltasun urte oparoak bizi izan zituen –ia 40 urtetako joera zentsoreak guztiz desagertu ez eta hainbat egunkarik edo aldizkarik arazoak izan zituztela ere ahaztu gabe– eta egunkari ezberdinetako orrialdeetako artikulu, iritzi, erreportaje eta orokorrean produkzio ezberdina garaiko aniztasun politiko eta bizitasun sozial handiaren ordezkari izan ziren.
Etorkizunerako proiektuak
Ariketak inposatzen digun era sintetikoan adierazita eta garaiko aniztasun politiko eta bizitasun sozial handia deskribatzera iristen ez den arren, etorkizunerako proiektu ezberdinak hiru multzotan bereiztu genitzake:
- Francoren erregimenarekin erabat apurtzearen aldeko jarrerak: Joera hauentzako aurreko guztiarekin apurtu eta gizarte demokratiko bat eta justizia sozialeko bat oinarritik hasita eraikitzeko aukera ikusi zuten Francoren heriotzarekin ireki zen abagunea [hainbat proiektu zegoen joera honen barruan, orokorrean ezkertiarrak eta diktaduraren azkeneko urteetan bizi izan ziren mobilizazio sozial handien protagonistak izan ziren]. Aukera paregabea zirudien: esperantza handia zabaldu zen zenbait jendarteren artean aurrekoarekin zerikusirik ez zuen etorkizun berri bat eraikitzea posible zelako ideiarekin.
- Jarrera "posibilista" edo pragmatikoak/erreformistak: Ezker zein eskuinetik –frankismotik ere– agertu ziren. Oinarrizko adostasunen [kontsentsuaren kultura] politika baten alde [adibidez, monarkia, alderdi politikoen pluraltasuna edo Espainiaren batasunaren inguruko adostasunak] batzuek eta besteek beren ideia batzuei uko egin zieten. Hedabideetako ”Grupo tácit" delakoa jarrera hauen inguruan mugitu zen.
- Francorik gabeko frankismoaren aldeko apustua egiten zuten jarrerak: Oraindik ere pisu handia zutenak Estatuko egitura guztietan [bereziki Armadan, epaitegietan eta, neurri batean, komunikabideetan ere], eta hori ondo erabili zutenak, 1982ko estatu-kolpean ikusi ahal izan zen bezala. delakoaren bitartekoak jarrera horien inguruan mugitzen ziren.
Jakina denez, kontsentsuaren jarrerak nagusitu ziren eta, besteak beste, lege esparru berria eta marko-politiko berria eraikitzeaz arduratu ziren. Besteak beste: zentsuraren bukaera ekarri zuen 1977ko Legea eta 1978ko Konstituzioa. Aztergai dugun Interviú-ko azalaren esanahi historiko/politikoa erabat lotua dago kontsentsuaren kulturarekin gailendu zen demokrazia eta askatasunaren imajinario kultural hegemonikoarekin.
Marisol eta 'Destape' kultura
Aldizkariaren ale hau oso arrakastatsua izan zen, minutu batzuetan ale guztiak saldu ziren, populazioaren parte handi batekin era produktibo batean konektatu zuelaren adierazgarri. Interpelazio emankor hau ulertzeko, azalean agertzen zen protagonista nor den eta aurreko hamarkadan Espainian gertatu zena ere kontuan izan behar dugu.
Marisol, desarrollismo garaiko “ikono frankista” da Interviú-ko azalean, gazte, lirain eta biluzik agertzen den emakumea. Adierazgarria, gainera, barruko foto-erreportajean, “El Bello Camino a la Democracia” izenburupean haren argazki biluzi gehiago agertzen direla. Sekulako talka kolektiboa suposatu zuen nor eta diktadura garaiko ikono bat biluzik agertzea. Aurora Morcillok adierazten duen bezala, 70eko hamarkada honetarako Frankismoa “errepresio” sexualarekin oso identifikatuta zegoela (bereziki ikuspuntu maskulino batetik), eta aldaketak moral sexual askeago baten bidetik etorri behar zuelako ideia gailendu egin zen. Funtsezko ideia da hau azal hau ulertzeko: memoria kolektiboan grabatuta geratu da Marisol antzezlearen biluzia garai bateko tabu zaharrak gainetik kendu eta askatasuna eta demokraziari bide ematen zion jendarte baten metafora bezala. Trantsizioaren kulturaren ikonoa edo sinboloa bihurtu zen.
Ekuazio hau [(bereziki emakumeen) biluzia eta demokrazia/askatasunaren arteko konexioarena] aurreko urteetan, desarrollismoan, haragituz joan zen. Urte horietan, hedabide ezberdinetatik frankismoak jarraitu zuen atzerria ustelkeria moralaren sinboloa bezala irudikatzen, bereziki atzerritik zetozen turista “erdi biluziak” horren adierazle zirelarik. Ikuspuntu maskulino heterosexual batetik, ordea, horrek lagundu zuen Pirinioetatik haratagoko mundua sexu askatasunarekin eta demokraziarekin lotzen.
Horregatik esaten dugu Francoren erregimenak bekatu morala eta gaitz guztiak Espainiako mugetatik kanpo, atzerrian, kokatzeak lagundu zuela ondoren, Trantsizioan, (emakumeen) biluztasuna eta eskuragarritasuna, askatasunarekin eta demokraziarekin lotzen.
Ikuspegi feminista
Garaiko feministek, ordea, gogor jo zuten azala parte den destapearen kultura eta kazetaritzaren kontra. Emakumeen ahotsa, autonomia, desira eta subjektibotasuna kontuan hartzen ez zuen eta horri ikusgarritasuna ematen ez zion testuinguru komunikatibo pornografiko, azaleko bat baino ez zela salatu zuten hainbat hedabideetan –beren hedabideak ere sortu ziren garai honetan–. Pamela Radcliff historialariak adierazi duen bezala, Trantsizio garaian eta mugimendu feminista gihartsuari esker, berdintasunaren inguruko eztabaida espazio publikora iristea lortu eta Konstituzioan ere mugimenduaren zenbait aldarrikapen barneratzea lortu zuten. Feministek lortu zuten, neurri batean, berdintasunaren proposamen batzuk –erretorikan bederen– kontsentsuaren kulturan barneratzea. Baina emakumeen inkorporazio hau, historialariaren esanetan, emakumeen ahotsik gabe eman zen. Marisolen argazkiak, 1973. urtean eginak izan zirenak, 1976. urtean haren baimenik gabe argitaratu izana Radcliffen proposamen horren sinbolo argia dirudi.
Interviú-ko azal hau garaiko testuinguru kulturala okupatu zuen joeraren adibide bat baino ez da (oso eraginkorra eta ikusgarria izan zen). Hainbat historialarik proposatu dutenez, garaiko komunikazioaren joera horrek aditzera ematen digu ikuspuntu maskulino heterosexual eta sexista, jendarte zabalenean naturalizaturik jarraitzen zuen “sen ona” izaten jarraitu zuela. Ikuspuntu horrek espazio publikoa okupatzen jarraitu zuen eta hura kritikatu zutenek –feministek bereziki irudi horien sexismoa salatu zuten– atzerakoi bezala agertu ziren, garaian ezein ideia zein pertsonaren ikuspuntua debaluatzeko indarra hartu zuen kategoria.
Ondorioa
Beraz, eta bukatzeko, Interviú (1976) aldizkaria Trantsizio garaiko ikonoa dugu. Apurtzailea izan zen bere artikulu politikoekin eta, bereziki, emakume biluzien argazkiekin. Batek eta besteak, aire berriak sinbolizatu zituzten eta, zentzu horretan, aldizkaria garaiko erreferentziazko aldizkari modernoa izan zen. Neurri batean, haren erreferente izan zen Hugh Hefnerren modura, bere burua aurrerakoi aurkezteko gai izan zen, ikerketa kazetaritza garatuz (Hefnerrek baino estilo sentsazionalistagoan eta gai politikoagoak jorratuz) eta hau emakume biluzien gorputzekin konbinatuz, bere irakurleen gozamen pribaturako, askerako. Genero ikuspegiak laguntzen digu aldizkariaren –eta Trantsizioaren– irakurketa bestelako bat egiten; eta epe luzera begira, Aurora Morcillo historialariak adierazi zuen moduan, emakumeen gorputzen objetualizazio orokortu eta naturalizatu horrek laguntzen digu ulertzen Espainiako gizartean genero rolek izan duten bilakaera.