Joanes Etxeberri Sarakoa eta XVIII. Mendeko Euskal Literatura

Beste atzerriko hizkuntzak2,68 KB

Joanes Etxeberri Sarakoa: Bizitza eta Obra

XVIII. mendeko idazle lapurtarra izan zen Joanes Etxeberri Sarakoa. Medikuntza karrera burutu zuen Frantziako unibertsitateren batean. Saran ekin zion sendagile lanari, baina gerora Hego Euskal Herrira etorri zen, Azkoitian aritu zitzaigun. Gizon kultua genuen Etxeberri eta oso euskaltzalea. Irakurriak zituen aurreko gizaldiko euskal idazleen lanak. Axular buruzagi eta aitzindaritzat zeukan, eta haren lanari jarraipena eman nahi zion.

Etxeberriren Idazlan Nagusiak

Etxeberrik euskararen inguruan gauzatu zituen bere idazlan guztiak:

  • 1. Lau-urdiri gomendizko karta edo gutuna: Ordurako gauzatuak zituen liburuak argitaratu ahal izateko, laguntasuna eskatu zion Lapurdiko Biltzarrari. Inprimaturiko liburuska honetan bere egitasmoa azaldu zuen. Baina biltzarkideek ez zioten jaramon handirik egin, eta horregatik, ezin izan zituen bere lanak plazaratu.
  • 2. Euskararen hastapenak: Gure hizkuntzaren gorazarre sutsua dugu, eta Hegoaldeko apologistek ez bezala, euskaraz moldatua.
  • 3. Euskarazko hastapenak latina ikasteko: Garai hartako kultur hizkuntza latina zen oraindik. Euskaldunak, baina, gaztelerazko edo frantsesezko ikasbideetara jo behar izaten zuen latinaz jabetzeko. Zergatik ez ikasi latina euskararen bidez zuzenean?

Bizi izan zen artean lehenengo liburuska bakarrik kaleratu zuen; bigarrena eta hirugarrena lotan egon ziren XX. mendera arte. Bazen ordea laugarren obra bat ere: Hiztegia euskaraz, latinez, frantsesez eta gazteleraz atondua. Larramendik ezagutu eta erabili zuen arren, badirudi galdua dela.

XVIII. Mendeko Prosa Erlijiosoa

Aurreko mendeko tradizioaren jarraipen gisa, literatura eliztarrak fruitu pilatxoa eman zuen. Gehienetan ez ziren lan originalak, moldapenak edo itzulpenak baizik.

Beste Lan Ez-Erlijioso Batzuk

Mende honetako lanik originalenak, beharbada, inprimatu gabe gelditu zitzaizkigunak dira. Arestian mintzatu gara J. Etxeberriren obren patu gaiztoaz. Are latzagoa izan zen Jusef Egiategi zuberotarraren eskuizkribuen historia. XX. mendera arte ez ziren aurkitu, eta hiru liburutatik bakarra dago publikatuta: Filosofo Heskualdunaren Ekheia. Egiategiren lanaren berezitasuna filosofia herritar antzekoa izatean datza. Herritarra bai, baina ez oso irakurterraza, hizkera garbizalea baitarabil eta Larramendiren hiztegiko neologismo anitz sartzen baititu.

Baionako Euskal Museoan gordetzen den koaderno txiki batean, hogeita hamar poematik gora biltzen dira. Kontapoesia da gehien bat. Albisteak ematen zaizkigu. Bertso batzuen egileak ezagutzen dira, beste asko berriz anonimoak dira.

Deskargatu

PDF Word HTML