Jakintza motak: Literatura, Erlijioa eta Filosofiaren Oinarriak

Filosofia eta etika4,34 KB

Literatura-jakintza

Literaturak hitz idatziari egiten dio erreferentzia. Ahoz nahiz idatziz, hitza hizpide duen artea da, hitzaren artea. Literatura-lanek ezaugarri hauek dituzte:

  • Errealitatearen imitazio bat da (mimesia).
  • Ez du gertatzen dena kontatzen, gerta daitekeena baizik (egiantza). Idazleak, sinesgarriagoa egiteko, fikzioari errealitate-zati bat eransten dio. Orokorrean, dena ez da errealitatea.
  • Egilea eta hartzailea “garbitu” behar ditu, emozio ezkor eta mingarrietatik libratuz (katarsia). Emozioak mugitzea bilatzen du.
  • Gozamen estetikoa eragiten du irakurlearengan, beste emozio batzuen artean.

Filosofia eta literatura honako honek bereizten ditu: literaturak, arlo posible eta alternatiboan, irudimenetik jaiotako egoera pertsonalak aurkezten ditu. Filosofia, berriz, arrazoimenean oinarritzen da, mahaigaineratzen dituen arazoen konponbideak azalduko dituzten argudioak sortzeko, diskurtso sistematiko bat landuz.

Erlijio-jakintza

Erlijio guztiak saiatzen dira bizitzaren zentzuarekin zerikusia duten galderei erantzuten: nola, noiz eta zertarako sortu zen bizitza, eta zer gertatuko zaigu hil ondoren. Galdera horiei erantzuteko, ez dira liburu sakratuetan —hala nola Toran, Biblian eta Koranean— agerian utzitakora mugatzen; tradizioak eta sinestunen fedeak utzitako jakintzan ere oinarritzen dira.

Gainerako jakintzek bezala, erlijioek bizi-alderdi pertsonal handia dute, sinestunen bizitzaren alderdi guztietan eragiten duena; adibidez, beti pertsona baten aurrean daudela pentsatzean (Jahve, Jesukristo). Gainera, beren buruari eta errealitateari buruz duten ikuskera fedeak baldintzatzen du.

Erlijioa filosofiatik bereizten duen ezaugarri nagusia abiapuntua da. Erlijioak zalantzarik gabeko egietatik abiatzen dira; filosofiak, berriz, horiei buruz galdetzen du, eta ez du baieztapen eztabaidaezinik onartzen. Horrek ez du eragotzi filosofia erlijio-kontuez arduratzea, mendeetan zehar, bai eta gaur egun ere. Izan ere, haren xede unibertsal eta erradikala dela eta, filosofiak alde batera utzi ezin dituen mundu-ikuskerak baitira erlijioak.

Filosofiaren begirada

Filosofia K.a. VI. mendean Mileton sortu zen, Grezian. Filosofia errealitatearekiko “begirada” aldatu zelako jaio zen. Hots, mitoak irudimenaren begiradaz behatzen dio inguratzen duen munduari, eta filosofiak, aldiz, zentzumenen eta arrazoimenaren bidez; horietan bilatzen ditu errealitatea azaltzeko gakoak.

Aipatutako “begirada” aldaketaren kausa jarrera berri bat da: jarrera filosofikoa. Jarrera horren ezaugarriak dira lilura, zalantza eta munduan galduta eta desorientatuta egotearen kontzientzia hartzea. Pentsamendu filosofikoaren erroa miresmena da, bai natura-fenomenoen erregulartasunarekiko, bai unibertso osoko ordenarekiko ere. Zalantzatik sortu zen historian zehar jakintza filosofikoaren ezaugarria izango zena: galderak egitea, baieztapen ororen oinarri diren hipotesiak agerian utzi arte.

Filosofia hitzak “jakintzarekiko maitasuna” esan nahi du, grezierazko filo-k (φίλος) 'maitasuna' edo 'zaletasuna' esan nahi baitu, eta sofia-k (σοφία), 'jakintza'. Tales Miletokoa izan zen lehen filosofoa, eta bere garaiko pertsonarik jakintsuena zela uste zen.

Filosofiaren helburuak eta objektuak

Filosofiak, bere historian zehar, bi helburu nagusi izan ditu:

  • Errealitatearen egia ezagutzea.
  • Bizitza zoriontsua bizitzea.

Jakintza filosofikoa

Filosofia teorikoa

Eremu orokorrak lantzen ditu, eta filosofia praktikoa baino abstraktuagoa eta teorikoagoa da.

  • Logika: Pentsamenduaren arauez galdetzen du, eta jakintza guztien oinarri edo propedeutika da.
  • Metafisika: Errealitate osoaren egituraz galdetzen du.
    • Ontologia: Izateaz galdetzen du, haren aniztasun eta konplexutasun osoa kontuan hartuta.
    • Gnoseologia edo ezagutzaren teoria: Giza ezagutzaz galdetzen du, haren oinarritik hasita.
    • Teodizea: Jainkoaren existentziaz eta gaizkiaren arazoaz arduratzen da.
  • Antropologia filosofikoa: Giza errealitateaz galdetzen du.
  • Naturaren filosofia: Mundu fisikoaz galdetzen du (zer den guretzat).

Deskargatu

PDF Word HTML