Inperialismoa eta Kolonialismoa: Mundu Gerraren Atarikoa (1870-1914)

Historia3,76 KB

1. Inperialismoa eta Kolonialismoa (1870-1914)

Nazioarteko Egoera Inperialismoaren Aldian

1870 eta 1914 bitartean, nazioartean bakea eta demokraziaren hedapena izan ziren nagusi, baina herrialde batzuen artean gero eta tentsio handiagoak ere egon ziren.

Ekonomia-oparotasunari mesede egin zioten Bigarren Industria Iraultzako aurrerapenek eta kapitalismo handiaren garapenak. Hazkunde demografiko handia gertatu zen, langileen egoera hobetu zen eta aurrera egin zuen langile mugimenduak. Hezkuntzaren eta zientziaren garapena ere oso garrantzitsua izan zen, eta joera berritzaileak agertu ziren artean.

Europako eta Europatik kanpoko potentzia nagusiek abiatutako politika inperialista edo kolonialistak liskarrak sortu zituen herrialdeen artean. Arrazoi horiek eta beste batzuek Lehen Mundu Gerra piztu zuten.

Nazioarteko Potentzia Handiak

Mendebaldeko Europan, Erresuma Batuak, viktoriar aldia bukatu eta gero, industria-nagusitasuna galdu zuen, eta Alemaniak eta Estatu Batuek lortu zuten Erresuma Batuaren lekua. Hala ere, Erresuma Batuak munduko merkataritza eta finantza potentzia nagusia izaten jarraitu zuen. Frantziak potentzia handien artean iraun zuen, eta Alemaniak kategoria hori eztabaidatu zuen, industria indarrez garatu zelako eta, horrela, Europako lehen potentzia ekonomiko bihurtu zelako.

Europatik kanpo bi potentzia berri sortu ziren. Estatu Batuak, Sezesio Gerraren ostean, industria-potentzia handia bihurtu ziren, eta bertako ekoizpenak Erresuma Batukoa gainditu zuen 1900. urtearen inguruan. Japoniak industrializazio azkarra abiatu zuen, eta horrela, pisu handiagoa lortu zuen Ozeano Barean.

Nazioarteko Harremanak Europan

Bismarcken Sistema (1871-1890)

Alemania bateratu ondoren, Bismarck kantzelariak Europako nazioarteko harremanak antolatu zituen. Bismarcken xedea Frantzia isolatzea zen. Frantzia, Alemaniaren aurkako gerran Alsazia eta Lorena galdu zituelako jota zegoen, eta Errusiarekin Alemaniaren aurkako ituna egitea saihestu nahi zen. Bismarckek aliantzen sistema garatu zuen, isilpeko diplomazian oinarritua. Helburua Alemania, Austria-Hungaria eta Errusia elkartzea zen. Sistema horrek porrot egin zuen, Austria-Hungariaren eta Errusiaren artean liskarrak sortu zirelako. Horren ostean Bake Armatua etorri zen.

Bake Armatua (1891-1914)

Bakealdia izan zen arren, Europako herrialdeak armaz hornitu ziren eta aliantzen bi bloke sortu ziren:

  • Entente Hirukoitza: Frantzia, Errusia eta Erresuma Batua.
  • Aliantza Hirukoitza: Alemania, Austria-Hungaria eta Italia.

Bloke horiek aurrez aurre aritu ziren Lehen Mundu Gerran.

2. Aldaketa Demografikoak eta Hiriak

Europako Biztanleria: Hazkundea eta Emigrazioa

Europako biztanleriaren hazkundea bizkortu egin zen 1870-1914 bitartean, 300 milioitik 400 milioira. Horrek emigrazio handia eta hiriko biztanleriaren hazkundea eragin zituen. Herrialde batzuetan jaiotza-tasa jaitsi egin zen.

Emigratzeko beharrak pertsona askori eragin zien. Jendea Erresuma Batutik, Irlandatik eta Eskandinaviako penintsulatik ateratzen zen; geroago, Erdialdeko eta Ekialdeko Europatik eta Mediterraneo ingurutik ere bai. Jomuga nagusiak herrialde berriak izan ziren.

Migrazioak gobernuen babesa izan zuen, bai sorburuko herrialdeena, bai herrialde hartzaileena. Itsas garraioa hobetu eta merkeagoa izateak ere mesede egin zion.

Hirien Hazkundea

Hiriek hazten jarraitu zuten. 1900. urtearen inguruan, herrialde industrializatuenetako biztanleen herena edo erdia hirietan bizi zen. Hirien fisonomiak etengabeko aldaketak izan zituen, Bigarren Industria Iraultzatik etorritako berrikuntza teknikoak aplikatu baitziren: argiteria elektrikoa, tranbia eta metropoli-trenbidea (metroa).

Deskargatu

PDF Word HTML