Industria Iraultzaren Ondorioak eta Berrezarpen Garaia

Historia6,52 KB

Industria Iraultzaren Ondorioak

Ondorio ekonomikoak

Industria Iraultzek egitura ekonomikoen goitik beherako aldaketa ekarri zuten, makinei, enpresa-kontzentrazioari eta finantzaketa-sistema berriei esker. Industria ekoizpen-jarduera nagusia bihurtu zen, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren kaltetan. Pixkanaka, industria-ekoizpenak gora egin zuen, eta ordura arte inoiz lortu gabeko mailetara iritsi zen Mendebaldeko Europan, Estatu Batuetan eta Japonian. Nagusitasun horrek are gehiago nabarmendu zituen herrialde horien eta gainerakoen arteko aldea.

Industria Iraultzek lanaren nazioarteko banaketa sistema konplexu bat sortu zuten; hala, toki bakoitza mundu osoko merkaturako produktu jakin batzuen ekoizpenean espezializatu zen. Azkenik, garraioen esparruko aurrerapenei esker —trena, itsasontzia, automobila, hegazkina—, produktuak mundu osora merkaturatu ziren.

Ondorio demografikoak eta sozialak

Industria Iraultzen ondorioz, biztanleriak gora egin zuen, bizi-baldintzak hobetu baitziren. Landa-exodoak nabarmen handitu zuen hirietako biztanleria. Horrela, hiri industrialak sortu ziren: hiriguneak eta zabalguneak zituzten, burgesen bizitoki zirenak, eta langile-auzoak aldirietan, etxebizitza kaskarrez osatuak eta plangintzarik nahiz azpiegiturarik gabe eraikiak (saneamendua, higienea, ur-hornikuntza...).

Aldi berean, ozeanoz haraindiko 40 milioitik gora migrazio izan ziren Europatik, bereziki Estatu Batuetara, Argentinara, Australiara, Zeelanda Berrira eta Kanadara.

Industria Iraultzek, garai hartako aldaketa politikoekin batera, klase-gizartea sorrarazi zuten. Gizarte-antolaketa berri hartan, biztanleak legearen aurrean berdinak ziren, baina aberastasuna ez zegoen berdintasunez banatuta. Burgesia zen gizarteko klase gailena, ekoizpen-baliabideen jabetza —fabrikak, meategiak, garraio-konpainiak— kontrolpean baitzuen, eta, hala, bere zaletasunak eta ohiturak ezarri zituen. Klase horrekin batera, proletariotza edo langile-klasea agertu zen; klase horren bizi- eta lan-baldintzek "gizarte-auzia" deritzona eragin zuten.

Langile-mugimendua osatu zuten langile-erakundeek beren klase-interesen alde egin zuten eta, haiek bultzatuta, estatuek lehen lege sozialak egin zituzten.

Ondorio politikoak

Industria Iraultzek liberalismo politikoa sendotu zuten, burgesia agintariak sustatuta. Ekoizpenaren hazkundea zela eta, lehia bizia sortu zen herrialde aberatsen artean, lurralde gehien nork menderatuko (kolonialismoa), lurralde haietan inbertsioak egiteko, lehengaiak lortzeko, merkatuak sortzeko, biztanleria-soberakinak kokatzeko eta ospea bereganatzeko. Enpresa nazionalek inbertsioak egin zituzten kolonietan, eta horrek bultzada eman zien nazionalismoei.

Horren guztiaren eraginez, lehia eta errezeloak sortu ziren, herrialde batzuek zerga protekzionistak ezarri zituztelako atzerriko produktuen lehia saihesteko eta beren barne-ekoizpenari eusteko, edo neurri interbentzionistak hartu zituztelako, liberalismo ekonomikoa mugatzen zutenak.

Estamentu-gizartearen eta klase-gizartearen arteko aldeak

GIZARTE ESTAMENTALAKLASE-GIZARTEA
  • Antzinako Erregimena adierazten du.
  • 1774-1815 baino lehenagoko gizartea da.
  • Gizarte itxia da, jopuez osatua.
  • Estamentutan antolatzen da.
  • Partaideek funtzio zehatz batzuk dituzte gizartean (funtzioa dirua baino garrantzitsuagoa da).
  • Iraultza liberalek amaiera eman zioten gizarte mota honi.
  • Erregimen berria adierazten du.
  • 1774-1815etik aurrera gertatuko da.
  • Gizarte irekia da, teorian berdinak diren herritarrez osatua.
  • Klaseetan antolatzen da, burgesia nabarmenena izanik.
  • Dirua funtzioa baino garrantzitsuagoa da.
  • Iraultza burges edo liberalekin ezarriko da.

Berrezarpeneko Europa

Helburuak eta printzipioak

Napoleon 1814an garaitua izan ondoren, herrialde garaileak (Austria, Prusia, Errusia eta Britainia Handia) 1815ean Vienako Biltzarrean bildu ziren. Helburu hauek zituzten:

  1. Iraultza aurreko ordena berrezartzea: monarkia absolutuak (Erresuma Batuan izan ezik, sistema parlamentarioari eutsi baitzion).
  2. Frantziari Europan zuen boterea kentzea eta herrialde garaileak potentzia nagusi bihurtzea.
  3. Beharrezkoa izanez gero, indarra erabiltzea ordena eta segurtasuna mantentzeko.
  4. Europako mapa berregituratzea.

Biltzarra printzipio teoriko hauetan oinarritu zen bere politika aurrera eramateko:

  • Legezkotasuna: monarkia absolutuak soilik ziren legezkoak, eta haien boterea ezin zuen konstituzio batek mugatu, Jainkoak emana baitzen.
  • Ondarea: agintarien eskubide historikoen arabera finkatu zituzten lurraldeen mugak, lurralde bakoitzeko herriak eta irizpide etniko, linguistiko edo kulturalak aintzat hartu gabe.
  • Oreka: Europako mapa berrantolatu zuten, potentzia batek beste baten gaineko nagusitasunik izan ez zezan.
  • Nazioarteko erantzukizuna: potentzia handiek bideratu eta kontrolatu behar zituzten nazioarteko harremanak.
  • Interbentzionismoa: beste herrialde batean desordena bazegoen, besteentzat arriskutsua zen; horregatik, monarkia legitimoek herrialde horretan esku hartzeko eskubidea zuten.
  • Biltzarrak: gatazkak biltzarretan eztabaidatu behar ziren, modu baketsuan.
  • Aliantzak: berrezarritako ordena mantentzeko erabilitako itun edo akordioak ziren. Horren adibide da Aliantza Santua, Errusiako tsarrak, Austriako enperadoreak eta Prusiako erregeak 1815ean Parisen sinatua. Hitzarmen horren arabera, beren jokabide politikoan kristautasunaren printzipioei jarraitzeko konpromisoa hartu zuten. Era berean, kideei mehatxu iraultzaileen pean zegoen edozein herrialdetan esku hartzeko eskubidea ematen zien.

Deskargatu

PDF Word HTML