Independentzia Gerra (1808-1813): Krisia, Godoy eta Baionako Abdikazioak

Historia8,79 KB

Independentzia Gerra eta Jose I.aren Gobernua: Frantsestuak

Antzinako Erregimenaren Krisia (1788-1808)

Karlos IV.aren erregealdian (1788-1808), Antzinako Erregimenaren krisia hasi zen. Bera zen Despotismo Ilustratuaren ordezkaria.

Garai honetan, Frantziako Iraultza gertatzen ari zen, eta ideia berriak hedatzen ari ziren:

  • Subiranotasun nazionala
  • Botere banaketa
  • Estatu laikoa
  • Liberalismo ekonomikoa
  • Eskubideak (askatasuna, berdintasuna)

Karlos IV.a ideia berriei frenoa jartzen saiatu zen. Lehenik, Floridablanca Lehen Ministroak neurriak hartu zituen mugez haratago gertatzen ari zena isiltzeko: mugak itxi ziren, argitalpenak zentsuratu, propaganda jazarri, Adiskideen Errege Sozietateen jarduera debekatu, eta ikasleak kanpoko unibertsitateetara joatea galarazi.

Ondoren, Aranda kondeak politika bera jarraitu zuen, eta monarkiaren aurkako gerra posible baten aurrean, neutraltasun politika mantentzen saiatu zen.

Godoyren Kanpo Politika eta Porrotak

Godoy Lehen Ministroaren garaian, Luis XVI.a exekutatu zuten (1793), eta Frantziaren aurkako koalizioarekin batera, Konbentzio Gerran sartu zen. Gerra honetan, Espainiak porrota jasan zuen eta Basileako bakea sinatzera behartuta izan zen.

1796an, Godoyk kanpo politika harremana aldatu zuen. Oraingo honetan, Frantziarekin bat egin eta San Ildefontso Ituna sinatuz, Britainia Handiaren eta Portugalen aurka egingo du.

1801. urtean, Godoyren asmo handiek Portugalekin gerra eragin zuten, “Laranjen Gerra” izenekoa. Portugalek Ingalaterrari itsas portuak itxiko zizkion, eta Espainiak Olivenza eskuratuko zuen.

Aldi berean, Britainia Handiaren aurka, Espainiak bere porrotik handiena jasan zuen, Trafalgarko porrota (1805). Ondorio latzak eragin zituen: krisi ekonomikoa areagotzea.

Krisi Ekonomiko Larria eta Godoyren Neurriak

Urte hauetan, hainbat faktoreren ondorioz, Espainiak krisi ekonomiko larria jasan zuen:

  • Nekazaritza: Biztanleriaren gehiengoa nekazaria zen. Nekazal lur-sail gehienak merkatutik kanpo zeuden, amortizatuta eta lotuta. Horrekin batera, uzta oso txarrak izan ziren, goseteak eta iraupen krisiak eman ziren.
  • Ogasunaren Defizita: Estatuaren Ogasunaren defizita izugarria izan zen. 1793an Konbentzioaren kontrako gerrak ekarri zituen gastu gero eta handiagoei aurre egiteko, etengabe zor publikoko tituluak jaulkitzen ziren. Jaulkipenak izugarri hazi ziren, eta Estatuaren zorra handitu egin zen.
  • Gerra Porrotak: Gerra eta porrot militarrek, batez ere Trafalgarkoek (1805), ontzidi indartsu eta modernoa galtzeak ondorio latzak eragin zituen, krisi ekonomikoa areagotuz.

Egoera ekonomikoari aurre egiteko, Godoyk zenbait neurri hartu zituen: zergak igotzea eta elizaren lurrak desamortizatzea. Elizaren ondasunen salmenta hura izan zen Estatuak bere onerako egin zuen lehena.

Guztiak eraginik gabeko neurriak izan ziren, eta nobleen eta elizaren oposizioa besterik ez zuen ekarri. Fernando VII.a, Godoyk baztertuko ote zuen beldur zen.

Herritarrengan ere ezinegona eta atsekabea zen nagusi. Irtenbiderik bilatzeko ezintasunak matxinada eta altxamendu ugari eragin zituen.

Aranjuezeko Altxamendua eta Baionako Abdikazioak

Testuinguru honetan, 1807an, Godoyk tropa frantsesei Espainiako lurraldea zeharkatzeko baimena emango zien Fontainebleauko ituna (1807) sinatu zuen.

Godoyren politikak, Fernando VII.aren aldekoek sustatuta (noble eta elizgizonak) eta herritarren ezinegonaz baliatuz, herri altxamendua piztu zen: Aranjuezeko altxamendua. Honek Karlos IV.aren krisi politikoa eragin, eta aldi berean, Antzinako Erregimenaren krisiari bide eman zion.

Altxamenduak bi ondorio nagusi izan zituen: batetik, Godoyk kargua utzi beharra, eta bestetik, Karlos IV.ak bere seme Fernandoren alde abdikatzea.

Aita-semearen artean liskar dinastikoa sortu zen, eta bien arteko gorabeheren bitartekari gisa Napoleonek hartu zuen parte.

Napoleonek Baionan bildu zituen aita-semeak (Karlos IV.a eta Fernando VII.a). Espainian, 1808ko maiatzaren 2an, gainontzeko errege familia Frantziara bidean zegoenean, Madrilen herri altxamendua eman zen, eta horrek hasiera eman zion frantsesen aurkako Independentzia Gerrari.

Baionan, Napoleonek, Espainiako errege-eskubideak bere esku uztea lortu zuen Baionako abdikazioen bidez. Abdikazio hauek emandako eskubideak erabiliz, bere anaia Jose izendatu zuen Espainiako errege (Jose I.a).

Espainiako ilustratu batzuek (frantsestuek) onartu zuten errege berria, dinastia berriarekin errazago izango zelakoan herrialdeak behar zuen modernizazioa eta aldaketa lortzea.

Napoleonek Handikien Asanblada (kleroa, noblezia eta estatuko pertsonalitateak) eratu zuen Baionan (1808ko maiatza). Asanbladak 1808ko Baionako Estatutua onartu zuen, Napoleonek finkatutako ildoari jarraituz.

Baionako Estatutua gutun aitortua da: erregeak zenbait eskubide aitortzen dizkie bere menpekoei, baina haiek ez dute horretan parte hartzen. Hala ere, Antzinako Erregimeneko sistemarekiko aurrerapena izan zen: hezkuntzan Instrukzio Publikoaren Batzordea eratu zen, habeas corpusa ezarri zen, eta Antzinako Erregimena desagerrarazteko beste neurri batzuk ere hartu ziren, hala nola elizaren desamortizazioa erabaki eta maiorazkoak indargabetzea.

Independentzia Gerraren Bilakaera

Gerraren Bi Esparru Nagusiak

Gerrak bi esparru izan zituen:

  1. Frantsesen kontrako gerra Fernando VII.aren alde.
  2. Bi ideologia aurrez aurre: absolutismoa eta liberalismoa.

Independentzia gerraren bilakaeran hiru fase edo aldi bereizten dira:

1. Okupazioa eta Altxamendua (1808ko maiatza-azaroa)

Gatazka 1808ko maiatzaren 2an hasi zen Madrilen (Espainiako errege familia Frantziara Napoleonekin biltzera irten zenean). Herri matxinada izaera izan zuen, Madrilgo guarnizio militarrak frantsesak ez erasotzeko agindua baitzuten. Hala ere, zenbait ofizialek aginduari uko egin zioten. Frantsesek bortizki erreprimitu zuten altxamendua, ehunka herritar fusilatuz.

Altxamendua hainbat hiri eta herrietara hedatu zen. Frantsesen erantzun bortitzak herritarren haserrea ekarri zuen, eta beraien aurkako jarrera hartu zuten.

Baionako Abdikazioek “botere hutsunea” eragin zuten (ez baitzuten Jose I.a onartzen), eta honek Antzinako Erregimenaren hondoratzea ekarri zuen.

Probintzietako Batzordeak eratu ziren. Batzorde hauen kideak Napoleonen kontra borrokatu eta Fernando VII.a errege berrezarri nahi zuten kontserbadoreak ziren.

Frantsesek errepresioa antolatu eta hiri garrantzitsuenak okupatu nahi izan zituzten, baina ezin izan zuten helburua lortu. Gainera, frantsesak garaituak izan ziren Bailenen, eta atzera egin behar izan zuten; Jose I.ak Madrildik ihes egin eta Gasteizen babestu behar izan zuen.

1808ko udan, armada ingelesa, Wellingtongo dukea buru zela, penintsulan sartu zen portugaldarrei laguntzeko.

1808ko irailaren 25ean Batzorde Gorena eratu zen koordinazio arazoari aurre egiteko. Aranjuezen zuen egoitza, eta 35 kide zituen Floridablanca kondea buru zela.

2. Frantsesen Nagusitasuna (1808ko azaroa - 1812ko uztaila)

Fase honetan Napoleon, bere Armada Handiarekin etorri zen Espainiara, eta frantsesak nagusitu ziren, herrialde ia osoa (Cadiz ingurua izan ezik) okupatuz.

Espainiako armadak porrotak jasan zituen 1809an. Urte honetan gerrillak eratu ziren. Gerrillak herri xeheak eratutako talde armatu txikiak ziren; lurra eta etxea arriskuan ikustean hartzen zituzten armak, eta arriskurik ez zegoenean berriz itzultzen ziren. 1811-1812 urte bitartean izan zuten garrantzi handiena.

1812 arte frantsesen nagusitasuna erabatekoa izan zen, baina Napoleonek 20.000 soldadu erretiratzeak egoera aldatuko zuen.

Gainera, mendebaldeko eta barrualdeko tropak Valentziara eraman zituen. Estrategia honek Valentzia lortzeko balioa izan bazuen ere, Wellingtonen kontra borrokatzen zuten mendebaldeko eremua ahuldu egin zuen.

3. Tropa Anglo-Espainiarren Garaipena (1812-1813)

Fase honetan Wellingtonen eta Espainiaren armadek hainbat gudu irabazi eta gero, frantsesak bidali zituzten Espainiatik. Jose I.ak eta frantsesek Madrildik Valentziara ihes egin behar izan zuten.

Napoleonek Soult gidari militarra bidali zuen Espainiara, ingelesak Ebroren beste aldera bidaltzeko helburuarekin, baina Wellingtonen tropek Donostian eta San Martzialen (1813ko abuztuan) garaipena lortu zuten.

Napoleonek, Errusiako porrotaren ondoren, Valençayko Ituna sinatu zuen (1813ko abenduan), Fernando VII.ari koroa itzuliz.

Deskargatu

PDF Word HTML