Ikaskuntza Psikologia: Baldintzapen Eragilea, Soziala eta Kognitiboa
Ikaskuntza: Oinarrizko Gaitasuna
Ikaskuntza gizakiaren oinarrizko gaitasunetako bat dugu. Gure jokabidearen zati handi bat ikasitakoa da. Ikasteak aldaketak eragiten ditu gure hautemateko, jarduteko, sentitzeko eta pentsatzeko moduetan. Psikologoen iritziz, ikaskuntza esperientziak eragindako **jokabide aldaketa** da.
Ikastea gure bizitzako konstante bat da. Jaiotzen garenean bizitza normala egiteko ia gaitasunik gabe gaude, eta heldutasunera iritsi arte gaitasun asko eskuratu behar ditugu. Ikaskuntza ez da arlo akademikora mugatzen; eguneroko bizitzan egiten ditugun jokabide asko ikaskuntzaren bidez barneratu baititugu. Langileak bere zereginak gauzatzean ikasten du, eta kirolariak bere jardueraren praktikan. Gauza batzuk ahalegin handirik gabe ikasten ditugu, beste batzuek esfortzu handiagoa eskatzen digute.
Baldintzapen Eragilea edo Instrumentala
Pavlovekin garatutako baldintzapen klasikoa estimuluak eta nahi gabeko erantzunak lotzean datza. Baldintzapen eragilea, aldiz, borondatezko jokabideari buruzkoa da, eta jokabide berriak nola eta zergatik ikasten diren azaltzen laguntzen digu.
Horrelako baldintzapena subjektu batek “trukean zerbait eskuratzeko zerbait egiten duenean” gertatzen da. Subjektuak errefortzu bidez indartutako jokabideak errepikatzeko probabilitate altuagoa du (errefortzuak subjektuari eskaintzen zaizkionak dira, eskatzen zaion jokabidearen trukean). Jokabide horiek sari bat lortzeko edo zigor moduko estimuluak desagertzeko helburua dute.
Baldintzapen eragilea (edo instrumentala) deitzen zaio horri, organismoak eragin, jardun edo esku hartu duelako errefortzu bat lortzeko. Instrumentala deitzen zaio baita ere, organismoaren erantzuna helburu bat lortzeko bitartekoa delako.
Thorndike eta Ondorioaren Legea
Edward L. Thorndike (1874-1949) psikologo iparramerikarra izan zen aitzindarietako bat baldintzapen eragile edo instrumentalaren azterketan. Katuak sartzen zituen berak diseinatutako kixketedun ate bat zeukaten kutxetan eta janari apur bat uzten zien kanpoan. Hasieran, erantzun desberdinak zituzten katuek (janaria barroteen artean usaintzea, kaiolako paretak kolpatzea...), kisketa sakatu eta janaria ahalbidetzen zien atea zabaltzen zuten arte. Hasieran, nahi gabe sakatzen zuten kisketa. Gero, bakoitzean azkarrago irekitzen zuten atea, lehenago sari bat (janaria) lortu zutelako hori egitean. Gero eta entsegu gehiago egin, kaiolan sartzen zirenetik irteten ziren arte denbora gutxiago behar zuten.
Thorndikek **Ondorioaren Legea** ezarri zuen, zeinak dioen: *“Egoera jakin batean emaitza positiboa ematen duen edozein jokabide probableagoa bihurtuko da etorkizunean”*. Erantzun baten atzetik gertaera positibo bat badator, estimuluaren eta erantzunaren arteko asoziazioa sendotu egiten da; eta erantzunari gertaera desatsegin batek jarraitzen badio, asoziazioa ahuldu egiten da.
Baldintzapen Instrumentalaren Elementuak
Baldintzapen instrumentala ikaskuntza bat da, zeinean erantzun boluntario bat indartu edo ahuldu egiten den, ondorioak positiboak edo negatiboak izatearen arabera. Jokabidea “helburu bati zuzendutakotzat” deskribatzen da. Baldintzapen klasikoan ez bezala, non jokabideak estimuluen presentziarekiko erantzun biologiko naturalak diren, baldintzapen eragilean, aldiz, organismo batek bere ingurunean eragiten du eta erantzun boluntarioak ematen ditu emaitza desiragarri bat eragiteko.
Jokabide baten probabilitatea gehitzen duen estimulu bat da **errefortzua**. Agertzen den estimulu apetitiboa zein desagertzen den estimulu abertsiboa izan daiteke errefortzua. Ondorio atsegingarri bati *estimulu apetitibo* esaten zaio eta ondorio gogaikarri bati *estimulu abertsibo*.
Skinnerren ustez, bi motatako errefortzuen artean bereizi behar da:
- 1. Errefortzu primarioak: Biologikoki garrantzitsuak diren estimuluak dira, berezkoak direlako eta gogobetegarriak baitira: janaria, ura edo sexu-jarduera.
- 2. Errefortzu sekundarioak: Estimulu hauen propietate errefortzatzaileak ez dira berezkoak, ikasitakoak baizik; gogobetegarria den beste zerbaitekin dute lotura, baina ez digute berez hori ematen; adibidez, dirua edo errekonozimendu soziala.
Skinner: Jokabidearen Moldaketa (Shaping)
Thorndikeren lanetik abiatuta, B.F. Skinnerrek (1904-1990) jokabidea eraldatzeko teknikak ikertu eta garatu zituen. Horretarako erabilitako prozedurari **moldatzea** deritzo, eta sarien bitartez subjektuaren jokabidea bideratzean datza, lortu nahi den portaerara iritsi dadin.
Ildo horretatik hainbat ikerketa egin zituen animaliekin. Kaiola baten barruan dagoen uso bat aztertuz gero, ikus daiteke janaria emateko ordua iritsiz gero ematen ez bazaio, aztoratu eta mugitzen hasten dela. Mugimendu horien ondorioz, gerta daiteke nahi gabe alboan duen palanka bati eragitea, janaria erortzen utziko duen zulo bat irekiz. Hasieran, ez du palanka eragitea janaria lortzearekin lotuko, baina errepikatu ostean bien arteko lotura ezarriko du. Une horretan, zerbait lortzeko erantzun bat ematen ikasi duela esan daiteke. Orduan, estimulu neutroa zen palanka, baldintzaturiko estimulu bihurtu da, usoak nahi duen janaria lor dezan erantzun bat sortzeko (palankari eragitea) gai izango den estimulua.
Skinnerren ikerketak Pavlovek txakurrarekin egindako ikerketekin alderatuz gero, ondorengo ezberdintasun nagusiak aurki ditzakegu:
Baldintzapen Eragileko Prozedurak
Baldintzapen instrumentaleko lau mota daude: errefortzu positiboa, errefortzu negatiboa, omisioagatiko entrenamendua eta zigorra.
Errefortzu Positiboa
Erantzunaren maiztasuna areagotzen duen objektu, sari edo jokabidea da. Janaria eta dirua dira errefortzu positiboen adibideak. Mekanismo eraginkorrenak dira animaliek eta gizakiek ikas dezaten. Errefortzu positiboaren eraginkortasuna aldagai hauen menpe dago:
- 1. Sari kantitatea: Zenbat eta handiagoa izan sari kantitatea, orduan eta handiagoa egindako esfortzua. Ez da gauza bera 900 euroko soldata batengatik edo 7.000 euroko soldata batengatik lan egitea.
- 2. Denbora-hurbiltasuna: Errefortzuaren eta jokabide indartuaren artean denbora-hurbiltasuna behar da nahitaez. Errefortzuaren entrega atzeratzen bada, jokabidearen egokitzapena murrizten da.
- 3. Motibazio-maila: Motibazio-maila funtsezkoa da ikaskuntzan. Adibidez, gosez dagoen arratoiak bidea egingo du helmugan haragi puska bat duen labirintoan, baina aseta dagoenak ikusmiran ibiliko da.
Errefortzu Negatiboa
Jokabide bat egitean estimulu abertsibo edo desatsegin bat ezabatzen denean gertatzen da. Bi prozedura daude:
- 1. Ihes-baldintzapena: Subjektuari estimulu abertsiboa aplikatu eta honek, hori eteteko, bilatzen ari garen erantzuna ematen duenean gertatzen da. Subjektuak estimulu desatsegina desager dadin erantzuten du, estimulua agertu ondoren.
- 2. Saihespen baldintzapena: Subjektuari estimulu abertsiboa ez aplikatzeko honek bilatzen ari garen erantzuna ematen duenean gertatzen da. Hau da, subjektuak ikasi du jokabide zehatz bat izanez gero ez duela estimulu desatsegin hori jasango; horregatik, hori gertatu aurretik, erantzun jakin bat ematen du.
Omisioagatiko Entrenamendua
Erantzun eragileak indartzaile apetitibo baten edo gertakari atsegin baten aurkezpena saihesten duenean gertatzen da. Hau da, jokabide batek sariaren omisioa dakar. Esaterako, gurasoek seme-alabei ikas bidaiara joatea uzten ez dietenean.
Zigorra
Errefortzuaren kontrako efektua duen estimulua da zigorra; hau da, jokabide bat gertatzeko aukera edo maiztasuna murrizten ditu. Nahi ez diren jokabideekin bukatzeko erabiltzen dira zigorrak. Zigorra nahi ez den jokabidea izateagatik ordaintzen den prezioa da, eta baliagarria da zenbait arautarako atxikimendua lortzeko mehatxu gisa. Jokabide baten gutxitzea eragiten du zigorrak, jarraitzen duen gertakaria estimulu abertsibo bat delako.
Zigorraren eragozpen handiena egin behar ez denaz informatzen duela da, baina ez du erakusten zer egin behar den. Ondorengo bereizketa egiten da zigorren inguruan:
- 1. Zigor positiboa: Nahi ez den estimulu bat administratzean datza, hala nola, esperimentu batean bide bat elektrizifikatzea arratoi bat bertatik pasa ez dadin edo berandu iritsi den langile bati errieta egitea.
- 2. Zigor negatiboa: Subjektuak eskuratu nahi duen estimulua kentzea eskatzen du, adibidez gidabaimena kentzea edanda autoa hartu duen gidari bati.
Errefortzu Programak
Oso garrantzitsua da jokabideak moldatzeko edo baldintzapen eragileak lortzeko erabiliko diren estimuluak aukeratzea. Errefortzu-programak erantzun baten atzetik errefortzatzaile bat joan den unea edo modua adierazten duten patroi edo arauak dira. Programa horiek jokabidearen ikaskuntzan eta ikaskuntza hori nola atxikitzen den eragiten dute.
Oinarrizko bi mota daude:
- 1. Errefortzu jarraitua: Errefortzatzaile baten agerpena eragiten du erantzun bakoitzak (adibidez, uso batek saria jasotzen du tekla bat mokokatzen duen bakoitzean).
- 2. Errefortzu aldizkakoa: Zenbait aldiz baino ez dira indartzen erantzunak (adibidez, txanpon-makinetara jokatzen duen pertsona batek errefortzua edo saria jasotzen du noizean behin).
Errefortzu aldizkakoaren barruan, oinarrizko lau programa daude:
Arrazoi Finkoa (AF)
Erantzun finkoen kopuru jakin baten ondoren lortzen da errefortzu bat. Programa honekin erantzunen maiztasuna oso handia eta eraginkorra da. Adibidez, destajuko lanetan langileak egindako lanaren arabera kobratzen da eta ez denboraren arabera.
Arrazoi Aldakorra (AA)
Arrazoi finkoko programaren antzekoa da, salbu eta errefortzatzaile bat lortzeko erantzun kopurua ausaz aldatzen dela. Erantzunen-tasa handia da, bizkor erantzuteak errefortzua lehenago jasotzea esan nahi baitu. Arrazoi aldakorreko programek erantzun global altuko tasa iraunkorra sortzen dute, eta norbanakoek ez dute etenik egiten indartzearen ondoren. Ziurgabetasunak etengabe mantentzen ditu organismoak erantzuna ematen.
Tarte Finkoa (TF)
Errefortzua denbora-tarte finko bat igaro ostean agertzen da, betiere tarte horretan eman beharreko erantzuna eman bada. Erantzun gutxi lortu ohi dira tartearen hasieran eta asko tartearen amaieran. Adibidez, bere semea ikasten ari dela ordu erdiro egiaztatzen duen aita batena litzateke, eta horrela denean lausengu bat egiten dio. Edota ikasle batek azterketa baino egun gutxi batzuk lehenago ikasten duenean.
Tarte Aldakorra (TA)
Ausaz alda daitekeen denbora tarte baten ondoren dago eskuragarri errefortzua. Erantzun-tasa egonkorrak lortzen dira kasu hauetan. Adibide bat ezusteko azterketak egiten dituen irakasle batena izan daiteke. Ikasleek ikasi egiten dute, ez dakitelako noiz den azterketa.
Ikaskuntza Soziala (Albert Bandura)
Albert Bandura psikologoak uste du ikaskuntza oro ez zaiola zuzeneko esperientziari zor; behaketaren bidez ere ikasten dugu edo beste batzuen jokabidea imitatuz. Ikaskuntza guztia sarien eta zigorren emaitza izango balitz, gure ikasteko gaitasuna oso mugatua litzateke. Animaliek zein pertsonek jokabideak imitatzen dituzte, eta imitazioari esker gauza asko oso modu azkarrean ikastea posible da.
Behaketa-ikaskuntza (imitazio bidezkoa) subjektuak eredu baten jokabidea ikusten duenean gertatzen da. Banduraren lanetan behatzailea eredu gisa aurkezten zaigu; hau da, behatzaileak subjektuan ezarri nahi den portaera izango du. Ondoren, sekuentzia baten bidez, jokabide hori subjektuan ezartzen saiatuko da:
- Arreta: Lehenengo fase batean subjektuak eredu bat behatzen du eta bere jokabidearen ezaugarriak bereizten ditu.
- Atxikipena: Bigarren fasean, ereduaren jokabideak behatzailearen memorian gordetzen dira.
- Exekutatzea: Azkenik, behatzaileak jokabidea egokia dela uste badu, errepikatu egingo du.
- Ondorioak: Ondoren, burututako jokabide hori baldintzapenezko tekniken bitartez (besteen onarpena, etab.) indartu daiteke.
Ikaskuntza hau baldintzapen klasikoa eta eragilea baino konplexuagoa da, betiere jarduera kognitiboren bat inplikatzen baitu, hala nola arreta eta memoria. Eredu baten imitazioa handiagoa da eredu horrek zenbat eta erakargarritasun, arrakasta eta botere handiagoa izan. Ereduak eraginkorragoak dira hitzak eta ekintzak koherenteak badira. Guraso askok honako printzipio hau hartzen dute arau: *“Egin nik esaten dudana, ez nik egiten dudana”*. Seme-alabek mezu horiek entzuten dituztenean, hipokresia zer den ikasten dute. Behaketaren bidez bizimodu positiboak (altruismoa) edo negatiboak (indarkeria) ikasten dira. Haurrek gehiago ikasten dute helduen jokabidea ikasiz, haiengandik jasotzen dituzten ahozko mezuengandik baino.
Ikaskuntza Kognitiboa (David Ausubel)
XX. mendeko hirurogeiko hamarkadatik aurrera, psikologia kognitiboaren jarraitzaileek esperientziatik ikasten dugula onartzen dute, baina subjektua da kanpo-munduaren ezagutza eraikitzen duena. Barne-antolamendu kognitiboaren arabera, subjektuak errealitatea interpretatzen du eta esanahi propioak sortzen ditu. Psikologia kognitiboa pertsonek ezagutza eskuratzeko, biltegiratzeko, berreskuratzeko eta erabiltzeko baliatzen dituzten prozesu kognitiboak deskribatzeaz, azaltzeaz eta ulertzeaz arduratzen da.
Ikaskuntzari buruzko orientazio-aldaketaren ordezkarietako bat da David Ausubel. Haren ustez, ikaskuntza kognitiboak esan nahi duena da ikasten duguna jada dakigunetik interpretatutako informazio berriaren ondorio dela. Kontua ez da informazioa erreproduzitzea, asimilatzea eta gure aurreko ezagutzetan integratzea baizik. Ausubelek aldez aurreko ezagutzek beste berri batzuk eskuratzeko duten papera eta hizkuntzak ikaskuntzan duen funtsezko balioa nabarmentzen ditu. Ikaskuntzaren esanahia errazago ulertzen da edukiak antolatuak daudenean, egitura bat dutenean eta beren artean erlazionatuta daudenean.
Ikaskuntza esanguratsuan gertatzen den informazio eskuratzea subjektuak aurretik beregan dituen ideien menpekoa da, eta informazio berriaren eta aurretik zeuden ideien arteko harremanaren bitartez gauzatzen da. Ikasgelan ikasteko lau modu bereizten ditu David Ausubelek:
- Eduki berrietara iristeko moduaren arabera sailkatuz:
- a) Ikaskuntza harkorra: Ikasleak edukiak behin betiko forman jasotzen ditu. Ez du inolako aurkikuntzarik egin beharrik, kontzeptuak ulertu eta asimilatu besterik ez, erreproduzitu ahal izateko.
- b) Aurkikuntza bidezko ikaskuntza: Ikasleak ez ditu edukiak modu pasiboan jasotzen, kontzeptuak eta dagozkien harremanak ezagutzen ditu eta bere aldez aurreko eskema kognitibora egokitzeko berriz ordenatzen ditu.
- Informazio berria eta aurretiko ideiak erlazionatzeko prozesuaren arabera sailkatuz:
- a) Ikaskuntza errepikagarria: Ikasleak edukiak ulertu gabe edo bere aldez aurreko ezagutzekin lotu gabe memorizatzen dituenean gertatzen da, esanahirik aurkitzen ez dienean ikasi behar dituen ezagutzei.
- b) Ikaskuntza esanguratsua: Ikaskuntza honetan ikaslea dakiena oinarri hartuta eta irakaslearen bitartekari-funtzioari esker, munduaren ezagutza berrantolatzen du (eskema kognitiboak) eta egoera edo errealitate berrietara transferitzen du ezagutza hori.