II. Errepublika, Gerra Zibila eta Euskal Autonomia

Historia29,39 KB

Testua: Clara Campoamor diputatuaren hitzaldia (1931)

Testuaren kokapena

Clara Campoamorek Espainian eratu berri ziren Gorte Konstituziogileen aurrean eskaini zuen hitzaldia aztertu da iruzkin honetan. Iturriari dagokionez, testu hau historikoa da, garai bertan idatzitakoa delako eta informazio zuzena jasotzen duelako. Testu narratiboa da, Gorte Konstituziogileetan emandako hitzaldi bat baita. Edukiari dagokionez, politiko-soziala da. Clara Campoamor izan zen diskurtsoaren egilea. Gainera, testu publikoa da, Gorteetan bilduta zeuden diputatuei zuzendua.

Hitzaldiaren helburu nagusia: diputatuek emakumeen sufragioaren alde bozkatu zezatela. Hitzaldia eman baino hilabete batzuk lehenago, Espainian monarkia erori eta Bigarren Errepublika ezarri zen.

Testuaren analisia

Clara Campoamorrek Espainiako Gorte Konstituziogileetan, diputatuen aurrean, sufragio unibertsala defendatzen du, hau da, emakumeen boto-eskubidearen aldeko defentsa egiten du.

  • Lehen paragrafoan, sufragioa emakumeek berez duten eskubidea dela dio, eta Konstituzioak bermatu behar duela. Diputatuak Aristotelesen printzipio zaharkituei uko egitera gonbidatzen ditu, emakumeak gobernatuak izateko jaioak zirela zioen teoria baztertuz. Herri zibilizatuak askatasunera hurbiltzen ari direla baieztatzen du, eta emakumeei hanka sartzen uzteko eskatzen die, diputatu batzuek emakumeek eskuinari botoa emango ziotenaren beldur zirelako.
  • Bigarren paragrafoan, Campoamorren ustez, 1931ko Konstituzioa zen libreena eta aurreratuena. Aldi berean, behin-behineko Gobernuaren erabakiak goraipatu zituen, emakumeei hamabost egunetan monarkiak hogei mendez ukatu diena aitortu zielako. Testua aldarri batekin amaitzen da, Espainia emakumeei botoa aitortzen lehen latin-herrialdea izan dadin eskatuz.

Testuingurua

1931n, Espainian Errepublika zegoen indarrean, eta Niceto Alcalá-Zamora zen presidentea. Gobernuan Errepublikaren aldeko alderdi guztiak ordezkatuta zeuden, baina ez zegoen ez komunistarik ez anarkistarik.

Behin-behineko Gobernuak bi erabaki hartu zituen: erreforma batzuk bultzatu eta Gorte Konstituziogileak aukeratzeko hauteskundeak deitu. 1931ko ekainaren 28an egin ziren hauteskundeak, Espainiako lehen hauteskunde askeak, %70,14ko parte-hartzearekin. 468 diputatu aukeratu ziren, eta horien artean hiru emakume: Clara Campoamor, Victoria Kent eta Margarita Nielken. Emakumeek diputatu izateko eskubidea zuten, baina ezin zuten bozkatu. Errepublikanoen eta sozialisten batasunak gehiengoa lortu zuen.

XX. mendearen hasieran, emakumeek boto-eskubidea oso herrialde gutxitan zuten Europan. Mugimendu sufragistak XIX. mendearen amaieran hasi ziren, eta hainbat herrialdek emakumeei botoa emateko aukera eman zieten:

  • Finlandia (1906)
  • Norvegia (1913)
  • Danimarka (1915)
  • Alemania (1918)

Hala ere, Clara Campoamorrek salatu zuen ez zegoela latin-herrialderik emakumeei boto-eskubidea eman zienik. Eztabaida luze baten ondoren, emakumeen boto-eskubidea 1931ko Konstituzioan onartu zen, 161 boto alde eta 121 kontra izanik. Diputatu askok Ganbera utzi zuten protestan botoa eman aurretik.

1931ko Konstituzioa Espainiaren lehen konstituzio errepublikanoa izan zen eta hainbat berrikuntza ekarri zituen: sufragio unibertsala, autonomia-eskubidea, Estatuaren akonfesionaltasuna eta Berme Konstituzionalerako Auzitegia. Gainera, herriaren subiranotasuna eta norbanakoaren eskubideak aitortu zituen.

Konstituzioa onartu ondoren, Gobernua berretsi zen: Alcalá-Zamora presidente izendatu zuten eta Azaña gobernuburu. Horrela hasi zen Biurteko Erreformista (1931-33), eta behin-behineko Gobernuak hasitako erreformak gauzatu ziren. Hala ere, oposizio gogorra izan zen eskuindarren eta anarkisten aldetik, eta egoera ekonomikoa txarra zen. Alderdi kontserbadoreek bat egin zuten CEDA izenpean eta 1933ko azaroko hauteskundeetan eskuinak eta Alderdi Erradikalak irabazi zuten. Horrela hasi zen Biurteko Eskuindarra (1933-35), eta aurreko erreformak bertan behera gelditu ziren. Hauteskunde horietan emakumeek lehen aldiz bozkatu zuten, eta batzuek uste dute haien botoak eskuinaren garaipena erraztu zuela, nahiz eta ezkerreko alderdien estrategiaren gabeziak ere eragina izan.

Testuaren garrantzia

Clara Campoamorren hitzaldiaren garrantzia azpimarratu behar da, emakumeentzat boto-eskubidea eta dibortzioa lortu zirelako Bigarren Errepublikan. Hala ere, Gerra Zibilak eta diktadurak eskubide horiek baliogabetu zituzten. Emakumeen eskubideak lortzeko borroka luzea izan zen, XIX. mendean hasi eta XX. mendean amaitu zen. Clara Campoamorren lanari esker lortu ziren emakumeen eskubideak, eta haren hitzaldiak eta esku-hartzeak bidea samurtu zuten. Gaur egun, emakumeek eskubide politikoak dituzte eta administrazioan eta erakundeetan lan egin dezakete.


Testua: Fronte Popularraren programa (1936)

Testuaren kokapena

Fronte Popularraren hauteskunde-koalizioak aurkeztu zuen programaren zati bat aztertu da iruzkin honetan. Iturriari dagokionez, testu hau lehen mailako testu historikoa da, garaian bertan idatzitakoa delako eta informazio zuzena jasotzen duelako. Testu narratiboa da, manifestu politikoa baita. Edukiari dagokionez, politikoa eta ekonomikoa da. Egileari dagokionez, koalizioa osatzen zuten indar politikoek idatzi zuten. Hartzaileari dagokionez, irakur zezakeen edonori zuzendua zegoen. El Socialista egunkari sozialistan argitaratu zen. Programa horren helburu nagusia: Fronte Popularrak hauteskundeetan aldarrikatutakoaren berri ematea.

Testuaren analisia

1936ko hauteskundeetan, ezkerreko alderdiak koalizioan aurkeztu ziren, eta, nahiz eta ikuspuntu desberdinak izan, programa komun bat adostu zuten. Alderdi nagusiak Azañak gidatutako errepublikarrak eta sozialistak ziren, eta haien artean desadostasunak egon ziren Errepublikaren etorkizunari buruz.

Sarreran, ezkerreko alderdiak 1936ko hauteskundetara koalizioan aurkeztuko direnaren berri ematen digute eta jarraian Fronte Popularrak adostu dituen konpromisoak izendatzen dira:

  1. Koalizioak amnistia zabala ematea adostu zuen, delitu politiko eta sozialengatik espetxeratutakoak, baita 1934ko Iraultzaren ondorioz kartzelaratutakoak ere (anarkistek ere botoa ematea eskatu zuten).
  2. 1931ko Konstituzioa berrezartzea eta indartzea proposatu zen, hau da, sufragio unibertsala, autonomia eskubideak, Estatuaren akonfesionaltasuna eta norbanakoaren eskubideak aitortzea.
  3. Sozialistek eskatutako arren, errepublikarrek ez zuten lurra nazionalizatzea onartzen, baina nekazaritza erreformari berriro ekingo zioten.
  4. Banka-sistema hobetzeko neurriak hartu ziren, baina banka nazionalizatzeko proiektua baztertu egin zen errepublikanoen aurkako jarrera dela eta.
  5. Errepublikazaleek ez zuten onartzen sozialistek langile-kontrola eskatzea.

Testuingurua

Biurteko Erreformistan, behin-behineko Gobernuak erreformak egin zituen erlijioan, nekazaritzan, hezkuntzan eta militarren esparruan, baina oposizioa jaso zuen eskuinekoek eta anarkistek. Eskuineko alderdiak berrantolatzen hasi ziren CEDA izenarekin.

Biurteko Eskuindarrean, 1933ko hauteskundeetan Alderdi Erradikalak irabazi zuen eta Bigarren Errepublikaren norabidea aldatu zen, aurreko erreformak bertan behera utziz. 1934an, sozialistak, komunistak eta anarkistak matxinatu ziren CEDAko hiru ministro sartuko zirelako. Grebak eta gatazka gogorra izan ziren, eta Marokotik etorritako tropek sarraskia eragin zuten. Katalunian, Lluís Companys-ek Estatu Katalana aldarrikatu zuen, baina Kataluniako gobernuak errenditu egin zen. Ondorioz, zapalketa gogortu zen eta eskuinaren politika bortitzagoa bihurtu zen.

Fronte Popularrak irabazi zituen 1936ko hauteskundeak, eta PSOEk boto gehien lortu zuen. Gizartea polarizatuta zegoen, ezkerra eta eskuina borrokan. Gobernuak zailtasunak izan zituen, eta sozialistek ez zuten parte hartu, ez baitzegoen iraultza ekonomikoaren aipatzerik. Azañak eta Santiago Casares Quirogak gobernua osatu zuten, eta erreformak berriro hasi ziren.

Azañaren gobernuak Biurteko Erreformistaren legeak berrezarri zituen eta amnistia politikoa eman zien presoei. Hala ere, gobernuak zailtasun handiak izan zituen erreformak aurrera eramateko, eta ordena publikoa izan zen arazo nagusia.

Eskuineko oposizioa:

  • Lur-jabe handiak, Elizako eta Armadako goi-hierarkiak ez zuten onartzen gizarte-ordena aldatzeko erreformarik.
  • Boikot-kanpaina antolatu zuten eta muturreko mugimenduetara jo zuten.
  • Talde faxistek gero eta indar handiagoa hartu zuten, ekintza bortitzak eta atentatuak egin ziren.

Ezkerreko oposizioa:

  • Grebak, lurrak hartzea eta atentatuak egin zituzten.
  • Largo Caballeroren PSOEren alde iraultzaileek eta CNTko anarkistek bultzatu zuten oposizioa.

Monarkikoek, karlistek eta falangistek militarrak babestu zituzten estatu-kolpea prestatzen. 1936ko uztailaren 17an, Gerra Zibila hasi zen matxinatuekin.

Testuaren garrantzia

Fronte Popularraren programaren garrantzia nabarmendu behar da. Programak Biurteko Progresistaren erreformak berriz abiaraztea ahalbidetu zuen, eta, aldi berean, moderatua izan zen. Koalizioko partaideen artean ideologia desberdintasunak egon arren, adostasunera iristeko gai izan ziren. Hauteskundeak irabazi bazituzten ere, programaren aurrera eramateko zailtasunak izan zituzten, batez ere koalizioko alderdien desberdintasunak eta altxamendu militarrak eragindako arazoak zirela medio.


Testua: Euskadiko Autonomia Estatutua (1936)

Testuaren kokapena

1936ko urriaren 4an onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren zenbait artikulu aztertu dira iruzkin honetan. Iturriari dagokionez, testu hau lehen mailako testu historikoa da, garaian bertan idatzitakoa delako eta informazio zuzena jasotzen duelako. Testu juridikoa da, autonomia eratzeko eta erakundeak arautzeko legedia baita. Edukiari dagokionez, politikoa da. Gainera, testu publikoa da: euskal herritarrei zuzendu zitzaien, eta Gaceta de Madriden eta Euskal Herriko Agintaritzan argitaratu zen. Euskal autonomiaren jardunbidea antolatzeko helburuarekin idatzi zen. Gerra Zibila hasia zen 1936ko Autonomia Estatutua ezarri zenean.

Testuaren analisia

Errepublikako Gorteek 1936ko Autonomia Estatutua onartu zuten, eta bi zatitan banatua dago. Lehenengo zatian, estatutuaren artikuluak eta gerraren baldintzak kontuan harturik, Euskadi eratu zen Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatuta. Euskara eta gaztelania izango dira hizkuntza ofizialak, eta autonomia mantenduko dute.

  • Bosgarren artikuluan, Euskadik ordena publikoa eta babes juridikoa bermatzeko ardura izango du, eta Ertzaintza sortuko da.
  • Hamargarren artikuluan, Euskadiren subiranotasuna 1931ko Konstituzioan eta 1936ko Estatutuan oinarritzen dela adierazten da. Lehendakariak Errepublikarekin harremanak kudeatuko ditu.

Azkenik, gerrak eragindako egoera kontuan harturik, Araba eta Gipuzkoa altxatuen esku zeudela, neurri bereziak ezarri ziren, hala nola lehendakaria hautatzea eta gobernu osaketan kideak izendatzea.

Testuingurua

1931n, euskaldun gehienak ez ziren errepublikanoak eta beldurrez begiratu zioten Errepublika berriari. Katolizismoa eta kontserbadurismoa arriskuan ikusten zituzten. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) ez zen Bigarren Errepublikaren alde agertu, eta karlistak ere hasieratik kontra azaldu ziren. Hori guztia, euskal estatutu bat lortzeko prozesua zaildu zuen.

Jose Antonio Agirre, EAJko Getxoko alkatea, euskal estatutua lortzeko ekimenaren aitzindaria izan zen. 1931n Eusko Ikaskuntzak batzorde bat sortu zuen autonomia estatutuaren proiektua idazteko. Hala ere, sozialistek eta errepublikarrek Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak Estatutuaren eskumenetik kanpo zeudela esan zuten. Proiektuak Lizarrako Estatutua izena jaso zuen.

Lizarrako Estatutua 1931ko irailean aurkeztu zen Gorteen aurrean, baina erlijioaren gaia ez zegoelako Konstituzioarekin bat, ez zuten onartu. Horren ondorioz, EAJk errepublikarren eta sozialisten aldera hurbildu zen. 1932an beste kanpaina bat hasi zen, eta 1933an Nafarroa atzera egin zuen, proiektua Araba, Gipuzkoa eta Bizkaira mugatuz.

Proiektuak hiru probintzietako udalerrien babesa jaso zuen, Arabakoena izan ezik, eta Herri erreferendumean onartu zen. Hala ere, eskuindarrak Gorteetan gehiengoa zutenez, prozesua atzeratu egin zen. 1936ko otsaileko hauteskundeetan, Fronte Popularraren garaipenarekin, EAJ eta Errepublikako gobernuaren arteko negoziazioak berriro hasi ziren. 1936ko apirilean euskal estatutuaren aldeko batzordea eratu zen, eta estatutu berria sinpleagoa eta laburragoa izan zen. Gerra Zibila piztu zen eta estatutuaren prozesua ez zen gelditu. Estatutua onartu zen eta Eusko Jaurlaritza eratu zen.

Jaurlaritza Bizkaian indarrean egon zen, gainerako probintziak matxinatuen esku zeuden. Estatutua bederatzi hilabetez egon zen indarrean, Bizkaia altxatuek hartu zuten arte. Jose Antonio Agirre aukeratu zuten Lehendakari, eta Eusko Jaurlaritza alderdi guztiekin osatua izan zen. Eusko Jaurlaritza, Gerra Zibilak eraginda, estatu independente moduan jardun zuen, diru propioa eta Armada antolatuz. Hala ere, Bizkaia mendean hartu ondoren, Eusko Jaurlaritzak Kataluniara ihes egin zuen. Katalunia mendean hartu ondoren, erbestera joan behar izan zuten eta, 1977an, itzuli ziren Espainiara.

Testuaren garrantzia

Bukatzeko, 1936ko Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren ezinbesteko garrantzia nabarmendu behar da. 1936ko Estatutua Bigarren Errepublikako euskal bizitza politikoaren giltzarri izan zen, bai alderdi nazionalistentzat, bai ezkerrarentzat. Euskal Herriak foruak ezeztatu zirenetik nahi zuen autonomia lortu zuen, eta Estatutua Bizkaian bederatzi hilabetez egon zen indarrean, 1937an nazionalek Bizkaia hartu arte. 1979ko Gernikako Estatutua, berriz, frankismoaren amaieran onartu zen.


Testua: Kontzertu Ekonomikoak indargabetzeko Lege Dekretua (1937)

Testuaren kokapena

Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak Indargabetzeko 1937ko Lege Dekretua aztertu da iruzkin honetan. Iturriari dagokionez, testu hau lehen mailako testu historikoa da, garai bertan idatzitakoa eta informazio zuzena jasotzen duelako. Testu juridikoa da, dekretu baten aurrean bait gaude. Edukiari dagokionez, politikoa eta ekonomikoa da. Francisco Franco y Bahamontek idatzi zuen, militarra eta diktadorea bera. Gainera, testu publikoa da, herritarrei zuzendua. Dekretuaren helburua Bizkaia eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoak indargabetzea zen. Lege Dekretua, Errepublikako Gobernuaren esku zegoen iparraldeko zonaldea altxatuen esku gelditu zenean idatzi zen.

Testuaren analisia

1937ko Lege Dekretuak Bizkaiko eta Gipuzkoako Kontzertu Ekonomikoak indargabetzea agindu zuen. Lehenengo hiru paragrafoek honakoak azaldu zituzten:

  1. Kontzertu Ekonomikoak pribilegio bat ziren, 1878an adostu zena, eta lurralde horietako biztanleek zergak ordaintzeko ahalegin txikiagoa egiten zuten beste lurraldeekin alderatuta.
  2. Bizkaiak eta Gipuzkoak, Errepublikaren alde, ahaztu zuten pribilegio hori Estatuak eman zuela. Estatuari traizioa egin zioten eta armak hartu zituzten, horregatik, zigorra jaso behar zuten.
  3. Araba eta Nafarroa, aldiz, leialak izan ziren eta Kontzertu Ekonomikoak mantenduko zituzten, altxatuen alde lerrokatu zirelako.

Amaieran, Bizkaian eta Gipuzkoan pribilegioak eta gobernuaren itunak indargabetuta, ohiko zerga-sistema ezarriko zen, Estatuko gainerako probintziekin berdina izango zelarik.

Testuingurua

Bigarren Gerra Karlista galdu ondoren, 1876ko uztailaren 21ean, Foruak Baliogabetzeko Dekretua eman zen Alfontso XIII.aren erregealdian, eta euskal probintziek zerga-pribilegioak eta abantaila militarrak galdu zituzten. Hala ere, euskal probintziak 1876ko Dekretuaren aurka altxatu ziren. Hori konpontzeko, Cánovas del Castillo gobernuburuak negoziazioak abiatu zituen eta 1878ko Legea onartu zen. Lege horrek zehaztu zuen Aldundiek Espainiako Estatuari zer zerga ordaindu behar zioten. Sistema horren bidez, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak finantza-autonomia lortu zuten, eta Aldundiek zergak bildu arren, urtero kupoa ordaindu behar zuten Estatuari. Horrela, Aldundiek zergak ezarri eta administrazio-eskumen bereziak lortu zituzten, Bizkaiak eta Gipuzkoak beste probintzietako zergak baino gutxiago ordainduz.

Francok 1937ko Lege Dekretuaren bidez zigortu zituen Gipuzkoa eta Bizkaia, Gerra Zibilaren hasieran bi probintzia horiek Errepublikaren alde lerrokatu zirelako. Altxamenduaren ondoren, Euskal Herria bi zatitan banatu zen:

  1. Araba eta Nafarroa (altxatuen esku), zeinek Francoren alde egin zuten eta altxatuen tokia estrategiko bihurtu ziren.
  2. Bizkaia eta Gipuzkoa (errepublikanoen esku), Eusko Alderdi Jeltzalea eta alderdi ezkertiarrak Bigarren Errepublikaren alde egon ziren.

Eusko Alderdi Jeltzaleak ez zuen hasierako borrokan parte hartu, baina Autonomia Estatutua onartu eta Jaurlaritza osatu ondoren, altxatuen aurka borrokatzea erabaki zuen, eta Eusko Gudarostea sortu zuen. Hala ere, altxatuek atzerriko laguntza izan zuten Bizkaia menderatzeko, eta Eusko Gudarostea galdu egin zuen: 1937ko ekainaren 19an Bilbo erori zen, eta hamar egunera Bizkaia osoa. Bizkaia galdu ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak errendizioa sinatu zuen Santoñan, baina altxatuek hitzarmenaren baldintzak ez zituzten errespetatu eta nazionalistak atxilotu egin zituzten.

Francok, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainia saltzeagatik zigortu zituela uste zuen, eta horregatik Kontzertu Ekonomikoak kentzea erabaki zuen. Horrela, Espainiako zerga-sistema nagusitu zen eta Aldundiek zerga-autonomia galdu zuten. 1937ko Lege Dekretua zentralista izan zen eta berdintasuna lortzeko helburua zuen.

Testuaren garrantzia

Azkenik, 1937ko Lege Dekretuak Bizkaian eta Gipuzkoan Kontzertu Ekonomikoak indargabetzea nabarmendu behar da. Francok eta haren Gobernuak jarrera gogorra hartu zuten euskal probintzien aurka, gizarte zibila eta Eliza zapalduz, eta askatasunak eta euskal kultura debekatuz. Gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Kontzertu Ekonomikoak berrezartzea aldarrikatu zuten Franco hildakoan, eta horiek 1978ko Espainiako Konstituzioan bermatu ziren. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua indarrean sartzean, sistema hau erkidego osora zabaldu ahal izan zen.


Gaia: Langile mugimendua eta nazionalismoa Euskal Herrian (1890-1923)

Euskal pluralismoa Errestaurazio garaian: Kausak

1874an Errestaurazio Sistema ezarri zen. Cánovas del Castillok politika zentralista bultzatu zuen. 1876ko Legearen ondorioz Foruak indargabetzeak eta ondoren Kontzertu Ekonomikoa ezartzeak panorama politiko berria ireki zuen Euskal Herrian. Industria Iraultzak gizartea eraldatu zuen eta ordura arte gizartean mantentzen zen homogeneotasuna hautsi zuen.

1876ko foruen indargabetzearen aurrean bi erreakzio nabarmendu behar dira:

  • Euskal goi-burgesiarena: Madrilekin Kontzertu Ekonomikoak itundu zituzten. Kontzertu Ekonomikoaz baliatuz ikaragarrizko etekinak atera zituzten. Politikan esku hartze garbia izan zuten Bizkaian bereziki, Bizkaiko oligarkia sortuz.
  • Karlisten sektorearena: Gerra Karlistan galtzaile atera zirenak, hain zuzen ere, Foruak berrezartzea defendatu zuten eta hiritartze eta industrializazio prozesuaren aurka azaldu ziren.

Errealitate berriaren aurrean eta euskal identitatea galtzeko beldurraren aurrean (kontuan izan immigrazio etorrera handia izan zela), Sabino Aranak euskal nazionalismoa sortu zuen. Hasieran, bere erradikaltasunaren ondorioz ez zuen lortu Bilboko foru zaleak integratzea. Baina, diskurtsoa moderatu ondoren, sektore hau integratzea lortu zuen. XX. mendean Euskal Herri osora zabalduko zen.

Bestalde, industria guneetan langile mugimendua indartzen joan zen. Errestaurazio Sistemak ez zituen sortu berri ziren indar politikoak integratu, ez eta hauek eskatzen zituzten erreformak egin ere. PSOEk eta UGTk influentzia handia izan zuten industria guneetan. Langileen lan-baldintzak hobetzeko asmoz greba ugari burutuko zituzten.

Euskal pluralismoa Errestaurazio garaian: Ondorioak

Errestaurazio Sistema 1917ko krisiaren ondoren krisi larrian sartu zen. Sistemak ez zuen lortu sortu ziren alderdi politikoak barne hartzea. Oposizioak eskatzen zituen aldaketak ez ziren gauzatu. Gizarte-tentsioak handitu ziren, 1921ean Annualgo hondamendia gertatu zen eta 1923an Primo de Riverak estatu kolpea eman zuen.

Euskal Herrian industrializazioa izan zen gizartea modernizatzeko bultzada nagusia. Gizarte tradizionala zen. Liberalismoaren eta karlismoaren artean zegoen banaketa apurtu eta alderdi berriak sortu ziren.

  • Karlismoa: Bere indarra mantendu zuen, baina jarraitzaile batzuek nazionalismora jo zuten, foruen aldeko diskurtsoa eta erregimenaren barruan egoteagatik.
  • Euskal Nazionalismoa: Aurrera egin zuen. Haien diskurtso erradikala leundu eta Aranatarrek eta Ramon de la Sota eta bere jarraitzaileek bat egin zuten. Sabino Arana hiltzean, alderdiak autonomismoaren aldeko jarrera hartu zuen. Bi joera nagusi izan ziren: autonomista eta independentista.
  • Sozialismoa: Facundo Perezaguak Bilbon lehenengo erakunde sozialista sortu zuen (1886). Langileen bizi-kalitatea okertu egin zen eta lan-gatazkak areagotu ziren. Sozialismoa langileak mugiarazteko indar politiko bihurtu zen. Grebek garrantzi handia izan zuten. Hala ere, XX. mendeko bigarren hamarkadan, Perezaguaren erradikalismoa alde batera utzi eta Indalezio Prietok gidatutako politika moderatuagoan murgildu ziren. Sozialisten eta errepublikanoen arteko aliantza posible egin zen, eta horrek sozialisten lehia elektoralaren espazioa zabaldu zuen, jarrera erreformista nagusituz.

Primo de Riveraren diktaduraren garaian alderdi guztiak legez kanpo gelditu ziren. 1931n, berriz, Espainiako II. Errepublika sortu zen.


Gaia: Bigarren Errepublika: Konstituzioa eta erreformak (1931-1936)

Fronte Popularraren sorrera: Kausak

Primo de Riveraren diktaduraren ostean, Espainian Bigarren Errepublika hasi zen. Errepublikak eboluzio pendularra izan zuen:

  • Hasiera batean, 1931n errepublikarrek eta sozialistek osatutako gobernuak hainbat erreforma gauzatu zituzten eta 1931ko Konstituzioa ezarri zen.
  • Ondoren, 1933an Alderdi Erradikalak CEDAren laguntzarekin osatutako gobernuak aurrekoak bertan behera utzi zituen. Gobernu honek Errepublikaren norabidea aldatu zuen, aurreko gobernuen erreformak bertan behera utziz eta 1931ko Konstituzioa alde batera utziz.

1934an Asturiasko Iraultza gertatu zen. CEDAko hiru ministro sartuko ziren gobernu berrian eta horren aurka sozialistak, komunistak eta anarkistak matxinatu egin ziren, azkenean gatazka gogor bat sortuz. Gobernuak Espainiako egoera kontrolatzea lortu bazuen ere, Asturiasen matxinatuak jarraitu egin zuten. Francoren gidaritzapean Marokoko tropak bidali behar izan zituzten, eta horrek milatik gora hildako eragin zituen.

Ezkerreko indarrek garbi ikusi zuten 1933ko hauteskundeetan banatuta joan zirenean eskuina nagusitu zela. Hori ikusita, berriro Errepublikako gobernua lortzeko Fronte Popular koalizioa osatu zuten. Honez gain, faxismoaren garapenak koalizio honen sorrera aurreratu zuen.

Azkenik, Estraperlo deituriko korrupzio kasu baten ondorioz, Lerrouxek dimititu eta 1936an hauteskundeetarako deialdia egin zen. Aurreko guztien ondorioz, ezkerreko alderdiak koalizioan aurkeztu ziren hauteskundeetara, eta horrela Fronte Popularraren sorrera. Honek irabazi zituen hauteskundeak.

Fronte Popularraren sorrera: Ondorioak

Espainiako II. Errepublika 1931ean hasi zen, eta eboluzio pendularra izan zuen. Hasieran, 1931n errepublikarrek eta sozialistek osatutako gobernuak hainbat erreforma gauzatu zituzten, baina Alderdi Erradikalaren gobernuak aurrekoak bertan behera utzi zituen. Gobernu honek Errepublikaren norabidea aldatu zuen, aurreko gobernuen egindako aldaketak ezabatuz eta 1931ko Konstituzioa alde batera uzteraino. Fronte Popularrak 1936ko otsaileko hauteskunde orokorrak irabazi zituen.

Ondorio nagusiak:

  • Polarizazio sozial eta politikoa: Oso handia zen, eta koalizio honen gobernuan gizartea are gehiago zatikatu zen ezkerreko eta eskuineko indarren artean, tentsioa handituz.
  • Erreformak berrezartzea: Casares Quiroga gobernuburu izendatu ondoren, Gobernuak hainbat erreforma eta neurri ezarri zituen: amnistia preso politikoei, Konstituzioa errespetatzea, nekazaritza-erreforma, eta Kataluniako Autonomia Estatutua indarrean jarri zen. Horrez gain, Falangea legez kanpo utzi zuten, eta jeneral susmagarriak Madriltik urrun bidali zituzten.
  • Ezegonkortasuna eta indarkeria: Ezegonkortasuna handitu eta indarkeria politikoaren gorakada eman zen. Mugimendu iraultzaileak, lurren okupazioak eta grebak izan ziren, eta falangisten eta monarkikoen eraso eta jazarpenak goraka zihoazen. Uztailean, Castillo tenientea hiltzean eta hurrengo egunean Calvo Sotelo hiltzean, indarkeriaren giroa gorenera iritsi zen.
  • Gerra Zibila: Hilketak aitzaki, 1936ko uztailaren 17an eta 18an, Francok, Molak eta beste eskuineko militarrek estatu kolpea eman zuten. Nahiz eta porrot egin, Gerra Zibilari hasiera eman zion. Honek epe luzerako ondorioak izan zituen, frankistek Gerra Zibila irabazi ondoren Francoren erregimenak diktadura ezarri zuelako, 1975 arte iraun zuena, Fronte Popularraren ideiak zapalduz.

Gaia: Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila Euskal Herrian (1931-1939)

Gerra Zibila Euskadin: Kausak

1931. urtean II. Errepublika ezarri zen. Biurteko gobernu errepublikano-sozialistak egindako erreforma politiko, sozial eta ekonomikoak, ondorengo Biurteko gobernu erradikal-zedistak atzera bota zituen. 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularra atera zen garaile. Euskal Herrian gerra oso laburra izan zen: 1936ko uztailaren 18ko altxamendutik 1937ko uztailean armada frankistak lurralde osoa okupatu zuen arte iraun zuen.

Behin Errepublika hasi zenean, EAJak berehala hasi zen lanean Euskal Herriarentzat autonomia estatutua lortzeko. Proiektu honi Lizarrako Estatutua izena eman zitzaion. Egoera laburtuta:

  • Hasieran Gorteek eskaera ez zuten onartu, erlijioaren gaian ez zetorrelako bat Konstituzioarekin. Hau aldatzeko, karlismotik aldendu egin behar izan zuten nazionalistek.
  • Behin hau aldatuta, gobernua orain eskuindarra zenez, eskaera atzeratu zen.
  • 1933. urte amaieran eskuin indarrak CEDA taldearen bitartez batuta zeudelarik hauteskundeak irabazi zituzten. Gobernuak aurreko biurteko gobernu errepublikanoak egindako erreformak ezeztatzen hasi ziren.
  • 1934ko urrian Iraultza hasi zen Espainia osoan, baina batez ere Katalunia eta Asturiasen, biak errepresio basati bat jasoz eta honi bukaera emanez.
  • 1935ean, Estraperlo korrupzio kasuaren ondorioz Lerrouxek dimititu eta hauteskundeak deitu behar izan zituen.

Hauteskunde berri hauek Fronte Popularrak irabazi zituen, baina eskuina altxatu egin zen estatu kolpe bat saiatuz. Euskal Herriak Euskal Autonomia Estatutua galdu nahi ez zuenez, eta hau eskuindarrek onartzen ez zutenez, errepublikanoen alde lerrokatu ziren, Gerra Zibilean parte hartuz.

Gerra Zibila Euskadin: Ondorioak

1931. urtean II. Errepublika ezarri zen. Biurteko gobernu errepublikano-sozialistak egindako erreforma politiko, sozial eta ekonomikoak, ondorengo Biurteko gobernu erradikal-zedistak atzera bota zituen. 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularra atera zen garaile. Euskal Herrian gerra oso laburra izan zen: 1936ko uztailaren 18ko altxamendutik 1937ko uztailean armada frankistak lurralde osoa okupatu zuen arte iraun zuen.

Gerra honen ondorioz Euskal Herriak eta bertako herritar, funtzionario eta gerrilleroek errepresio latzak eta ondorio gogorrak jasan zituzten:

  • Errepresioa: Galtzaileek epaiketak, atxiloketak eta aipatutako funtzionarioen garbiketak jasan zituzten, baita fusilamenduak ere.
  • Autonomiaren galera: Bizkaian eta Gipuzkoan, urteetan zehar hainbat saiakeren ondoren 1936ko urriaren 8an lortutako Euskal Autonomia Estatutua eta lehen Eusko Jaurlaritza deuseztatu egin zituen Francok.
  • Kontzertu Ekonomikoen indargabetzea: Gerra Zibilean Bizkaia eta Gipuzkoak Fronte Popularraren alde egin zutenez, Araba eta Nafarroak eskuindarrekin bat egin zuten bitartean, Bizkaia eta Gipuzkoari kendu egin zitzaizkion Kontzertu Ekonomikoaren pribilegioak, Araba eta Nafarroak berriz berdin jarraitu zuten.
  • Ondorio ekonomikoak: Gerra ondorengo urteak oso gogorrak izan ziren Euskal Herrian ekonomikoki, eta gose urteak izan ziren. Hau gehienbat gerrak ekarritako suntsipenen eta Espainiako gobernu berriak sortutako politika ekonomikoaren emaitza txarren errua izan zen.

Nahiz eta ondorengo urteetan erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzak saiakerak egin Franco agintetik bota eta Baionako itunaren bitartez Errepublika eta Autonomia Estatutua indarrera eramateko, Francoren erregimenak egindako akordioen bitartez itxaropen hau guztiz zapuztu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML