Hirugarren Reicharen Barne eta Kanpo Politika

Greziera3,35 KB

Alemania Nazia

Barne Politika

Politika

Estatu totalitarioa zen: alderdi bakarra zegoen, eta estatuaren aparatuak eta armadak haren kontrolpean zeuden. Botere osoari eusteko, Estatu Poliziala ezarri zuen, SSen eta Gestaporen bidez. Lan horretan, propaganda erabiltzea ere oso garrantzitsua izan zen, eta naziak maisuak izan ziren horretan, komunikabideen kontrolaz baliatuz. Haien helburua herritarren pentsaera bateratzea eta Alderdiaren irizpideetara makurtzea zen.

1933. urteaz geroztik, erregimenaren aurkako edozein oposizio mota ezabatzeko, lehen kontzentrazio-esparruak eraiki ziren.

Gizartea

Hitlerrek eta alderdiak sortutako erakundeek gizabanakoaren eta gizartearen gaineko kontrola ezarri zuten. Führerra zen lider bakarra, eta propaganda naziak mitifikatu egin zuen.

Lanaren Frontea sortu zen, non langileak eta ugazabak elkartzen baitziren. Horrela, gatazka sozialak isilarazi zituzten, beti enpresaburu handien alde jokatuz.

Azkenik, antisemitismoa eta juduen aurkako jazarpena eta bazterkeria bultzatu ziren.

Ekonomia

Erregimen berriak kapitalismo handiaren interesen alde jokatu zuen beti, hori izan baitzen erregimenaren sostengua. Hitlerren politika ekonomikoari esker, trust edo korporazio handiek etekin handiak atera zituzten.

Gobernuaren politika ekonomikoa autarkian oinarritzen zen krisialditik ateratzeko. Horretarako, armagintza eta azpiegitura handien eraikuntza garatu zituen. Inbertsio publiko masiboetan oinarritutako politika hori arrakastatsua izan zen: langabezia izugarri jaitsi zen, baina alemaniar ekonomia gerra-ekonomia bihurtu zen.

Kanpo Politika

Alemaniaren inperialismoa Bizi-espazioaren teorian oinarritu zen, Europa beste gerrate izugarri batera eramanez. Teoria horren arabera, Alemaniak, bizirauteko, alemaniar biztanle eta lurralde guztiez osatutako estatu bakar bat eratu behar zuen eta, nagusiki, eslaviarrak menderatu. Horretarako, esan bezala, Hitlerrek berrarmaketa bultzatu zuen (Versaillesko Ituna hautsiz) eta III. Reicha Europako potentzia militar garrantzitsuena bihurtu zuen, betiere eraso- eta baketze-politika trebea uztartuz.

Alemaniar inperialismo horren mugarri nagusiak, Bigarren Mundu Gerraren atarian jarri gintuztenak, hauek izan ziren:

  • 1933: Versaillesko Ituna salatu eta Nazioen Elkartea utzi zuen.
  • 1935: Derrigorrezko soldadutza berrezarri zuen.
  • 1936: Renania militarizatu zuen. Frantzia ez zen militarki erantzutera ausartu, Britainia Handiaren babesik ez zuelako.
  • 1936: Italiarrek bezala, laguntza militarra eman zion Francori, Espainiako Gerra Zibilean.
  • 1936: Erromarekin ituna sinatu zuen, Erroma-Berlin Ardatza sortuz.
  • 1939ko martxoa: Alemaniak Txekoslovakia osoa inbaditu zuen.
  • 1939ko maiatza: Altzairuzko Ituna sinatu zuen Italiarekin, gerra prestatzeko.
  • 1939ko abuztua: Molotov-Ribbentrop Itunak (sekretua zen), Polonia Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren artean zatitzeko, gerrarako bidea irekita utzi zuen.
  • 1939ko irailaren 1a: Alemaniako armadak Polonia inbaditu zuen, Bigarren Mundu Gerrari hasiera emanez.

Deskargatu

PDF Word HTML