Haurrak eta Kirola: Entrenatzaileen Eragina

Filosofia eta etika2,64 KB

Haurrak eta Kirola: Entrenatzaileen Eragina

Gaur egun, haur gehienek hartzen dute parte kirol-talderen batean. Bizimodu osasuntsua bultzatu nahi dugunez, oso ongi iruditzen zaigu gure seme-alabak futbol- edo saskibaloi-talde bateko kide izatea. Baina, egon al zarete inoiz zuen seme-alaben partidak ikusten? Ba al dakizue zein den entrenatzailearen jarrera? Nik zer gertatzen den ikusteko aukera izan nuen lehengo astean.

Entrenatzaileen Jarrera Haurrekin

Entrenatzaileek gure haurrekin duten jarrera ez dela egokia uste dut. Iruditzen zait serioegi hartzen dutela futbolaren kontu hau, eta, teorian, helburua kiroltasuna bada ere, praktikan ez da horrela gertatzen. Ikusi nuenaren arabera, entrenatzaileari berdin zaizkio bitartekoak, baldin eta helburua lortzen badu.

Balioen Transmisioa

Alde batetik, nire iritziz, nahiko arazo larria da hau; izan ere, gu, gure haurrak hezteko orduan, balio batzuk transmititzen saiatzen gara, hala nola:

  • Laguntasuna
  • Elkartasuna
  • Errespetua

Aldiz, eskolatik atera, eta haien entrenatzailea oihuka eta errietan ikusten dute, eta jokalari onak saritzen dituela eta txarrak baztertzen. Hori ikustean, haiek pentsatzen dute berdin dela nolako jarrera duten, azken helburua lortuz gero, edozein jarrerak balio baitu. Ez da hori guk irakatsi nahi dieguna, eta, horregatik, larria iruditzen zait.

Ereduak eta Lehiakortasuna

Bestalde, lehen erran dudan bezala, entrenatzaileak onak saritzen ditu eta txarrak baztertu, eta horrek gure seme-alabengan eragin negatiboa duela pentsatzen dut. Gaur egungo gure kirolari ereduak Cristiano Ronaldo eta Messi dira, eta hoberenak izan behar dutela erakusten diete haurrei, garrantzitsuena kiroltasuna eta errespetua direla erakutsi beharrean.

Bazterkeriaren Ondorioak

Gainera, entrenatzailearengana joan, eta hark ere txarrak baztertzen dituela ikustean, haurrek hoberenak izateko beharra sentitzen dute. Baina dena ez da sentitzea, noski. Badira saiatu arren onak izatea lortzen ez dutenak, eta, entrenatzaileak baztertzen dituela ikustean, oso triste sentitzen dira, eta ez dutela ezertarako balio pentsatzen dute.

Ondorioak eta Gurasoen Erantzukizuna

Guztia laburbilduz, nire ustez, ona da gure seme-alabek kirol-talderen batean parte hartzea, baina onartezina da gure haurrak irainak eta errespetu-falta nagusi diren giro batean egotea. Uste dut guraso guztiek jakin behar dutela zer gertatzen den errealitatean, eta horren aurka zerbait egin beharko genuke; izan ere, kirola egitea oso gauza ona da, baina betiere elkartasuna, laguntasuna eta elkarrenganako errespetua bultzatzen badira.

Deskargatu

PDF Word HTML