Gizarte eta Kultura Kontzeptuak

Hizkuntza eta literatura4,04 KB

Definizioak

Fixismoa

Georges Cuvierek (Frantzia, 1769-1839) proposatutako teoria da. Aristotelesek (Grezia, K.a. 384-322) ere defendatu zuen. Teoria oker honen arabera, bizidun espezie eta genero guztiak finkoak dira; hau da, ez dute izan eta ez dute izango inolako aldaketarik.

Antropogenesia

Eboluzioaren bidez nola sortzen den gure espeziea (gizakia). Gure arbasoetatik (antzinako eta desagertutako primateetatik) gaur egungo giza espeziea eratzeko bidean egon diren prozesu eta etapak. Oso prozesu luzea izan da, 4,5-7 milioi urte ingurukoa. Bi faktore mota bereiz daitezke prozesu honetan: lehenengo, gorputzari dagozkion faktore fisiko-biologikoak (hominizazioa); eta bigarren, kultura, gizarte, teknika eta hizkuntzarekin lotuta daudenak (humanizazioa).

Hominizazioa

Gure espeziea (Homo sapiens) sortzeko prozesu ebolutiboan egon diren aldaketa fisiko-biologikoak, eta baita ere prozesu honetan sortu diren espezie desberdinak: hominidoak eta Homo generokoak.

Humanizazioa

Gure espeziearen sorreran eta garapenean izandako faktore kulturalak: hizkuntza, teknika, giza harremanak, kultura; azken finean, gizaki egiten gaituztenak.

Eboluzionismoa

Espezien jatorria azaltzeko teoria modernoa. Eboluzionismoak izaki bizidun guztiak denboran zehar aldatzen direla dio, eta aldaketa horien bidez espezie berriak sortzen direla. Bizirik dauden espezie guztiak desagertutako beste espezie batzuetatik sortu izan dira. Teoria hau erabat frogatuta dago eta biologia modernoaren ardatza eta oinarria da.

Inferentzia

Printzipio batetik beste batera igarotzea ahalbidetzen duen arrazoiketa prozedura. Kausa, faktore edota egoera batetik ondorioak atera. Inferentzia bi mota daude:

  • Indukzioa: Kasu partikularretik orokortasunera egiten den inferentzia. Kasu partikular batzuk behatuz gero beti gauza bera suertatzen dela ikusten da, eta beraz horrelako kasuetan beti horrela gertatuko dela ondorioztatzen da (ikusten dugu nola egur desberdin batzuk uretan flotatzen direla eta beraz afirmazio orokor bat ondorioztatzen dugu: “egur guztiak uretan flotatzen dira”).
  • Dedukzioa: Afirmazio edo printzipio orokorretik kasu partikularretara egiten den inferentzia. Talde edo multzo baten elementu guztiak ezaugarri amankomun bat badaukate, orduan multzo horren edozein elementuk ezaugarri hori izango du derrigorrez (gizaki guztiak hilkorrak dira; Sokrates gizakia da; beraz, Sokrates hilkorra da). Indukzioa ez da logikoki zuzena.

Erlatibismo Kulturala

Ikuspegi honek kultura desberdinak alderatzea eta baloratzea ezinezkoa dela planteatzen du. Kultura guztiak berez dira baliotsuak. Kultura osatzen duten elementu guztiak barneko logika bati esker ulertzen eta azaltzen dira, eta kanpoko behatzaileentzat ulergaitza dena. Bidegabeko eta gizagabeko portaeren aurrean pasibotasunaren aitzakia izan daiteke bere arrisku nagusia.

Hezkuntza

Gizakiaren nortasuna eratzen duen gizarteratzeko eta kultura transmititzeko prozesua. Pedagogian, gizabanako zein taldeko aldez aurretik finkatutako helburuak lortzeko sistematikoki gidatzen diren ekintzak.

Antropologia

Etimologikoki, gizakiaren zientzia esan nahi du. Antzinako grekotik: anthropos = gizakia eta logos = zientzia. Gaur egun, gehienbat, gizakiaren kulturaz eta gizartearen egituren azterketaz arduratzen da.

Multikulturalismoa

Hainbat jatorri kulturaleko taldeak aldi berean daudenean. Historian zehar betidanik izandako fenomeno bat izan arren, gaur egun globalizazioa dela eta, askoz areagotu da. Eric Hobsbawm (Erresuma Batua, 1917-2012) historialariaren iritziz, multikulturalismoa modu askotakoa izan daiteke.

Etnozentrismoa

Gainerako kulturak beren kulturatik epaitzen dituztenen jarrera da, beren kultura “onena” dela uste baitute. Bi dira etnozentristaren bereizgarriak: beren kulturakoak ez direnak ulertzeko ezintasuna eta beren bizimodua besteena mespretxatuz goratu nahia. Xenofobia, arrazakeria eta txobinismoaren oinarria izaten da.

Deskargatu

PDF Word HTML