Gerra arteko garaia: Krisia eta totalitarismoen sorrera
20ko hamarkadako urte zoriontsuak eta Depresio Handia
20ko hamarkadako urte zoriontsuak: 1922 eta 1929 urteen artean industria asko hazi zen Estatu Batuetan. Bizi-kalitatea hobetu zen eta kontsumo-gizartea sortu zen. Etxetresnak eta autoak eskuragarri izan ziren; epekako erosketen bidez ordaintzen zuten. Bizimodu amerikarra mundu osoan hedatu zen. Aisialdirako moduak aldatu ziren, ikuskizun berriak sortu ziren eta prentsa eta irratia asko hedatu ziren.
Depresio Handia: 1929ko urrian New Yorkeko burtsak porrot egiteak krisialdi ekonomiko larria ekarri zuen: Depresio Handia. Bankuek hondoa jo zuten, enpresa asko itxi behar izan zituzten eta hondamendia izan zen nekazarientzat. Langabezia ikaragarri hazi zen.
New Deal programa eta sufragismoaren loraldia
New Deal: 1933an, Franklin D. Roosevelt presidente berriak New Deal programa abiarazi zuen. Horren arabera, Estatu Batuek parte-hartze handiagoa izango zuten ekonomian, herri-lanetan inbertituz eta nekazariei dirulaguntzak emanez.
Sufragismoa: 1848an, New Yorkeko Seneca Fallsen, aldarrikapena erredaktatu zen. Hor, emakumeek botoa emateko eskubidea (sufragioa) zutela ere aldarrikatzen zen. Sufragismoaren agerraldirik garrantzitsuenak Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan izan ziren. Manifestazioak eta desfileak antolatzen zituzten, eta batzuetan liskarrak izaten zituzten poliziarekin.
Faxismoaren sorrera Italian
"Atorra beltzak": Alderdi politiko tradizionalek ez zuten jakin Lehen Mundu Gerraren ondorengo krisialdi ekonomikoari erantzuten, eta biztanleriaren zati handi batek muturreko alderdi eta taldeen alde egin zuen. Haietako talde bat Benito Mussoliniren gidaritzapeko Fasci Italiani di Combattimento edo "atorra beltzak" izan zen, ideologia eskuindarrekoak.
Erromarako ibilaldia: 1919ko eta 1921eko hauteskundeetan, Alderdi Faxistak eserleku gutxi lortu zituen. Beraz, boterea legearen bidez hartzea ezinezkoa zela ikusita, indarkeriaz baliatu ziren. Atorra beltzen taldeak osatu zituzten hainbat herritan, eta gero, guztiak elkarrekin joan ziren Erromarantz. Erromarako ibilaldiak (1922ko urrian) bere helburua bete zuen, eta Viktor Emanuel III.ak gobernua osatzea eskaini zion Mussoliniri.
Benito Mussolini: Fasci Italiani di Combattimento taldearen buruzagia zen. Erromarako ibilaldiaren ondoren, hauteskundeetara deitu eta haietan gehiengo absolutua lortu zuen, oposizioaren aurka kanpaina oldarkorra eginda. 1925etik aurrera, diktadura ezarri zuen.
Nazismoaren gorakada Alemanian
Weimarreko Errepublika: Alemaniak Lehen Mundu Gerra galdu ondoren, hauteskundeak egin ziren Biltzar Konstituziogile bat eratzeko. Biltzar horrek, 1919an Weimar hirian elkartuta, konstituzio bat onartu zuen. Haren bidez, Alemania errepublika demokratikoa bihurtu zen.
Hitler: Hitlerrek NSDAP alderdia eraberritu eta talde paramilitar bat sortu zuen: Eraso Sekzioak edo SA. 1923an, estatu-kolpea ematen saiatu ziren (Municheko Putsch-a), baina porrot egin zuen eta Hitler kartzelan sartu zuten. Espetxetik atera eta gero, hauteskundeetan emaitza txarrak izan zituen, baina hurrengoetan naziek eta sozialistek jaso zuten boto gehien. Inork gehiengo absolutua lortu ez zuenez, Hindenburg presidenteak —talde eta negozio-gizon kontserbadoreenek bultzatuta— Hitler kantziler izendatu zuen 1933ko urtarrilean.
Nazismoaren ideologia eta errepresioa
NSDAP: Alemanian Lehen Mundu Gerra ondoren sortutako muturreko talde politikoa da. Hitlerrek alderdia eraberritu eta SA taldea sortu zuen. Alderdiaren ezaugarriak Hitlerrek idatzitako liburuak jasotzen ditu:
- Arraza arioaren nagusitasuna.
- Juduekiko arrazismoa eta antisemitismoa.
- Bizi-espazioaren teoria.
Esbastika zen alderdiaren ikurra.
"Azken irtenbidea": Nazientzat, juduak ezabatu beharreko "arazo" bat ziren. Juduen aurkako legeak gero eta gogorragoak ziren, eta askok Alemaniatik ihes egin zuten. Nazien politika antisemita gogortu egin zen: judu europarrak espetxeratu eta hil zituzten. Kontzentrazio-esparruetara eraman zituzten lan gogorrak egitera, eta lanerako balio ez zutenak gas-ganberetan hiltzen zituzten.
Bizi-espazioa: Nazismoaren funtsezko ezaugarria da, Mein Kampf liburuan aipatua. Teoria honen arabera, arioek beste herrialde batzuetako lurraldeak konkistatu zitzaketen, alemaniarrak haietan bizi zitezen.
Mein Kampf: Hitlerrek, estatu-kolpearen porrotaren ondoren kartzelan zegoela, Nire borroka (Mein Kampf) liburua idatzi zuen. Bertan, nazismoaren printzipioak azaldu zituen: antisemitismoa, arraza arioaren nagusitasunaren gorespena eta bizi-espazioaren teoria.
Gerra zibila Sobietar Batasunean
Gerra zibila: Iraultzaren aurkakoek Armada Zuria osatu zuten, eta boltxebikeek, Armada Gorria. Bi armadak gerra zibilean (1918-1921) aurrez aurre jarri ziren. Armada Zuriak atzerriko hainbat potentziaren laguntza jaso zuen, iraultza haien herrialdeetara zabalduko zen beldur baitziren. Hala ere, boltxebikeen garaipenarekin amaitu zen gerra.