Frankismoaren Oinarriak: Politika, Ideologia eta Gizartea
Oinarri Politikoak
Estatu berria konstituziorik, alderdi politikorik eta eskubide zibilik gabe sortu zen; hau da, legezkotasun demokratikorik gabe. Gabezia hori Oinarrizko Legeen bidez konpondu zen. Lege horiek erregimenaren beharren arabera aldarrikatu ziren, erregimena aurrera zihoan heinean:
- Gorteak Eratzeko Legea (1942): Espainiarrek «ordezkaritza» organo bat zuten, teorian.
- Espainiarren Forua (1945): Eskubideen eta betebeharren oinarrizko deklarazioa.
- Erreferendum Nazionalaren Legea (1945).
- Ondorengotza Legea (1947).
- Mugimendu Nazionalaren Printzipioei buruzko Legea (1958).
Gerra amaitzean, Franco Armaden Jeneralisimoa zen, bai eta Estatuko, gobernuko eta alderdi bakarreko burua ere. 1942an Gorteak eratu ziren, erregimenaren ordezkaritzak bazeudela itxura emateko. Elizako hierarkia, unibertsitateetako errektoreak edo estatuburuak zuzenean hautaturiko pertsonez osatutako sistema horri demokrazia organikoa esan zioten, alderdi politikoetan eta banakako eskubideetan oinarritutako sistema demokratikoengandik bereizteko.
Lan Harremanak
Estatu berriak lan-harremanetarako markoa behar zuen. 1938an, gerra bete betean zegoela, Lanaren Forua onartu zen, Italia faxistaren ereduan oinarria:
- Sindikatu bakarra zegoen, Espainiako Erakunde Sindikala (OSE), Falangeren gidaritzapean. Sindikatua korporatibista zen, eta nahitaezkoa ekoizpen-arlo guztietako langileentzat eta nagusientzat. Lelo hirukoitza zuen: batasuna, osotasuna eta hierarkia. Sindikalismo hori klase arteko borrokaren aurka zegoen eta, teorian, justizia soziala zuen oinarri.
- Greba egitea eta kaleratzeko askatasuna debekatu zen.
Oinarri Ideologikoak
Francok armadaren, Elizaren eta Falangeren babesa izan zuen, eta horiek izan ziren erregimenaren oinarriak. Barne-desadostasunak izan arren, Franco gai izan zen hirurak kontrolatzeko, bere eta sistemaren onurarako.
Armada
Armada erregimenaren oinarri bihurtu zen. Francorekiko leialtasunari eutsi zioten, eta Franco armadaz baliatu zen ordena bermatzeko. Auzitegi militarrek delitu politikoak epaitzeko eskumena hartu zuten. Francok eta militarrek ideal berberak zituzten. Gerran garaile izanik, pribilegioak lortu zituzten, eta ministro asko militarrak izan ziren. Hala ere, desadostasunak ere izan ziren.
Eliza
Elizak altxamendua onetsi eta legitimotasun moral eta espirituala eman zion erregimenari. Erlijioa eta haren sinboloak nonahi agertzen ziren. Francok elizaren esku utzi hezkuntzaren kontrola. Baina ez elizako guztiak aldekoak. Izan ere, Ekintza Katolikoarekin lotutako elkarteak (HOAC, JOC) laster hasi ziren langileen arazoak defendatzen.
Falangea
Falangea Francoren gidaritzapenaren tresna izan zen. Falangearen politika eta ideologia funtsezkoak izan ziren erregimenarentzat. Francok baliabide gisa erabili zuen, 1936ko espirituari eta idealei eusteko, iritzi pubikoa kontrolatzeko eta manifestazioak antolatzeko. FET-JONS alderdi bakarra eratu zen.
Monarkikoak
Monarkikoak zatituta zeuden: batetik karlistak, bestetik Don Joan (Alfontso XII.aren semea eta Joan Karlos I.aren aita).
Oinarri Sozialak
Francoren diktadurak burgesiaren, lur-jabeen eta negozio gizonen babesa izan zuen, baita erdiko klasekoen eta katolikoen sektore handi batena ere. Frankismoak Errepublikako erregimena desegin zuen, eta gizarte eta ideologia kontrol zorrotza ezarri zuen.
Kontrol Soziala eta Propaganda
Erregimenak propaganda erabili zuen, Kaudilloaren figura goresteko, biztanleria doktrinatzeko, eta hierarkek tradizio hauetan oinarritutako bizimodua inposatzeko: kemena, autoritatea, diziplina, obedientzia eta aberriaren alde gorputz eta arima aritzea. Landara itzultzea sustatu, eta haren balioak goretsi zituen, hiriak arriskutsuak zirela argudiatuz. Liburuen, egunkarien eta kultura jardueren zentsurak herrialdearen garapen kultural eta intelektuala pobretu egin zuen.
Hezkuntza eta Kontrol Gaztea
Politika eta ideologia heziketaz elkarte falangistak arduratu ziren; esaterako, Gaztediaren Frontea eta Sekzio Femeninoa. Eskoletan, Espiritu Nazionalari buruzko Heziketa izeneko ikasgaia jarri zuten. Ikasle-elkarteak sindikatu bakar batean integratu zituzten, eta sindikatu hori zen aukera bakarra: Unibertsitateko Ikasleen Sindikatua (SEU).
Gizartearen faxistartze-prozesua orokorra izan zen, eta gizarte-esparru guztiak hartu zituen. Francoren erretratua nonahi zegoen, eta derrigorrezkoa hura besoa altxatuta agurtzea.
Elizaren Kontrola eta Errepresioa
Elizak gizartearen morala kontrolatu zuen, alor publikoan nahiz pribatuan. Erregimenaren errepresioaren kolaboratzaile izan zen, eta ikuspegi etiko tradizionala ezarri: gizarte-harremanetarako zenbait jarduera zentsuratu, eta dena zen bekatu. Agintaritza zibila baliatu espainiarrei erlijio-praktikak eta debozioak betearazteko. Espainia birkatolizatzeko lanari ekin zioten, herri-misioen kanpainen bidez. Langile-klasea ebanjelizatzeko, zenbait elkarte katoliko sortu ziren (HOAC eta JOC).
Kultura
Gerraren eta erbesteratzearen ondorioz, Espainiako kultura pobretu egin zen. Lehen urteetako egoera samingarria izan zen, eta erregimenaren aldekoek soilik izan zuten beren lanak egiteko aukera. Gainerakoek zentsuraren kontrolpean jardun behar izan zuten. Hala ere, apurka-apurka, jarrera kritikoak areagotu egin ziren, eta nolabaiteko oposizio kulturala sortu zen.