Frankismoaren garaia Espainian: Jatorria, Politika eta Ekonomia
Frankismoaren sorrera
Gerra Zibila amaitu ostean, Francisco Francok bere gain hartu zituen botere guztiak. Horrela hasi zen berrogei urte iraun zuen diktadura. Lau talderen laguntza izan zuen: Falangistak, Eliza katolikoa, militarrak eta monarkikoak.
1) Frankismoaren jatorria eta ideologia
Espainia nazionalen agintaritza militarra eta politikoa bideratzeko, Defentsa Junta Nazionalak Franco jenerala armadaburu, estatu buru eta gobernuburu izendatu zuen 1936ko irailean, Francori botere guztiak emanez. Zenbait iturri ideologikotik hartu zituen ideiak Frankismoak, hiru dira aipagarrienak:
Faxismoa
Bi sistema politiko faxista izan zituen eredu (Alemaniako Hitlerrena eta Italiako Mussolinirena). Bertatik zenbait ideia hartu zituen, adibidez titulua (Caudillo). Movimiento Nacionala sortu zuen, alderdi politiko guztiak bakar batean bilduz (FET de las JONS), frankismoaren alderdi bakarra izan zena.
Antikomunismoa
Francok jendeak komunismoari zion beldurrari probetxua edo etekina atera zion.
Katolizismoa
Francok Elizako goi karguak kontrolatzen zituen, eta Elizak, berriz, hezkuntza.
2) Erregimen frankistaren nazioarteko politika
Espainiaren jarrera 2. Mundu Gerran
Alemaniarren eta italiarren alde egon arren, erregimena neutral deklaratu zen, egoera ekonomikoak bultzatuta. Ardatzeko estatuek irabaziko zutela pentsatzean, laguntza eskaini zien. Hala ere, Estatu Batuak gerran sartu eta garaipenak eskuratzen hasi zirenetik, Espainiak ez zien laguntza gehiagorik eman Ardatzekoei.
Espainiaren egoera gerra ostean
Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, irabazleek isolatuta utzi zuten Espainia. Ondorioz, 1946an ez zitzaion NBEan sartzen utzi. Baina 1947az geroztik, nazioarteko giroa aldatzerakoan eta Gerra Hotza hasterakoan egoera aldatu zen. Merkataritza hitzarmenak sinatzen hasi ziren, Espainiak Marshall Proiektuan parte hartu zuen eta NBEk baimena eman zien bere kideei Espainiarekin harremanetan jartzeko. Gainera, 1953an Vatikanoarekin eta Estatu Batuekin sinatu zituen hitzarmenak.
3) Erregimen frankistaren barne-politika
Erregimen faxistak ez zuen ideologia zehatzik izan, ezta konstituziorik ere.
a) Isolamendu politikoa (1939-1945)
Hasierako urteetan Francok bere erregimenaren oinarriak finkatu zituen. Garai horretan falangistek pisu politiko handia izan zuten eta Francoren boterearen beste botere paralelo bat osatu nahi izan zuten. 1942tik aurrera, Francok falangisten eragina baztertzea erabaki zuen. Urte hartan, Gorteen Legea egin zen, honen bidez Gorteak berriz ere ezarri ziren baina ez zuten botererik, aholkularitza lanak baino ez.
b) Irekitasunaren aldeko joera
Mundu Gerra amaitu ondoren, nolabaiteko irekitasuna ikusten zen erregimenean eta horren isla izan zen Buruzagitzaren Ondorengotzari buruzko Legea (1947). Honek Franco hil ondoren Monarkia ezartzea zioen. 1951tik geroztik, izaera liberaleko zenbait ministro izendatu zituen Francok. Erregimenak bi helburu zituen irekitasun aldi honekin: kanpoko herrialdeek erregimena onestea eta oposizioa konforme ustea. Giro hartan ikasle asko mobilizatu ziren Madrilen (1956ko otsaileko gertaerak) eta hainbat atxilotu izan ziren.
4) Ekonomia: Autarkiatik irekitasunera
Autarkia
Gerra Zibila amaitu ondoren, politika autarkikoa eta estatuaren interbentzionismoa izan ziren Espainiako ekonomiaren ezaugarri nagusiak. Estatuak prozesu ekonomiko guztietan parte hartu behar izan zuen: Inportazioak mugatu, lehen mailako produktuak kontrolatu… Industriaren garapena sustatzeko, estatuak INI sortu zuen. Honen bitartez, estatuak laguntzak ematen zizkien enpresei eta baita zenbait estatuko enpresa sortu ziren (ENDESA, IBERIA, SEAT…), eta RENFEren sorrerarekin, burdinbideak nazionalizatu ziren. Honek guztiak ondorio negatiboak ere izan zituen: geldialdi ekonomikoa, merkatu beltza…
Irekitasunaren aldeko joera (1950-1957)
Egoerari aurre egiteko, erregimenak irekitasunean oinarritutako orientabideari ekin zion Estatu Batuen laguntzaz. Orientabide berriek egoera larritu zuten eta erregimenaren kontrako grebak egin ziren.
5) Erregimenaren oposizioa
Erregimenaren kontrako oposizioak bi protagonista izan zituen: Gerra Zibilean galtzaile irten zirenak eta hasieran frankismoaren alde egon zirenak baina denborarekin beste aldera pasatu zirenak erregimenaren izaera diktatoriala ikusita (monarkikoak eta falangistak).
Oposizioa Gerra Zibila amaitu ondoren
Espainiako barneko oposizioak errepresio izugarria jasan zuen. Alderdi Komunistako militarrek eta jarraitzaileek gerrillari taldeak sortu zituzten eta Gerra Zibilarekin jarraitzen saiatu ziren. Atzerriko oposizioari dagokionez, banaketak eta liskarrak areagotu egin ziren.
Oposizioa Bigarren Mundu Gerraren ondoren
Atzerriko oposizioa indartu eta berrantolatu egin zen. Espainian makien ekintzak ugaritu egin ziren, barne oposizioaren protagonistak bihurtu zirelarik. Aldi berean, lehen grebak antolatu ziren Katalunian eta Euskal Herrian. 1950az geroztik, erregimen frankista nazioartean onartu zenez, oposizioa oso ahulduta geratu zen. Egoera hori zela eta, bi talde berrik hartu zuten protagonismoa oposizioan: Langileen mugimenduak eta ikasleen mugimenduak.