Frankismoaren Errepresioa, Oposizioa eta Trantsizio Demokratikoa

Historia17,61 KB

Frankismoa eta Espainiako Trantsizio Demokratikoa

Errepresio Frankista Gerran eta Gerra Ondoren

Errepresio instituzionalizatua

Frankismoak, sistematikoki, sekulako indarra erabili zuen garaitutako lurraldeak menderatzeko edo garbitzeko. Ez zuen inolako interesik izan garaituekiko adiskidetasuna lortzeko. Gerran hildako milaka pertsona hobi komunetan lurperatu zituzten.

Zapaltzeko bitartekoak

Gerra ondoren, errepresioa instituzionalizatu zen. Matxinoek, bereizketarik gabe, aurkari guztiak suntsitzeko asmoa zuten: atxilotuak, fusilatuak, jipoiak... helburua izua hedatzea izanik.

  • 150.000 pertsona inguru exekutatu zituzten arrazoi politikoengatik, horietatik 50.000 gerra ondoren.
  • 280.000 preso espetxeratu zituzten, horietako asko emakumeak izanik.
  • Espetxeak gainezka zeudenez, kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten zigortuak.
  • Zigortu asko langile- edo diziplina-batailoietara bidali zituzten, eta bertan errepideak, zubiak, burdinbideak eta bestelakoak berreraikitzen zituzten.

"Beldurraren garaiak" eta "isiltasunekoak" izan ziren. Joera nagusia iragana ezkutatzea eta politikaz ez hitz egitea zenez, despolitizazioa izan zen diktaduraren iraupenerako zutabeetako bat.

Lehen lege zapaltzaile orokorra Erantzukizun Politikoen Legea izan zen (1939). 1940an Komunismoa eta Masoneria Zigortzeko Legea onartu zen.

1963ra arte, armada izan zen errepresio-politikoa gauzatzeko baliabidea. Urte horretan, gobernuak Ordena Publikoko Auzitegia (TOP) sortu zuen. Hala ere, prozesu gehienak auzitegi militarrek epaitu zituzten gerra-kontseiluetan, eta auzipetuek ia ez zuten babesik.

Frankismoaren bigarren aldia

Frankismoaren bigarren aldian, erregimenaren aurkako oposizioa indartu zen, eta langileen protestak greba orokorretan amaitu ziren.

  • Unibertsitatean, irakasle eta ikasleen oihuek askatasuna aldarrikatzean, diktadoreak unibertsitateak itxi zituen.
  • Kataluniako eta Euskal Herriko nazionalismoak sendotzen zihoazen, erregimenari aurre eginez.
  • Elizan, apaiz asko frankismoaren aurka jarri ziren (Vatikanoko II. Kontzilioan oinarrituta).

Frankismoaren errepresioa guztiz gordina izan zen: salbuespen-egoerak, atxiloketak, torturak, heriotzak... Azken aldi honetan, fusilamenduek jarraitu zuten (Julián Grimau, Salvador Puig Antich). Burgosko prozesuko heriotza-zigorrak barneko eta kanpoko mobilizazioei esker gelditu ziren, eta Francoren heriotzaren bezperan bost preso politiko fusilatu zituzten.

Ondasunak konfiskatzea eta garbiketak

Gobernuak, errepresioarekin batera, garaituen ondasunak konfiskatu zituen. Errepublikarren alderdi politiko, sindikatu, elkarte zein erakunde guztiei ondasunak konfiskatu eta erregimeneko erakundeen aberastasuna handitzeko erabili zituzten.

Ideia errepublikarren alde nabarmendu ziren guztiak lanetik bota zituzten. Funtzionario eta administrazio publikoetako langile eta profesio liberal asko garbitu zituzten.

Nazionalismoen zapalketa

Francoren garaipenak ondorio latzak izan zituen Katalunian, Euskadin eta Galizian, lurralde horietako nazionalismoak Espainiako batasunaren aurkakotzat jotzen zirelako. Ondorioz, gaztelania ez ziren beste hizkuntza eta kultura-adierazpen guztiak debekatu eta zapaldu zituen.

Mendebaldeko diktadura luzeena izan zen, non eskubide guztiak debekatuta zeuden eta sistemaren aurkako erantzunak kartzelarekin edo odolarekin ordaintzen ziren.

Erregimenaren Aurkako Oposizioa

Lehen aldia: Barneko erresistentzia eta erbestea (1939-1959)

Barnean, gerra ondoren, errepresio bortitzak, garbiketa sistematikoek, kontzentrazio-esparruetako atxiloketek eta langile- eta diziplina-batailoietako zigorrek jarraitzen zuten.

Erbestean, Errepublikako gobernua Mexikon eratu zen, baina errepublikazaleak hegemoniaren bila zatiturik jarraitu zuten. Azkenik, Parisen ezarri zen Gobernuaren egoitza.

1944an, II. Mundu Gerran Ardatzaren indarrak laster eroriko zirelakoan, makiak, Alderdi Komunistak (PCE) bultzatuta, Frantziatik sartu ziren Aran bailaratik, herria haien alde jarriko zelakoan gerrilla hasteko. 50eko hamarkadan, nazioarteko egoera aldatzean (Gerra Hotza) eta barruko atxikimendurik lortu ez zutenean, haien nahiak zapuztu ziren.

Gatazka amaitzean, aliatuek Espainiako erregimen faxista mespretxatu arren, ez zuten askorik egin Franco botatzeko. Nazioarteko egoera berriak, Gerra Hotzak, ekimena itzuli zion Francori.

1950eko hamarkadaren hasieran, diktaduraren sendotasuna ikusita, etsipena nagusitu zen eta PCEk borroka armatua baztertu zuen. Herri-protestako mugimendua apalki pizten hasi zen berriro, eta langile-gatazkak sortu ziren industria-gune tradizionaletan: Katalunian, Asturiasen, EAEn eta Madrilen. Unibertsitarioen matxinadetan, Ortega y Gasset lurperatzean, SEUren aurkako oihuak entzun ziren. Epealdi honetan, PCEk indar hegemonikoa izango zuen eta 1948tik elkarbizitza nazionalaren alde agertu zen.

Bigarren aldia: Oposizioaren berrantolaketa (1960-1975)

Gizarte-gatazkek gero eta kutsu politiko handiagoa zuten, eta oposizioa gero eta sendoagoa zen. 1962an, Espainiak Europako Merkatu Batuan sartzea eskatu zuenean, erregimenaren barneko zein kanpoko oposizioek (Municheko kontubernioa) Europako erakundeetan sartzeko Espainia demokratizatu behar zela aldarrikatu zuten.

Oposizioa, nagusiki, lau esparrutan garatu zen:

Langileria

Erregimenaren aurkako oposizio nagusia langileen eskutik etorri zen. Hasieran, Elizaren itzalpean, HOAC eta JOC langile-elkarte katolikoak sortu ziren. Komunistek, berriz, Sindikatu Bertikalean "entrismoa" egin eta hura kontrolatu zuten. 1962an isilpeko Langile Komisioak (CCOO) eratu zituzten. Langileek aldarrikapen ekonomikoak eta politikoak batu zituzten: askatasun sindikala, eskubide politikoak, greba-eskubidea eta erregimen demokratikoa. 1973ko krisiaren ondoren, greba orokorrak eta errepresioa gogortu ziren. Indar handiena Katalunian, EAEn, Nafarroan, Asturiasen, Madrilen eta Valentzian zuten.

Unibertsitatea

Ikasleen protestek indarra hartu zuten. Ikasle zein irakasleak (Tierno Galván, García Calvo, Aranguren...) frankismoaren aurka agertu ziren ozenki, eta Francok unibertsitateak ixtea agindu zuen. 1956an, unibertsitateko harrobian ezkerreko alderdi berriak sortu ziren, hala nola Tierno Galvánek zuzendutako FLP (Frente de Liberación Popular). Gizarte-mugimenduen artean, hirietako auzo-mugimenduak nabarmendu ziren, bizi-baldintza hobeak eta aldarrikapen demokratikoak eskatuz.

Nazionalismoak

Katalunian, nazionalista historikoak indarberritu eta kementsu agertu ziren, Taula Rodona eta Kataluniako Batzarra (Assemblea de Catalunya) osatuz. Euskal Herrian, EAJren gazte-erakundetik ETA (Euskadi Ta Askatasuna) sortu zen, borroka armatua erabiliz estatuari eraso egiteko. 1970ean, Burgosko prozesuak sekulako oihartzuna izan zuen Europan. 1973an, ETAk Carrero Blancoren aurkako atentatua burutu zuen.

Eliza

Vatikanoko II. Kontzilioaren espirituari jarraituz, Elizaren hierarkiaren zati bat erregimenetik urrundu zen, eta apaiz gazteen artean frankismoaren aurkako jarrerak zabaldu ziren. Paradoxikoki, ultraeskuindarrak antiklerikal bihurtu ziren, eta Carreroren hiletan "Tarancón al paredón" oihukatu zuten.

Oposizio politikoaren antolaketa
  • Armadako ofizial-talde batek UMD (Unión Militar Democrática) sortu zuen.
  • Parisen, PCEk zuzenduta, Batzar Demokratikoa (Junta Democrática) eratu zen.
  • PSOEren zuzendaritzapean, Konbergentzia Demokratikoaren Plataforma sortu zen.
  • 1976an, PSOEk eta PCEk bat egin zuten Platajunta izenpean. Haustura demokratikoaren aldekoak ziren, eta amnistia, askatasuna, autonomiak eta nazionalisten eskubideak aldarrikatzen zituzten.

Trantsizio Demokratikoa (1975-1977)

Espainiako trantsizioa 1975ean hasi zen, Franco hiltzean. Erregimen politikoaren aldaketa izan zen, diktaduratik demokraziara, betiere lege eta erakunde frankistetatik abiatuta, mailaka, modu baketsuan eta indar politiko nagusien arteko akordioetan oinarrituta.

Batzuentzat, trantsizioa 1978ko Konstituzioarekin amaitu zen; besteentzat, PSOEk 1982an boterea eskuratzean. Oraindik bete ez dela diotenak ere badaude.

1975ean Franco hil eta bi egunetara, Gorte frankistek Juan Karlos I.a Espainiako errege izendatu zuten, Mugimenduaren Funtsezko Legeak onartu ondoren.

Nazioarteko eta barneko testuingurua

Nazioartean, Europa mendebalde-hegoaldean ia aldi berean hiru trantsizio gertatu ziren (Grezia, Portugal eta Espainia). Espainia Europako Ekonomia Erkidegora hurbildu zen, baina bertan sartu aurretik oinarri demokratikoak onartu behar zituela erantzun zioten. 1973ko Petrolioaren Krisiak ekonomia gogor astindu zuen. Martxa Berdearen krisiaren aitzakiarekin, Sahara Marokoren eskuetara igaro zen, erregimenaren krisia areagotuz.

Barnean, frankistak zatituta zeuden, eta sektore batzuk erreformen alde jarri ziren:

  • Frankismoaren jarraitzaile itsuak ("bunkerra"): Franco gabeko frankismoaren aldekoak ziren. Bertan zeuden armada, Falangea, Ariasen gobernua eta Fraga.
  • Erreformen aldekoak: Frankismoko sektore bat (Torcuato Fernández-Miranda, Adolfo Suárez), Eliza, enpresariak, AEB...
  • Oposizio demokratikoa: Batzar Demokratikoa eta Konbergentzia Demokratikoa, 1976an Platajunta-n bilduta, haustura demokratikoaren aldekoak ziren: amnistia, hauteskunde askeak, alderdien legeztatzea, autonomiak eta aparatu frankistaren garbiketa.

Suárezen gobernua eta Erreforma Politikoa

Juan Karlos erregeak Torcuato Fernández-Mirandari, Gorteetako eta Erresumako Kontseiluko zuzendariari, eginkizun bat agindu zion: frankismoaren barruan aldaketak eginez, diktadura erregimen demokratiko bihurtzea.

1976an, krisi ekonomikoagatik kaleko istiluak gogortu ziren: Gasteizen, poliziak bost langile hil zituen. Jurramendin, eskuin muturreko karlistek Karlos Hugo printzearen aldeko bi karlista hil zituzten tiroz. ETAk eta GRAPOk armadako edo frankisten goi-karguen aurkako atentatuak eta bahiketak egin zituzten.

Erregeak, Arias Navarro aldaketak egiteko oztopo zela ikusita, gobernutik kendu eta Adolfo Suárez katoliko eta falangista izendatu zuen gobernuburu. Berehala, Suarezek isilpeko elkarrizketak hasi zituen oposizioko liderrekin (Felipe González, Santiago Carrillo, PNV...).

Fernández-Mirandak, prokuradore frankistekin hitz egin ondoren, Gorteak barrutik desegitea lortu zuen, "harakiria" eginez. Aldez aurretik, prokuradore frankistei berme osoa ziurtatu zitzaien: gerrako eta gerra ondoko errepresio frankistagatik ez zitzaiela erantzukizunik eskatuko, lortutako estatus ekonomiko-soziala bermatuko zela eta boterea beti eskuinak izango zuela.

Irailean, Suarezek dekretu bidez Erreforma Politikorako Lege Proiektua kaleratu zuen, Mugimenduaren Oinarrizko Legeak aldatuz: hauteskunde askeak, bi ganberako Gorte berriak sufragio unibertsalaren bidez, giza eskubideak, alderdien legeztatzea... Oposizioko Platajuntak legearen aurka egin eta abstentzioa eskatu zuen. Erreferendumean, erreforma onartu zen, eta emaitzek Koroa eta Suárez indartu zituzten. Hori ikusita, oposizioak hausturaren tesia baztertu eta hitzarmenaren alde egin zuen.

Erreferendumaren ondoren, Suarezek hauteskundeak deitzea, alderdi eta sindikatuak legeztatzea, askatasun politiko eta sindikalak onartzea, greba-legea egitea, Mugimendua, TOP eta Sindikatu Bertikala desegitea eta oinarrizko legeak indargabetzea erabaki zuen.

1977an, ultraeskuindarrak prozesua errailetik ateratzen saiatu ziren, eta Atotxako sarraskian eskuin muturrekoek CCOOen inguruko bost abokatu laboralista hil zituzten. Hiletan, Madrilen, PCEk bere indarraren erakustaldia egin zuen. Aste Santuan, Suarezek, dekretu bidez, Espainiako Alderdi Komunista (PCE) legeztatu zuen, Carrillok aurretik monarkia eta bandera espainiarra onartu ondoren. On Juan Borboikoak bere seme Juan Karlosen alde abdikatu zuen.

1977ko hauteskundeak eta Moncloako Itunak

40 urteren ondoren, lehen hauteskunde askeak egin ziren, eta zentroko indar moderatuak atera ziren garaile.

  • Suárezen UCD (Unión de Centro Democrático) izan zen garaile argia.
  • Bigarren, distantzia handira, Felipe Gonzálezen eta Alfonso Guerraren PSOE geratu zen.
  • Carrilloren eta Pasionariaren PCEk eta Fragaren APk (Alianza Popular) porrot handia jaso zuten.
  • Katalunian (Jordi Pujol) eta EAEn (PNV) nazionalisten indarra nabaria izan zen.

1977an, Suarezek, krisi ekonomiko larriari aurre egiteko, Moncloako Itunak prestatu zituen indar soziopolitikoen adostasuna bilatuz. Gobernuak eta alderdi nagusietako ordezkariek sinatu zituzten, sindikatu eta enpresaburuen elkarteekin batera, krisiaren zama denen artean banatzeko eta sistema ekonomiko eta soziopolitikoa birmoldatzeko. Ondoren, adostasun-espiritu hori Konstituzioa egiteko prozesura hedatu zen.

Sendotze Demokratikoa (1978-1982)

1978ko Konstituzioaren eraketa

Konstituzio demokratikoa eratzeko, Suarezek, Moncloako espirituari jarraituz, adostasun politikoari lehentasuna eman zion. Konstituzioa idazteko, alderdi nagusien akordioarekin Batzorde bat osatu zen: UCDk hiru ordezkari zituen; PSOEk, Kataluniako Nazionalistek, Alderdi Komunistak eta APk, bana. PNV baztertuta geratu zen eta erreferendumean abstentzioa eskatu zuen.

Guztira zazpi "Aberriaren Aitek" 14 hilabete behar izan zituzten Konstituzioa egiteko. Itzalean, "alderdi militarrak" eta beste botere faktiko batzuek (Banka, Eliza) eragina izan zuten. 1978ko Konstituzioa Kongresuan eta Senatuan onartu ondoren, estatu mailako erreferendum baten bidez berretsi zen.

Konstituzioaren iturriak II. Mundu Gerraren ondoren Alemanian eta Italian onartutakoak izan ziren. Bere ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Lehen artikuluan, Espainia Zuzenbideko Estatu sozial eta demokratikoa aldarrikatzen da.
  • Gobernu mota: Monarkia Parlamentarioa. Erregea Estatuburua eta Armadaren buruzagi gorena da.
  • Subiranotasun nazionala herriarengan datza.
  • Gorteak bi ganberatan banatzen dira: Kongresua (botere legegilea du, sufragio unibertsalaren bidez hautatua) eta Senatua (lurralde-ordezkaritza du, probintzia bakoitzak 4 senatari dituelarik).
  • Nazioaren batasuna zatiezina da. Armadak nazioaren subiranotasuna, independentzia, lurraldearen osotasuna eta ordena konstituzionala bermatuko ditu.
  • Autonomiak onartzen dira lurralde historikoetan (EAE, Katalunia, Galizia) eta gainerako eskualdeetan.
  • Nafarroako Lege Itundua onartzen da, baina Konstituzioari egokitu behar zitzaion. Aldi berean, Konstituzioaren laugarren xedapen gehigarriak Nafarroa EAEn integratzeko aukera jasotzen zuen.
  • Estatua akonfesionala da eta kultu-askatasuna aitortzen da.
  • Giza eskubide zabalak bermatzen dira.

Autonomien garapena eta UCDren higadura

Gobernuak, Konstituzioa onartu aurretik, aurre-autonomiak onartu zituen, lehenik Katalunian eta ondoren EAEn. Konstituzioak bi prozedura ezarri zituen autonomiara iristeko: 151. artikulua (bide azkarra, lurralde historikoentzat) eta 143. artikulua (motelagoa, autonomia gehienek erabili zutena). Lehen estatutuak Kataluniakoa eta EAEkoa izan ziren (1979). Ondoren, Galiziakoa eta Andaluziakoa (1981) eta gainerakoak etorri ziren. Nafarroak prozedura berezi bat izan zuen, bere foru-sisteman oinarrituta.

1979ko hauteskunde orokorretan, emaitzak aurrekoen antzekoak izan ziren: Suárezen UCDk irabazi zuen, PSOE atzetik zuela. Hortik aurrera, alderdiek adostasun-politika baztertu eta oposizio gogorra egin zuten.

Udal hauteskundeetan, 50.000 biztanletik gorako hirietan ezkerreko koalizioek (PSOE eta PCE) irabazi zuten. Gobernuak autonomia guztiak parekatu nahi izateak herrialde historikoen haserrea piztu zuen. UCDren barnean liskarrak ugaritu ziren, eta PSOEk zentsura-mozio bat aurkeztu zuen, Suárezen ahultasuna agerian utziz. Langileen grebek, ETAren, GRAPOren eta FRAPen atentatuek eta autonomien auziak militarren ezinegona areagotu zuten. 1981ean, Suarezek dimisioa eman zuen.

Otsailaren 23ko estatu-kolpea eta UCDren amaiera

Leopoldo Calvo-Soteloren inbestidura-saioan, 1981eko otsailaren 23an (O-23), Antonio Tejero teniente koronelak estatu-kolpea eman zuen Kongresuan. Erregea kolpearen aurka agertu zen telebistan, eta horrek porrota ekarri zuen.

Ondorioz, Calvo-Sotelo gobernuburu izendatu zuten, Koroaren ospea handitu zen eta politikak eskuinera egin zuen (adibidez, LOAPA legearekin erreformak eten ziren). Calvo-Soteloren gobernuak urte eta erdi iraun zuen. UCDn desertzioak gertatu ziren, eta Suarezek bere alderdia sortu zuen: CDS (Centro Democrático y Social). Ustekabean, gobernuak Espainia NATOn sartu zuen.

1982ko hauteskundeak PSOEk gehiengo osoz irabazi zituen, aro demokratiko berri bati hasiera emanez.

Deskargatu

PDF Word HTML