Frankismoa: Oinarriak, Oposizioa, Ekonomia eta Nazioarteko Politika
Frankismoaren Oinarri Ideologiko, Sozial eta Politikoak
Frankismoaren oinarri ideologikoak honako hauek ziren: nazionalismo espainiarra, sindikalismoa, katolizismoa, antiliberalismoa, antikomunismoa eta kaudillismoa.
Oinarri sozialak, berriz, armada, eliza eta falangea izan ziren. Gizarte-taldeen artean, hiru jarrera sortu ziren: frankismoaren aldekoak, frankismoaren oposizioa eta frankismoa onartzen zutenak, maila ekonomikoaren truke.
Oinarri politikoei dagokienez, erregimenaren estatu-politika antidemokratikoa zen. Frankok konstituzioaren kontra gogor egin zuen eta gobernu pertsonala instituzionalizatzea erabaki zuen. Horretarako, lege konplexu hauek idatzi zituen:
- Lanaren Forua
- Gorteen Legea
- Espainolen Forua
- Erreferendum Legea
- Ondorengotza Legea
- Mugimendu Nazionalaren Printzipioen Legea
- Estatuaren Lege Organikoa
Lege horiekin guztiekin, estatu demokratiko baten printzipio guztiak baztertzea eta aginte guztiak haren kontrolpean uztea lortu zuen. Gainera, salbuespen-epaitegiak zeuden, Ordena Publikoko Auzitegia (TOP).
Erbestean Zegoen Oposizioa eta Barruko Erresistentzia
Gerra Zibila eta Mundu Gerraren ondoren, 1939an, Erantzukizun Politikoen Legea onartu zen, eta 1940an, Masoneria eta Komunismoaren Errepresiorako Legea. Lehenengoaren bidez, salatuak Errepublikan parte hartzeagatik epaituak izan ziren, eta bigarrenaren babesean, gerraren ondorengo oposizioak errepresio handia jasan zuen.
1944-1952 urteen artean, maki gerrillari talde komunistak osatu ziren. Hauek erasoak egiten zituzten mendi-eremuetan, baina, azkenean, porrot egin eta desagertu egin ziren.
Joan Borboikoaren aldekoek, monarkia konstituzionala berrezarri nahi zutela adierazi zuten Lausanako Adierazpenean. Azkenean, erregimenarekin bat egin zuten, Frankok Joan Karlos ondorengoa izendatu zuenean, Ondorengotza Legearen bidez.
Erbestean zeuden gobernu errepublikarren ekintzek ez zuten ondoriorik izan, eta nahiz eta hauek pentsatu Europak lagunduko zuela Frankoren erregimena hondatzen, nazioarteko onarpena lortu zuen urte batzuk geroago. Gerra amaitzean, pertsona asko erbesteratu ziren.
Oposizioa 50eko hamarkadan eraginkorra izateari utzi zion, kanpoan frankismoa onartzen zelako eta oposizioan egonkortasunik ez zegoelako. Hala ere, langileen mugimendua (lehen greba orokorrak antolatu ziren) eta ikasleen mugimendua sendotu egin ziren.
Ekonomia-Autarkia
Arlo ekonomikoan, autarkia ekonomikoa ezarri zen, bere helburua buruaskia izatea izanik, eta, horretarako, Estatuak ekonomian parte hartu behar zuen:
- Inportazioak murriztu ziren.
- INI sortu zen industria sustatzeko, egituratzeko...
- Trenbideak nazionalizatu ziren.
Politika horrek hainbat ondorio izan zituen: produkzioaren jaitsiera, inflazio handia, bizi-mailaren jaitsiera, merkatu beltza...
50eko hamarkadan, Opuseko teknokraten eskutik, irekitasunean oinarritutako politika hasi zen, Egonkortze Plana deitua. Horrek ekonomia liberalizatzea eta arrazionalizatzea zuen helburu. Horretarako, neurri batzuk ezarri ziren: AEBko laguntza ekonomikoa, inportazioak baimendu, estatuaren parte-hartzea murriztu...
Nazioarteko Politika
Espainiak jarrera neutrala izan zuen Bigarren Mundu Gerran, bere egoera ekonomikoagatik, baina, 1941ean, Espainiak Dibisio Urdina bidali zuen Alemaniari laguntzeko Sobietar Batasunaren inbasioan. Hala ere, AEBk parte hartu zuenean eta aliatuen egoera aldatu zenean, Espainiak neutraltasuna hartu zuen berriro.
1945ean, gerra bukatu ondoren, Espainiari, gatazkan zehar izandako jarreragatik eta erregimen autoritarioa izateagatik, ez zioten Nazio Batuen Erakundean (NBE) sartzen utzi. Hala ere, Gerra Hotza hasita, eta erregimenak izandako jarrera antikomunistagatik, frankismoaren gaineko presioa ahuldu zen. Horrela, 1955ean, Espainia NBEn, Nazioarteko Diru Funtsan (FMI) eta UNESCOn onartu zuten, AEBkin sinatutako hitzarmen ekonomiko eta politikoengatik eta Vatikanoarekin sinatutako Konkordatuengatik.