Filosofiaren Gakoak: Kant, Kontraktualismoa, De Gouges eta Spinoza

Filosofia eta etika9,58 KB

Immanuel Kant: Idealismo Transzendentala

Immanuel Kant (1724-1804) filosofo prusiarrak ezagutzaren inguruan egindako ekarpena idealismo transzendentalaren izenpean ezagutzen da. Bere teoria aurretik zegoen filosofia dogmatikoari erantzun bat emateko sortu zuen, bereziki metafisika arrazionalistaren gehiegizko espekulazioak kritikatzeko. Izan ere, tradizio horrek gogoeta filosofikoa muturreraino eraman zuen, arrazoimenaren mugak zehaztu gabe. Kanten iritziz, zientzia arloek (matematika, fisika...) aurrerapenak izan dituzte, baina metafisikak ez, filosofoen artean adostasunik lortu ez delako. Kantek berak aitortu zuen David Humeren lanek eragin handia izan zutela berarengan, "amets dogmatikotik esnatu" baitzuten, eta horren ondorioz, ezagutzaren mugak eta printzipioak sistematikoki aztertzea erabaki zuen. Horrela sortu zuen Arrazoimen Hutsaren Kritika (Kritik der reinen Vernunft).

Ezagutzaren Mugak eta "Biraketa Kopernikarra"

Bere teoriak aurreko bi korronte nagusiak gainditu nahi zituen: Arrazionalismoa eta Enpirismoa. Biek ezagutza-prozesuan subjektuaren papera pasibotzat hartzen zuten; Arrazionalismoak ideiak zuen iturri nagusitzat, eta Enpirismoak, berriz, pertzepzioak. Kantek planteatu zuen subjektua aktiboa dela, eta ezagutza ez dela soilik kanpotik datorrena jasotzea, baizik eta subjektuak berak parte hartzen duela eraikuntza horretan. Hau da, "biraketa kopernikarra" izenez ezagutzen den aldaketa proposatu zuen: subjektuak errealitatea ezagutzeko egiturak ditu, eta horien bidez antolatzen du esperientzia.

Subjektu Aktiboa eta Ezagutzaren Egiturak

Kanten arabera, subjektuak egitura mental jakin batzuk ditu, eta horiek errealitatea hautemateko ezinbestekoak dira. Horien artean daude sentsibilitatearen apriorizko formak (espazioa eta denbora) eta adimenaren kategoriak (substantzia, kausalitatea, eta abar). Ezagutza esperientziatik abiatzen da, baina subjektuaren aurretiko egiturek baldintzatzen dute. Horren ondorioz, ez dugu errealitatea bere horretan ezagutzen (noumenoa), baizik eta fenomenoen bidez. Bere teoria oinarrizkoa izan zen Fenomenologiaren garapenean, eta honek ondoren Existentzialismoan, Feminismoan eta genero-teorian eragin nabarmena izan zuen.

Kontraktualismoa: Gizarte-Kontratuaren Teoria

XVII. mendean, Elizaren botereak beherakada izan zuen eta, horrekin batera, erregeen agintea zalantzan jartzen hasi zen. Testuinguru horretan, gizartearen antolaketa justifikatzeko Kontraktualismoa sortu zen. Teoria honek boterearen jatorria eta legitimitatea aztertzen ditu, jatorrizko kontratuaren ideian oinarrituta. Horren arabera, gizabanakoek beren askatasunen zati bat mugatzen dute, segurtasuna eta legeen babesa lortzeko trukean.

Thomas Hobbes: Estatu Absolutua

Kontraktualismoaren oinarriak Thomas Hobbesek (1588-1679) ezarri zituen. Ingalaterrako Iraultzaren gatazkek eraginda, Leviathan obra idatzi zuen, non segurtasuna bermatuko zuen estatu indartsu baten beharra defendatzen zuen. Hobbesek uste zuen gizakiak, berez, gaiztoak eta bortitzak direla, eta horregatik, naturazko egoeran "guztien arteko gerra" nagusitzen dela. Hortaz, indarkeria ekiditeko, gizabanakoek subirano absolutu bati botere osoa ematen diote. Honek esan nahi du monarkia absolutua dela gizarte-egitura egokiena, non erregeak botere osoa duen eta ez dagoen botere-banaketarik.

John Locke: Eskubide Naturalak eta Botere-Banatzea

Bestalde, John Lockek (1632-1704) Hobbesen ikuspegiaren aurka azaldu zen. Lockeren arabera, naturazko egoera ez da berez bortitza, baizik eta gizabanako guztien askatasuna eta berdintasuna bermatzen duen egoera bat. Hala ere, gizarte antolatua eratzeko, gizabanakoek itun bat sinatu behar dute, eta horren bidez, berezko eskubide batzuk gobernuari transferitzen dizkiote. Lockek hiru botere-banaketa proposatu zuen:

  • Legegilea (legeak sortzen dituena)
  • Betearazlea (legeak ezartzen dituena)
  • Federatiboa (Estatuaren harreman diplomatikoak kudeatzen dituena)

Horrek boterearen gehiegikeriek saihesten lagunduko luke.

Montesquieu eta Botereen Banaketa

Montesquieuk (1689-1755), Lockeren ideietan oinarrituta, botere legegilea, exekutiboa eta judiziala banatzea aldarrikatu zuen Frantzia absolutistan.

Jean-Jacques Rousseau: Borondate Orokorra

Jean-Jacques Rousseauk (1712-1778), Kontratu Soziala lanean, gizakiaren izaera onbera eta berdintasunean oinarritutako gizarte-antolaketa defendatu zuen. Bere ustez, borondate orokorra da legeak zilegiztatu ditzakeen botere bakarra, eta, horregatik, herriaren subiranotasuna ezinbestekoa da errepublika bidezko bat eratzeko.

Olympe de Gouges: Emakumeen Eskubideen Alde

Olympe de Gougesek emakumeen eskubideen alde egindako aldarrikapenak:

  • "salbuespen horretan" eta "horretaz": erreferentzia egiten dio gizartean ezarritako sexu-banaketari, eta "salbuespen" hitzarekin kalifikatzen du, ez Jainkoak ez naturak horrelako bereizketarik ez duela egin argudiatuz.
  • "eskubide-berdintasuna aldarrikatzen": hau izan zen Frantziako Iraultzan burgesiak egindako aldarrikapen nagusi bat nobleziaren eta kleroaren aurrean, baina Olympe de Gougesek salatzen duen bezala, gizon (eta ez emakume) burgesen alde aldarrikatu zuten.
  • "aldarrikatu zeure eskubideak": 1789ko Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpenak erreferentzia egiten zien gizonen eskubideei soilik, emakumeak bazterturik utziz.
  • "aurreiritziz, fanatismoz, sineskeriaz eta gezurrez": Elizari eta Erdi Aroko sineskeriari kritika egiten dio. Ilustratu baten jarrera erakusten du hemen Olympe de Gougesek.
  • "Gizon esklaboak indarrak emendatu (handitu) ditu, eta zure indarrez baliatu behar izan du bere kateak hausteko. Baina, askatu delarik, bidegabea (injustua) izan da bere neska-lagunarekin": hemen Olympe de Gougesek salatzen du emakumeek lagundu dietela gizonei iraultza egiten, baina gero gizon iraultzaile horiek injustuak izan direla eta emakumeak traizionatu dituztela, nahiz eta "emakumeak gizadiaren erdia" izan.
  • "aski duzue nahi izatea": De Gougesek deia egiten die emakumeei altxatzeko eta beren eskubideak exijitzeko. Deia honek talka egiten zuen garai hartako konbentzionalismoekin eta genero-bereizketarekin. Beraz, oso jarrera iraultzailea izan zuen Olympe de Gougesek, oso aurreratua bere garai historiko eta kulturala kontuan izanik.

Baruch Spinoza: Arrazoimena eta Natura

Adimena eta Arima Kontzeptuak

Adimena; Arima: Arrazoimena. Gaztelaniazko testuan "arima" hitza agertzen da.

Descartesek aipamena eginez, arima gizakion alderdi arrazionala edo pentsatzailearekin identifikatzen du Descartesek (baita Spinozak ere). Identifikazio hau Platonek eta Aristotelesek ere egin zuten beraien Antropologian, arima arrazionala Platonen kasuan, eta arimaren funtzio arrazionala Aristotelesen kasuan.

Descartes eta Afektuen Azalpena

  • (Descartes) "… gizakien afektuak bere lehen kausen bidez azaltzen saiatu zela": Aristotelesek bere Metafisikan azaltzen du izaki orok 4 kausa dituela: formala, materiala, eraginkorra eta xedezkoa (liburuko 58-59. orrialdeak begiratu). Descartesek ere azalpen bera erabili zuen giza afektuak deskribatzeko, baina ez zuen lortu azalpen osaturik.
  • (Descartesek) "… adimenak afektuen gaineko aginte absolutua nola izan dezakeen erakutsi nahi izan zuela": Arima = res cogitans = izaki pentsatzailea. Arimak, zerbait inmateriala izanik, nola lor dezake eragina izatea gorputzean eta ekintzetan? Testu honetan ez da aipatzen, baina jakin badakigu Descartesek guruin pinealari arimaren eta gorputz materialaren arteko zubi-lana egotzi ziola (ikusi liburuko 133. orrialdeko azken paragrafoan).
  • "Orain gizakiaren afektu eta ekintzen gainean, ulertu beharrean, hauek gorrotatu eta barregarri uztea nahiago dutenengana itzuli nahi dut": Spinozak erreferentzia egiten dio Arrazionalismoari, korronte epistemologiko honek sentipenei ez zielako inolako baliorik ematen ezagutza ziurra lortzeko. Beraz, sentipenak = sentsazioak, inpresioak = pertzepzioak eta zentzumenetatik zetorrena mespretxatzen zuen Arrazionalismoak.

Naturaren Lege Unibertsalak

  • "lege eta arau naturalak leku guztietan dira berberak": Zientzia modernoaren eragina ikusten da hemen: Koperniko, Kepler, Galileo, Newton… bezalako zientzialarien eragina nabarmena da. Zientzialari hauek gertaera naturalak behatu eta matematizatu zituzten, ulergarriak eta prebisibleak eginez. Lege fisikoak unibertsalak dira, hau da, baliagarriak eta berberak leku guztietan, hala nola lege termikoak, grabitatearen legea edota argiaren konposizioa.
  • "gauza guztien izaera ulertzeko bidea ere berbera izan behar da, hau da, naturaren lege eta arau unibertsalen bidez ulertzea": Naturako gertaerak lege fisikoen arabera uler daitezke arrazoimena eta "matematiken hizkuntza unibertsala" aplikatuz. Spinozaren ustez, arima, hots, giza adimena, ulertzeko ere metodo berbera erabili behar da, dena substantzia beretik baitator (natura edo Jainkotik) eta arrazoimenak zientzia modernoetan erakutsitako fidagarritasuna eta eraginkortasunagatik.

Deskargatu

PDF Word HTML