Filosofiaren Ezaugarriak eta Fixismoa vs. Eboluzioa

Filosofia eta etika2,53 KB

Filosofiaren Oinarrizko Ezaugarriak

Filosofiaren Irizpide Nagusiak:

  1. Filosofiak erantzun arrazionalak bilatzen ditu, mitoetan eta tradizioan oinarritutako azalpenak onartzen ez dituelako. Filosofatzen dugunean, argudiatutako azalpenak aurkitu nahi ditugu, gure erantzunak justifikatzeko.
  2. Filosofiak erantzun unibertsalak lortu nahi ditu, egiten ditugun galdera nagusiei buruzko azalpen orokorrak izango direnak. Filosofiaren eta gainerako jakintzen arteko aldea da jakintza horiek errealitatearen arlo bereziak aztertzen dituztela. Filosofiaren helburua jakintza oso bat lortzea da, gai jakinak eta espezifikoak baino harago doana.
  3. Filosofiaren galderak errotikoak dira, funtsezko erantzunak eta gauzen zentzu sakonak aurkitzen saiatzen direlako. Filosofatzen dugunean, errealitatea nolakoa den azaltzeaz gain, zergatik den horrelakoa azaltzen duen oinarrizko arrazoia argitzen saiatzen gara.
  4. Filosofia kritikoa da, ezarritako iritziei aurre egiten dielako. Filosofatzen duen pertsona batentzat, ez da nahikoa denek beti zerbait sinetsi izana; garrantzitsuena arrazoiaren arabera aztertzea eta eztabaidatzea da, onargarria den ala ez bereizteko.

Filosofia lan bukatugabea da. Gure galdera nagusien erantzunak bilatzeko beharra badugu ere, badakigu ezingo ditugula inoiz erantzun erabatekoak eta bete-beteak eman.

Fixismoa eta Eboluzionismoa: Bizitzaren Aldakortasuna

Fixismoa eta Kreazionismoa

Denbora luzean uste izan zen izaki bizidunen ezaugarriak iraunkorrak eta finkoak direla, ez direla aldatzen denboraren joanean. Teoria horri fixismoa deritzo. Fixismoa azalpen kreazionistarekin lotuta dago. Kreazionismoaren arabera, espezie bizidunak Jainkoak sortu zituen munduaren hasieran eta ordutik, espezie guztiak finko eta aldaezin dira betiko.

Espezieen Eboluzioa

Antzina-antzinako izaki bizidunen fosilak aurkitzea denboraren joanean espezieak aldatu egiten direla pentsatzeko arrazoi sendo asko da; argi ikusten dugu iraganean izandako landare eta animaliak ez direla gaur egungoen berdinak. Aldaketa horiek azaltzeko, Eboluzionismoa sortu zen. Horren arabera, espezie bizidunak aldatu egiten dira denboraren joanean. Eboluzioaren teoriak eztabaida handia piztu zuen hasieratik, zalantzan jartzen baitzituen erlijioarekin lotutako orduko sinesmen asko. Hala ere, zientziak eboluzioa egitate bat dela ziurtatzen duten froga ugari eta sendoak ditu.

Deskargatu

PDF Word HTML