Filosofia Modernoa eta Erlijioaren Kritika: Nietzsche, Marx eta Sartre

Filosofia eta etika4,56 KB

Nietzsche: Jainkoaren ideia bizitzaren aurkakoa da

Friedrich Nietzschek Jainkoaren ideia kritikatu zuen eta haren “Jainkoa hil da” esaldia bere filosofia osoaren oinarri bihurtu zuen. Nietzscheren arabera, mendebaldeko moral kristaua bizitzaren aurkakoa da, sufrimendua goraipatzen duelako eta benetako sormena eta askatasuna murrizten dituelako. Haraindiko munduaren ideia (zerua, paradisua) gezurra da, eta horrek jendea mundu honetan zoriontsu izatea galarazten du. Erlijioak bizitza zapaltzen du, morala inposatzen duelako eta gizakiari berezko instintuak ukatzen dizkiolako.

Eztabaida puntuak

  • Alde (Nietzsche): Jainkoaren ideia botereek sortu dutela dio, gizartea kontrolatzeko. Erlijioak obedientzia eskatzen du eta horrek askatasuna mugatzen du. Adibidez, kristautasunak sakrifizioa eta apaltasuna goraipatzen ditu, baina horrek pertsona ahuldu eta bere bizitza osoki bizitzea galarazten du.
  • Kontra (Tomas Akinokoa): Jainkoaren ideia ezinbestekoa da mundua ordenatzeko. Erlijioak gizartearen morala sendotu du eta gizakien arteko elkarbizitza ahalbidetu du. Jainkoaren ideia gabe, giza balioak galdu eta gizartea desegonkortu liteke.
  • Hausnarketa: Nietzschek arrazoi du esatean Jainkoaren ideiak jende askoren askatasuna mugatu duela. Hala ere, erlijioak ere komunitateak sortu eta babestu ditu. Beraz, Jainkoaren ideia kritikatzea beharrezkoa da, baina ezin dugu haren funtzio historikoa ukatu. Gaur egungo gizartean, pertsona bakoitzak erabaki beharko luke Jainkoaren ideia bere bizitzan behar duen ala ez.

Balioen transmutazioa: Nietzsche eta Sartre

Nietzschek “balio guztien transmutazioa” aldarrikatu zuen, hau da, gizarteak ezarritako moralak hautsi eta gizakiak bere balio propioak sortu behar dituela. Mendebaldeko moral kristaua gehienbat esklaboen morala dela dio, hau da, boteretsuak kontrolatzeko erabiltzen den tresna. Beraz, balio tradizionalak baztertu eta moral berri bat sortu behar dugu, non gizaki bakoitzak bere erabakiak hartzeko askatasuna izango duen. Jean-Paul Sartrek ere ideia hori garatu zuen existentzialismoan: gizakia askea da bere balio propioak eraikitzeko, eta ez du kanpoko agintaririk behar (Jainkoa barne).

Eztabaida puntuak

  • Alde (Nietzsche eta Sartre): Balio tradizionalak zaharkituta daude eta, askotan, gezurretan oinarritzen dira. Errealitatea aldatzen doa, eta gizarteak ere egokitu egin behar du. Pertsona bakoitzak bere bizitzaren esanahia bilatu behar du, eta ez erlijioak edo gizarteak inposatutako balioei men egin.
  • Kontra (Kant): Moral objektibo bat beharrezkoa da, bestela, gizartea anarkian eror daiteke. Balio guztiak aldatzen badira, ordenarik gabe geratuko gara. Gizartea egonkortzeko, balio sendo batzuk behar dira.
  • Hausnarketa: Nietzschek arrazoi du esatean tradizio zaharrak ez direla beti onak, baina balio batzuk mantentzea beharrezkoa da. Gizakiak bere burua definitzeko askatasuna behar du, baina hori gizartearen kohesioa arriskuan jarri gabe egin behar da. Balioak aldatu behar dira, baina ez kaos bat sortuz.

Erlijioaren funtzioa eta ordezkapena: Marx eta Comte

Historian zehar, erlijioak jendeari esanahi bat eman dio eta gizartea antolatzen lagundu du. Karl Marxek, ordea, “erlijioa herrien opioa da” esan zuen, hau da, botereek jendea kontrolatzeko erabiltzen duten tresna bat dela. Erlijioak jendeari patua onartzera bultzatzen du, eta horrek injustiziaren aurka borrokatzeko grina itzaltzen du. Bestalde, Auguste Comtek proposatu zuen zientziak erlijioaren lekua hartu behar duela, gizartearen aurrerapena lortzeko.

Eztabaida puntuak

  • Alde (Durkheim): Erlijioak komunitateak sortzen ditu eta gizarte egonkor bat izateko beharrezkoa dela. Erlijiorik gabe, baliteke gizakiak bere bizitzari zentzu bat aurkitzea zailago izatea. Erlijioek esperantza eta moraltasuna eman dizkiete pertsonei milaka urtez.
  • Kontra (Marx): Erlijioa boterearen tresna bat izan da beti. Mundu modernoan, zientziak eta filosofiak erantzun gehiago eman dituzte, eta erlijioa zaharkituta geratu da. Humanismo sekularrak eta espiritualtasun pertsonalak erlijio tradizionalak ordezkatu dituzte.
  • Hausnarketa: Erlijioak historian funtzio garrantzitsua izan du, baina gaur egun zientzia, filosofia eta espiritualtasun pertsonalak haren lekua bete dute. Hala ere, gizakiak zentzuaren beharra du, eta horregatik, erlijioa forma berrietan egokitzen jarraituko du.

Deskargatu

PDF Word HTML