Filosofia Garaikidearen Gakoak: Arendt, Beauvoir eta Gehiago

Filosofia eta etika10,49 KB

Hannah Arendt eta gaizkiaren hutsalkeria

Testu ulermenak.

1. Eichmann ez zen tuntuna, burugabea baizik, eta hori da bere jokabidearen gakoa. Bere burugabekeria ez da gauza ohikoa, nahiz eta ez den gaiztakeria sakon baten ondorioa. Hain zuzen ere, Jerusalemen egindako epaiketaren irakasbide nagusia hau da: arriskutsuagoa izan daiteke errealitatetik urrunduta dagoen pertsona bat, bere baitan sen gaiztoak dituen beste bat baino.

2. Eichmann ez zen pertsona bereziki gaiztoa, eta hori argi geratu zen bere epaiketan. Ez zuen gaiztakeriarako asmorik, eta bere jardueraren motibo bakarra aurrerapen pertsonala zen. Hala ere, desira hori ez zen gaizkia egiteko borondatetik sortzen. Izan ere, ez zekien benetan zertan zebilen, eta ez zuen egiten ari zenaren ondorioak irudikatzeko gaitasunik.

Ilustrazioa eta Frankfurteko Eskolaren kritika

XVIII. mendean, Ilustrazioa sortu zen: pentsalariek aldarrikatu zuten ez genuela tradizioan eta erlijioan sinistu behar itsu-itsuan, baizik eta arrazoia (zentzuz pentsatzea) erabili behar genuela. Kantek esaten zuen Ilustrazioa "ausartu pentsatzen" dela. Uste zuten arrazoiarekin gizartea hobetu egingo zela: zientzian, politikan eta etikan aurrerapenak eginez, mundua ia perfektua bihurtuko genuela.

Baina hori ez zen gertatu. XX. mendean, bi mundu-gerrak, bonba atomikoa eta heriotza-zelaiak erakutsi zuten gizakia suntsitzetik gertuago zegoela utopiatik baino.

Orduan, Frankfurteko Eskola sortu zen (Alemaniatik ihes egin zuten pentsalari batzuk). Haiek, Marx eta Weber oinarri hartuta, hau esan zuten:

  • Ilustrazioaren helburua natura kontrolatzea bihurtu zen, gizakiaren bizitza hobetzeko.
  • Horrela, natura tresna gisa tratatu genuen helburuak lortzeko.

Arazoa da logika hori gizakien arteko harremanetan ere erabili zela: gizakia ere objektu gisa tratatzen hasi zen, bere duintasuna galduz.

Horrela, gizakia makinaren pieza bihurtu zen (Adornok esan bezala), eta botereak erabakiak hartzen zituen efizientzia bakarrik bilatuz, pertsonen bizitzak kontuan hartu gabe. Soberakinak bagina bezala tratatu gintuzten.

Frankfurtekoen ustez, Ilustrazioaren ametsak bere baitan zuen arriskua: boterea eta gehiegikeriak justifikatzea.

Existentzialismoa: Askatasuna eta ardura

Existentzialismoa filosofia mota bat da. Gizaki bakoitza da gai nagusia, hau da, norbera eta bere bizitza. Filosofo guztiek ez dute gauza bera pentsatzen, baina ideia batzuk denek partekatzen dituzte:

  • Aske gara, inork ez digu esaten zer egin behar dugun.
  • Bizitzak ez dauka berez zentzurik. Gu gara gure bizitzari zentzua eman behar diogunak.
  • Horrek guztiak larritasuna edo kezka sortzen du barruan.

Kierkegaard izan zen lehenengoa hau pentsatzen hasi zena (XIX. mendean). Gero, XX. mendean, beste famatu batzuk jarraitu zuten: Heidegger, Sartre, Camus... Batez ere Mendebaldeko Europan izan zen ezaguna. Euskal Herrian, Txillardegi idazlea da esanguratsua.

Existentzialismoaren puntu nagusiak

  • Existentzia (bizitzea) da garrantzitsua, ez esentzia (zure izaera edo natura).
  • Ez dago aurretik idatzitako patu edo planik: zuk erabakitzen duzu zer izango zaren.
  • Zuk zeure bizitzari zentzua eman behar diozu.
  • Zure erabaki guztien ardura zurea da.
  • Sentimenduak, irudimena eta sormena ere oso garrantzitsuak dira, ez bakarrik pentsatzea eta kalkulatzea.

Zergatik sortu zen existentzialismoa? Kristautasuna indarra galtzen ari zenean ("Jainkoa hilda dago" esaten zuen Nietzschek), jende askok pentsatu zuen: "Eta orain, zer? Zertarako bizi?". Existentzialismoak hutsune hori bete nahi izan zuen: zentzua gizaki bakoitzak bilatu behar duela esanez. Gainera, existentzialismoak beste arlo batzuetan ere eragin handia izan zuen: literaturan, zineman, antzerkian...

Totalitarismoaren jatorria eta ezaugarriak

Arendtek totalitarismoa aztertzean, bi adibide nagusi ditu buruan: nazismoa eta stalinismoa. Bere ustez, historian lehen aldiz sortu zen horrelako basakeria antolatua, eta ulertzeko kontzeptu berriak behar dira. Horregatik idatzi zuen Totalitarismoaren jatorria.

Arendtek dio totalitarismoaren aurretik bi fenomeno egon zirela:

  • Antisemitismoa: juduen kontrako gorrotoa (XVIII-XIX. mendeetan).
  • Inperialismoa: beste herrialdeak zapaldu eta kolonizatu ziren (XIX. mende amaieran).

Gertaera hauek ideologia jakin batzuk sortzen lagundu zuten: batzuk "hobeak" zirela beste batzuen gainetik, eta beste herriak zapaltzea justifikatu zitekeela.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, Europako krisi ekonomikoak bidea ireki zien totalitarismoei. Jende arrunta etorkizun hobe baten promesarekin erakartzen zuten. Behin boterera iritsita, estatuaren egitura eta legeak guztiz aldatu zituzten.

Totalitarismoaren ezaugarri nagusiak

  • Lider bakarra dago.
  • Eskubide indibidualak kentzen dira.
  • Ekonomia estatuak kontrolatzen du.
  • Propaganda, beldurra eta lege faltsuak erabiltzen dira boterea mantentzeko.

Totalitarismoak ez du soilik agintea nahi: gizabanakoa desagerrarazi nahi du. Horretarako, pertsonen eskubideak kendu eta gizartea apurtzen du. Azkenik, Arendtek dio totalitarismoak ekarri duen berrikuntzarik beldurgarriena dela gizakia soberakin bilakatzea, botatzeko objektu bat bezala tratatzea, eta hori legearen itxurapean egitea.

Eichmannen epaiketa eta hausnarketa falta

Arendtek Eichmann aztertzen du, Holokaustoa antolatu zuten nazietako bat. 1961ean, Jerusalemen epaitu zuten eta heriotza-zigorra ezarri zioten. Arendtek Eichmannen defentsan erabilitako bi argudio nagusi aztertzen ditu:

  1. Lehen argudioa: Eichmannek estatuko aginduei jarraituz jokatu zuela. Hau da, estatuak erabakiak har ditzake, baita eskubideak eta legeak urratuz ere, bere ekintzak justifikatuz.
  2. Bigarren argudioa: Aginduak jarraituz jokatu zuela, eta erantzukizuna Hitlerri leporatu nahi izan ziola.

Arendtek azaltzen duenez, estatuek erailketak eta biolentzia legez onartzen dituzte totalitarismoan. Horregatik, Eichmann bezalakoek krimenak egiten dituzte hausnarketa sakonik egin gabe.

Eichmannen krimena eta Arendten ikuspegia

  • Hausnarketa egitea falta izan zitzaion. Estatuko legea jarraitu zuen, baina libertatea zuen ekintzen ondorioak pentsatzeko.
  • Gaizkiaren hutsalkeria da: egiteko aukera zuen, baina ez zuen garrantzirik eman eta ez zuen erantzukizunik sentitu.
  • Holokaustoa ez zen gertatu Hitler edo agintari gaiztoak bakarrik zirelako, baizik eta mugarik gabeko hutsalkeria eta pentsamenduaren falta zela eta.
  • Masa desideologizatuek ezin izan zuten pentsatu, eta horrela ideologia nazi suntsitzailea nagusitu zen.

Simone de Beauvoir eta feminismo garaikidea

Simonek, 1949an, Bigarren sexua liburua idatzi zuen, feminismoaren oinarrizko testu bihurtu dena. Liburuan, emakumeak bere burua definitzeko gaitasuna berreskuratu behar duela dio. Simonen arabera, gizakiaren funtsa askatasuna da, baina emakumeek ez dute askatasunik, gizonek erabakitzen baitute zer izan behar duten.

Simonek dioenez, "emakumea ez da jaiotzen, egin egiten da". Gizonak dio emakumeek nola jokatu behar duten, eta gizonak funtsezkoak eta nagusiak direlarik, emakumea "bestea" bihurtzen da, subjektu pasibo bat.

Horrela, emakumeek askatasuna eta autonomia murriztuak dituzte, eta haien bizitzak gizonak diseinatutako eredu baten menpe daude. Amatasunaren gaia kritikatzen du, emakumeen bizitza libreki aukeratzeko eskubidea defendatuz. Horretarako, abortuaren eta kontrazepzioaren alde egiten du.

Bere helburua sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzea da, emakumeek autonomo eta burujabe izan behar dutelako. Horretarako, emakumeek askapen-prozesu kolektibo bat abian jarri behar dutela eta sexu, sentimendu eta ekonomiaren arloetan autonomia garatu behar dutela dio.

Postmodernitatea eta pentsamendu kritikoa

60ko hamarkadatik aurrera, postmodernitatea mugimendu filosofiko, ideologiko eta kultural gisa zabaldu zen. Iritzien aniztasunaren alde zegoen, eta egia bakar bat ez dagoela dio, erlatiboa dela. Nahiz eta Arendt eta Simone postmodernistak ez izan, mugimenduaren zenbait ikuspegi partekatzen zituzten. Pentsamendu kritikorik ez bagenu, zer gertatuko litzateke gure munduarekin?

Alde batetik, Arendtentzat, pentsamendu kritikoa garrantzitsua da totalitarismoa ekiditeko. Totalitarismoaz hitz egitean, nazismoa eta estalinismoa kontuan izan behar dira. Gertatutakoaren aitzindariak antisemitismoa eta inperialismoa izan ziren. Hau masa desideologizatu bat zabaldu zelako gertatu zen, Eichmannen kasuan bezala: naziak hainbat krimen burutu zituen introspekzio-ariketarik egin gabe. Gaur egun, militarrekin ikus dezakegu hori, aginduak betetzen dituztelako beren ekintzen ondorioak kontuan izan gabe.

Bestalde, Simonerentzat, gizona gizaki unibertsal neutrotzat hartzen da eta emakumea "bestea" bezala. Baina existentzialismoak, aldiz, dio gizakia ez dagoela aurrez determinatua inongo doktrina filosofiko edo moralengatik. Simonentzat, beraz, pentsamendu kritikoa garrantzitsua da askeak izateko. Hau sare sozialetan ikus dezakegu: gizarteak emakumeoi estereotipo batzuk jarraitzera behartzen gaitu (argalak izatea, depilatzea...). Hortaz, gizarteak emakume izateak zer esan nahi duen definitzen du, eta hori, askotan, gizonen ikuspegitik pentsatuta dago.

Laburbilduz, bientzat da ezinbestekoa pentsamendu kritikoa: Arendtentzat, sarraskirik ez gertatzeko, eta Beauvoirrentzat, libreak izateko. Ni biekin bat nator: zerbait egin aurretik pentsatzea eta enpatia izatea ezinbestekoak dira elkarrekin bizitzeko. Ez badugu introspekziorik egiten, edonor izan daitekeelako Eichmann. Zuhaitzak mozten dituen langile esplotatu batek, adibidez, pentsamendu kritikorik gabe, bere lan-baldintzak onartzen ditu eta ingurumenari kalte eginez lan egiten jarraitzen du, aginduak zalantzan jarri gabe.

Deskargatu

PDF Word HTML