Filosofia Existentzialista eta Totalitarismoaren Azterketa
1. Filosofia Existentzialisten Ideia Nagusiak
Filosofia existentzialistak gizabanakoaren existentzia pentsamendu garrantzitsuena bezala hartzen du. Askoren ustez, Ilustrazioaren ideien porrotaren ondorioz sortu zen.
Existentzialismoak hainbat gauza adierazten ditu:
- Fisikoki eta moralki urratutako Europaren historia (mundu gerrak).
- Ilustrazioaren ideietan (askatasuna, berdintasuna, anaitasuna) izandako konfiantzaren porrota.
- Askatasuna galdu duen gizarteria bat (totalitarismoa eta sarraski-esparruak) eta gizakiaren proiektua, aukera eta askatasun mugatua.
Existentzialismoan eragina izan zuten hainbat filosofo daude: Kierkegaard, Nietzsche edo Husserl, adibidez.
Kierkegaard, Nietzsche eta Husserl
Kierkegaardek dio bizitzak garrantzi gehiago hartzen duela arrazoimenak baino. Gizakiak Jainkoaren betierekotasunaren aurrean bere buruaren existentzia mugatua dela kontzientziatu behar duela dio.
Nietzschek, balio tradizionalen gainetik norbere burua modu sortzaile eta askean eraikitzeko aldarria egiten du.
Eta azkenik, Husserlek ezagutza guztien oinarrian norbere kontzientzia indibiduala dagoela baieztatu zuen.
Martin Heidegger eta Bizitza Autentikoa
Bestalde, Martin Heideggerrek mundura jausita dagoela dio. Gizakiak bere bizitza etorkizunera proiektatu dezake bi modutan: bizitza ez-autentikoa eta posibilitatez betetako bizitza autentikoa.
- Bizitza ez-autentikoa: Existentzia anonimoa izango du, heriotza saihestu nahian. Gizakiak gauza materialek xurgatu eta zorabiatua bizi da.
- Bizitza autentikoa: Gizakia heriotzarako izaki dela ohartzen da, eta gauzekiko eta besteekiko harremanak loratu egiten dira.
Askatasuna eta Erlijioa
Existentzialismoaren arabera, askatasuna da gizakion ezaugarririk garrantzitsuena; errealitate funtsezkoa da, gizakiok soilik dugun ezaugarria delako. Existentzia hau indibiduala eta mugatua da tenporalki eta harremanengatik. Gizabanakoak modu askean bizi du bere burua proiekatu eta eraikitzeko konpromisoa, larritasuna eta angustia sortuz.
Honi aurre egiteko, Jainkoarengan topatu dute existentziaren zentzua (existentzialismo erlijiosoa: Unamuno, Karl Jaspers, Mounier...), baina beste askok bide honi uko egin zioten (Sartre eta Camus).
Eraginak Kulturan
Korronte honetan eragina izan duten autore ugari daude:
- Literaturan: Kafkaren Metamorfosia.
- Margolanetan: F. Munch-en Garrasia.
- Zineman: Bergmanen Basa marrubiak.
2. Totalitarismoaren Jatorria: Gaitz Absolutua
Hannah Arendtek, Totalitarismoaren Jatorria obran, totalitarismoari buruz (nazismoa eta stalinismoa) hitz egitean, historian inoiz egon den basakeria antolaturik handientzat hartzen ditu, eta kategoria berriekin ulertu behar direla dio.
Aintzindariak
Bi aintzindari hartzen ditu kontuan:
- Antisemistimoa: Frantzian, adibidez, Estatuaren nortasuna nahiz eta judutarrak bertakoak izan, kontrako moduan hartzen ziren.
- Inperialismoaren ideologia: Giza talde baten sarraskia justifikatzeko erabili zen, arraza baten baitan burgesiaren kapital gehiena biltzen zela argudiatuz.
Totalitarismoaren Indartzea
Mundu gerrek ekonomia txartu eta totalismoa indartu zuten. Propaganda erabili zuten gizartea manipulatzeko eta boterea lortzeko. Boterea lortzean, estatuaren legeak aldatzen hasi ziren:
- Lider bakarra.
- Alderdi politikoak masarekin ordezkatu.
- Eskubideak kendu.
- Ekonomia zentralizatu.
- Justifikazio gisa propaganda erabili (izu politikoa).
Totalitarismoaren Ondorioak
Totalitarismoak helburu nagusitzat boterea mantentzea zuen eta horretarako, lege natural aitzakipean, gizakiak suntsitzeko hainbat lege onartu zituen. Honek hainbat esparrutan eragina izan zuen:
- Pertsona juridikoaren heriotza: Eskubidea izateko eskubidea kendu.
- Pertsona moralen heriotza: Gizarte bortitz bat bilakatu eta ongia ia desagertu zen.
- Banakotasunaren suntsipena: Anonimoan hiltzeko esparruak sortu ziren (“heriotza-lantegiak”).
Gaitz Berria
Arendten arabera, totalitarismoak sortu duen gaitz berria ideologia batek gizakia baliorik gabeko zerbait bihurtzea da; gizakia "soberakin" edo ezabatzeko moduko izaki bihurtzea, eta honen existentziak garrantzirik ez izatea.
3. Giza Bizitzaren Baldintzaileak: Landu, Fabrikatu, Ekin
Arendtek bere Giza Kondizioa liburuan gizakiaren hiru jarduera nagusiak aztertzen ditu (lana, fabrikazioa eta ekintza), bizitza kontenplatiboaren kontra jarriz.
Lana (Labor)
Arendtek lantzea bizi baldintzetan beharrezkoa dela aipatzen du, maila biologikoan irauteko. Lana eta kontsumoaren arteko prozesu ziklikoa azaltzen du: lana biziraupena ahalbidetzen duen jarduera natural eta biologikoa da, baina ez da iraunkorra, kontsumitzean agortu egiten baitira.
Fabrikazioa (Work)
Fabrikatzea, gizakiak mundua sortzeko modua da, eta hau da naturatik bereizten gaituena: gauza artifizialen mundua. Hau ez da behar biologikoak asetzeko, baizik eta mundua eraikitzeko. Hemen hasten da Homo faber gizaki bihurtzen. Hortaz, mundua giza eginkizunaren emaitza da, naturarekin etengabeko gatazka, giza artifizio kulturala sortzen duena eta honen baitan mugitzen gara.
Ekintza (Action)
Ekintza gizakia munduan sartzen garen moduari eta besteen artean nola bizi garen lotura dago. Ekintza politikoari, espazio publikoari eta komunitate politikoaren kontserbazioari egiten dio erreferentzia. Hiru baldintza betetzen ditu:
- Gizakiak berdinak direla onartzea.
- Hitz askatasuna.
- Munduaren zaintza.
Hortaz, ekintza, mundu artifizialean egiten den jarduera baino ez da, hau da, gizakiek egin nahi dutenari buruz hitz egitea eta erabakitzea.
Ekintzak hainbat gauzetarako balio du, adibidez, elkarte politikoak eratzeko eta mantentzeko, eta hurrengo belaunaldiek jarraipen bat izan dezaten baldintzak sortzeko. Ohiko jarduna da, gizakien berezitasuna, desberdintasuna eta aniztasuna erakusten baitu. Arendtentzat oinarria da esparru publikoan eta funtsezkoa.
Heidegger eta Arendt
Heideggerrek gizakia heriotzerako-izan bezala definitu zuen. Arendtentzat gizakia sorkuntza da, pentsamendu politikoaren ardatz bat. Berak dakar berritasun bat, hasiera bat edota historia berri bat. Ekintzaren bidez aniztasunera transmititzen duena. Baina, modernitateak ekintzaren esparrua arriskuan jarriko du.
4. Vita Activaren Esparruak: Pribatua, Publikoa eta Soziala
Vita activa hainbat esparru desberdinek eratzen dute: publikoak, pribatuak eta sozialak. Hannah Arendtek tesi hau garatzen du bere Giza Kondizioan: aro modernoan espazio publikoaren atzerakada gertatu da, batez ere arlo sozialaren sorreraren ondorioz.
Oikos eta Polis
Lehenik eta behin, pribatuaren eta publikoaren kontzeptua azaltzen du greziar oikos eta polis-aren arteko oposizioarekin:
- Pribatua (Oikos): Etxean bizitzaren beharrak asetzearen menpe dago eta ez dute inolako askatasunik, aginte- eta obedientzia-harremanak nagusitzen baitira.
- Publikoa (Polis): Ekintzarako eta elkarrizketarako gaitasuna hedatzen dute, berdinak diren esparru batean.
Arlo Sozialaren Sorrera
Aro modernoan, pribatuaren eta publikoaren arteko nahasketa moduan arlo soziala agertu zen. Honek espazio publikoaren gainbehera ekarriko zuela esan zuen Arendtek. Alor soziala gizakia gizartetik desagertzea eragiten du, eta hala bere aukerak askatasunez egitea, hitza eta eskaintza ahaztuz. Politika ere aldatzen da, jada ez da berdinen arteko interakzioa, non askatasun gaitasuna adierazten duten. Botereak gizabanakoaren esparruen gainetik agitzen du.
Totalitarismoa eta Aniztasuna
Arendtentzat beharrezkoa da esparru publikoa zein pribatua mantentzea, bestela totalitarismoa gaitz absolutua bihurtuko da. Totalitarismoak dena politiko bihurtzen du eta gauza publiko guztiak bereganatzen ditu, hala esparru pribatua eta gizabanakoa ezabatuz. Azkenean, esparru horretan garrantzitsuena aniztasuna da, eta horregatik, Arendtek esparru publikoan gizabanakoa jaiotzeko esparru gisa aldarrikatzen du.
Arendten iritziz, totalitarismoak ez du gizakiaren arrastoa guztiz ezabatu. Gizakia egiten gaituena besteekin dugun elkarbizitzarekin lortzen da. Horrez gain, pertsonen arteko erlazio horri politiko deritzo, publikoki hitz egiten dugulako eta besteekin erlazionatzen garelako. Gizakiaren existentzia espazio publiko-politikoaren menpe dago, non berdintasuna eta aniztasuna oso garrantzitsuak diren. Esparru honek izaki bakar gisa bereizteko aukera ematen digu.
5. Eichmann Jerusalemen eta Gizakiaren Hutsalkeria
Hannah Arendten arabera, Eichmannen epaiketa eta Holokaustoa ulertzeko gakoetako bat introspekzioaren garrantzia da. Arendtek uste zuen ez zela beharrezkoa hiltzaile izan nahi izatea horrelako sarraskiak egiteko. Bere ikuspegian, pertsona arruntek ere ekintza okerrak egin ditzakete, baldin eta beharrezko introspekzioa falta bazaie, eta horrek errudun sentitu gabe jarduteko aukera ematen die.
Eichmannen Defentsa eta Erruduntasuna
Hannah Arendten ustez, Eichmann ez zen pertsona gaiztoa, baizik eta legeak eta aginduak jarraituz ekintza krudelak burutu zituen. Bere defentsa nagusia izan zen agindu horiek estatuaren izenean legalak zirela. Hala ere, Arendtek adierazten du estatu totalitario batean legeek ez dutela justifikatzen ekintza kriminalak, eta horregatik Eichmann erruduna zen.
Gaizkiaren Hutsalkeria
Eichmannen kasuan, introspekzio faltak eta estatuaren izenean hartutako erabakiek erahilketa administratiboak eta beste krimenak normalizatzea erraztu zuten. Hori da, Arendtek dioen bezala, "gaizkiaren hutsalkeria". Eichmannek aukera izan zuen bere ekintzen ondorioei buruz hausnartzeko, baina ez zuen hori egin. Aginduei jarraitu besterik ez zuela egiten pentsatzen zuen, eta ez zuen zalantzan jarri bere jardunaren ondorioak.
Arendten ustez, Holokaustoa ez zen gertatu Hitler eta bere agintarien krudeltasunagatik soilik, baizik eta, batez ere, pentsatzeko eta hausnartzeko gaitasun falta izan zuelako jende askok. Masa desideologizatu baten hutsalkeriak eta pentsamendu kritikoaren gabeziak ideologia nazia indartu zuen, eta horrek eragin zuen sarraskien normalizazioa. Horregatik, Arendten ustez, totalitarismoari aurre egiteko modu onena demokrazia parte-hartzailea da. Bertan, elkarrizketa eta erantzukizuna sustatzen dira, eta hori da, bere ustez, gizarte justu eta kontziente baten oinarria.
SIMONE DE BEAUVOIR
Zer da emakumea izatea?
Simone de Beauvoirren Bigarren sexua feminismoaren funtsezko erreferentzia da. Bertan, emakumeek beren burua definitzeko duten eskubidea aldarrikatzen du, askatasuna gizakiaren oinarria dela defendatuz. Beauvoirren arabera, emakume izatea ez da ezaugarri biologiko bat, baizik eta gizarteak inposatutako eraikuntza kulturala. Nahiz eta eskubide politiko batzuk izan, emakumeek menpekotasunean jarraitzen dute, gizonek definitutako roletara behartuta.
Emakumea "Bestea"
Liburuan, Beauvoirrek hainbat diziplina aztertzen ditu, emakumeak nola ikusi izan diren ulertzeko. Historikoki, gizona izan da subjektu aktiboa, egia-iturritzat hartua, eta emakumea "bestea" bihurtu da, objektu gisa tratatua. Ondorioz, emakumearen askatasuna mugatua izan da beti, eta kultura patriarkalak txikitatik moldatu du, gizonek diseinatutako "emakume-eredu" batera egokitzeko. Horren ondorioz, Beauvoirrek argi uzten du hori ez dela biologikoa, kulturala baizik.
"Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da"
Bigarrenean, Beauvoirrek esaldi ospetsu bat plazaratzen du: "Ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iristen da." Horrekin, azpimarratzen du emakumearen egoera ez dela determinazio biologiko baten emaitza, baizik eta hezkuntzak eta gizarteak eraikitako rolen ondorioa. Bereziki, emakumeen sexualitatea aztertzen du, familia eta ezkontza botere-harremanen esparru gisa ulertuz. Etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeei esleitzea paradoxa bat da: espazio publikotik baztertzen dituzte, baina gizartearen erreprodukzioa euren esku uzten da. Amatasuna ere morrontza moduan aurkezten du, eta horregatik, abortuaren eta kontrazepzioaren alde egiten du, emakumeek beren gorputzaren eta bizitzaren gaineko kontrola izan dezaten.
Berdintasuna eta Askapena
Azkenik, Beauvoirren helburua sexuen arteko berdintasuna sustatzea da, harreman hierarkikoak deseginez. Emakumeen benetako askapenerako, ezinbestekotzat jotzen ditu independentzia ekonomikoa eta borroka kolektiboa, emakumeek beren etorkizuna autonomiaz erabaki ahal izan dezaten.
Ideia Feministen Garapena Ilustraziotik XXI. Mendera
Feminismoa pentsamendu korronte bat da, emakumezkoen diskriminazio historikoa abiapuntutzat hartuz, pertsonen arteko eskubide berdintasuna aldarrikatzen duena. Historian zehar, hainbat pentsalari eta mugimenduren ekarpenekin aberastu da.
Lehen Urratsak (XVIII-XIX mendeak)
Lehen urratsak XVIII. mendearen amaieran eman ziren, Olympe de Gouges eta Mary Wollstonecraft pentsalarien eskutik. Hauek ilustratuen berdintasun politikoaren aldarriak gizon zuri, burges eta heterosexualetara mugatzen zirela salatu zuten. XIX. mendean, AEBetako emakume talde batzuek "Neurritasunaren mugimendua" abiatu zuten, alkoholaren aurka eta bizitza publikoan emakumeen parte-hartzea sustatuz.
Mugimendu sufragistek emakumeen eskubide politikoak aldarrikatu zituzten XIX. mendearen bigarren erdialdetik Lehen Mundu Gerra bitartean. Lucretia Mott bezalako aktibistek botorako eskubidea aldarrikatu zuten. Hala ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean, emakumeak etxera bueltatzera bultzatu zituzten.
Bigarren Olatuan (XX. mendea)
1949an, Simone de Beauvoirrek Bigarren sexua argitaratu zuen, emakumeen zapalkuntza gizarteak ezarritako rolen bidez ere gauzatzen zela azalduz. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Betty Friedanek etxekoandrearen rola kritikatu zuen, eta feminismo erradikalak heteropatriarkatua salatu zuen. Kate Milletten pentsamenduek "pribatua politikoa dela" azpimarratu zuten, eta "nire gorputza nirea da" lelopean emakumeen gorputzaren jabetza aldarrikatu zen.
Aniztasuna eta Intersekzionalitatea
1980ko eta 1990eko hamarkadetan, feminismoak erakundeen androzentrismoa eta familia tradizionala botere tresna moduan salatu zituen. Angela Davis bezalako pentsalariek feminismoaren aniztasuna jorratu zuten, diskriminazio mota ezberdinak uztartuz. Gaur egun, feminismoa gero eta intersekzionalagoa bihurtu da, diskriminazio mota guztiak desagerrarazteko helburuarekin.
LABURPENAK
1. Eichmannen Hutsalkeria
Hannah Arendt, Eichmann Jerusalemen, "Post Scriptum".
Arrazoimenik erabili gabe jokatu zuelako bihurtu zen Eichmann hiltzaile, ez ergela zelako edota deabruzko izaera zuelako. Hori da gaizkiaren hutsalkeria: bere ekintzen gaineko hausnarketa faltagatik krimen latzenak egitera iristea. Arriskutsuagoa izan daiteke hutsalkeria hori, naturaz gaiztoa den pertsona bat baino.
2. Hausnarketa Falta eta Aginduak
Hannah Arendt, Eichmann Jerusalemen, Post Scriptum.
Arendtek gaizkiaren hutsalkeriaren kontzeptua azaltzen du, Eichmann Macbeth, Iago edo Ricardo III.arekin ezin dela alderatu aipatuz. Izan ere, dio Eichmannek ez zuela horiek bezala gaizki jokatzeko motibaziorik. Eichmannek benetan sinesten zuen ez zela ekintza horien erantzule, berak aginduak soilik betetzen zituelako. Hausnarketa faltaren ondorioz gobernuen aginduetara geratu zen, gaizkiaren hutsalkerian eroriz.