Fernando VII.aren Ondorengotza eta Liberalismoaren Ezarketa

Historia10,51 KB

Fernando VII.a seme barik hil zen, eta Felipe V.ak (Espainiako lehen errege borboiak) ezarritako Lege Salikoaren arabera, emakumeak ezin ziren erregearen ondorengo izan. Beraz, lege horren arabera, Karlos Maria Isidro infantea (Fernando VII.aren anaia) izan behar zen erregearen ondorengoa.

Dena den, 1830ean Fernando VII.a Maria Kristina Napolikoarekin ezkondu, eta hau haurdun geratu zen. Urte horretan, Fernando VII.ak Berrespen Pragmatikoaren bidez Lege Salikoa debekatu zuen, eta emakumeei erregina izateko eskubidea aitortu zien. Honek bi talde sortu zituen:

  • Karlistak: Absolutismo monarkikoaren aldekoak eta Karlos infantearen aldekoak.
  • Liberalak: Isabelen alde jarri ziren, Maria Kristina erreginaordearen agintaldian esku hartzeko aukera gehiago ikusten zutelako.

Fernando VII.a hil zenean (1833), karlistak matxinatu ziren. Gainera, Isabel II.a adingabea zenez, erregetza Maria Kristina erreginaordearen (1833-1840) eta Baldomero Espartero jeneral erregeordearen (1840-1843) esku egon zen. Garai honetan finkatu ziren Espainian estatu liberalaren oinarriak, eta abian jarri ziren zentralizazio politikoa eta administratiboa, baita batasun juridikoa ere. Ideologikoki, zatiketa eman zen liberal progresisten eta moderatuen artean.

Liberalen Ideologiak

Liberal moderatuek koroak botere handia izatea babesten zuten eta sufragio murriztu baten alde zeuden, hau da, aberatsek soilik politikan parte hartzearen alde. Absolutismoaren aldeko zenbait alderdi babesten zituzten; hala nola, katolizismoaren nagusitasuna eta pribilegiatuen lur jabetzak.

Liberal progresistek, ordea, Cadizko konstituzioaren aldekoak ziren, eta erreforma ekonomiko, sozial eta politiko sakonak proposatu zituzten, baita inoiz iraultzaileak ere. Monarkiaren boterea mugatu nahi zuten, parlamentua indartu eta Estatu laikoa ezarri. Ekonomiari dagokionez, industrializazioa eta trenbideen eraikuntza sustatu nahi zituzten.

Milizianoek progresistek Espartero jenerala erregeorde izendatzeko eskatu zuten, eta 1840ko urrian Maria Kristinaren abdikazioa gertatu zen.

Maria Kristinaren Erreginaordetza (1833-1840)

Maria Kristinaren erreginaordetzan areagotu zen liberalismoaren barruko ideologien zatiketa: progresisten eta moderatuen arteko banaketa. Bi talde horiek noiz izan zuten boterea eta beraien ekintzak ikusiko ditugu.

Karlistada zela eta, 1833an Maria Kristinako gobernu kontserbadorea osatu behar izan zuen Francisco Cea Bermudez buru zela. Baina, liberalen eta armadaren presioak zirela eta, 1834ko urtarrilean gobernu moderatua ezarri zuen, Francisco Martinez de la Rosa buru zela. Moderatuen zeregin nagusia 1834ko Errege Estatutuak idaztea izan zen. Errege Estatutuak bidea zabaldu zion monarkia konstituzionalari, absolutismoaren eta Erregimen Zaharraren gainbehera ekarriz.

Liberal progresistak matxinada eta altamenduez baliatu ziren gobernura iristeko eta neurri iraultzaileagoak ezartzeko. Mugimendu hau 1836ko abuztuan iritsi zen gorena, La Granjako altxamenduarekin. Maria Kristinako gobernu progresista Calatrava buru zela ezarri zen, eta Mendizabal Ogasunaren buru. Haiekin hasi zen iraultza liberala eta hauek izan ziren neurri esanguratsuenak:

  1. Mendizabalen elizaren desamortizazioa.
  2. 1837ko konstituzioa.

1837ko hauteskundeetan moderatuek irabazi, baina 1840an udalaren lege zentralista ezarri zuten, eta Maria Kristinaren eta moderatuen gainbehera ekarri zuen.

Esparteroren Erregeordetza (1840-1843)

Esparterok jarraipena eman zion progresisten bateratze eta zentralizatze prozesuari, eta elizaren ondasunak saltzen eta Milizia Nazionalaren boterea sendotzen jarraitu zuen. Oso politika autoritarioa egin zuen, bai progresisten bai moderatuen oposizio gogorra ekarriz. Ondorioz, Maria Kristinaren aldekoen matxinada eta hirietako altxamenduak gertatu ziren. 1843an erbestera ihes egin behar izan zuen.

Isabel II.aren Erreginaldia (1843-1868)

Bere erreginaldian behin betiko finkatuta gelditu zen estatu liberala, zentralista eta joera moderatukoa, nekazaritza eta finantza arloko oligarken interesen aldekoa. Alderdi liberal moderatua izan zen agintean 1854-1856 izan ezik, progresisten esku egon baitzen.

Isabel II.aren erreginaldiaren lehenengo hamarkadan liberal moderatuak egon ziren agintean, eta estatu liberal moderatu, zentralista eta katolikoa sendotu ziren. Ramon Maria Narvaez nabarmendu zitekeen agintarien artean. 1849an, gobernu moderatuaren kontrako progresista ezkertiarrenek Alderdi Demokrata sortu zuten. Kritikak:

  • Gobernu oso moderatua eta errepresiboa.
  • Gizonaren eskubideen aitorpen zabala, biltzeko eta elkartzeko askatasuna eta gizonezkoen sufragio unibertsala eskatzen zituzten.

1846-1849 bitartean II. Karlistaldia (Katalunian) izan zen. 1852an Juan Bravo Murillok Konstituzio proiektu atzerakoi bat aurkeztu zuen, gobernuaren kontrakoen oposizioa areagotuz. Oposizio bizia egon zen, eta dimititu behar izan zuen Bravo Murillok. Ondoren sortutako gobernuek ez zuten egonkortasun politikorik izan. 1854an, Antonio Cánovas del Castillok Manzanaresko agiria idatzi zuen, erreforma erradikalagoak eskatuz.

Iraultzak egin zituzten progresistek, demokratek eta errepublikarrek, eta matxinada erradikalak egin zituzten hainbat hiritan (Madril, Bartzelona, Sevilla eta Bilbon), eta Batzorde iraultzaileak eratu. Gizarteko asaldura ikusita, Isabel II.ak Esparterori agindu zion gobernura itzultzea.

Urte gutxitan, garrantzi handiko ekimenak egin zituzten legegintzan, administrazioan, ekonomian eta finantzetan. 1856ko Konstituzioa idatzi zuten, lehen banketxeak sortu (Banco de Bilbao, Banco de Santander) eta trenbidearen legea onartu zen. 1856an Esparterok dimititu zuen, eta O’Donnell jarri zuen erreginak boterean, moderatuak eta progresismoaren sektore kontserbadoreenak gobernuaren kide eginez, moderantismo ziklo berria hasiz. O’Donnell eta Narvaez txandaka egon ziren gobernuan 1856-1858 bitartean. 1858-1863 bitartean Batasun Liberala alderdi zentrista berriak kontrolatu zuen gobernua. 1863tik aurrera, moderatuek berreskuratu zuten agintea. Europan 1866an hasitako krisi ekonomikoak kiebra eta hornidura krisiak eragin zituen eta horrek egoera politiko eta sozial liskartsua gehiago okertu zuen. Gobernuak gogor zapaldu zituen erregimenaren kontrako gizarte protestak eta militarren matxinadak.

Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)

1868ko Iraultzarekin, La Gloriosa, liberalismo demokratikoa ezarri zen Espainian, 1874 urtera arte. Alderdi politikoen zatiketak, eta karlistek eta kantonalistek armen bidez egindako oposizioak, eredu demokratiko berriaren porrota ekarri zuen. Juan Bautista Topete Cadizen matxinatu zenean hasi zen. Zenbait militarrek jarraitu zioten eta baita zenbait progresista, demokrata, errepublikar eta unionistek ere. Hirietan batzorde iraultzaileak eratu ziren, joera errepublikarrekoak eta demokratikokoak. Armadak Alcoleako Gudua galdu eta Isabel II.ak herrialdetik alde egin behar izan zuen.

Gobernu iraultzaileak neurri batzuk bultzatu zituen:

  • Inprimatzeko, elkartzeko eta biltzeko askatasuna eta irakaskuntza askatasuna erabat finkatzeko.
  • Gizonezkoentzako sufragio unibertsala ezartzeko.
  • Gorte Konstituziogileak biltzeko.

Pezeta eta sistema hamartarra ezarri ziren.

Aurkako oposizioan partaide batzuk zeuden: errepublikarrak, kolonietako independentzia (1868an matxinadak hasi ziren Kuban eta Puerto Ricon independentziaren alde), eta karlistak.

Amadeo I.a Saboiakoaren Erregealdia (1871-1873)

Ezin izan zion aurre egin erregimenaren kontrako oposizioaren indar gero eta handiagoari, alderdien barneko zatiketei:

  • Progresista moderatuak eta erradikalak.
  • Errepublikarren artean unionistak, federalistak eta intrantsigenteak (azken hauek erregimen monarkikoa indarrez suntsitzea eta agintea hartzea proposatzen zuten).
Lehen Errepublika (1873-1874)

Erregeak abdikatu ondoren, Gorteek, Nazio Biltzarrean bilduta, Errepublika aldarrikatu zuten. Espainiaren historiako lehenengo erregimen errepublikarrak 1874. urtera arte iraun zuen.

Errepublika Federala

1873an, Pi i Margall lehendakari zela, Konstituzio federalerako egitasmo bat aurkeztu zuten; egitasmo horrek subiranotasuna herriak zuela zioen, botere banaketa arautzen zuen, eta eskubide guztiak eta federalismoa aitortzen zituen. Elizaren eta Estatuaren arteko zatiketa ere adierazten zuen, eta, deszentralizazioaren bidean, autonomia handia aitortzen zien probintziei.

Errepublikarren arteko zatiketa gero eta nabarmenagoa zen; hirietara zabaldu zuten iraultza kantonala. Bitartean, greba orokorrak egiten ari ziren langile anarkistak Bartzelonan eta Valentzian, eta Euskal Herrian, Katalunian eta Castellonen gerra karlista zabaltzen ari zen. Pi i Margallek dimisio eman behar izan zuen 1873ko uztailean.

Errepublika Unitaria

Nicolas Salmeron izendatu zuten Errepublikako lehendakari. Errepresio gogorra erabili zuen, armadaren eta Guardia Zibilaren bidez, fronte karlistaren aurrerapena eta kantonalismoaren zabalkundeari aurre egiteko. 1873ko irailean Emilio Castelarrek hartu zuen lehendakari kargua, errepublikar unitarioen adar kontserbadoreen burua zena. Manuel Pavíak estatu kolpea eman zuen 1874ko urtarrilean, eta Gorteak desegin zituen, Guardia Zibilaren bidez. Ondoren lehendakaritza Serranok hartu zuen.

Esperientzia errepublikar iraultzaileak zer ekarri zuen ikusita, Alfontso XII.aren alde jarri ziren gizarteko sektore asko (apaiztegia, armada, kontserbadoreak, moderatuak) eta lurjabe handiak, Antonio Cánovas del Castilloren inguruan batu ziren, Isabel II.aren semea Alfontso XII.a Espainiako errege izendatzeko. 1874an Alfontso XII.a Espainiako errege izendatu zuten.

Deskargatu

PDF Word HTML