Fernando VII.aren Erregealdia (1814-1833)

Historia3,73 KB

1813ko Valençayko Itunaren bidez Napoleonek koroa itzuli zion Fernando VII.ari.

Absolutismoaren Berrezarkuntza (1814-1820)

Fernando VII.ak koroa berreskuratu eta Espainiara itzuli zenean, absolutismoaren berrezarkuntza ezarri zuen. Babes handia jaso zuen; herritarrak kalera atera ziren ongietorria ematera. Elío jeneralak gidatzen zuen armadaren zati bat bere esanetara jarri zen, eta Cadizko diputatu absolutistek agiri bat idatzi zuten absolutismoa berrezartzeko eskatuz (Pertsiarren Agiria).

1814ko maiatzean, estatu kolpea jo eta bertan behera utzi zuen Cadizen egindako lana eta Konstituzioa. Horrenbestez, erregimen zaharra berrezarri zuen, pribilegioetan oinarritutako gizartea, non erregeak botere absolutua berreskuratu zuen. Erregimen zaharreko ezaugarriak honako hauek ziren:

  • Instituzioak
  • Zentsura
  • Jauntxoen agintea
  • Gremioak

Errepresio gogorra ezarri zen liberalen aurka, besteak beste, fusilatzeak eta erbesteratzeak. Militarrek pronuntziamenduak antolatu zituzten, gobernuaren aurkako altxamenduak.

Ekonomiaren aldetik, urte zailak izan ziren, krisi ekonomikoa baitzegoen. Bestalde, erregimen fiskal zaharra zela medio, zerga gutxiago jasotzen ziren, eta Amerikako merkatuak galdu egin ziren, bertako koloniak independizatzen hasi baitziren.

Riegok egindako pronuntziamenduak fruituak eman zituen; pronuntziamendu hori Espainiako gainontzeko lurraldeetara zabaldu baitzen, eta Fernando VII.a Konstituzioa onartzera behartuta ikusi zen.

Hirurteko Liberala (1820-1823)

Riegoren pronuntziamendua zela medio, 1812ko Konstituzioa indarrean sartu zen, erreforma liberalekin batera: adierazpen askatasuna, Inkisizioaren abolizioa eta jauntxoen agintearen murrizketa. Lehenengo neurri desamortizatzaileak agertu ziren (amortizatuta zeuden lurrak askatzea); zenbait komenturen ondasunak estatuaren menpe egotera pasa ziren.

Liberalen artean zatiketa gertatu zen:

  • Alde batetik, Asaldatuak zeuden; hauek aurrerakoiak ziren, erreformak muturreraino egiten zituzten eta erregearekin kontatu gabe.
  • Bestetik, Moderatuak zeuden; hauek ere erreformak egiten zituzten, baina poliki eta erregearen adostasunarekin.

Liberalen agintea amaierara iritsi zen. Absolutistak haserre zeudenez, nazioarteko potentzia absolutistei laguntza eskatu zieten, eta Veronako Kongresuan erabaki zen Espainia inbaditzea eta liberalen aurka egitea. Orduan, gobernu liberala garaitua izan zen.

Hamarkada Gaitzesgarria (1823-1833)

Fernando VII.ak berriro absolutismoa berrezarri zuen, baina errepresio gogorra ezarri zuen liberalen aurka. Zenbait aldaketa ere sortu ziren: erreforma fiskala egiteko saiakera eta gobernuaren aurrekontuak egiten hasi ziren. Ministro Kontseilua sortu zen.

Absolutistak zatitu egin ziren. Aldaketekin ados ez zeudenak Apostolikoak ziren; hauek muturreko absolutistak ziren eta Karlosen inguruan bildu ziren (Karlistak).

Ondorengotza Arazoa

1830. urtean, Fernando VII.a Maria Kristinarekin ezkondu zen. Hasiera batean ondorengorik ez zutenez, bere anaia Karlos izango zen tronua heredatuko zuena, baina urte hartan, Maria Kristina haurdun geratu zen. Garai hartan, Lege Salikoa zegoen indarrean, eta lege horrekin emakumeek debekatuta zuten koroa heredatzea. Fernando VII.ak Berrespen Pragmatikoa aldarrikatu eta legea indargabetu egin zuen.

1833. urtean, Fernando VII.a hil zen, eta Isabel erregina izendatu zuten. Baina Isabel adin txikikoa zenez, bere ama Maria Kristina izendatu zuten erreginaorde. Maria Kristina Karlosen aurka azaldu zen, Lehen Gerra Karlista hasiz. Liberal moderatuengan oinarritu behar izan zuen, eta horrenbestez, monarkia absolututik monarkia liberalera igaro zen.

Deskargatu

PDF Word HTML