Federico Echevarria: Protekzionismoaren Defentsa (1893)

Historia2,69 KB

Testuaren Izaera eta Testuingurua

Aztergai dugun testua lehen mailako testu historikoa da. Testu narratiboa da, protekzionismoaren aldeko hitzaldi edo diskurtso bat baita. Edukiari dagokionez, politikoa eta ekonomikoa da.

Datu Nagusiak

  • Egilea: Federico Echevarria, Bilboko enpresari industrial handia.
  • Hartzailea: Mitina entzun edo ondoren irakur zezakeen orori zuzendua, baina bereziki gobernuan zegoen Alderdi Liberalari.
  • Data: 1893ko abenduaren 9a.

Testuinguru Historikoa

Mitina Berrezarkuntza Garaian eman zen, Maria Kristinaren Erregeordetzan (1885-1902), Sagastaren gobernupean. Mitin honek Espainiako gobernuak neurri protekzionistak mantentzea bilatzen zuen.

Gai Nagusia eta Edukiaren Analisia

Testuaren gai nagusia Bizkaiko industria gizonek egiten duten protekzionismoaren aldeko defentsa da. Politika protekzionistak ez mantentzeak Bizkaiko eta Espainiako ekonomiari eragingo zizkion kalteen berri ematen digu testuak.

Protezionismoaren Aldeko Argudioak

Lehenengo paragrafoan, Echevarria enpresaria protekzionismoa mantentzearen alde agertzen da. Protekzionismoa ez mantentzeak ekar litzakeen ondorio tamalgarriak azalduko dizkigu. Bereziki, gobernu liberalak Alemaniarekin sinatzeko asmoa zuen hitzarmenari egingo dio erreferentzia, eta honek nolako eragin negatiboa izango duen Bizkaiko industrian.

Mehatxatutako Industriak

Babes-sistemarik ezean itxiko ziren Bilboko eta inguruko lantegiak izendatzen ditu Federico Echevarriak. Lantegi guztiak burdingintzaren arlokoak dira:

  • Labe Garaiak
  • Bagoi-lantegiak
  • Hodi-fabrikak
  • Eraikuntza metalikokoak

Lantegi horien guztien etorkizuna kolokan zegoen, ezin zirelako Alemaniako enpresekin lehiatu.

Hitz Dramatikoak

Echevarriak hitz dramatikoak erabiltzen ditu politika librekanbistaren ondorioak azaltzeko:

Tamalgarria, zoritxarra, hondamena, aurrekari zorigaiztokoa, gupidagabea...

Ondorio Ekonomikoak eta Eskaera

Alemaniaren eta Espainiaren arteko harreman ekonomiko berriek 1891ko Muga Zergen Legea ezabatzea zekarten, eta hori onartezina zen Bizkaiko industrialariarentzat, euren interesak defendatzen zituen legea baitzen. Jarraian, etorkizunean eman ahalko ziren inbertsio berrien galeraren berri ematen du, nahiz eta horien nondik norakoa argitzen ez duen.

Amaitzeko, politika protekzionistak ez mantentzeak Bizkaiko industriari ez ezik, Espainiako industriari ere kalte egingo diola azpimarratzen du, eta gobernuari politika protekzionistak mantentzeko eskaera irmoa egingo dio.

Deskargatu

PDF Word HTML