Euskal Nazionalismoaren Sorrera eta Bilakaera
Euskal Nazionalismoaren jatorria
Euskaldun askorentzat Foruen desagerpenaren ondoren etorri zena trauma bat izan zen. Beste askorentzat, Foruen desagerpenarekin Euskal Herria ere desagertzen hasiko zen: zerbitzu militarrarekin euskal mutilak erdalduko ziren, eskoletan kanpoko maisuak sartu ziren eta euskara debekatuta zegoen. Industrializazioaren ondorioak ere erabakigarriak izan ziren nazionalismoaren sorkuntzan, erdara eta ohitura berriak nagusitzen hasi baitziren eta askok euskal nortasunaren ezaugarriak arriskuan zeudela pentsatu zuten.
Sabino Aranaren pentsamendua karlismoaren eta foruzaletasunaren barnean eratu bazen ere, izaera erradikalagoa hartu eta independentismora jo zuen. Nazioaren kontzeptu sabindarra alemaniar erromantizismoan oinarritu zen; hau da, Bizkaia nazioa zen, nazio gisa mugatzen zuten ezaugarri nahikoa baitzuen.
Aranaren ideologiaren ezaugarriak
- Iragana idealizatzen zuen.
- Industriaren aurka zegoen, euskaldunen lan egiteko modu tradizionala desagertu egin zelako.
- Etorkinen aurka zegoen, horiek kanpotik ekartzen zutelako sozialismoa.
- Iragana goraipatzean, ohizko erlijiotasuna ere azpimarratzen zuen (Euskadi konfesionala).
Sabinoren ustez, nazio bat izateko, hurrengo ezaugarriak berdina izan behar ziren guztiontzat:
- Arraza: Euskal Herrian bizirik mantentzeko, euskal arrazaren garbitasuna mantendu.
- Hizkuntza: Arrazaren garbitasuna zaintzeko, euskara bultzatu beharra.
- Gobernua eta legeak.
- Izaera eta ohiturak.
- Nortasun historikoa: Euskal lurraldeak aske izan beharko ziren eta foruak berregin beharko lirateke.
Laburbilduz, Aranaren ideologia foruen, euskal arrazaren eta erlijioaren inguruan gorpuztu zen, haren lema JEL (Jaungoikua eta Legezarra) izanik.
Sabino Aranaren hiru etapa
1. 1893-1898: Erradikalismo independentista
Nazionalismoak izaera tradizionalista eta integralista zuen. Erlijio katolikoa eta arraza ziren euskal nazioaren oinarrizko zutabeak. 1893an Sabino Aranak bere ideologiaren oinarriak aurkeztu zituen. 1894an Euskeldun Batzokija deituriko elkarte politikoa sortu zuen eta 1895ean Bizkai Buru Batzarra sortu zen, EAJren enbrioia.
2. 1898-1902: Barne zatiketa
Euskalerria Elkarteko kideak sartzean, industrializazioaren eta liberalismoaren aurkako erasoak eta bere ezaugarri atzerakoienak malgutu zituen. 1898an Sabino Arana probintziako diputatu izendatu zuten eta une horretatik aurrera bi joera agerian izan ziren: independentzia eta autonomia (kontserbadoreak).
3. 1902-1903: Etapa españolista
Arana bizi zen urtean, buruzagi nazionalista prest agertu zen autonomiaren aldeko alderdi erradikal bat bultzatzeko eta alde batera utzi zuen independentziaren aldeko jarrera. Espainiako estatuaren batasunaren barruan ahalik eta autonomia handiena lortzen saiatuko zen, Liga de Vascos Españolistas antolatuz.
4. Post-aranismoa (1903-1931)
Sabino Arana hil zenean, erradikalismoa hein batean alde batera utzi zuen EAJk, eta aldaketa nabarmenak egin ziren alderdian, hainbat burges industrialari eta finantzari taldean sartzearekin batera. Orduantxe, bi jarrera bereizi ziren alderdiaren baitan:
- Sotatarrak: Ramon Sota industria gizona buru, liberal foruzale joerakoak eta autonomista moderatuak.
- Independentista-sabinianoak: Luis Arana buru, erabateko burujabetasuna eta euskara defendatzen zuten erradikalak.
Lehen Mundu Gerraren amaieran, nazionalismoak gora egin zuen. 1930ean bi adarrak elkartu ziren berriz, Bigarren Errepublika hasi aurretik. Bateratze hartatik taldetxo akonfesional eta nazionalista bat bereizi zen, EAE-ANV alderdia sortu zuena. Gaur egun, oraindik EAJren baitan bi joera ezberdin horiek nabarmen daitezke.