Euskal Nazionalismoaren Jatorria eta Garapena
Euskal Nazionalismoaren Jatorria eta Ezaugarriak
Euskal nazionalismoa XIX. mendearen amaieran sortu zen. Nazionalismo etnikoa izan zen, eta ez zen burgesia modernotik sortu, baizik eta industrializazioaren kontrako klase kontserbadoreetatik. Hasieran Bizkaitartasuna zeritzon, ondoren ideologia honek Euskal probintzia guztiak barne hartu zituen.
Bi pizgarri nagusi izan zituen: alde batetik, 1876ko Foruen galera; eta bestetik, industrializazioa, harekin batera atzerritarrak heldu baitziren Euskadira, batez ere Bizkaiara. Abertzaleek nekazal paradisua mantendu nahi zuten.
Bi erreakzio mota sortu ziren: batetik, Foruen galeraren ondoren Madrilekin euren onerako itun ekonomikoak adostu zituztenena (amore emanez); eta bestetik, tradizionalismoaren izenean Foruak osorik berreskuratzera jo zutenena. Azken hauek ez zuten onartzen gobernu zentralaren menpean egotea, eta gobernu liberal espainiarra ikusten zuten etsai bezala.
Sabino Aranaren Ideologia eta Printzipioak
Sabino Aranak mundu modernoaren aurrean defendatzeko modu bakarra Espainiarekiko edozein lotura haustea eta independentzia aldarrikatzea zela uste zuen. Horrela, laizismotik, etorkinetatik, industrializaziotik eta antzekoetatik babestuko zuen euskal gizartea.
Euskal Herria Europako herririk zaharrena zela aldarrikatu zuen, kutsatugabea, berezko ohitura, arraza eta hizkuntzarekin. Garrantzitsuena, Foruen defendatzaile eta erlijio kristauaren jarraitzaileak zirela azpimarratu zuen. Handik dator lehen euskal abertzaleen leloa: “Jainkoa eta Lagi Zaharrak”.
1894ko Programa Politikoa
1894an, Sabino Aranak programa bat osatu zuen, lau puntu garrantzitsu zituena:
- Euskaldunek hizkuntza, arraza, legeak, ohiturak, izaera eta nortasun historikoa partekatzen dituzte; beraz, Euskadi nazioa da.
- Nazio orok independentzia eskubidea du.
- Foruak eta Lege Zaharrak dira euskaldun guztientzat politika bakarra.
- Kapitalismoaren kondena, katolizismoaren desagerpena ekarriko baitu. Katolizismoa lege gorena da.
EAJren Sorkuntza eta Lehen Urratsak
1895ean Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) sortu zuen. Hasieran, oso erradikala zenez eta kontraesanez beterik zegoenez, ez zuen jarraitzaile askorik izan, soilki Bilboko burgesia kontserbadorea. Horregatik, oinarriak hedatu behar izan zituen burgesia modernoago eta industrialago baterantz.
De la Sotaren Eragina eta Alderdiaren Hedapena
Azken hauek nagusitu ziren alderdian, De la Sota ontzigile dirudun eta librekanbista buru zutela. Hark bere interes ekonomikoak eta alderdi politiko batenak bateratzen saiatu zen. Sabino Aranarekin negoziatu zuen, ideologia eraldatzeko eta independentziaren ordez autonomia aldarrikatzeko.
Dirua jarri zuen egunkarietan azaltzeko, propaganda egiteko eta abar, eta azkenean hauteskundetara aurkeztu eta alderdi handia eta eraginkorra lortu zuen. 1904an Euzko Gazteria sortu zen, eta honekin batera euskal abertzaleen biltokiak, batzokiak, sortu ziren.
EAJren Lehen Biltzarra eta Barne Liskarrak
1906an, Sabino Arana hil eta hiru urtera, EAJk lehen biltzarra egin zuen. Baina ezin izan ziren barneko bi sektoreen arteko liskarrak ezkutatu: alde batetik, kontserbadoreena, Luis Aranaren (Sabino Aranaren anaia) jarraitzaileena; eta bestetik, industria jabeena, De la Sotaren jarraitzaileena. 1907tik aurrera Angel Zabala buru izan zen, eta jarraitzaileen kopuruak gora egin zuen.