Euskal Nazionalismoaren Bilakaera eta Barne Tentsioak
Euskal Nazionalismoaren Hasierako Tentsioak
Sabino Arana hil ondoren, bi proposamen nazionalisten arteko tentsioak hasi ziren alderdiaren kontrola eskuratzeko:
- Aberritarrak edo lehenengo Aranistak: independentziaren aldekoak ziren, eta Aberri egunkaria zen beren komunikabidea.
- Euskalerriakoak edo Komunionistak: autonomistak ziren, eta Euskalduna astekaria zen beren ideiak zabaltzeko bitartekoa.
Alderdi Nazionalistaren Bilakaera (1905-1915)
Bi joeren artean elkarbizitza uneak eman ziren hasieran, eta hauteskunde emaitzen arabera bat edo bestek izan zuen alderdiaren kontrola. 1905eko udal hauteskundeetan, nazionalismoak Bilbon lortu zuen arrakastarekin batera, Euskalerriakoen tesiek irabazi zuten, independentziaren nahiak alde batera utziz. Baina 1908an Aberritarrak nagusitu ziren eta alderdiaren kontrola mantendu zuten 1915 arte.
Urte horietan, nazionalismoak barne egituraketa izan zuen:
- Batzarrak egin zituzten.
- Biltzeko tokiak eta sindikatu bat sortu (Solidaridad de Obreros Vascos, geroko Euzko Langileen Alkartasuna).
- Egunkari bat argitaratu (Euzkadi).
- Sinbologia nazionalista ezarri zuten (ikurriña, ereserkia, lauburua, etab.).
Beraz, alderdia finkatu egin zen eta afiliatu kopurua asko handitu zen, eta Gorteetarako hauteskundeetan arrakasta handia izan zuen. Halaber, nazionalismoa Gipuzkoan ere ezartzen ari zen.
Zatiketak eta Batasuna (1916-1930)
1916an, Euskalerriakoek alderdiaren kontrola berreskuratu ondoren, alderdiaren izena aldatu zuten Comunión Nacionalista bihurtuz. Baina 1919ko hauteskundeak galtzean, alderdiaren barneko tentsioak berpiztu ziren.
1921ean, Sabino Aranaren doktrina jarraitzen zutenak (Aberritarrak) alderditik kanporatuak izan ziren, alderdiaren doktrina ofiziala ez jarraitzeagatik. Horrela, bi alderdi sortu ziren:
- Comunión Nacionalista Vasca (Euskalerriakoak)
- Birsortutako EAJ (Aberritarrak)
Primo de Riveraren diktadurarekin (1923-1930), nazionalismoek jazarpen gogorra jasan zuten, eta erbestetik egin behar izan zituzten erregimenaren kontrako ekintzak. 1930ean, adar nazionalista biek berriro batzea erabaki zuten. Bergarako Batzarrean egin zen batasuna eta EAJ izenera bueltatu zen. Hala ere, talde batek batzarretik alde egin zuen, eta alderdi bat sortu: Euzko Abertzale Ekintza - Acción Nacionalista Vasca (EAE-ANV) hain zuzen. Alderdi berri honek planteamendu akonfesionala eta sozialismoarekiko hurbiltasuna azaltzen zuen.