Euskal Literatura: Prosa Didaktikoa eta Abentura Eleberria
Prosa Didaktikoa
Genero honen barruan, morala, erlijioa, zientzia eta horrelako gaiak irakastea helburu duten literatura-lanak sartzen dira. Garai eta herrialde guztietan aurki daitezke era askotako aholkuak edo irakaspenak ematen dituzten lanak.
Prosa Didaktikoa Euskaraz: Egileak eta Lanak
Euskal literatura idatzia oso berandukoa da, XVI. mendekoa, eta sorreratik bertatik helburu didaktikoek eragin handia izan dute bertan. Izan ere, herritarren kristau-heziketa izan da euskal idazle askoren helburua, eta hasiera-hasieratik doktrinak eta kristau-ikasbiderako eskuliburuak ugariak izan dira:
- Joanes Etxeberri, Manual Deboziozkoa (1627)
- Joan Tartas, Ontsa Hiltzeko Bidea (1666)
- Sebastian Mendiburu, Euskaldun Onaren Biziera (1762), eta abar.
Oraindik euskal literaturako maisulantzat daukagun Axularren Gero liburuak ere (1643) irakaspen moral bat eskaini nahi dio irakurleari, eta luzamendutan ibiltzeak eta egin beharrekoak gerorako uzteak egiten duen kalteaz dihardu.
Erlijioarekin eta moralarekin zerikusia duten liburuez gain, atsotitzak biltzen dituzten liburuak eta hizkuntzari zein haren edertasunari buruzkoak ere aurkitzen ditugu euskal literaturaren barruan. Lehenengoen artean Refranes y Sentencias (1596) eta Arnaut Oihenarten Atsotitzak eta Errefrauak (1657) daude; eta bigarrenen artean, berriz, Agustin Kardaberazen Euskararen Berri Onak (1761).
Zenbaiten ustez, euskaraz idatzitako lehen eleberria dena ere, Joan Antonio Mogelen Peru Abarka lana (1881), eleberri didaktikoa da.
Mogelen Peru Abarka
Jatorriz izenburu luzea du: El doctor Peru Abarca, Catedrático de la lengua bascongada en la Universidad de Basarte o Diálogos entre un rústico solitario bascongado y un barbero callejero llamado Maisu Juan.
Liburua Peru Abarka izeneko baserritar baten eta Maisu Juan izeneko kaletar barberu (sasimediku) baten arteko elkarrizketaz osatuta dago.
Elkarrizketa horien bidez, baserritarrak direla euskara-arloan maisu eta eredu beste guztientzat eta baserria dela euskararen habia irakatsi nahi die Mogelek beren burua jakintsutzat dutenei.
Abentura Eleberria
Sorrera eta Urrezko Aroa
Abentura-eleberria XVIII. mendean sortu zen, Britainia Handian. Estreinako abentura-eleberria Daniel Defoe izeneko ingeles idazlearen lumari zor diogu, Robinson Crusoe (1719). Haren garaikide izan zen Jonathan Swift, Gulliverren Bidaiak (1726) eleberriaren egilea.
XIX. mendean, erromantizismoaren eskutik ugaritzen hasi ziren abentura-eleberriak. Garai horretakoak dira:
- Alexandre Dumas frantses egilearen Hiru Mosketariak (1844) eta Monte Cristoko Kondea (1844-46).
- Emilio Salgari italiarraren, Sandokan (1895).
- Rudyard Kiplingen Kapitain Bulartsuak (1897).
- Robert Louis Stevensonen, Altxor-uhartea (1883).
Abentura-Kontakizunen Ezaugarriak
Ezaugarri orokor hauek dituzte:
- Ekintza ugari ageri dira, arriskuak, gertakari ugari.
- Kontaketaren erritmoa arina izan ohi da eta tentsio-une ugari daude.
- Abentura-lekuak urrunekoak eta exotikoak izaten dira.
- Pertsonaia nagusia adoretsua da eta berehala jartzen gara haren alde.
Abentura-Eleberria Euskaraz
Gainerako literatura-genero modernoekin gertatu den bezala, 1980tik aurrerakoak ditugu abentura-eleberriak euskaraz. Itzuli diren literatura unibertsaleko klasikoez gain, euskaraz idatzitako jatorrizko lanak asko izan dira hamarkada hauetan.
Genero hau landu duten idazleen artean:
- Mertxe Olaizola, Nire Ibilaldiak (1982)
- Arantxa Mendieta, El Doradoren Bila (1989)
- Aitor Arana, Afrikako Semea (1991)
- Txiliku, Indianoa (1993)
- Aingeru Epaltza, Lur Zabalean (1994)