Euskal Literatura: Atsotitzak, Baladak eta Iparragirre
Atsotitzak: Herri-filosofiaren bilduma
Atsotitzak herri-filosofiaren bilduma direla esan izan da. Edukian trinko eta aberatsak izaten dira: bizitzak, heriotzak, lanak, eguraldiak, izaerak eta abarrek dute isla atsotitz edo errefrauetan. Pentsakeraren berria jasotzen dute.
Forma eta baliabide literarioak
Formari dagokionez, bi ezaugarri nabarmentzen dira:
- Laburrak izaten dira.
- Memoriari laguntzeko: hoskidetasuna, erritmoa, kontrastea, paralelismoa, korrelazioa eta beste baliabide literario batzuk erabiltzen dituzte.
Baliabide nagusiak
- Hoskidetasuna: Bukaera berdinak lotura logiko baten ildoan jartzen gaitu.
- Korrelazioa: "Nola(ko)…hala(ko)" horiek kausalitatearen aitorpena dira.
- Kontrastea: Ideiak nabarmenago ageri zaizkigu kontrastean.
Baladak edo erromantzeak
Gertaeren kontaketan oinarritzen dira eta epika deritzon sailean sartzen dira. Ez dira gertaera historikoak soilik kontatzen; badira asmaketak, sentimenduen adierazpenak eta elkarrizketaz emandako sailak ere. Oroimena izan dute euskarri, metrikak eta kantatu izanak asko lagundu dute memorian gordetzeko. Balada beraren bertsio bat baino gehiago jaso izan dira.
Baladen sailkapena
- Eredu epikoa (XV. eta XVI. mendeak): Gudu-gertakariak, buruzagi eta jauntxoen ekintzak. Garaiko kronikatzat har daiteke.
- Eredu epiko-lirikoa (XVII. mendea): Kontaera dute oinarri, dramadunak dira, hau da, elkarrizketaz emanak. Ezin dira kronikatzat hartu.
- Eredu lirikoa (XVII. mendea): Herri-poesian ugariena, lirika huts bihurtu da kasu gehienetan. Gaiak sinbolo bidez emanak datoz eta elkarrizketa bidez agertzen dira. Amodioa dute ia gai bakarra.
Jose Maria Iparragirre (1820-1881)
Bizitza eta ibilbidea
Urretxun jaio eta Madrilera aldatu zen. 13 urterekin Euskal Herrira itzuli zen eta karlisten aldeko borroketan parte hartu ondoren, atzerrira alde egin behar izan zuen. Atzerrian Caroline Ruprez abeslari soprano frantsesaren babesa izan zuen. Frantsesa ikasteaz gain, olerkari frantsesen lanak irakurtzeko eta musika eta kantu ikasketak egiteko aukera ere izan zuen.
1852an Euskal Herrian zen berriz ere. Orduan kantatu zuen lehen aldiz Gernikako Arbola, Madrilgo kafetegi batean. Euskal Herrian ere egin zituen hainbat kantu-saio, gobernukoak aztoratu, epaitu, espetxeratu eta kanpora bota zuten arte.
Artzain eta tabernari aritu zen Argentina eta Uruguay aldean, zortzi seme-alaba aurrera ateratzeko. Miresten zuten lagunek Euskal Aldundietatik diru-laguntza lortu zioten. Euskal Herrira itzuli zen familiakorik gabe eta pulmoniak jota hil zen.