Euskal Herriko Langile Mugimendua eta Nazionalismoa (1890-1930)
testua: Langile-mugimenduaren bilakaera eta sozialismoa
Amaitzeko, La lucha de clases astekarian agertutako artikuluaren garrantzia nabarmendu behar da (1896-05-23). Testu esanguratsua izan zen Espainiako estatuan 1868. urtetik aurrera sortu zen langile-mugimenduak zer-nolako indarra bereganatu zuen ulertzeko.
Lehenik, gogora ekarri nahi da zenbait langile-mugimendu eratu zirela Euskal Herrian XX. mendearen hasieran:
- Alde batetik, arrakasta gutxi eduki zuen anarkismoa.
- Beste aldetik, Perezagua buru izan zuen komunismoa (arrakastatsua, langile erradikalenak sozialismotik banandu ondoren).
Gauzak horrela, gatazkak gora egin zuen industria-eremuetan XX. mendean zehar, batez ere Perezaguaren erradikalismoaren eraginez. Aipatu behar da gertakari horiek abertzaleen erantzuna ekarri zutela. Euskal nazionalismoak Solidaridad de Trabajadores Vascos (STV, egungo ELA) izeneko sindikatua sortu zuen, abertzaleen eta Elizaren gizarte-doktrinaren barruan langile euskaldunak batzeko. Abertzaleen ustez, sozialismoa immigranteen ideologia arrotza zen, eta Euskaditik aldendu behar zuen.
1915. urtetik aurrera, Perezaguaren erradikalismoa alde batera utzi, eta Indalecio Prietok bultzatutako politika moderaturantz egin zuen sozialismoak. Sozialisten eta errepublikanoen arteko aliantza ahalbideratu zuen norabide-aldaketa horrek, eta lehia elektorala bihurtu zen borroka egiteko bide nagusia, greba ordezkatuz.
Lan-baldintzen okertzea eta diktadura
Bigarrenik, agertu behar da langileen lan-baldintzak okertu zirela Lehen Mundu Gerraren garaian eta 1921eko krisiarekin. Ugazabentzat bukatu egin ziren gerra garaian lortutako etekin handiak, eta eguneroko kontu bilakatu ziren langileen kaleratzeak eta soldata-jaitsierak. Era berean, ezin da ahaztu anarkismoa ilegalizatu eta desagertu zela Primo de Riveraren diktaduran. UGTk diktadurarekin elkarlanean jardun zuen, lehen urteetan bereziki. Gertaera horiekin guztiekin, PSOEk garrantzi eta pisu handia lortu zuen, eta, ondorioz, Bigarren Errepublikako alderdi nagusietako bat bilakatu zen.
testua: Nazionalismoaren bilakaera eta EAJren zatiketa
Bukatzeko, Euskeldun Batzokijaren Estatutuak (1894) lanaren garrantzia nabarmendu nahi da, eta agerian utzi nahi da EAJren bilakaera Sabino Arana hil eta gero.
Lehenik, aipatu behar da 1907tik aurrera bi joera bereizi zirela alderdi barruan:
- Aberritarrak: Independentziazaleak (Luis Arana, Angel Zabala...).
- Euskalerriakoak: Autonomistak (Ramon de la Sota).
1916an, autonomisten gehiengoarekin, alderdiak Comunión Nacionalista Vasca (CNV) izena hartu zuen. Ordutik aurrera, autonomia lortzea izan zen aldarrikapen nagusia, eta oso emaitza onak lortu zituzten hauteskundeetan; Bizkaiko sei barrutietatik bostetan atera ziren garaile.
Zatiketa, diktadura eta ANVren sorrera
Bigarrenik, azpimarratu behar da alderdiaren bi joerak azaleratu zirela azkenean. Hala, zatiketa gauzatu zen 1921ean. Bereizitako erradikalek EAJ birsortu zuten, eta independentziaren aldeko diskurtsoari heldu zioten berriz. Halere, ekintza politikoa galarazi zen Primo de Riveraren diktaduran; hortaz, kultura-arloan jardun behar izan zuen nazionalismoak. Eusko Alderdi Jeltzaleak gogor egin zion aurre Espainiako gobernuari urte horietan, eta, ordainetan, itxi egin zituzten batzokiak.
CNVren inguruan elkartutako sektorea, ostera, pragmatikoa eta toleranteagoa izan zen. Argitu behar da bi alderdiok berriz elkartu zirela Eusko Alderdi Jeltzalea izenarekin (EAJ) diktadura bukatu ondoren (1930). Bestalde, urte berean, nazionalisten sektore akonfesionalek ez zuten lekurik aurkitu alderdian, eta Eusko Abertzale Ekintza (ANV) sortu zuten: errepublikazalea, independentista, laikoa eta arrazismoaren aurkakoa.
testua: Sozialismoaren sorrera eta Bizkaiko meatzariak
Bukatzeko, El intruso eleberriaren pasartearen garrantzia nabarmendu behar da. Lehenik, agertu behar da zertarako sortu zen langile-mugimendua: Bizkaiko meatzeetan ziharduten langileen lan- eta bizi-baldintza negargarrien aurka egiteko eta haien eskubideen alde borrokatzeko.
Mugimendu horrek itzelezko arrakasta eduki zuen Bizkaiko langileriaren artean; asko lagundu zuen, seguruenik, leku berean hainbeste langile pilatuta bizitzeak. Gauzak horrela, meatzarien elkarteak eratu ziren, eta ekintzak zein grebak antolatzen hasi ziren.
Ideia sozialisten hedapena
Bigarrenik, agerian utzi behar da ideia sozialistak azkar zabaldu zirela: Facundo Perezaguak Bizkaiko Agrupación Socialista sortu zuen (1886), eta mendearen bukaerarako 100.000 jarraitzaile elkartu zitzaizkion Ortuella, Sestao eta Trapagarango meategi inguruetan. Bide beretik, La lucha de clases aldizkaria argitaratu zen 1894an. Bestalde, euskal sozialismoaren erradikalismoari aurre egiteko, Euskal Langileen Alkartasuna (Solidaridad de Trabajadores Vascos) izeneko sindikatu abertzalea agertu zen.
testua: Ekonomia, protezionismoa eta oligarkia
Amaitzeko, aztertu den testuaren garrantzia nabarmendu behar da. Lehenik, ekonomia-arloari erreparatu behar zaio: truke askeak ezin izan zuen biderik egin eta ituna ez zen izenpetu. Eutsi egin zitzaion 1891ko Zerga Legeari, eta indartu egin zen 1896an neurri protezionista berrien bidez.
Protezionismo horri esker, Espainiako ekonomiak gora egiten jarraitu zuen. Bizkaia bilakatu zen Espainiako burdingintzaren gunerik garrantzitsuena, hazkunde ikaragarria ezagutu baitzuen. Ondorioz, beste industria batzuk ere hazi ziren: ontzigintza, kimika eta metalgintza. Nolanahi ere, Bizkaiko burdingintza Zerga Legearen eta neurri protezionisten mende bizi zen, horrek ziurtatzen baitzuen Espainiako barne-merkatua.
Oligarkiaren botere politikoa
Bigarrenik, politika hizpide hartuta, hauxe azpimarratu behar da: oligarkiak herri-erakundeak hartu zituen mendean, aberastasun ekonomikoak emandako aginpidea eta Errestaurazioak eskainitako bermea baliatuta. Gobernua protezionismoaren alde egon zen beti, eta, trukean, Bizkaiko oligarkiak laguntza eman zion Errestaurazioaren sistemari.