Euskal Herria: Errepublika, Gerra Zibila eta Industria Garaia
Bigarren Errepublika, Autonomia Estatutua eta Gerra Zibila Euskal Herrian
1931ko Hauteskundeak eta Autonomiaren Bidea
1931ko apirilaren 12ko hauteskundeek Errepublika ekarri zuten. Euskal Herriko hiri industrializatuetan errepublikano-sozialistek lortu zuten garaipena, baina Gasteizen eta Iruñean monarkikoek. Hala ere, Euskadiko nazionalistak eta karlistak ez ziren Errepublikaren guztiz aldekoak (Donostiako Ituna ez zuten sinatu, 1930), ezta guztiz kontrakoak ere; baina Errepublikaren jarrera antiklerikalaren kontra zeuden.
1931ko udal hauteskundeetan, Euskal Herrian eskuineko alderdiek irabazi zuten: EAJ izan zen nagusi, eta Tradizionalistek (Karlistek) indar gehien izan zuten Araban eta Nafarroan. Hirigune industrializatuetan, aldiz, sozialistak eta errepublikazaleak izan ziren nagusi. Euskadiko Alderdi Komunista 1935ean sortu zen eta 1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrarekin batera aurkeztu zen. CNTko anarkistek ez zuten ia indarrik.
Foruak abolitu zirenetik (1876), euskal nazionalistek Autonomia Estatutuaren eskaera egin zuten. Hura lortzeko prozesua zailtasunez beteta egon zen. EAJ izan zen autonomiaren bultzatzaile nagusia eta hasieran tradizionalistekin bat egin zuen, honek errepublikar-sozialisten errezeloak piztu zituen.
1931ko Konstituzioak autonomiak onartzen zituen, udalek, herritarrek eta Gorteek onartu eta gero. Orduan, Jose Antonio Agirre (Getxoko alkatea) buru zutela, EAJko zinegotziek ekin zioten autonomiaren aldeko mugimenduari. Momentu honetan, errepublikarrak proiektuaren kanpo geratu ziren.
Agirrek eta beste alkateek Errepublika onartu zuten eta gobernuarekin elkarrizketak egin zituzten. Horrela sortu zen Euskal Herriko alkateen batzorde bat (hiru euskal probintziak eta Nafarroa) eta Eusko Ikaskuntzari estatutu-proiektu bat egiteko eskatu zioten. Proiektu hura (Lizarrako Estatutua) 1931ko ekainaren 14an aurkeztu zen. Vatikanoarekin konkordatu bat negoziatzeko ahalmena eskatu zen, eta hau onartezina izan zen ezkerreko alderdientzat, eta ez zuten Gorteetan onartu.
Autonomia Estatutuaren Prozesuaren Zailtasunak
Hurrengo proiektua diputazioetako batzar kudeatzaileei egiteko eskatu zitzaien, haiek ezkertiarrak baitziren. EAJk bai onartu zuen, baina indar katolikoek (karlistek) ez. Hortik aurrera, nazionalistak eta Nafarroako karlistak behin betiko banatu ziren. Batzorde horrek bi testu aurkeztu zituen: Nafarroak lehenengoa ez zuen onartu eta bigarrenetik kanpo geratu zen. Proiektu hura Lizarrako Estatutua baino demokratikoagoa zen eta 1933an onartu zuten udalek eta herritarrek. Baina momentu horretan eskuina zegoen Espainiako gobernuan, eta haiek autonomien aurka zeuden. Ezezkoa eman zioten proiektuari.
1933ko Hauteskundeak eta Fronte Popularraren Sorrera
1933ko hauteskundeetan, eskuineko alderdiek irabazi zituzten eta gobernu berriak aldez aurretik egindako erreformak geldiarazi zituen. Euskal Herrian errepublikazale ezkertiarrek eta sozialistek beheraldi handia jasan zuten, eta EAJ bihurtu zen lehen indar parlamentario Bizkaian eta Gipuzkoan. Araban eta Nafarroan, aldiz, Karlistak. EAJ eskuindar gobernuarekin akordio bat lortzen saiatu zen, baina ezinezkoa zenez, ezkerreko alderdietara hurbiltzen hasi zen.
1934ko gatazkaren ondoren (Kontzertu Ekonomikoen aurkako neurriak), nazionalistak guztiz banatu ziren eskuineko indarretatik eta errepublikar-sozialisten aldera hasi ziren lerratzen. Urte bereko urrian mugimendu iraultzailea gertatu zen. EAJk ez zuen zuzenean parte hartu, baina haren aldeko langile askok bai. Zenbait hildako eta hainbat kartzelaratu egon ziren. Momentu horretatik aurrera, Euskal Herrian Fronte Popularra hasi zen osatzen, Indalecio Prieto sozialistak bultzatuta.
1936ko Gerra Zibila eta Euskadiko Autonomia Estatutua
1936ko hauteskundeetan Fronte Popularrak (ezkerreko alderdien koalizioa) irabazi zuen. Ondorioz, berriro zabaldu zen autonomia lortzeko bidea, eta Indalecio Prieto buru zela eta Jose Antonio Agirre idazkari, horretarako batzordea sortu zen.
1936ko ekainean proiektua ia bukatuta zegoen, baina uztailean hasi zen Gerra Zibila eta prozesua eten egin zen. Hala ere, gobernuak onarpena bizkortu zuen, Euskadi modu eraginkor batean gerran parte hartzea nahi baitzuen. 1936ko urriaren 1ean onartu zen Autonomia Estatutua.
Hauek ziren bere ezaugarri nagusiak:
- Kendu ziren eskubide historikoei, foruen berrezartzeari eta Nafarroako integrazioari buruzko aipamenak.
- Laburra eta zehaztasun gutxikoa aginte sistemen eta ogasunaren arloan.
- Hiru herrialdeek eratzen zuten eskualde autonomoa eta elebitasuna.
Eusko Jaurlaritza urriaren 8an eratu zen; EAJk eta alderdi ezkertiarrek osatzen zuten, eta Agirre zen lehendakari. Gerraren ondorioz zegoen isolamendua aprobetxatuz, zenbait gauza onartu zituzten: ikurrina, berezko dirua, Ertzaintza, nazioarteko politika eta euskal armada edo Euzko Gudarostea. Hala ere, Euskal Gobernuaren eragina eskasa izan zen: Estatutua bederatzi hilabetez baino ez zen indarrean egon eta Bizkaian bakarrik. Francok hura konkistatzean berehala desegin zituen euskal estatutua eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Kontzertu Ekonomikoak. Araban eta Nafarroan, aldiz, mantendu ziren, Francoren alde joan baitziren gerran.
Gerra Zibila Euskal Herrian: Faseak eta Ondorioak
Lehen aipatu bezala, 1936ko uztailaren 18tik aurrera, Espainiako Gerra Zibilak bitan banatuta utzi zuen Euskal Herria. Bertan gerra oso laburra izan zen eta hamaika hilabete baino ez zuen iraun. Altxamendu militarra gertatzean, Araba eta Nafarroa nazionalen (altxatuen) alde jarri ziren; Bizkaia eta Gipuzkoa Errepublikari leial izaten jarraitu zuten. Bi fase bereiz ditzakegu:
- Gipuzkoako frontea: Gipuzkoan Juntas de Defensa izeneko batzordeek eta Fronte Popularreko alderdiek gidatu zituzten gerra-mugimenduak. Abuztuaren amaieran Irun hartu zuten. Errepublikazaleen aldeko bandoan antolakuntza-eza handia izan zen eta Donostia nazionalen esku geratu zen azkar ere. Errefuxiatuak Bizkaira ihes egin zuten.
- Bizkaiko frontea: Bizkaian, Bizkaiko Defentsa Batzarra eratu zen, baina botere gehiena Eusko Jaurlaritza sortu berriak zuen. Legutianon (Araba) erasoa jotzen saiatu ziren bizkaitarrak, baina porrot egin zuten. Honek euskal armadaren gabeziak agerian utzi zituen.
Euskal Gobernuak Bizkaiko lurrak defendatzeko ahal zuen guztia egin zuen, autonomia baitzegoen jokoan, eta Burdin Hesia izeneko defentsa-gerrikoa prestatu behar izan zuten. 1937ko martxoan, Mola jeneralak Bizkaiaren aurkako behin betiko erasoaldia hasi zuen. Bizkaiko erresistentziarekin bizkor amaitzeko, Francoren aginduetara zeuden hegazkin alemanek (Condor Legioa) Gernika bonbardatu zuten (1937ko apirilaren 26an). Mola jenerala hil eta gero, Dávila jeneralak ekin zion Burdin Hesiaren aurkako erasoari. Erasoa bizkor bukatu zen, nazionalek hesiaren gune ahulak ezagutzen zituzten, Alejandro Goikoetxea ingeniariaren bidez (hesia egin zuen ingeniari nagusia nazionala baitzen).
1937ko ekainaren 19an Bilbo osoa hartu zuten. Euskal gudarostekoek Bizkaia utzi eta Santoñara alde egin zuten, baina azkenean errenditu behar izan zuten Santoñako Hitzarmenean. Euskal Gobernuak erbestera ihes egin zuen. Errepublikanoen porrota garbia zen, isolatuta zeudelako gainerako lur errepublikanoetatik eta Frantziarako mugak itxita zituztelako. Euskadin gerra 1937an bukatu zen; Espainian 1939ra arte iraun zuen eta nazionalek irabazi zutenean, Francoren diktadura hasi zen.
Federico Echevarriaren Hitzaldia: Librekanbismoa eta Protekzionismoa
Federico Echevarriaren hitzaldia librekanbismoari eta protekzionismoari buruz lehen mailako testu historikoa da, ematen duen informazioa zuzena eta gertaeren garaikoa delako. Jorratzen duen gaia politiko-ekonomikoa da, Alemaniaren eta Espainiaren arteko Merkataritza Itunaren kontrako mitin-protesta delako, eta formari dagokionez zirkunstantziala da. Egilea, Federico Echevarria, Bizkaiko industriala da. Bilbon eman zuen hitzaldia 1893ko abenduaren 9an; beraz, publikoa da. Hartzailea kolektiboa da, hitzaldira joan zirenei eta gobernuari ere zuzenduta dago.
Hitzaldia Errestaurazio garaian izan zen, hain zuzen ere, Maria Kristinaren erreginaordetzan (1885-1902), Sagasta (alderdi liberala) gobernuburu izanda. Helburua Espainiaren eta Alemaniaren arteko Ituna bertan behera uztea, librekanbismo ekonomikoa kritikatzea eta protekzionismoa mantentzea zen.
Analisi Historikoa
Testua bi paragrafotan banatuta dago. Ideia nagusia euskal industriari lagunduko dion politika protekzionistaren defentsa da.
Lehenengoan, Echevarriak azaltzen du zeintzuk izango ziren momentu hartako muga-zergen desagerpenaren ondorio ekonomikoak, Espainia eta Alemaniaren arteko merkataritza-ituna zela eta. Muga-zergen araubidea desagertzeak hondamena ekarriko zion Euskal industriari eta arantzel horretaz aprobetxatu ziren lantegi siderurgiko berri askori, beste batzuen artean Labe Garaiak, Talleres de Deusto, Aurrera, Talleres de Zorroza eta Talleres de Miraballes.
Bigarren paragrafoan, Espainiako gune industrializatu askori eta Bizkaiari ere kalte hori saihesteko, Federico Echevarriak gobernuari eskatzen dio indarrean zegoen muga-zergen araubidea (protekzionismoa) mantentzea eta espainiar-alemaniar ituna deuseztatzea.
Balorazioa eta Garrantzia
Protekzionismoari esker, benetako industrializazioa gertatu zen Euskal Herrian. Dena den, Estatu mailan, 1960-65 arte ez zen gauzatu benetako industrializazioa eta nekazaritzak jarraitu zuen izaten jarduera ekonomiko nagusia. XIX. mendearen amaieran Espainiako industria ez zegoen prestatuta atzerriko produktuei konpetentzia egiteko, Espainiakoak baino merkeagoak zirelako.
Testuinguru Historikoa
1876tik aurrera, Errestaurazio garaian (1875-1923), Euskal Herrian industrializazioak garapen handia izan zuen. Eta honen arrazoietako bat muga-zergen araubidea izan zen, atzerriko industriaren konpetentziatik zaintzen baitzuen bertako sektorea, haiek kalitate handiagoko eta prezio hobeko produktua saltzen bazuten ere.
Maria Kristinaren erreginaordetzan (1885-1902) kokatuta dago hitzaldia. Txandakatze sisteman, hauteskundeen iruzurraren bidez eta 1876ko Konstituzioan oinarritutako sistema politikoa zegoen. Alfontso XII.a hiltzean, Sagastak hitzarmena egin zuen Cánovasekin alderdien arteko txandakatzea ziurtatzeko (Pardoko Ituna). Itun horrek egonkortasun politikoa eta ekonomiaren susperraldia ekarri zituen. 1893an Alderdi Liberalak (Sagasta zen gobernuburu) boterea eskuratu zuen eta gobernutik librekanbismoa bultzatzeko helburuz Alemaniarekin merkataritza hitzarmen bat egin nahi zuen. Horri aurre egiteko, katalanak eta euskaldunak Bilbon bildu ziren. Azkenean 1891ko Muga-zergen Legea mantendu zen eta 1896an hori sendotzeko beste neurri protekzionista batzuk hartu ziren.
Euskal Herriko industrializazioari buruz hitz egitea, Bizkaiko Industria Iraultza aipatzea da. Iraultza horren abiapuntua burdina-mineralen erauzketa eta esportazioa izan ziren. Jarduera horrekin lortutako kapitala burdingintza-industriaren oinarria izan zen eta industria-garapenaren bultzatzailea. Bizkaian, gerra zibilen eta foruen ondorioz, industrializazio-prozesua atzeratu egin zen, eta ez zen XIX. mendearen amaiera arte finkatu. Hirugarren Gerra Karlistaren amaierak eta Kontzertu Ekonomikoek asko lagundu zuten Euskal Herriko industriaren garapenean, bereziki Bizkaiarenean. Bizkaiak baldintza egokiak zituen: burdin mea ugari, kalitate onekoa; meategiak ondo kokatuta zeuden, portuetatik hurbil; ustiatze erraza zen, ia-ia kanpoan zeuden, eta tradizioa (burdinolak).
Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" eleberria (1904)
Aurrean dugun testua Vicente Blasco Ibáñezen "El Intruso" eleberriaren pasarte bat da. Testua lehen mailakoa da, historikoa, ematen duen informazioa zuzena eta gertaeren garaikoa delako. Formari dagokionez literarioa da eta gaiaren aldetik soziala, Bizkaiko meategietako peoien lan- eta bizi-baldintzak deskribatzen dituelako. Honen egilea Vicente Blasco Ibáñez idazlea da. Hartzailea kolektiboa da, irakurleak; beraz, publikoa da. Valentzian argitaratu zen 1904an.
Testua Errestaurazio garaian argitaratu zen, Alfontso XIII.aren erregealdiaren hasieran. Testu honen helburu nagusia Enkarterrietako burdin meatzarien bizi- eta lan-baldintza txarrak jakinaraztea eta salatzea zen.
Analisi Literarioa eta Soziala
Testua sarrera batekin hasten da eta bi paragrafotan banatuta dago. Ideia nagusia Bizkaiko meategietako langileen lan- eta bizi-baldintza gogorrak meategi eta aterpetxeetan dira.
Sarrerak deskribatuko duen espazioan (meatzarien aterpean) eta protagonistengan (meatzariak) kokatzen gaitu.
Lehenengo paragrafoak meatzarien bizilekuaren eta bizimoduaren duintasunik gabeko egoera deskribatzen du. Egunero lan gogor berdinak egiten zituzten, ematen zieten janari eskasarekin pasatzen zituzten egunak eta barrakoietan lo egiten zuten euriz edo izerdiz bustitako jantziekin. Bertan ordu batzuetan egon ondoren, airea kutsatzen zen langileen zikinkeriagatik eta ordu batzuk igaro ostean, ezin arnastekoa bilakatzen zen. Gau ekaitztsuetan, elkarren bila aritzen ziren beroa mantentzeko, gorputz guztien zikinkeria konpartituz.
Bigarren paragrafoa meatzariek beren eskubideak defendatzeko duten zailtasunean zentratzen da. Enkarterrietan, ustiaketa kanpoaldean egiten zenez, meatzetako lana oso erraza zen eta edonork egin zezakeen. Beraz, norbait kexatzen bazen, kanporatzen zuten eta azkar aurkitu ahal zuten beste edonor lan hori egiteko.
Balorazioa eta Garrantzia
Blasco Ibáñezen eleberrian oso ondo ulertzen da nola bizi ziren garai hartako meatzariak industrializazioaren hedapena gertatzen zen bitartean. XIX. mendearen azken laurdenean Bizkaiko biztanleria oso modu desorekatu batean igo zen eta langileen bizi-baldintzak jasanezinak izan ziren.
Testuinguru Historikoa: Bizkaiko Industria Iraultza
Testua Alfontso XIII.aren erregealdiaren hasieran (1902-1931), industrializazio garaian argitaratu zen. Euskal Herriko industrializazioari buruz hitz egitea, Bizkaiko Industria Iraultza aipatzea da. Iraultza horren abiapuntua burdina-mineralen erauzketa eta esportazioa izan ziren. Jarduera horrekin lotutako kapitala burdingintza-industriaren oinarria izan zen eta industria-garapenaren bultzatzailea. Bizkaian, gerra zibilen eta foruen ondorioz, industrializazio-prozesua atzeratu egin zen, eta ez zen XIX. mendearen amaiera arte finkatu. Bizkaiak baldintza egokiak zituen:
- Burdin meategiak antzinatetik ezagunak eta esplotatuak ziren.
- Burdin mea ugari, kalitate onekoa.
- Meategiak ondo kokatuta zeuden, portuetatik hurbil.
- Ustiatze erraza zen, ia-ia kanpoan zeuden.
1876tik aurrera, Hirugarren Gerra Karlista amaituta, esportaziorako mineral-produkzioak hedapen oso azkarra izan zuen. Lurpea ustiatzeko euskal eta atzerriko konpainiak sortu ziren eta Bizkaiko minerala mendebaldeko Europako burdina-lantegietan gehien eskatutakoa bihurtu zen. Siderurgiaren alorrean, Bessemer bihurgailuak eta altzairua zuzenean ekoizteko prozesu berriek meatzaritzari bultzada handia eman zioten. Burdina-mineralaren esportaziotik lortutako etekinak meatzaritzako enpresaburu batzuek metalgintzan inbertitu zuten (1902an Bizkaiko Labe Garaiak sortu ziren); beste batzuek, berriz, ontzigintzan (Sociedad Euskalduna, Astilleros del Nervión), industria kimikan, metalurgiako enpresa osagarrietan eta abarretan. Jarduera horiek guztiek ematen zuten potentzial ekonomikoa ikusita, zenbait zerbitzu sortu beharra zegoen. Beraz, trenbideak egin ziren eta banketxe eta kreditu erakundeak sortzen hasi ziren, negozio finantzaketan lagundu zutenak.