Euskal Foruak eta Espainiako Liberalismoaren Bilakaera
Euskal Foruak eta Estatu Liberala
Euskal lurraldeak foruen bidez gobernatzen ziren. Hauek osatzen zuten ordenamendu juridikoa eta politikoa. Probintzia bakoitzean ezberdinak ziren: Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako foruak zeuden, bakoitza bere berezitasunekin. Foruak aldakorrak ziren, gizarte-beharren arabera aldatzen baitziren.
Euskal foruek berezitasun batzuk zituzten: zergak ez zizkioten ordaintzen estatuari, aduanak euskal lurraldeetan zeuden, euskaldunek ez zuten soldadutza egin beharrik, eta berezko zuzenbide zibila eta penala zuten. Probintzia bakoitzak ordezkaritza-erakundeak zituen, eta hauek erregeak ezarritako legeak bete edo ez esaten zuten. Gainera, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek kaparetasun unibertsala zuten; guztiak nobleak ziren.
Berezitasun horiek estatu liberal eta zentralizatua eraikitzeko oztopoa ziren eta eraso ideologikoak jaso zituzten. Adibidez, monarkia autoritarioa lurraldeen arteko berdintasuna lortzen saiatu zen. Felipe V.ak Aragoiko koroako foruak ezabatu zituen Oin Berriko dekretuarekin, baina euskal lurraldeak bere alde zeudenez, mantendu egin zituen. Cadizeko Konstituzioak hiritar guztien berdintasuna aldarrikatu zuen, baina laburra izan zenez, ez zituen ondorio handirik izan.
Liberalismoak, hala ere, erasoak areagotu zituen. Foruen kontra hirietako burgesak eta merkatariak zeuden, haien negozioak oztopatzen zituelako. Beste aldetik, foruen alde, landa-eremuko jauntxoak, behe-kleroa eta herritarrak zeuden.
Lehen Gerra Karlista (1833-1840)
Fernando VII.a 1833an hil zen. Lege salikoa zegoenez, emakumeek ezin zuten erregina izan; horregatik, Fernandok Santzio Pragmatikoa onartu zuen. Honen ondorioz, Lehen Gerra Karlista sortu zen, karlistek eta absolutista sutsuenek Karlos (Fernandoren anaia) errege bihurtu nahi zutelako. Liberalak aurka zituzten, eta Maria Kristinak, Isabel II.aren amak, erregeordetza hartu zuen.
Euskal Herrian, karlistak foruen alde joan ziren, foruzaleak baitziren, baina hori euskal herritarrak erakartzeko tresna izan zen. 1833ko urriaren 1ean, Karlosek bere burua errege izendatu zuen. Gerra hiru fasetan banatzen da:
- Lehen fasea (1833-1835): Karlismoaren indartzea. Tomas Zumalakarregi buruzagi militar nagusia izan zen.
- Bigarren fasea (1835-1837): Karlismoaren atzera-egitea. Bilbo berriro hartzen saiatu ziren, baina Esparterok zuzendutako armada liberalak irabazi zuen.
- Hirugarren fasea (1837-1840): Karlismoaren gainbehera. 1839ko abuztuaren 31n Oñatiko Hitzarmena sinatu zuten (Bergarako besarkada).
Foruen bilakaera eta gerra karlista berriak
1839ko urriaren 25eko legearekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foruak indartu ziren, baina konstituzioak lehentasuna izango zuen. Nafarroan, 1841eko Lege Hitzartuaren ondorioz, foruen desagerpena eta erresuma-izaera galtzea onartu zuten.
Bigarren Gerra Karlista (1846-1849) eta Hirugarren Gerra Karlista (1872-1876) gertatu ziren ondoren. 1876ko uztailaren 21eko legeak geratzen ziren foru-ahalmenak kendu zituen. Hala ere, Nafarroan bezala, euskal probintzietan Kontzertu Ekonomikoa ezarri zen 1878an.
Desamortizazioak eta Biurteko Progresista
Mendizabalen desamortizazioak (1836) elizaren lurrak saldu zituen zor publikoari aurre egiteko. Geroago, 1855ean, Madozen desamortizazioak udalaren ondasunak saldu zituen. 1854-1856 bitartean Biurteko Progresista gertatu zen, Espartero gobernuburu zela. Garai honetan trenbidearen legea eman zen, modernizazioa bultzatuz.
Seiurteko Demokratikoa (1868-1874)
1868ko iraultzarekin Isabel II.aren erregealdia bukatu zen. 1869ko Konstituzioak subiranotasun nazionala eta gizonezkoen sufragio unibertsala ezarri zituen. Amadeo Savoiakoaren monarkiaren porrotaren ondoren, Lehen Errepublika (1873-1874) aldarrikatu zen, baina ezegonkortasun politikoak eta Pavia jeneralaren estatu-kolpeak Alfonso XII.aren berrezarkuntzari bide eman zioten.