Euskal Autonomia Erkidegoko Egitura eta Kontzertu Ekonomikoa
1. Lurralde Artikulazioa
Nafarroa banandu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko "lurralde historikoekin" osatzen da. Guztiek gobernu erakunde amankomunetan parte hartzen dute —Eusko Legebiltzarra, Jaurlaritza, e.a.—, baina bakoitzak bere organo propioak ditu: Batzar Nagusiak eta Aldundiak. Foralitate historikoaren ikuspegi zehatz baten baitan berrezarriak, erakunde hauek eskumen garrantzitsuak izango dituzte beren esku, batez ere Ogasunari dagokionez. Esan bezala, egoera honek zenbait gatazka sortu ditu.
Hori guztia definitu eta arautzeko, Eusko Legebiltzarrak Autonomia Erkidegoko erakunde amankomunen eta Lurralde Historikoen arteko Harremanen Legea onartu zuen, Lurralde Historikoen Legea (LHL) izenez ezaguna. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren eta lurralde erakundeen ahalmenak eta funtzioak bereizten dira.
Lurralde Historikoen organo nagusia teorikoki Batzar Nagusiak dira. Praktikan, ordea, Aldundia da benetako boterea bere esku duena, Batzarrek ez baitute benetako gaitasunik foru gobernua kontrolatzeko.
2. Kontzertu Ekonomikoak
Esan bezala, Kontzertu Ekonomikoaren erregimena 1876ko foru ezabapenaren ondoren ezarri zen, eta Araban eta Nafarroan etenik gabe iraun du, baita diktadura frankistaren urteetan ere.
Kontzertu sistemaren arabera, lurralde bakoitzean Aldundia da praktikoki zerga guztiak ezarri eta obratzen dituena. Horrela lortutako kopurutik zati bat —biztanleko errenta eta beste zenbait irizpide kontuan hartuz erabakia— Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailera bidaltzen da. Hori guztia Finantzen Euskal Kontseiluan erabakitzen da, eta nahikoa da Eusko Jaurlaritza Aldundi bakar batekin ados jartzea gehiengoa lortzeko.
Horrela bildu eta banatutako kopurutik, Eusko Jaurlaritzak Gobernu Zentralari kopuru jakin bat eman behar dio —Kupo deitua—. Kupoaren kalkulua Batzorde Misto batean egiten da. Batzorde hori Foru Aldundi bakoitzeko ordezkari batek, Eusko Jaurlaritzako hiruk eta Estatu Administrazioko seik osatzen dute. Kopurua noizbehinka berritzen da eta Gorteetan onartzen da lege bidez.