Etikaren Oinarriak eta Teoria Filosofiko Nagusiak
Etika, filosofiaren adar bat izateaz gain, arau eta balio moralak aztertzen dituen edozein hausnarketa da, eta ez da soilik esparru akademikora mugatzen. Guk geuk egin dezakegun hausnarketa kritiko eta serioa da. Teoria etikoek moralaren oinarriak ezartzea dute helburu, eta haien balio eta zuzentasuna justifikatzen saiatzen dira. Arau eta balioz osatuta daude, eta horiek arrazoitzea eta justifikatzea da euren xede nagusia.
Mendebaldeko Etikaren Jatorria
Sofisten Moral Konbentzionala
Morala konbentzionala da, hau da, ez dago ongia edo gaizkia modu absolutuan zehazterik, eta balioak denboraren eta kulturen arabera aldatzen dira. Hori da erlatibismo moral eta kulturalaren oinarria. Arazoa: Ikuspegi horrek ez du beste kulturen gehiegikeriak salatzeko gaitasunik.
Sokratesen Intelektualismo Morala
Sokratesen ustez, inork ez du nahita gaizki jokatzen; ongia ezagutzen duenak zuzen jokatzen du. Beraz, gaizki jokatzen duenak ezjakintasunagatik jokatzen du gaizki. Arazoa: Ikuspegi honek ez du giza intentzioa kontuan hartzen.
Etika Materialak: Helburuan Oinarritutako Teoriak
Etika hauek uste dute jokabide moralak emaitzen arabera baloratu behar direla, eta jokabide bat zuzena da helburua (normalean zoriontasuna) lortzen badu.
Eudemonismoa (Aristoteles)
Gizakiaren helbururik gorena zoriontasuna da, eta hori lortzen da gure esentzia, hau da, arrazoimena, modu perfektuan garatuz. Zenbat eta arrazionalago jokatu, orduan eta zoriontsuagoak izango gara. Arazoa: Zoriontasuna plazer hutsera murriztuz gero, gizakia berekoia eta indibiduala bihurtzen da.
Epikureismoa (Epikuro)
Bizitzaren helburua plazerra maximizatzea eta mina gutxitzea da. Helburu gorena ataraxia da, lasaitasun eta minik gabeko egoera. Arazoa: Plazerraren bila aritzeak gizakia gutxiesten du eta animalien parean jartzen du.
Etika Utilitarista (Stuart Mill)
Ekintza bat moralki zuzena da ahalik eta pertsona gehienentzat zoriontasunik handiena sortzen badu.
Estoizismoa (Zenon)
Naturaren arabera bizitzea da helburua. Unibertsoa lege unibertsal batek gidatzen du, eta gure zoriona patua onartzean eta pasioak kontrolatzean datza.
Etika Formalak: Asmoan eta Betebeharrean Oinarrituta
Betebeharraren Etika (Kant)
Jokabide bat ona da asmo zuzena duelako, ez emaitzengatik. Betebeharra bete behar da betebeharra delako. Arazoa: Beti betebeharrez jokatzeko zailtasuna eta zehaztasun falta leporatzen zaio.
Jaun eta Morroien Morala (Nietzsche)
Jainkoa hiltzeak esan nahi du kristautasunaren balioek indarra galdu dutela. Baliorik gabe ezin denez bizi, supergizakiak balio berriak (edo zaharrak) sortuko ditu, botere-nahiaren bidez.
Etika Existentzialista (Sartre)
Gizakia askatasunera kondenatuta dago, eta bere erabakien ardura hartu behar du. Besteek gure ordez erabakitzerik ez dago; benetakotasunez eta ardura osoz jokatu behar dugu.