Estatuaren Lege Organikoa (1967): Testuaren Analisia
Estatuaren Lege Organikoa (1967)
Testuaren Kokapena eta Jatorria
Aztergai dugun testua Estatuaren Lege Organikoaren zati bat da. Testua kokatze aldera, jatorriari, edukiari eta formari dagokienez, testu historikoa da (lehen mailako iturria), politikoa eta juridikoa (legea). Egilea Gorte frankistak izan ziren, hala ere, Franco bera har daiteke egile nagusitzat.
Legearen Helburua eta Argitalpena
Testua publikoa da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta nazioari zuzendu zitzaion. Legearen helburu nagusia hau izan zen: frankismoak jada emandako legeak bateratzea, konstituzio moduko bat idazteko asmotan. Lege Organikoa 1967ko urtarrilaren 11n argitaratu zen, Gorteetan onartu ostean.
Estatuaren Lege Organikoaren Analisia
Testuaren analisian, ideia hau nabarmendu behar da: Estatuaren Lege Organikoak estatua erakundetzea zuen helburu, eta horretarako aurreko lege guztiak bildu zituen. Artikuluek legearen printzipio nagusiak jasotzen dituzte:
Artikuluen Eduki Nagusiak
- 1. artikuluak: Espainia Erresuma dela esaten du, Estatua izanik erakunderik gorenena.
- 2. artikuluak: Subiranotasun Nazional bakarra, zatiezina eta ordezkaezina aldarrikatzen du. Subiranotasun Nazionala Estatuaren osotasunarekin identifikatzen du, eta ez botereen legitimazioarekin. Espainia herria da subiranoa, ez espainiar herritarrak.
- 3. artikuluak: Estatuaren erakundea botere-batasunean eta funtzio-koordinazioan oinarrituta zegoela adierazten du. Estatuaren helburuak ere finkatzen dira: barne batasunari babesa ematea; kanpoarekiko defentsa; segurtasuna zaintzea; eta Mugimendu Nazionalaren Printzipioak jarraitzea. Azken honekin, erregimenaren iraunkortasuna adierazten da.
- 6. artikuluak: Estatuburuaren ahalmenak doitzen ditu. Estatuburua zen: nazioaren ordezkari gorenena; subiranotasun nazionalaren ordezkaria; botere guztien arduraduna; Mugimendu Nazionalaren burua (alderdi bakarraren burua); Erreinuko Funtsezko Legeen zaintzailea; armada guztietako buruzagi gorenena. Gainera, ahalmena zeukan Legeak egiteko (legegilea), betetzeko (betearazlea) eta haien izenean zuzenbidea ezartzeko (epailea); grazia-eskubidea zeukan; enplegu publikoa eta ohoreak emateko ahalbidea zuen, eta nazioarteko ordezkari diplomatikoekin harremanetan zegoen. Ikusten denez, berri handirik ez dago (botere metaketa Gerra Zibiletik dator, hain zuzen ere).
- 14. artikuluak: Hemen dator berrikuntzarik garrantzitsuena: estatuburuaren eta gobernuburuaren arteko banaketa. Hala ere, estatuburuak izendatuko zuen gobernuburua, zeina espainiarra izan behar zen.