Espainiako Turismoa eta Demografiaren Bilakaera Historikoa

Geografia7,31 KB

Turismoa: Definizioa eta Bilakaera Espainian

Jendeak aisiagatik, negozioengatik edo beste edozein arrazoirengatik bere ohiko bizilekutik kanpo egiten dituen urtebete baino gutxiagoko bidaia eta egonaldien inguruko jardunen multzoa da turismoa. 24 ordu baino gutxiagoko bidaia egiten bada, txangotzat hartzen da. Aldiz, gaua igarotzen bada eta 24 ordutik gora geratzen bada, turistikotzat hartzen da.

Turismo motak

  • Hartzailea: Atzerritik heldutakoak.
  • Barnekoa: Herritarrek beren herrialdean egiten dituzten bidaiak.
  • Igorlea: Herritarrek atzerrira egiten dituzten bidaiak.

Espainian turismoa eskasa izan zen hasieran, baina 1960ko hamarkadaz geroztik izugarri hazi zen eta masa-fenomeno bihurtu zen.

Turismo-Eredu Tradizionala eta Haren Eragileak (1960-1975)

1960ko hamarkadatik 1975eko krisialdira arte hazkunde itzela izan zuen turismoak. Honako hauek izan ziren eragile nagusiak:

Kanpo-eragileak

  • Klase ertainaren hazkundea: Mendebaldeko eta Ipar Europan, Bigarren Mundu Gerraren ondoren klase ertaina hazi zen, eta langileek aisiaz gozatzeko denbora eta diru nahikoa zuten. Funtsezkoa izan zen ordaindutako oporrak orokortzea eta emakumea lan-merkatuan sartzea.
  • Garraioen aurrerapenak: Hegazkinak merkeagotu ziren, trenbide-sareak hobetu ziren eta automobilaren erabilera orokortu zen.

Barne-eragileak

  • Kokapen geografikoa: Europako bezeroengandik geografikoki hurbil.
  • Klima eta hondartzak: Eguzki eta hondartzako turistentzat aparta, uda bero eta lehorrak eta hondartza bikainak eskaintzen baitzituen.
  • Kultura-baliabideak: Arkeologia-aztarnategiak, hiri historikoak, monumentuak, tradizioak, festak eta gastronomia.
  • Kostu baxua: 1959an pezeta debaluatzeagatik.
  • Azpiegitura eta zerbitzu egokiak: Turismoa garatzeko beharrezkoak.
  • Estatu-politikak: Nazioarteko harremanak normaldu ziren, eta propaganda handia egin zen, industrializazioa finantzatzeko eta merkataritza-defizita orekatzeko baliabide aparta zelakoan. Turismoa Mediterraneoko eta Kanarietako eguzki eta hondartza eremuetan kontzentratzen zen.

Turismo-Eredu Tradizionalaren Krisia (1975-1985)

1975etik 1985era bitartean turismo-krisi bat gertatu zen. Turista eta diru-sarrera kopuruak hazi ziren, baina nazioartean baino erritmo apalagoan.

Faktore konjunturalak

  • Mundu osoko krisia, petrolioaren prezioaren gorakadagatik.

Sakoneko faktoreak

  • Espainiako turismo-eskaintzaren arazoak: Inflazioak eta soldatek gora egitearen ondorioz, prezioek gora egin zuten, baina kalitatea ez. Eskaintza ez zegoen eskarira egokituta, eta bakarrik gazteak edo erretiratuak etorri ziren.
  • Ingurumen-kalitatearen eskari gero eta handiagoa: Helmuga batzuk hondatzen ari baitziren.
  • Helmuga lehiakorren agerpena: Afrikako iparraldea, Balkanak, Karibe eta Ozeania.

Turismoaren Birmoldaketa eta Haren Eragileak (1985etik aurrera)

Turismoak goranzko erritmoa izan zuen 1985az geroztik, krisi ekonomikoetan izan ezik: 1990eko krisia, 2008ko finantza-krisia eta 2020ko COVID-19aren pandemia.

Gorakadaren eragileak

  • Espainia Europar Batasunean sartzea: Eta lehiatzen ari ziren beste herrialdeen ezegonkortasun politikoa.
  • Bisitari kopuruaren igoera: Turismoan gastu handiagoa egiten duten bisitarien kopurua gora egin zuen (amerikarrak, errusiarrak eta asiarrak), aireko konexioa hobetu zelako.
  • Eragile demografikoak: Bizi-itxaropena luzatzea eta hirietako biztanleek premia sentitzea lan-errutinari eta hirietako giro hertsagarri eta kutsatuari aurre egiteko.

Turismo-eredu berriaren helburuak

  • Eskaria ugariegia ez izatea.
  • Erosahalmen handiagoa duten turistak erakartzea.
  • Turismoa denboran eta espazioan hobeto banatzea, eguzki eta hondartzako turismotik haratago.
  • Ingurumen-jasangarritasuna.
  • Nazioarteko turoperadoreekiko mendekotasuna murriztea.
  • Administrazio publikoek turismoa sustatzea.

Turismoaren birmoldaketa hori ez da oraindik amaitu, eguzki eta hondartzako eredu masiboak nagusi baitira oraindik.

Espainiako Biztanleriaren Mugimendu Naturalaren Bilakaera (1886-2024)

Grafikoak Espainiako biztanleriaren mugimendu naturalaren bilakaera erakusten du 1886tik 2024ra, jaiotza-tasak, heriotza-tasak eta hazkunde naturala islatuz.

Antzinako Erregimen Demografikoa (1886-1900)

1886 eta 1900 artean, Espainiak, oraindik antzinako erregimen demografikoan murgilduta, jaiotza- eta heriotza-tasa altuak mantentzen zituen. Epidemiak eta krisi ekonomikoek gora-behera handiak eragin zituzten. 1880ko hamarkadatik aurrera, heriotza-tasa apur bat jaisten hasi zen, baina hazkunde naturala moderatua izan zen.

Trantsizio Demografikoa (1900-1975)

1900 eta 1975 artean, Espainiak trantsizio demografikoa bizi izan zuen. XX. mendearen hasieran, jaiotza-tasa altua zen (%30etik gorakoa), eta heriotza-tasa beheranzko joera izan arren, gorabeherak izan zituen, batez ere 1918ko gripeak eragindako hilkortasun-igoera nabarmenarekin. Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939) eta gerraostean, heriotza-tasa nabarmen igo zen indarkeria, elikagai-faltak eta osasun-baldintza txarrek eraginda. Horrek hazkunde natural negatiboa ekarri zuen. 1940ko hamarkadatik aurrera, jaiotza-tasa berreskuratu egin zen, eta heriotza-tasa pixkanaka jaitsi zen osasun- eta ekonomia-hobekuntzei esker.

"Baby Boom" Garaia (1950-1975)

1950 eta 1975 artean, Espainiak "baby boom" garaia bizi izan zuen, jaiotza-tasa altuarekin (%20 ingurukoa) eta heriotza-tasa etengabe jaisten, medikuntza- eta bizi-baldintzen hobekuntzari esker. Garai honetan, hazkunde naturala positiboa eta esanguratsua izan zen.

Trantsizio Demografikoaren Azken Fasea (1975etik aurrera)

1975etik aurrera, Espainia trantsizio demografikoaren azken fasean sartu zen, jaiotza-tasaren jaitsiera etengabearekin. Honen arrazoi nagusiak aldaketa sozioekonomikoak izan ziren: emakumeen lan-merkaturatzea, antisorgailuen erabilera eta 1970eko eta 1980ko hamarkadetako krisi ekonomikoak. Heriotza-tasa baxua mantendu zen XX. mendearen amaierara arte, baina ordutik aurrera pixkanaka igotzen hasi zen biztanleriaren zahartzearen ondorioz.

Jaiotza-tasa baxua eta zahartze demografikoa (1990etik gaur egunera)

1990eko hamarkadatik gaur egunera arte, jaiotza-tasa oso baxua izan da (%10etik beherakoa), eta heriotza-tasaren igoerarekin batera, hazkunde naturala ia nulua edo negatiboa izan da urte batzuetan. Zahartze demografiko prozesu honek erronka handiak planteatzen ditu Espainiako ongizate-sistemaren jasangarritasunari dagokionez.

Azken Hamarkadetako Erronkak (2020tik aurrera)

2020an, COVID-19 pandemiaren ondorioz, heriotza-tasa nabarmen igo zen hildako kopuru handia zela eta, eta jaiotza-tasa gehiago jaitsi zen ziurgabetasun ekonomiko eta sozialaren eraginez. Ondoren, Ukrainako gerraren ondoriozko energiaren garestitzeak krisi demografikoa larriagotu zuen, jaiotza-tasaren berreskurapena zailduz eta azken urteotan hazkunde natural negatiboaren joera finkatuz.

Deskargatu

PDF Word HTML