Espainiako Trantsizioa: Frankismotik Demokraziara

Historia6,09 KB

Trantsizioa Espainian (1975-1982)

Franco jenerala hil eta bi egunetara, 1975eko azaroaren 22an, Lege Organikoa jarraituz, Juan Carlos de Borbón izendatu zuten gorteek Espainiako errege.

Juan Carlosek ez zituen botere guztiak biltzen Francok bezala. Erregea estatuaren eta armadaren buru izatera mugatzen zen, beraz, ezin zuen gobernua zuzendu ezta gorteetako presidente izan. Dena den, gobernuko zein gorteetako presidentearen izendapenean parte hartu zezakeen.

Erregeak aldaketa politikoak nahi zituela esaten da. Hau ulertzeko presio gune batzuk aipatzea ezinbestekoa da:

  • Espainiar gizartearen zati esanguratsu batek eskaera demokratikoak aldarrikatzen zituen kalera irtenaz protestaka.
  • Nazioarte mailan presioa zegoen Espainia demokratizatu zedin, honetarako AEB, Vatikano eta Europako Ekonomia Erkidegoaren eragina nabarmena izan zelarik.

Erregeak hartutako lehenengo erabakia Carlos Arias Navarro gobernuko presidentzian mantentzea izan zen. Baina aldi berean, Torcuato Fernandez Miranda aukeratu zuen gorteetako presidentetzat; honek, aldaketa politikoak ahalbideratu zituen legedi frankista jarraituz.

Erregeak presionatuta, Ariasek dimisioa aurkeztu zuen 1976ko uztailean eta jarraian Juan Carlos I.ak Adolfo Suarez aukeratu zuen Espainiako presidente berria bezala.

Izendapen berri hau ez zen oposizioaren gustukoa izan Suarez aurreko erregimenarekin harremantzen zutelako eta aldaketa gutxi egingo zituelakoan zeudelako. Era berean, frankismoko bunker zelakoarentzat ere ez zen begikoa izan, gehiegizko erreformak egingo zituela uste baitzuten.

Suarez oraindik ilegalak ziren oposizioko alderdiekin elkarrizketatu egin zen eta preso politikoei amnistia partziala eman zien. Baina trantsizioaren hasierako urratsik garrantzitsuenetarikoa Erreforma Politikorako Legea izan zen. Lege hau Fernandez Mirandak bultzatu zuen, helburu hau zuelarik: gorte frankistak desegin eta gorte berriak ezartzea. Gorte frankistek 1976ko azaroan onartu zuten erreforma eta herritarrek baiezkoa eman zuten erreferendumaren bitartez.

Erreforma politikoa onartu zenez, gobernuak hauteskundeak antolatu behar izan zituen gorte berrietako ordezkariak aukeratzeko. Horretarako lehen pausua alderdiak legalizatzea zen. Baina hau egiterakoan arazo bat egon zen: alderdi gehienak legeztatuta bazeuden ere, ez zen gauza bera gertatzen PCErekin; hala ere, Suarezek PCE legeztatzea erabaki zuen 1977ko apirilaren 9an. Honekin, errepublika garaitik egiten ziren lehenengo hauteskundeak burutu ziren 1977ko ekainaren 15ean.

Hauteskunde hauetara koalizio eta alderdi asko aurkeztu ziren. Hauek ziren garrantzitsuenak: UCD, AP, PSOE, PCE, PDC eta EAJ-PNV.

Hauteskunde hauetan UCD atera zen garaile, eta horrela Suarezek jarraitu zuen presidente moduan. Honek, parlamentuan ordezkaritza zuten alderdiekin Moncloako Itunak sinatu zituen. Hauek alor politikoan eta ekonomikoan izan zuten eragina.

Aipatu beharra dago Gutierrez Mellado jeneralak, presidenteorde kargutik lan eskerga egin zuela sektore arriskutsuena zen armada baretzeko eta kontrolpean izateko.


1978ko Konstituzioa

Konstituzio honekin sistema demokratikoaren oinarriak ezarri nahi ziren. Konstituzioa onartzeko hiru pauso jarraitu ziren:

  • Aurreproiektua idaztea: testua erredaktatzeaz zazpi txostenemaile arduratu ziren. EAJ idazketatik kanpo utzi zuten eskaera erradikalegiak izango zituela uste baitzuten.
  • Gorteen onarpena: idazketa egin ondoren gorteek berretsi behar zuten, bai senatuak zein kongresuak.
  • Erreferenduma: erreferendum bitartez 1978ko abenduaren 6an onartu zen. Euskal Herrian onartua izan arren abstentzio maila oso altua izan zen, indar abertzaleek abstentzioa proposatu zutelako.

Konstituzio berriak hiru zutabe nagusi zituen: monarkia, sistema parlamentarioa eta estatuaren deszentralizazioa. Konstituzioak bi zati dituela esan daiteke: alde dogmatikoa eta alde organikoa, hiru azpiataletan azalduko duguna:

  • Eskubideak
  • Erakundeak
  • Lurralde antolaketa

Behin konstituzioa onartuta, hauteskunde orokorrak egin ziren berriro, hauek 1979an ospatu zirelarik. UCDk irabazi zuen, Adolfo Suarezek presidente kargua mantenduz, baina ez zuen gehiengo absolutua lortu. Urte berean, errepublikaz geroztik egiten ziren lehen udal hauteskundeak ere egin ziren. Emaitzek UCDren gainbehera adierazten zuten; izan ere, hiriburu garrantzitsu batzuk ezkerraren eskuetara pasatu ziren sozialistek eta komunistek egindako akordioaren ondorioz. UCD krisi sakonean sartu zen arrazoi ezberdinak tarteko:

  • PSOEk gobernuari eginiko oposizio gogorra.
  • Ekonomiari dagokionez, 1973ko petrolio krisiaren ondorioz langabezia, inflazioa eta kanpo defizita ikaragarri igo ziren. Hau konpontzeko Moncloako Itunak (1977) sinatu ziren. Alderdi guztiek sinatu zuten krisiari aurre egiteko.
  • Biolentziari dagokionez, mota askotako eta jatorri ezberdinetakoa zela esan behar da.
    • Eskuin muturrarekin harremanak zituzten talde terroristak: hauek talde parapolizialtzat hartu daitezke edo gutxienez poliziak ezikusiarena egiten zuen hauek jazartzeko orduan. Talde ezagunenak Triple A, Guerrilleros de Cristo edo Batallón Vasco-Español izan ziren. Eskuin muturrak egindako ekintzarik esanguratsuenak Jurramendiko hilketak Nafarroan (1976ko maiatza) edo Madrileko Atotxako hilketak (1977ko urtarrila) izan daitezke.
    • Ezker muturrekoak: GRAPO erakundeaz gain, ETAren bi adarrak, militarra eta politiko-militarra. Hauek hildako kopuruei dagokionez odoltsuenak eragin zituzten.
    • Estatuko segurtasun indarrak: frankismoko egitura eta buruzagi berdinak mantentzen zituztenak, hildako, zauritu eta torturatuak eragin zituzten. Manifestazioetan burututako hilketez gain, oso ezagunak dira 1976ko martxoan Gasteizen poliziak eraildako bost langileak.
  • UCDren barne arazoak

Suarez presidenteak dimititu egin zuen 1981eko urtarrilaren 28an eta bere ordez UCDko beste kide bat, Leopoldo Calvo Sotelo, aukeratzeko bozketa egiten ari ziren bitartean parlamentuan estatu kolpe ahalegina gertatu zen.

Deskargatu

PDF Word HTML