Espainiako II. Errepublika (1931-1939): Etapak eta Erreformak
II. Errepublika ezartzea (1931)
1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan, alderdi errepublikarrek hiriburu gehienetan irabazi zuten. 14an, emaitzak ezagutzean, Eibar izan zen II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria. Erregimen monarkiko-errepublikar trantsizioa indarkeriarik gabe gertatu zen, jendeak espero baitzuen sistema politiko berriak herrialdeak zituen arazo larriak konponduko zituela.
Behin-behineko Gobernua eta 1931ko Konstituzioa
1931ko apirilaren 14an behin-behineko gobernua eratu zen, gehienbat ezkerreko errepublikazaleen eta sozialisten koalizioko kideek osatuta. Niceto Alcalá Zamora izan zen gobernu buru. Behin-behineko gobernuak herrialdea eraldatzeko ardura hartu zuen, premiazko zenbait neurri hartuz arazo sozial, ekonomiko, militar eta autonomiko larrienei berehalako irtenbidea emateko.
Gorte konstituziogileak osatzeko eta konstituzio berria egiteko hauteskundeetarako deia egin zen. Ekainaren 28an egin ziren, eta errepublikar ezkertiarren eta sozialisten koalizioak gehiengoa lortu zuen. Hego Euskal Herrian bakarrik irabazi zuten eskuindarrek, EAJk eta karlistek osatutako koalizioak. 1931ko abenduaren 9an onartu zen konstituzio berria. Kutsu ezkertiarra zuen eta zenbait berrikuntza ekarri zituen:
- Gizon eta emakumezkoen sufragio unibertsala.
- Autonomia eskubidea.
- Estatu laikoa.
- Berme Konstituzionalerako Auzitegia.
Era berean, herriaren subiranotasuna (Gorteetan ordezkatuta), norbanakoaren eskubideak eta eskubide politikoak ere aitortu ziren.
II. Errepublikaren Etapak
1. Azañaren Biurteko Erreformista (1931ko urria - 1933ko iraila)
Alcalá Zamorak dimisioa aurkeztu ondoren, Gorteek Azaña aukeratu zuten behin-behineko gobernuko presidente. Abenduan (Konstituzioa onartu ondoren), Niceto Alcalá Zamora Errepublikako presidente izendatu zuten. Azañaren gobernu errepublikar-sozialistak (aginteko 2 urteak) behin-behineko gobernuak abian jarritako erreformen egitasmoari jarraipena eman zion, *biurteko erreformista* deitutakoan.
Erreforma Erlijiosoa
Eliza katolikoaren boterea eta eragina deuseztatu nahi izan zen:
- Erlijioaren derrigorrezko irakaskuntza kendu.
- Ordena erlijiosoei irakaskuntzan aritzea debekatu.
- Ezkontza zibila eta dibortzioa onartu.
- Jesuiten ordena boteretsua desagerrarazi.
- Eliza finantzatzeari uko egin.
Neurri hauen kontrako erantzuna Pedro Segura kardinal primatuak zuzendu zuen. Hego Euskal Herrian, karlistek (*Comunión Tradicionalista* delakoan bilduak) balore erlijiosoen aurkako eraso moduan ulertu zituzten neurri hauek. EAJk, Errepublika onartu arren, Elizaren eskubideak defendatu zituen.
Lurralde Antolamenduaren Erreforma (Autonomiak)
Nazionalitateak (katalana eta euskalduna bereziki) estatuan integratzeko bide egokiagoak aurkitu beharra zegoen. 1931ko Konstituzioak autonomia eskubidea aitortu zuen, eta horretan oinarrituz, nazionalitate historikoak autonomia estatutuak idazten hasi ziren.
- Katalunia: Donostiako Itunean katalanen aldarrikapen nazionalistak onartu ziren. *Esquerra Republicana de Catalunya* (ERC) alderdiak irabazi zituen 1931ko apirileko udal hauteskundeak. Katalan gehienen erreferendumean onartu ondoren, 1932ko irailean Gorteek Kataluniako Estatutua (*Nuriako Estatutua*) onetsi zuten. Maciá *Generalitat*eko presidente izendatu zuten; hiltzerakoan (1933), Lluis Companys-ek ordezkatu zuen.
- Euskal Herria: Hego Euskal Herrian, EAJ eta Karlistak nagusitu ziren apirileko udal hauteskundeetan. Jose Antonio Agirre (EAJko Getxoko alkatea) izan zen euskal autonomia estatutua lortzeko ekimenaren aitzindaria. Zenbait estatutu proiektuk porrot egin ondoren, 1936ko urriaren 1ean (Gerra Zibila hasita zegoela), Gorteek euskal autonomia estatutua (*Elgetako Estatutua*) onartu zuten. Jose Antonio Agirre izan zen lehen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
- Galizia: Galiziak ere estatutu proiektu bat prestatu zuen, 1936ko ekainean herri kontsultan onartu zena. Hala ere, Gerra Zibilaren hasieratik nazionalen menpe egoteak eragotzi zuen estatutua indarrean jartzea.
Erreforma Militarra
Armada erreformatzeko neurriak hartu zituen Azañak, bere eragin, botere eta kopuruengatik arriskutsua baitzen. Ofizialen kopurua murriztu eta indar armatuak botere zibilaren menpe jarri ziren. Erreforma honek ondoeza sortu zuen armadan, eta 1932ko abuztuan Sevillan Sanjurjok altxamendu militarra (*Sanjurjada*) burutu zuen. Errepublikaren gobernuak estatu kolpea emateko saioa ezereztu eta Sanjurjo atxilotu zuen.
Hezkuntzaren Erreforma
Herrialdearen modernizazioa lortzeko oinarrizkoa zen. 1931ko Konstituzioak Derrigorrezko Lehen Hezkuntza doakoa eta mistoa ezarri zuen. Aurrekontuko diru asko zuzendu zen hezkuntzara: ikastetxeak eraiki, irakasleen kopurua gehitu, formakuntza sustatu eta soldatak igo. Hezkuntza sekularizatzeko neurriak hartu ziren (ordena erlijiosoei irakaskuntzan aritzeko debekua eta erlijioaren derrigorrezko irakaskuntza kentzea). Bigarren Hezkuntza hobetzea eta unibertsitatean ikerketak sustatzea ere Errepublikako gobernuaren helburuak ziren.
Nekazaritzaren Erreforma
1931n Espainia nekazaritzan oinarritutako herrialdea zen, latifundismoa, lur-jabeen absentismoa, errendimendu baxuak, jornalarien egoera eta langabezia bezalako arazo larriekin. Errepublikarrentzat irtenbidea bilatzea zen helburu nagusia.
Behin-behineko gobernuak 1931ko apirilean eta maiatzean hainbat dekretu onartu zituen nekazarien egoera hobetzeko: lur-jabeak behartuta zeuden lurrak ereitera, herriko jornalariak kontratatzera, 8 orduko lanaldia ezartzera eta gutxieneko soldata bat finkatzera. 1932ko irailean *Nekazaritzaren Erreformarako Oinarrien Legea* onartu zen. Legeak erein gabeko latifundioak desjabetzea eta lurrik gabeko nekazariek haiek okupatzea bideratu zuen. Baina legearen aplikazioa oso geldoa izan zen, lur-jabeak desjabetzearen kontra jarri zirelako eta kalte-ordainek kostu handiak ekarri zizkiotelako estatuari. Jornalariek, lurraren jabetza eskuratzea atzeratzen ari zela ikusita, anarkisten proposamen iraultzaileagoetara jo zuten. Eskuindarren biurtekoak legearen kontrako erantzuna areagotu zuen, eta 1934ko maiatzean baliogabetu zen.
Azañaren Gobernuaren Krisia (1933)
Krisiaren arrazoi nagusiak:
- Gizarte Gatazkak: Sozialista erradikalek eta anarkistek aldaketa iraultzaileagoak eskatu zituzten. Grebak eta lurren okupazioak gertatu ziren, eta gobernuak gogor erreprimitu zituen. Ondorioz, Azañak izen ona eta agintea galdu zituen.
- Sanjurjoren altxamendu militarra (1932ko abuztua).
- Eskuindarrak Antolatzea: *CEDA* eta *Renovación Española* (talde monarkiko kontserbadorea) fundatu ziren.
- Koiuntura Ekonomiko Eskasa: Espainiari, atzerakuntza ekonomikoaren ondorioz, asko kostatu zitzaion 1929ko krisia gainditzea.
2. Eskuindarren Biurtekoa (1933ko azaroa - 1936ko otsaila)
1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan, lehen aldiz emakumeek botoa eman zuten. *CEDA*k eta *Partido Radical Republicano*k irabazi zuten. Ezkertiarren biurtekoko akatsak, anarkosindikalistek hauteskundeetan parte ez hartzea, eskuindarrak koalizioan joatea (*CEDA*) eta ezkerra bananduta egotea izan ziren eskuinaren arrakastaren arrazoiak.
*CEDA*k diputatu gehien atera bazuen ere, hasieran ez zuen gobernuan parte hartu, muturreko ezkertiarrak altxatzeko mehatxuagatik. *CEDA*k *Partido Radical Republicano*ren esku utzi zuen gobernua osatzeko ardura, Lerroux gobernu buru zela. Gobernu honek, *CEDA*ren babesarekin, aurreko biurtekoko erreformen kontrako politika jarri zuen martxan:
- Militar kolpistak aske utzi zituzten (Sanjurjo).
- Nekazaritzaren esparruan, lur-jabeen aldeko politika egin zen, nekazarien lorpenak bertan behera utziz: desjabetutako lurrak jabeei itzuli, kalte-ordainak handitu eta nekazariak lurretan finkatzea oztopatu zen. Nekazarien gatazkak areagotu egin ziren.
- Euskal Herriko autonomia estatutua lortzeko prozesua eten zen.
Jarrera horrek politikan agertutako ezintasunak gobernu-krisi etengabeak eragin zituen, erregimenaren egonkortasuna kolokan jarriz.
Indar Politikoen Berregituraketa eta Urriko Iraultza
Indar politikoak berregituratu ziren:
- *JONS* eta *Falange Española* elkartu ziren (1934).
- Azañaren *Acción Republicana* eta *Partido Radical Socialista* elkartu ziren, *Izquierda Republicana* sortuz.
- Hego Euskal Herrian, *EAJ*k gobernuaren eta karlisten autonomiaren kontrako jarrera salatu zuen, azken hauekin harremanak betiko hautsiz. Hala ere, ez zen ezkertiarren politika antiklerikal eta iraultzailearen alde agertu.
1934ko urrian *CEDA*k 3 ministro sartu zituen gobernuan, eta horrek Errepublika garaiko krisi larriena piztu zuen. Ezkerrindarrek errepublikarekin amaitzeko eta faxismoa ezartzeko saiakera moduan hartu zuten, eta *UGT*k greba orokorrera deitu zuen. Espainia osoan eragin zuen mugimendu iraultzaileari hasiera eman zitzaion (*Urriko Iraultza*), gune nagusiak Asturias, Katalunia eta Hego Euskal Herria izanik. Asturiaseko meatzariek armak hartu zituzten, eta Companys-ek Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen.
Gobernuak oso gogor zapaldu zuen altxamendua. Asturiasera Afrikako armada bidali zen, Francoren gidaritzapean. Katalunian, autonomia estatutua indargabetu zen. Errepresioaren emaitzak oso latzak izan ziren (1.500-2.000 hildako, 15.000-30.000 atxilotu), eta ondorioz, eskuinaren eta ezkerraren arteko banaketa handiagotu zen.
1935eko urrian Lerrouxek dimititu zuen (*estraperloan* harrapatu zutelako). Ondoren, hauteskunde orokorrak deitu ziren 1936ko otsailerako. Oraingoan, ezkertiarrek koalizio handi bat osatu zuten: *Fronte Popularra*. Eskuindarrak, berriz, ez ziren elkartu, eta Fronte Popularrak garaipena lortu zuen (anarkistek ere botoa eman zuten). Hego Euskal Herrian, EAJk eta Fronte Popularrak irabazi zuten Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan eta Araban, karlistek.
3. Fronte Popularra (1936ko otsaila - 1939ko apirila)
Garaipenaren ondoren, Azaña Errepublikako presidente eta Casares Quiroga gobernuburu izendatu zituzten (sozialistek ez zuten parte hartu). Hainbat helburu zituzten:
- Eskuineko gobernuaren errepresioaren biktimentzako amnistia.
- Konstituzioaren agintea berrezartzea.
- Erreforma fiskala.
- Nekazari pobre eta behe mailako sektoreen egoera hobetzea.
- Kataluniako autonomia estatutua berrezartzea eta Euskal Herrikoa indarrean jartzea.
- *Falangea* legez kanpo uztea.
Apiriletik ekainera bitarteko hilabeteetan Espainia iraultzatik hurbil egon zen: grebak, lurren okupazioak, armadari irainak, ezker eta eskuin muturreko indarkeriazko ekintzak, etab., ugariak izan ziren. Bitartean, militarrak eta eskuindarrak, gobernuaren erreformen beldurrez, altxamendua prestatzen ari ziren. Uztailaren 17an Marokon eta 18an Penintsulan gertatu zen Franco jeneralak zuzendutako *altxamendu nazionala*, Gerra Zibilari hasiera emanez.