Espainiako Historia Garaikidea: Frankismoa, Errepublika eta Autonomia
Frankismoaren Oinarri Ideologiko eta Sozialak (1939-1975)
Frankismoa, Francisco Franco buru zuen diktadura, 1939an Espainiako Gerra Zibila amaitu eta Franco hil zen arte, 1975era arte luzatu zen. Frankismoa ez zen soilik agintaldi pertsonal bat izan, baizik eta ideologia, politika eta gizarte sistema oso bat eraiki zuen.
Frankismoaren Iraupena eta Botere Zentralizazioa
Francok botere guztiak bere eskuetan zentralizatu zituen: Estatuko, gobernuko eta alderdi bakarreko (FET y de las JONS) buruzagia zen, eta bere politika tradizionalismo katolikoan eta kontzeptu militarrean oinarritu zen. Gerra Zibilaren ondoren, Espainiako Estatua guztiz suntsituta geratu zen, bai ekonomian bai giza-galeretan. Francok Errepublikaren aztarnak desagerrarazi nahi izan zituen, eta diktadura betikotzeko errepresioa tresna nagusi bihurtu zen.
Mugimendu Nazionala eta Oinarri Ideologikoak
Frankismoaren erregimena Mugimendu Nazionalaren bidez legitimatu eta sostengatu zen. Mugimendu honen barruan sartzen ziren:
- FET-JONS alderdi bakarra.
- Sindikatu Bertikala.
- Hainbat erakunde, hala nola Gazteriaren Frontea eta Sección Femenina.
Francok berak Mugimendu Nazionaleko Idazkari Nagusi izatea erabaki zuen, botere osoa kontrolpean izateko.
Nazionalismo Espainiarra eta Zentralismoa
Frankismoaren oinarri ideologikoen artean, nazionalismo espainiarra nabarmentzen da, Espainiaren ikuspegi tradizionalista eta zentralista defendatzen zuena. Militarrek, Falangek eta erregimenaren jarraitzaileek autonomia-eskariak baztertu zituzten eta nazioa batasun historiko gisa definitu zuten.
Nazional Sindikalismoa
Nazional sindikalismoak ere garrantzi handia izan zuen: teorian kapitalismoaren eta komunismoaren aurkakoa bazen ere, praktikan kapitalista izan zen. Sindikatu bakar batean (Sindikatu Bertikala) langileak eta enpresaburuak elkartu ziren, greba debekatuta zegoen, eta lan-harremanak Lanaren Forua legearen bidez arautu ziren.
Nazional Katolizismoa
Nazional katolizismoa beste zutabe ideologiko garrantzitsua izan zen, Elizaren eta Estatuaren batasunaren bidez, erlijioa eta moral katolikoa defendatuz. Francoren garaipena "gurutzada" gisa aurkeztu zen, eta Elizak hezkuntza kontrolatzeko eta gizartean eragina izateko ahalmen handia izan zuen.
Antiliberalismoa eta Antikomunismoa
Antiliberalismoak eta antikomunismoak ere erregimenaren oinarri ideologikoa osatzen zuten. Francok liberalismoaren kontrako neurriak hartu zituen, hala nola alderdi politikoen debekua eta alderdi bakarraren ezarpena, FET y de las JONS alderdia. Komunismoaren aurkako gorrotoa ere nabaria izan zen, eta diktadura autoritarioa eta sindikatu bertikalak alternatiba gisa ezarri ziren.
Oinarri Sozialak eta Egitura Politikoa
Frankismoaren oinarri sozialetan, errepresioa eta propaganda eraginkorrak funtsezkoak izan ziren diktadura mantentzeko. Armada, Eliza eta Falangea ziren diktaduraren zutabe nagusiak. Armadak errepresioan eta kontrol politikoan eginkizun nagusia izan zuen, eta Elizak hezkuntza, moral eta gizartearen kontrolaren bidez eragin handia izan zuen. Gizartean, lurjabe handiak, enpresariak, eta katolikotasunarekin lotutako klaseak izan ziren frankismoaren sostengu nagusiak.
Politikaren arloan, Francok sistema liberala gogor kritikatu eta bere gobernua pertsonal eta autoritario bihurtu zuen. Lege sorta zabal bat sortu zuen bere boterea eta erregimenaren iraupena bermatzeko. Oinarrizko zazpi lege frankistak ezarri ziren, eta hauen bidez, aginte guztiak Francoren esku geratu ziren. Adierazpen- eta biltzeko eskubideak mugatu egin ziren, eta salbuespen-epaitegien bidez oposizioa gogor jazarri zen. Francoren gobernuak demokrazia organiko deitutakoa aldarrikatu zuen, baina praktikan, sistema politiko guztiz autoritarioa izan zen, aginteen banaketa eta eskubide demokratikoak ezabatuz.
Clara Campoamor eta Emakumeen Boto Eskubidea (II. Errepublika)
Hitzaldiaren Analisia eta Ideia Nagusiak
Gai nagusia emakumearen eskubideak aldarrikatzea da, eta ideia nagusiak eskubide horiek proposatzeko eta emakumeen sufragiorako eskubidea defendatzeko arrazoiei buruzkoak dira. Testua, nagusiki, bi parrafotan banatuta dago:
- Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna erakusten duten printzipioei buruz hitz egiten da, eta Konstituzioak nola bermatu behar duen berdintasuna.
- Legebiltzarkideek emakumeen botoa beren gain hartzeko eta konstituzio-testuan txertatzeko deia egin du.
Behin-behineko Gobernua ere alderatu du, hain denbora gutxian hartu dituen erabaki onak aipatuz, eta, azkenik, azaldu du Espainia lehen herrialde latinoa izango litzatekeela emakumeari botoa emateko eskubidea onartzen.
Kontzeptu Garrantzitsuak
- Sufragioa: Kargu politikoak aukeratzeko eskubide politiko eta konstituzionala. Orain arte gizonezkoak bakarrik izan dute botoa emateko aukera, eta 1931n egindako Konstituzioan, Clara Campoamor bultzatzaile nagusi gisa, emakumeek Espainian lehenengo aldiz boto eskubidea lortuko dute.
- Konstituzioa: Gorteen bitartez onartutako lege eta askatasunen multzoa (politikoak, ekonomikoak eta sozialak).
Madrilen, 1931n Gorte Konstituziogileak egindako saioan, II. Errepublikaren Konstituzioa idazteko saioan, Clara Campoamorrek sufragio unibertsala defendatu zuen, eta horrela 1933an emakumeek lehenengo aldiz Espainian botoa izango dute. Horrez gain, 1931ko Konstituzioak Espainia estatu demokratiko, laiko eta Estatu zentral bezala deskribatzen zuen.
Testuingurua: II. Errepublikaren Ezarpena
Primo de Riveraren Diktaduratik Errepublikara
Primo de Riveraren diktadurak 1923tik 1930era arte iraun zuen Espainian, baina dimititu zuenean erbesteratu zen. Une horretan diktadura amaitu zen eta sentimendu antimonarkikoa zabaldu zen Espainian zehar. Geroago, Donostiako Itunak, 1930eko abuztuan, hiru indar bildu zituen, etorkizun errepublikanoa jorratzeko: konstituzionalistak, errepublikano historikoak eta Alderdi Sozialista.
Ondoren, udal-hauteskundeak deitu ziren diktadurako udalak ordezkatzeko, eta gero Gorteetarako hauteskundeetara iritsi ziren. Lehenengoak 1931ko apirilaren 12an ospatu ziren, non monarkikoek zinegotzien gehiengoa lortu zuten, batez ere jauntxokeriari esker, nekazal eremuetan. Hala ere, hiri handietan koalizio errepublikano-sozialistak irabazi zuen eta agerian utzi zuen monarkiak ez zuela babesarik. Hori dela eta, Alfontso XIII.a erbestera joan zen, eta Donostiako Itunean sinatu zuten bezala, errepublikanoek Gorteetarako hauteskundeak deitu zituzten. Hauteskundeak ekainaren 28an egin ziren, eta errepublikano-sozialista koalizioaren gehiengoa erakutsi zuten. Une horretan II. Errepublika aldarrikatu zen. Espainiar asko aldaketaren aldekoak ziren, beraz, itxaropenez hartu zuten Berrezarkuntzaren jauntxokeria abolituko zuen erregimen hori.
1931ko Konstituzioa eta Erreformak
Une honetan, Gobernuak zenbait erreforma bultzatu zituen:
- Gizarte-erreforman legedi bat sortu zen nekazarien egoera larria hobetzeko.
- Analfabetismoari aurre egiteari eta irakaskuntza laikoa bultzatzeari ekin zioten.
- Armada modernoagoa eta eraginkorragoa osatu zuten eta "erasoko guardia" deitzen zen polizia armatua sortu zuten gizartearen segurtasuna babestearren.
Hala ere, errepublikano eta sozialisten lehen zeregina Konstituzioa idaztea zen, 1931ko abenduaren 9an onartua izan zena.
Ondorioak: Sufragio Unibertsala
Konstituzioaren ondorioz, Espainia estatu demokratiko, laiko, kamera batekin eta gobernu arduratsu batekin bihurtu zen. Halaber, Estatu zentral indartsu bat definitu zuen, beharrezko erreforma demokratikoak egiteko gai izango zena, baina eskualdeen arazoak autonomia estatutuen bidez konpontzeko aukera ematen zuena.
Konstituzioa onartu eta hurrengo egunean, Alcala Zamora hautatu zuten Kongresuko presidente, eta Manuel Azaña, berriz, gobernuburu. Bestalde, Konstituzioaren artikuluak eztabaidatzeko ardura zuten diputatuen artean, alderdi sozialista zein Errepublikanoa nabarmendu ziren eta lehengo aldiz hiru emakume diputatu atera ziren: Clara Campoamor eta Victoria Kent (errepublikarrak) eta Margarita Nelken (sozialista). Clara Campoamor Madrilgo abokatua zen, emakumeen botoa defendatu zuen alderdi erradikalean sustraitzen zena. Horretarako, emakumeen botoari buruzko hitzaldia eman zuen (aztertu dugun testua), emakumeen berdintasuna eta bozkatzeko eskubidea sustatzeko. Horrela, emakumeek parte hartu zuten lehen hauteskundeak 1933koak izan ziren.
Dokumentu hau oso garrantzitsua izan da Espainiako historiarako, batez ere emakumearen paperean. Aurrerapauso handia izan zen emakumeak bizitza politikoan parte hartu ahal izatea, bere oniritzia emanez eta iritzia emanez. Hori guztia gorabehera, 1936ko estatu-kolpeak eta Gerra Zibilak eta Frankismoak berriz ere alde batera utzi zituzten emakumearen papera eta iritzia. Geroago, 1978an, berreskuratu egin zen. Hau da, Clara Campoamorren hitzaldiak zein 1931ko Konstituzioak gaur egun ere garrantzi izugarria dute, izan ere, emakumea eta gizonak berdin tratatu ziren eta momentu horretan aitortutako eskubideek gaur egunera arte iraun dute.
Euskal Autonomia Estatutua (1936): Analisia eta Testuingurua
Estatutuaren Edukiaren Analisia
Testuaren ideia nagusia Euzkadi osatuko duten lurraldeen autonomia-eskumenak zehaztea da. Nahiz eta testua osorik ez aurkeztu, ildo nagusiak antzeman daitezke:
Lurraldeak eta Hizkuntzak
Lehenengo atalak azaltzen du lurralde autonomo berria, Euzkadi izenekoa, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Arabak osatuko dutela. Probintzia bakoitzak bere erakunde propioak izango dituela ere aipatzen da, baita euskara eta gaztelania hizkuntza ofizial izango direla ere.
Segurtasuna eta Ertzaña
Bosgarren atalak segurtasun kontuei egiten die erreferentzia, eta Euzkadiri polizia propioa izateko eskubidea aitortzen dio. Horren ondorioz sortuko da Ertzaña, mikeleteak eta miñoiak bilduko zituen polizia erakundea.
Agintaritzaren Hautaketa
Hamargarren atalean, Euzkadiko Agintaritza (gobernua eta legebiltzarra) nola hautatuko den azaltzen da. Agintaritza herriaren borondatean oinarrituko dela dio, Subiranotasun Nazionalari erreferentzia eginez. Hauteskunde orokor, zuzen eta isil bidez aukeratuko dira legebiltzarkideak, eta Espainiako Errepublikarekiko erlazioak Lehendakariaren ardura izango dira.
Gerra Zibilaren testuinguruan, “bitarteko egoera” aipatzen da, eta horrek behin-behineko neurriak hartzea justifikatzen du. Horien artean dago lehenbiziko gobernua osatzea, zeina Jose Antonio Agirrek gidatuko duen. Lehendakaria udal errepublikazaleek hautatu zuten, egoera bereziaren ondorioz. Gobernu hori presidentzialista zen, botere handi bat lehendakariaren esku geratu baitzen, eta Agirrek Defentsa Kontseilari kargua ere hartu zuen.
Testuingurua: Autonomiaren Bidea
Foruen Galeratik Estatutura
1876an Canovas del Castillok foruak indargabetu zituen eta ondorioz euskal lurraldeetan autonomia galtzeko prozesua hasi zen, nahiz eta Kontzertu Ekonomikoa ezarri zen, foruen galera arintzeko neurri moduan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran euskal nazionalismoa sortu zen, eta autonomia eskaria gero eta indartsuagoa bilakatu zen.
Lizarrako Estatutua eta Atzerapenak
1930ean Donostiako Ituna sinatu zen, eta honek II. Errepublika ezartzeko oinarriak jarri zituen, baina EAJ ez zen bertan egon, eta horrek eragina izan zuen euskal lurraldeen autonomiaren atzerapenean. 1931n Lizarrako Estatutua proposatu zen, Jose Antonio Agirreren gidaritzapean, baina ez zen onartu, prozedura antikonstituzionala zelako eta edukia Errepublikaren printzipioekin bateragarria ez zelako.
1933an Batzar Kudeatzaileen proiektua prestatu zen, Konstituzioa errespetatzen zuena, baina eskuinak hauteskundeak irabazi zituenez, estatutu oro atzera bota zen. 1936an Fronte Popularrak irabazi zuen, eta Prieto sozialistak eta Agirre jeltzaleak prozesu berria gidatu zuten. Estatutua oso bizkor idatzi zen eta eskumen batzuk nahiko anbiguoak ziren. Gerra Zibilaren erdian, 1936ko urrian onartu zen, baina egoera gatazkatsuaren eraginez, soilik lurraldearen zati batean eta denbora laburrez aplikatu ahal izan zen.
Ondorioak eta Frankismoaren Eragina
Eskuartean dugun testua Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabari eman zitzaien lehenbiziko autonomia estatutua da. Foruen deuseztapenaren ostean Kontzertu Ekonomikoa aitortu bazitzaien ere, lege honekin Berrezarkuntza garaitik lehenbizikoz lortuko zuten lurralde-eskumenetan aurrerapauso garrantzitsu bat egitea. Gainera, egungo EAE osatzen duten lurraldeen estatutuaren aurrekaria izan zen.
Hala ere, 1937ko ekainerako bando nazionalak euskal probintziak konkistatu zituen eta bertan behera geratu ziren eskumen guztiak. Are gehiago, Arabari eskubideak onartu zitzaizkion, baina Gipuzkoa eta Bizkaia "probintzia traidore" izendatu zituen Francok, eta horren aitzakian eskubide guztiak kendu zizkien. Gerra Zibila galtzeak bestelako ondorio latzak ere izan zituen: euskararen debekua, galera demografiko handia (hildakoak zein erbesteratuak), gosetea, errepresio politikoa (alderdi guztiak debekatu ziren, eta EAJk atzerritik jarraitu zuen lehendakaritza izaten) eta atzerapen ekonomikoa.