Espainiako Errestaurazioa: Sistema, Krisiak eta Diktadura

Historia5,63 KB

Cánovasen Sistema eta 1876ko Konstituzioa

Cánovasen sistemak hiru oinarri izan zituen. Alde batetik, 1876ko Konstituzioa, lorpen handia izan zuena. Horri esker, 1868tik galdutako egonkortasuna lortu zen. Testu laburra zen eta zenbait puntu ez zeuden ongi zehaztuta. Konstituzioaren ideologiaren oinarria liberalismo moderatua zen. Sufragio unibertsalez aukeratutako Gorte Konstituziogileak eratu ziren.

Hauek izan ziren printzipio nagusiak:

  • Borboitarren monarkia ezarri zen.
  • Subiranotasuna erregearen eta Gorteen artean zatituta zegoen.
  • Gorteetan bi ganbera zeuden: Senatua eta Kongresua.
  • Sufragio zentsitarioa jarri zuten.
  • Erlijio katolikoa izendatu zuten estatuaren erlijio ofizial gisa.

Txandakatzea eta Jauntxokeria

Beste oinarri bat txandakatzea eta bi alderdiko sistema izan zen. Alderdi guztien batasuna lortu nahi zen, baina bi alderdi politikok zuten agintea, txandaka, aurretik hitzarmenez erabakitakoaren arabera: alderdi kontserbadorea eta alderdi liberala. Sistematik kanpo beste alderdi batzuk sortu ziren: ezkertiarrak (errepublikazaleak, sozialistak eta anarkistak) eta eskuindarrak (karlistak, katolikoak eta nazionalistak).

Azken oinarria jauntxokeria izan zen. Burgesiaren alderdien arteko txandakatzea bermatzeko, eta eskuineko zein ezkerreko alderdiei erakundeetarako bidea ixteko, hauteskundeak manipulatu eta iruzur egin behar zuten agintariek. Iruzur egiteko tresna nagusia jauntxokeria zen. Nekazari guneetan, jauntxoek kontrolatzen zituzten bozketak, eta nahierara aldatzen zituzten hauteskundeen azken emaitzak, une horretan aginpidea egokitzen zitzaion alderdiaren mesedetan. Errestaurazio garaiko hauteskunde guztietan gertatu zen hori; ondorioz, hauteskundeek ez zuten balio Gorteetan herrialdeko iritzia islatuko zuen gehiengo bat osatzeko.

1898ko Hondamendia eta Erregenerazionismoa

1895ean hasi zen berriro gerra Filipinetan eta Kuban. Estatu Batuek altxatuen alde parte hartzea erabakigarria izan zen, interes ekonomiko handiak baitzituzten azukrearen industrian eta meatzeetan. 1897an Sagastak autonomia eman zion uharteari, baina Estatu Batuek, Maine korazatuaren leherketa aitzakia hartuta, gerra deklaratu zioten Espainiari.

Espainiak porrot erabakigarriak jaso zituen Manilan eta Santiagon. Porrot militar honek pesimismo garaia eta krisi sakona ekarri zituen. Kritika horiek erregenerazionismoaren aldeko mugimendua sortu zuten. Joaquín Costa izan zen aitzindaria, eta harentzat oligarkia eta jauntxokeria ziren erregimenaren arazo nagusiak. Sistema liberala eraberritzea eta herrialdearen oinarrizko arazoak konpontzea proposatzen zuen.

Erreforma Saiakerak eta 98ko Belaunaldia

Alderdi kontserbadorean Francisco Silvela eta Antonio Maura hauteskunde-iruzurrari amaiera ematen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Maurak udalei autonomia handiagoa ematen saiatu zen zentralismoa murrizteko. Alderdi liberalean, Canalejas herrialdea berritzen saiatu zen neurri hauekin:

  • Derrigorrezko soldaduzka (kintoen sistemaren kontra).
  • Kontsumo zergak indargabetzeko legea.
  • Mankomunitatea (Kataluniako diputazioak koordinatzeko erakundea).

Programa hau ezin izan zen burutu 1912an anarkista batek Canalejas hil zuelako. Literaturan, 98ko Belaunaldia sortu zen (Unamuno, Maeztu, Baroja, etab.), denen obretan ezaugarri komunak bereiziz: pesimismoa, abertzaletasuna eta balore tradizionalak berreskuratzeko nahia.

Alfontso XIII.a eta Aste Tragikoa

1902an Alfontso XIII.aren erregealdia hasi zenean, arazo ekonomiko eta sozialak indarrez lehertu ziren. Horietako bat 1909ko Bartzelonako Aste Tragikoa izan zen. Arrazoi nagusia Marokoko gerraren kontrako protesta izan zen. Maurak erreserbistak (gehienak familiaburuak) mobilizatu zituen Protektoratua kontrolatzeko. Honek greba orokorra eta altxamendua eragin zituen Bartzelonan: elizak erre ziren eta barrikadak altxatu ziren.

Errepresioa gogorra izan zen eta Francisco Ferrer Guardia fusilatu zuten. Ondorioz, Maurak kargu utzi zuen eta Canalejas jarri zen agintean. Oposizioan, errepublikazaleek eta sozialistek hitzarmena sinatu zuten monarkiari aurre egiteko.

1917ko Krisia eta Annualgo Hondamendia

1917an hiru krisi elkartu ziren:

  1. Militarren protesta: Defentsa Juntak sortu zituzten soldata igoerak eta antzinatasuna eskatzeko.
  2. Politikoa: Parlamentarien Biltzarra elkartu zen Konstituzioaren erreforma bultzatzeko.
  3. Langileena: CNTk eta UGTk greba orokorra bultzatu zuten, baina armadak mugimendua zapaldu zuen.

Azken kolpea 1921eko Annualgo hondamendia izan zen. Abd-el-Krimen kabilek espainiar tropak garaitu zituzten Marokon. Horren ondorioz, "Picasso txostena" osatu zen ardurak ikertzeko. Txostena Gorteetan eztabaidatu baino lehen, 1923an, Miguel Primo de Riverak estatu kolpea eman zuen erregearen baimenarekin.

Primo de Riveraren Diktadura (1923-1931)

Diktadura hiru fasetan banatzen da:

  • Direktorio Militarra (1923-25): Erakunde guztiak militarren esku geratu ziren eta erregimen konstituzionala bertan behera geratu zen.
  • Direktorio Zibila (1925-30): Diktadura kamuflatzeko gobernu zibila eratu zen, Italiako Mussoliniren sistema korporatiboa eredutzat hartuta.
  • Erorketa eta Dictablanda (1930-31): Oposizioa klandestinitatean antolatu zen. 1930ean, babesik gabe, Primo de Riverak kargua utzi zuen.

Deskargatu

PDF Word HTML