Espainiako Bigarren Errepublika: Gertaera Nagusiak
1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan, alderdi errepublikarrek irabazi zuten hiriburu gehienetan. Apirilaren 14an emaitzak ezagutu zirenean, Eibar izan zen II. Errepublika aldarrikatu zuen lehenengo herria. Erregimen monarkikotik errepublikarrerako trantsizioa indarkeriarik gabe gertatu zen.
1931ko apirilaren 14an, behin-behineko gobernua sortu zen, koalizio errepublikazale-sozialistako kideek osatuta. Niceto Alcalá Zamora zen gobernuaren buru. Gobernu honek herrialdea eraldatzeko ardura zuen eta premiazko zenbait neurri hartu ziren. Aldi berean, hauteskundeetarako deia egin zuen Gorte Konstituziogileak osatzeko eta konstituzio berria egiteko. 1931ko abenduaren 9an onartu zen konstituzio berria. Kutsu ezkertiarra zuen eta zenbait berrikuntza zekarren: gizonen nahiz emakumeen sufragio unibertsala, autonomia eskubidea, estatu laikoa, besteak beste. Hainbat etapa nagusi izan zituen:
1. Biurteko Erreformista (1931-1933)
1931ko urrian Zamorak dimititu ondoren, Manuel Azaña aukeratu zuten gobernuko presidente, eta Zamora Errepublikako presidente jarri zen. Azañaren gobernu errepublikar-sozialistak behin-behineko gobernuak abian jarritako erreformei jarraipena eman zien.
Erreforma Erlijiosoa
Erreforma erlijiosoari dagokionez, gobernu errepublikarrak Eliza Katolikoaren boterea eta eragina deuseztatu nahi zituen. Horregatik, erlijioaren derrigorrezko irakaskuntza kendu, eta ezkontza zibila eta dibortzioa onartu zituen.
Lurralde Antolamenduaren Erreforma
Lurralde antolamenduaren erreformari dagokionez, nazionalitateak estatuarekin artikulatzeko bide egokiagoak aurkitu beharra zegoen. Beraz, 1931ko Konstituzioak autonomia eskubidea aitortu zuen. Donostiako Itunean katalanen aldarrikapen nazionalistak onartu zirenez, Kataluniako autonomia estatutua parlamentuan aztertu zen lehenengo gaietako bat izan zen. 1932an Gorteek Kataluniako Estatutua onetsi zuten.
Hego Euskal Herrian, Jose Antonio Agirre, EAJko Getxoko alkatea, izan zen Euskal Autonomia Estatutua lortzeko ekimenaren aitzindaria. Hainbat estatutu-proiektuk porrot egin ondoren, 1936an Gorteek Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten, "Elgetako Estatutua" izenez ezaguna.
Erreforma Militarra
Erreforma militarrari dagokionez, armada aldatzeko neurriak hartu zituen Azañak. Ofizialen kopurua murriztu eta indar armatuak botere zibilaren menpe geratu ziren.
Hezkuntzaren Erreforma
Hezkuntzaren erreforman, 1931ko Konstituzioak Derrigorrezko Lehen Hezkuntza, doakoa eta mistoa, ezarri zuen. Aurrekontuko diru asko zuzendu zen hezkuntzara, ikastetxeak egiteko eta formakuntza sustatzeko. Horrez gain, ordena erlijiosoei irakaskuntzan aritzeko debekua jarri zieten. Azkenik, bigarren hezkuntza hobetzea eta unibertsitatean ikerketak sustatzea ere helburutzat zituen.
Nekazaritzaren Erreforma
Azkenik, nekazaritzaren erreformari dagokionez, nekazaritzan arazoak larriak ziren: latifundismoa, lur-jabeen absentismoa, langabezia, besteak beste. Errepublikarrek egoera hori konpondu nahi zuten. Behin-behineko gobernuak hainbat dekretu eman zituen nekazaritzaren mundua berritzeko. 1932ko irailean onartu zen Nekazaritzaren Erreformarako Oinarrien Legea. Honek, erein gabeko latifundioak desjabetzea eta lurrik gabeko nekazariek haiek okupatzea bideratu zuen.
1932 eta 1933ko gizarte gatazkek, Sanjurjoren altxamendu militarraren eta eskuindarren berrantolatzearen ondorioz, 1933an Azañaren gobernuaren krisia gertatu zen. Errepublikako presidenteak laguntza eskaintzeari utzi zionean, Azañak dimititu egin zuen.
2. Eskuindarren Biurtekoa (1933-1936)
1933ko azaroaren 19ko hauteskundeetan, lehen aldiz emakumeek botoa eman zuten. CEDAk eta Alderdi Erradikal Errepublikanoak irabazi zuten. CEDAk diputatu gehien atera bazuen ere, hasieran ez zuen parte hartu, muturreko ezkertiarrek altxatzeko mehatxua egin baitzuten. Horregatik, CEDAk Alderdi Erradikal Errepublikanoaren eskuetan utzi zuen gobernua osatzeko ardura, eta Lerroux izendatu zuten gobernuburu.
Lerrouxen gobernuak erreformen kontrako politika jarri zuen martxan: militar kolpistak aske utzi zituen, nekazaritza esparruan lur-jabeen aldeko politika egin zuen eta Euskal Herriko autonomia estatutua lortzeko prozesua geldiarazi zuen. Jarrera horrek gobernu krisi etengabeak eragin zituen. Ezkertiarren eta eskuindarren arteko tentsioa gero eta handiagoa zen.
1934ko Urriko Iraultza Errepublika garaiko gertaera larriena izan zen. CEDAk hiru ministro gobernuan sartzeak piztuarazi zuen mugimendu iraultzailea: Errepublika desagertzeko eta faxismoa ezartzeko arriskuaren aurrean, UGTk greba orokorra deitu zuen. Iraultzaren gune nagusiak Asturias, Katalunia eta Hego Euskal Herria izan ziren. EAJk ez zuen aldeko jarrerarik izan, baina langile nazionalistak alde agertu ziren.
1935ean Lerrouxek dimititu egin zuen estraperlo kasuaren ondorioz. Ondoren, hauteskunde orokorrak deitu ziren 1936rako. Alderdi ezkertiarrak, anarkistak izan ezik, batu egin ziren gobernuko eskuindarrei aurre egiteko, koalizio handi bat osatuz: Fronte Popularra, garaipena lortu zuena.
3. Fronte Popularra (1936)
Fronte Popularraren garaipenaren ondoren, Azaña Errepublikako presidente eta Casares Quiroga gobernuburu izendatu zituzten. Hainbat helburu zituen gobernu berriak: erreforma fiskala, nekazari pobre eta behe mailako sektoreen egoera hobetzea, Falangea legez kanpo uztea, besteak beste.
Apiriletik ekainera bitarteko hilabeteetan, Espainia iraultzatik hurbil egon zen; militarrak eta eskuindarrak altxamendua prestatzen hasi ziren. Azkenean, uztailaren 17an, Franco jeneralak zuzendutako altxamendu nazionalak Gerra Zibilari hasiera eman zion.