Espainiako Berrezarkuntzaren Krisia eta Langile Mugimenduak
Marokoari buruzko politika koloniala eta Rifeko gerra
1906ko Algecirasko Biltzarra egin ondoren, Espainiak eta Frantziak Maroko aldean protektoratu frantses-espainiarra ezarri zuten. Espainiari Rif lurraldea egokitu zitzaion eta enklabe bat Atlantikoko kostaldean. Rifeko tribu berbereek espainiarren presentziaren aurka egin zuten. Gobernuak soldadu kopurua handitzea erabaki zuen Melilla ez galtzeko. Herri protesta handiak sortu ziren Bartzelonan, anarkistek, sozialistek eta errepublikanoek bultzatuta.
Bartzelonako Aste Tragikoa
Gerraren aurkako mobilizazioa Bartzelonako portuan hasi zen, tropak itsasontziratzen ari zirela. Honek greba orokorraren deialdia eragin zuen. Bartzelonako matxinadak astebete iraun zuen; mugimendu antimilitarista zen eta elizaren hegemonia sozial eta kulturalaren aurkakoa. Agintariek gerra-egoera deklaratu eta zapalketari ekin zioten. Heriotza-zigorrak ezarri ziren. Aste Tragikoak ondorio politikoak izan zituen eta txandakatze-sistemako alderdi dinastikoetan ezegonkortasun handia sortu zen.
Errepresioaren gogortasunagatik, liberalek eta errepublikanoek bat egin zuten gobernuaren aurkako kritikan. Presio honek bultzatuta, erregeak Gorteak desegin eta gobernua Canalejasen eskuetan utzi zuen. Canalejas Berrezarkuntzaren sistema barrutik erreformatzen ahalegindu zen eta lider berriak agertu ziren: Alderdi Liberalean Romanones kondea eta Alderdi Kontserbadorean Eduardo Dato, besteak beste. Errepublikanismoa sendotu egin zen, Lerrouxen alderdi erradikalak sinesgarritasuna galdu zuen eta langile asko anarkosindikalismora aldatu ziren.
1917ko krisia eta sistemaren amaiera
Espainiako gizartean atsekabea nagusitu zen eta Lehen Mundu Gerraren koiunturak areagotu egin zuen. Izan ere, koiuntura hori tarteko, klase herritarren bizi-mailak okerrera egin zuen. CNT eta UGT sindikatuek grebarako deialdia egin zuten, premiazko produktuen garestitzearen aurka protestatzeko. Datok Gorteak itxi eta prentsa-zentsura ezarri zuen. Gobernuak krisi orokor bati aurre egin behar izan zion:
- Langile-gatazkak: Sindikatu-erakundeek greba orokor baterako deialdia egin zuten.
- Gatazka militarra: Militarrak ez zeuden ados ofizialek mailaz gora egiteko sistemarekin (Defentsa Batzarrak).
- Gatazka politikoa: Lliga Regionalistak behin-behineko gobernu bat eratzea, Gorte Konstituziogileak osatzea, Konstituzio berri bat idaztea eta estatua deszentralizatzea defendatu zuen.
Gobernuaren erantzuna errepresio-neurriak izan ziren: armadak greba zapaldu zuen, greba-batzordeko kideei gerra-kontseiluak egin zizkieten eta militarren defentsa-batzarrak desegin zituen. Armadak monarkia babestu zuen eta burgesiako oposizioak ere atzera egin zuen, iraultza soziala gertatzeko arriskuaren beldur.
Sistemaren amaierako krisia eta hondamendi politikoa
Berrezarkuntza gero eta hondatuago zegoen, agintari dinastikoek ez zutelako berrikuntza politikorik egin nahi eta oposizioa oso zatituta zegoelako. 1917tik aurrera maiz eratu ziren kontzentrazio-gobernuak. Nabarmena izan zen 1918an Maurak sortutako Gobernu Nazionala. Kontzentrazio-gobernu hauek huts egin ondoren, berriro txandaketa dinastikoari ekin zitzaion. Epe honetan 10 gobernu egon ziren. Alderdi dinastikoek ez zuten gobernatzeko behar adina parlamentari bildu. Askotan berma konstituzionalak ez ziren mantentzen eta, azkenean, parlamentua itxi egin zuten.
Gizarte-gatazkak eta pistolerismoa
Lehen Mundu Gerraren ostean, Europa osoan gatazka handiak izan ziren. Iraultza Boltxebikearen garaipenak indarra eman zien mugimendu iraultzaileei. Espainiako egoera ekonomikoa aldatu egin zen: ekoizpena murriztu, langabezia handitu eta prezioak garestitu ziren. Horrek langile-mobilizazioak eragin zituen eta sindikalismoa erabat indartu zuen. Anarkistek eta sozialistek matxinadak bultzatu zituzten eta gobernuak gerra-egoera ezarri zuen. Industria-eskualde askotan grebak izan ziren; garrantzitsuena Bartzelonan izan zen, La Canadiense lantegian. Greba horren ondorioz, zuzendaritzak hau onartu zuen: kanporatuak berronartzea, soldatak igotzea eta 8 orduko lanaldia. Sindikatuen indarrari aurre egiteko, ugazaben federazioa osatu eta soldatapeko pistoleroak kontratatu zituzten. Anarkistek gogor erantzun zieten. Horrek guztiak pistolerismoaren garaia ekarri zuen: enpresaburu ezagun batzuk hil zituzten, baita Dato gobernuburua ere.
Annualeko hondamendia eta diktaduraren hasiera
1920ko hamarkadan, Rifeko tribuek espainiar armada etengabe erasotzen zuten. Hainbat operazio egiten saiatu ziren matxinoak kontrolatzeko asmoarekin, baina izugarrizko hondamendia gertatu zen: Annualen garaituak izan ziren. Espainian polemika izugarria sortu zen honen inguruan eta Parlamentuan eztabaidatu zen. Marokoko arazoa sistemaren txarrarekin nahastu zen. Txostena, ordea, ia ez zen Gorteetan eztabaidatu, kontserbadoreak eta erregea kontra baitzeuden. Armadaren adar batek irtenbide militarra ikusi zuen; horrela, 1923an Primo de Riverak estatu-kolpea eman eta Konstituzioa deuseztatu zuen. Alfontso XIII.a erregeak kolpea onartu zuen eta diktadura militarra hasi zen.
Sistemaren kontrako indarrak: Sozialismoa eta Anarkismoa
Langileak industria-sistema berriaren aurka agertu ziren. Ludismoa izan zen langileen errebeldiaren lehen adierazpena. Lan-baldintzen kontra elkarteak eta elkarte mutualistak sortu ziren. 1855ean lehen greba orokorra izan zen, selfactinen arazoengatik eta Madozen desamortizazioarengatik. Langileen elkarteak liberalek boterea hartu zutenean legeztatu ziren. Mugimendu garrantzitsuenak sozialismoa eta anarkismoa izan ziren.
Sozialismo Marxista
1879an legez kanpo sortu zuten Espainiako Alderdi Sozialista, PSOE. Alderdi marxista iraultzaren aldekoa zen; sufragio unibertsala, lan-orduen murrizketa eta haurren lana debekatzea aldarrikatzen zituen. UGT (Langileen Batasun Orokorra) sortu zuen eta 1890ean Maiatzaren Lehenaren ospakizuna bultzatu zuten. Errepublikanoekin hauteskundeetarako biltzen hasi ziren eta 1910ean Pablo Iglesiasek parlamentuan eserlekua lortu zuen. Errusiako Iraultzaren garapenarekin batera, alderdi komunistan zatiketa eman zen.
Anarkismoa
Liberalek elkarteak legeztatu zituztenean, anarkismoa FTRE bidez antolatu zen. Indar handiena Andaluziako jornalarien eta Kataluniako langileen artean izan zuen. Nekazari-mugimendua etengabe zapaldu zuten; horrek eraginda, anarkismoaren zati batek zuzeneko ekintzari ekin zion. Gizarte-indarkeriaren ekintza nabarmenak izan ziren: politikarien aurkako atentatuak, burgesiaren kontrakoak eta elizaren aurkakoak. Atentatuen ondoren, Montjuïceko auzia gertatu zen, non bost anarkista kondenatu eta exekutatu zituzten. Atentatuek anarkismoaren zatiketa eragin zuten: batzuek zuzeneko ekintzarekin jarraitu nahi zuten eta beste batzuk masa-ekintzaren aldekoak ziren. Honen ondorioz, erakunde sindikalak sortu ziren: 1907an Solidaridad Obrera eta 1911n CNT.