Erantzun Immunitarioa: Ez-Espezifikoa, Espezifikoa eta Immunitate-Oroimena
Erantzun immunitario ez-espezifikoa
Osagai nagusiak
- Zelulak: Zelula fagozitikoak (neutrofiloak eta makrofagoak) zein eosinofiloak eta basofiloak.
- Molekulak: Zitokinak eta osagarri-sistema.
Hantura-erreakzioa
Mikrobioak zauri batean sartzen direnean, kapilarrak dilatatu egiten dira eta odol-isuria handitzen dute. Odoleko neutrofiloak eta monozitoak kapilarretatik ateratzen dira zaurirantz. Bertan, monozitoak makrofago bihurtzen dira eta mikrobioen fagozitosiaren bidez infekzioari aurre egiten diote. Partikula patogenoak fagozitatu ondoren, neutrofilo asko hil egiten dira eta infekzio-tokian antigeno-zatikiekin elkartzen dira, zornea sortuz.
Hanturaren sintomak
- Bero lokala: Neutrofiloek ekoiztutako zitokinek eragina.
- Gorritasuna: Odol-kapilarren dilatazioaren ondoriozkoa.
- Edema: Odol-plasma ehunetara ateratzeak eragindakoa.
- Mina: Hanturak kinada mingarriak sortzen ditu nerbioek presio mekanikoa jasaten dutenean. Min-sentipena onuragarria da, kaltetutako aldea ez mugitzeko joera bultzatzen baitu; horrela, patogenoak odol-zirkulazioan zehar ez sakabanatzen laguntzen du.
Histobateragarritasun-antigenoak (MHC)
Zelula-mintzeko parte diren glikoproteina-multzo bat da, benetako aztarna digital molekular gisa funtzionatzen duena. Bi mota nagusi daude:
- I klaseko MHC: Zelula gehienetan agertzen dena.
- II klaseko MHC: Erantzun immunitarioa ematen espezializatuta dauden zeluletan soilik dagoena (adibidez, makrofagoetan).
Erantzun immunitario espezifikoa
Erantzun zelularra
Makrofago batek antigenoa fagozitatzean
- Makrofagoak patogenoa fagozitatzen du, antigenoa txikitzen du eta haren determinante antigenikoa zelula-gainazalean dagoen MHC-II molekulari lotzen dio.
- T linfozito laguntzaile batek (CD4) MHC-II ezagutu eta lotu ondoren, aktibatu egiten da.
- T linfozito laguntzaile hau klonatu eta bitan banatzen da: oroimen-zelulak eta zitokinak askatuko dituzten CD4 zelula efektoreak.
- Oroimen-zelulak odolean geratuko dira.
- CD4 zelulek askatutako zitokinek makrofagoak, T linfozito zitotoxikoak (CD8) eta B linfozitoak aktibatzen dituzte.
- Makrofagoek fagozitosia areagotzen dute.
- B linfozitoek erantzun humorala abiarazten dute.
- T linfozito zitotoxikoak klonatu egiten dira eta infektatutako zelulak hiltzen dituzte zitotoxinak askatuz.
Patogenoa zelula barruan sartzean
- Patogenoa zelula barruan sartzen denean, zelulak antigenoa liseritu ondoren bere determinante antigenikoak MHC-I molekulari lotzen dizkio.
- T linfozito zitotoxiko (CD8) batek MHC-I ezagutu eta hari lotu ondoren aktibatu egiten da.
- T linfozito zitotoxikoa (CD8) klonatu eta bitan banatzen da: oroimen-zelulak eta T linfozito zitotoxiko aktiboak.
- Oroimen-zelulak odolean geratuko dira.
- T linfozito zitotoxikoek (CD8) infektatutako zelulak hiltzen dituzte beren baitan dituzten zitotoxinak askatuz.
Erantzun humorala
- Patogenoa B linfozito bati lotzen zaio.
- B linfozitoa klonatu egiten da.
- B linfozito gehienak zelula plasmatiko bihurtzen dira, eta batzuk oroimen-zelula bilakatzen dira.
- Oroimen-zelulak odolean geratzen dira.
- Zelula plasmatikoek antigorputzak ekoizten dituzte.
- Antigorputz hauek antigenoekin (patogenoekin) elkartu eta erreakzio desberdinen bidez (hauspeaketa, aglutinazioa, neutralizazioa eta opsonizazioa) antigenoa deuseztatzen dute.
Immunitate-oroimena (memoria immunitarioa)
Patogeno berak bigarren aldiz gorputza erasotzen duenean, odolean aldez aurretik sortutako oroimen-zelulak daudenez, hauek berehala iristen dira infekzio-fokora. Ondorioz, lehen erasoan baino askoz azkarrago eta bortitzago ematen dute erantzun espezifikoa, eta patogenoa deuseztatzen dute kontzentrazio txikian dagoenean oraindik, inolako kalterik edo gaixotasun-sintomarik eragin gabe.