Gure bizitzaren helburua ahalik eta plazer handiena lortzea da.
Ondorioz, gizaki bertutetsua gizaki zoriontsua izango da.
Baina mundu guztia ez dago ados zoriontasuna zer den definitzeko orduan; ezta plazer gehien sortzen duena zer den zehazteko orduan ere.
Epikurorentzat guztiz asegarria den plazer bakarra giza xede nagusiak betetzen dituena da: hau da, plazer intelektuala.
Baina gure zoriontasuna guztizkoa izateko, askatasuna behar dugu: ez dago aurredeterminaziorik, ez unibertsoan (patua, destinoa), ezta inguratzen gaituzten barne zein kanpo indarretan ere.
Gizakiaren kezka-iturri bat beldurra da, baina zoriontsuak izateko beldur horretatik askatu behar gara. Horretarako, Epikurok proposatzen du:
Ez izan jainkoen beldurrik: izan ere, haiek, existitzekotan, ez dira gutaz kezkatzen.
Ez izan heriotzaren beldurrik: bizi garen bitartean heriotza ez da guretzat existitzen, eta hiltzen garenean geuk ez dugu heriotza sentitzeko edo bizitzeko posibilitaterik.
Ez izan zoria edo destinoaren beldurrik: Epikurok honen existentzia zalantzan jartzen du eta indeterminazioaren aldeko apustua egiten du.
Behin beldurrak gaindituz gero, desirei aurre egin diezaiekegu: haiek izpirituaren lokarriak dira. Horregatik, plazeren artean ondo aukeratzen jakin behar dugu. Kalkulua ongi egin behar da, eta horrela, plazer batzuen lorpenak ez digu ekarriko sufrimendu handiago bat.
Aukeratzerakoan, adiskidetasunaren alde egiten du: Epikurorentzat hauxe da plazerik handiena.
Jakintsua ikaragabetasuna eta gorputzaren lasaitasuna lortu duena da.
Hiztegia
Morala: gizakiak, izaki librea eta arduratsua den aldetik, bizimodua antolatzeko erabiltzen dituen arauek osatzen dute. Hona hemen arau horien ezaugarriak: norberaren buruari jarritakoak, unibertsalak eta baldintzarik gabeak.
Araua: Zenbait gauza edo jokabide antolatzeko erabiltzen den jarraibidea edo erregela da.
Arau morala: gizakiok, izaki aske eta arduratsuak garenez, gure bizitza antolatzeko erabiltzen dugun jarraibidea edo erregela da.
Etika: Moralari buruzko gogoeta da. Ea beharrezkoa den gizakiak arauak sortzea eta izatekotan, zer arau bete behar dituen erantzuten saiatzen da.
Erantzukizuna: zerbait borondatez egiteagatik geure gain hartzen dugun betebeharra.
Eudemonismoa: Gizakion bizitzaren xedetzat zoriontasuna bilatzea duen ikusmoldea.